50. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIA

Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Udalak, 2022ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan, eta hasierako onespen hori 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an. Horrela, jendaurreko aldia hasi zen, hogeita hamar egun baliodunean interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko aldian ez zen inolako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, eta, hortaz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Elizagorrian, 2023ko otsailaren 10ean.–Alkatea, Máximo López Caro.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea. Horretarako beteko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta jasoko da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasuna duten eta honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatu eranskinean jasotzen den baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretako batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuaziora iristea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) izandako puntuen baturan.

b) Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.

2.–Desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin eta ematen badituzte autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira abenduaren 14ko 39/2006 Legean, zeina baita autonomia pertsonala sustatzekoa eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzekoa), eta, orobat, ematen badituzte Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak (testu bategin hori onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak).

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta haren onurarako soilik emanen da, balia dezan joan-etorrietarako erabiltzen dituen ibilgailuetan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, soil-soilik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuko kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko baizik ez da erabiliko. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 5 urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskatu beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea laburragoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, epe hori bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ez izan ofizialki aitortua, larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, horrek berekin dakarrenean argi eta garbi nabarmen murriztea haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena eta, orobat, aparkatzeko txartela ohiko bidetik izapidetzeko denborarik ez dutenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du ziurtagiria.

Txartel hori 6 hilabeterako emanen da gehienez ere, eta urtebetera luzatzen ahalko da, gehienez, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Txartela emateko, zein udalerritan dagoen erroldatuta, hango toki erakundeari egin beharko dio eskaera, aldez aurretik, interesdunak edo haren legezko ordezkariak.

Hasierako eskaera horrek ez baditu betetzen eskaturiko baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, iritziko zaiola eskaeran atzera egin duela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori eman beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-abizenak.

–Karnetaren neurriko bi argazki.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Agiriok, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek eman beharko dituzte.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, baliozkotu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

Udalak eskaeraren gainean ebatziko du, eta ebazpen hori interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera behar den erregistroan sartzen denetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori eskabidea ontzat emateko izanen da beti.

Eskaerari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da, eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

Aparkatzeko txartela eman ondoren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren datu-baseari jakinaraziko zaio, berak aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan, Eskubide Sozialetako kontseilariaren 52/2022 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan (52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean