50. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Aldaketa, Ur-horniduraren tasa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2022ko abenduaren 1ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ur-horniduraren tasa arautzen duen ordenantzaren 5. artikuluan; tarifa arautzen duen artikuluan, hain zuzen.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Esan, 202eko otsailaren 14an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA, UR-HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da erabilgarri izatea edo benetan erabiltzea edateko uraren hornidura zerbitzua, Esako udalerrian.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, baldin izaera juridikorik gabe ere eratzen badute unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat, eta eskatzen badute edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzua egiteko tarifak honako kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Etxeetan erabiltzeko hornidura:

–30 metro kubikoko kontsumora bitarte, seihilekoan: 0,62 euro/m³.

–30 metro kubikoko kontsumotik aitzina, seihilekoan: 0,71 euro/m³.

–Gutxienekoa: 18,60 euro seihilekoan, 30 m³-ri dagokiona.

b) Industrian eta obretan erabiltzeko hornidura: 0,71 euro/m³.

c) Ureztaketan eta igerilekuetan erabiltzeko hornidura: 0,71 euro/m³.

d) Ur-hornidurako sareari lotzeko lizentzia edo baimena ematea: 150 euroko ordainketa bakarra.

e) Zerbitzuan baja eman ondorengo bigarren edo hurrengo altak: 60 euro.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota izanen da aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Tasak sorraraziko dira:

a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotutakoan.

b) Kontsumoagatik, kontsumitzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denetik.

d) Bigarren edo hurrengo altengatik, zerbitzuan alta eskatzen den unetik.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira bai kontsumoaren kontagailua erosteko gastuak, bai instalaziorako eta horniduraren hargunerako behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak.

Kontsumoaren kontagailuak eremu publikoan jarriko dira, edo sarbide komuneko tokietan, halako moduz non irakurketa egiten ahalko den sartu gabe etxebizitzetan, lorategietan, lurzatietan edo horniduraren hartzaile diren lokaletan.

9. artikulua. Erabiltzaileari dagokio egoera onean mantentzea kontagailua eta ixteko giltza, bai eta Esako Udalak zeregin horretarako ematen dituen jarraibideak betetzea ere.

10. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak egindako kontsumoak zehaztuko dira kontagailuko irakurketen artean izaten den diferentzien bidez. Hala, ordenantza honetan ezarritako ordainarazpenen bati lotuta dauden zergadun guztien betebeharra da kontagailurako bidea libre uztea, irakurketak egin behar dituzten langileentzat.

11. artikulua. Langileek kontagailua irakurtzerik ez dutenean, erabiltzailea ez dagoelako edo beste arrazoiren batengatik, erabiltzaileak berak eman beharko ditu irakurketako datuak. Horretarako, irakurketaz arduratzen diren langileek inprimaki bat utziko dute horniduraren tokian, beharrezkoak diren jarraibideekin.

12. artikulua. Fakturazio eguna iritsi eta Esako Udalak ez badu erabiltzailearen kontagailuko benetako edo baliozko irakurketarik, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da aldi hori, kontuan harturik faktura erreala duen azken urteko kontsumoaren zerrenda guztia.

Hala kalkulatutako kontsumoak konturakoak izanen dira, eta egoera erregularizatuko da kontagailuaren benetako irakurketa lortutakoan, aintzat harturik fakturazioan gehiegi edo gutxiegi kobratutakoa.

Era berean, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da zerbitzua, baldin ikusten bada kontagailuak akatsen bat duela irakurketa egitean, kontsumoko indize bakarra dagoenean edo ezkutuko ihesen bat atzematen denean, eta, halakoetan, behin betikotzat joko da fakturazioa.

13. artikulua. Esako Udalak, ur-hornidura eteten ahalko die zerbitzuaren erabiltzaileei honako kasu hauetan, galarazi gabe indarreko legediak emandako ekintza zibil edo administratiboak erabiltzea:

a) Prebentziozko neurri gisa, barneko instalazio matxurak dituen hargunearen titularrari, baldin haien ondorioz ur-galerarik badago.

b) Ez ordaintzeagatik fakturazioko hiru ordainagiri edo gehiago edo 150,00 eurotik gorako zenbatekoa, hilabeteko epean, zorra jakinarazten denetik.

c) Erabiltzailearen utzikeriagatik, bere instalazioetako matxuren konponketei dagokienez edo kontagailu matxuratuen aldaketari dagokienez, baldin Udalak idatziz jakinarazten duenetik hogei egun baino gehiago pasatzen badira matxura konpondu gabe edo kontagailua aldatu gabe.

d) Erabiltzaile bat horniduraz baliatzen denean Udalaren baimenik gabe, edo hornitzen den ura erabiltzen duenean baimendutako modu eta xedeez kanpo.

e) Erabiltzaileak bere instalazioan adarrak txertatzen dituenean edo txertatzen uzten duenean, ura desbideratzeko, hargunerako baimenean sartzen ez diren beste finka, lokal edo etxebizitza batzuetara.

f) Udal langileek Udalaren sareetan ur kontsumorako adarrak aurkitzen dituztenean hargunerako baimenik gabe eta/edo kontagailurik gabe; hau da, ezkutuan eginak. Kasu horretan, Udalak berehala eteten ahalko du ur-hornidura adar horietan, tramite gehiagorik gabe.

g) Erabiltzaileak ez dienean sartzen uzten hornidura baimendua duen lokalera Udalak baimendutako langileei, beren nortasun agiria dutela, instalazioak ikuskatu nahi dituztenean edo kontagailuen irakurketak egin nahi dituztenean, ordutegi baliodunean.

13. bis artikulua.–Ordenantza honetan aurreikusitako berehalako eteteak salbu, Udalak modu fede-emailean jakinaraziko dio erabiltzaileari hasi dela ur-horniduraren etetearen gaineko espedientea, eta entzunaldia emanen zaio interesdunari hamar egun baliodunean, aurkez ditzan bidezkotzat jotzen dituen alegazioak edo erreklamazioak.

Epe hori iraganda inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, edo epearen barnean aurkezten direnak ebatzita, prozedura bukatu eginen da, alkateak ematen duen ebazpenaren bidez.

Zerbitzua berehala eteteko kasuetan izan ezik, Udalak ezin izanen du ur hornidura eten jaiegunetan edo edozein arrazoi dela-eta ez dagoenean jendeari harrera egiteko zerbitzu administratibo eta teknikorik (zerbitzua berriz ezartzeko tramitazioa osorik egiteko), ezta halakoen bezperan ere.

Hornidura etetea ekarri zuten inguruabarrak konpontzen diren egunean berrezarriko da zerbitzua, edo, bestela, hurrengo egun baliodunean.

Hornidura etetearen gaineko jakinarazpenak honako datu hauek izanen ditu, gutxienez:

–Erabiltzailearen izena eta helbidea.

–Finka hornituaren identifikazioa.

–Noiztik aurrera izanen den horniduraren etetea.

–Etetea ekarri duen arrazoia, zehaztua.

–Udalaren bulegoen helbidea, telefonoa eta ordutegia, etetea eragin duten arrazoiak zuzentzeko.

Horniduraren lotura berria Udalak eginen du, eta erabiltzaileari kobratzen ahalko dio. Gehienez ere 60,00 euro izanen dira.

Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, Esako Udalari ur-hornidura eteteko ahalmena ematen dion arrazoietako batek irauten badu 3 hilabete baino gehiago, etetearen egunetik hasita, entitate hornitzaileak bukatutzat ematen ahalko du baimena. Horrek ez dio eskubiderik galarazten zorrak eskatzeko, halakorik izanez gero, eta kalte eta galerengatik ordainak eskatzeko. Kasu horretan, hornidura berriz lotzea nahi duen erabiltzaileak baimena eskatu beharko du horniduraren hargune berrirako, eta dagokion tasa ordainduko, ordenantza honen 5 e) artikuluarekin bat.

14. artikulua. Hornidura jasotzen duen eraikinaren titularrak aldi baterako baja eska dezake zerbitzuan; horretarako, eskabidea aurkeztuko du Esako Udaleko erregistroan, horixe nahi duela garbi adierazteko. Edonola ere, baja zer sehilekotan gertatzen den, seihileko oso horretarako eginen da fakturazioa.

Ur-horniduran baja gauzatu ondoren, zerbitzuan berriz ere alta eman nahi bada, ordaindu beharko da ordenantza honen 5. artikuluaren d) letran ageri den tasa.

15. artikulua. Horniduraren titularra aldatzeko, lokalaren edo etxebizitzaren okupatzaile berriak egin beharko du eskaera eta, horretarako, eskualdaketa jakinarazi beharko du, eta frogatu beharko du bera dela eraikinaren jabea, errentaria edo erabilera eskubidearen titularra.

Titularra aldatzeak ez du tasarik sortuko.

16. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ezin dio ur-hornidurarik eman beste pertsona bati, eta ez die hartzen utziko eskubiderik ez dutenei. Gainera, eragotzi beharko du utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro.

17. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude Esako Udalari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatzen diren gorabeherak.

Harguneak eta hornidurak lurzoru urbanizaezineko jardueretarako

18. artikulua.

1. Lurzoru urbanizaezineko hargunetzat hartzen dira egiten direnak erabiltzaile bakarrari hornidura-zerbitzua emateko, inguruan sare orokorrik ez duen lurzati batean, hirigunetik kanpo.

2. Lurzoru urbanizaezineko harguneak gauzatzeko eta abian jartzeko nahitaezkoa izanen da lizentzia izatea, eta lizentzia horretan ezarriko da harguneak zer baldintzatan gauzatuko diren eta zein izanen diren hornidura zerbitzua emateko baldintzak.

3. Lurzatian garatuko den jarduerak edo lurzoruari emanen zaion erabilerak izan beharko ditu administrazio eskudunaren edo eskudunen baimena edo baimenak, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Era berean, instalazioak zuzen gauzatzen direla bermatzeko eta zerbitzua ongi emateko, erabiltzaileak eduki eta frogatu beharko du jabearen baimena baldin zerbitzuaren elementu materialek beste batzuen lurrak ukitzen badituzte edo haietatik pasatzen badira.

4. Gastuak eskatzailearen kontura izanen dira erabat, beharrezko obrak eta instalazioak egiten direnean hiriguneko sare orokorrei lotu arte, lurzatiari hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko.

5. Hornidurarako hargune horiek zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuen ardura banan-banan zehaztuko da, zenbait inguruabarren arabera, besteak beste: instalazioaren ezaugarriak, hirigunerainoko distantzia eta tamainan eragina izan dezakeen beste edozein faktore.

6. Saneamendu zerbitzurik ez badago, lurzatiaren titularrak beharko ditu zerbitzu horren irtenbide autonomorako beharrezkoak diren baimenak, eta bere gain egonen dira hustuketa sistema zaintzeko, mantentzeko eta konpontzeko gastuak.

Diru-bilketa

19. artikulua.

1. Sei hilabetean behin ordainduko dira 5. artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren ordainarazpenak.

2. Sortzapenaren unean ordainduko dira artikulu bereko d) eta e) apartatuetan aurreikusitako ordainarazpenak.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Iruzurtzat jotzen dira eta, beraz, zerga arloko arau-hauste astuntzat, honako hauek:

a) Behar bezala akreditatuta dauden udal langileek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Eragoztea kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak.

c) Aldatzea prezintuak, sarrailak eta kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako gailuak.

d) Ez betetzea kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko Udalak ematen dituen jarraibideak.

e) Baimenik gabeko mekanismoak ezartzea kontagailuaren irakurketa aldatzeko, maltzurkeriaz.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenei loturiko gainerako gaietarako, jarraikiko zaie Ordenantza Fiskal Orokorrari eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta horrekin bat datozen gainerako arauei (2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza fiskal honek, zuzendurik eta aldaturik, indarra hartuko du betetakoan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak, haren behin betiko onespena argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iragarkiaren kodea: L2302456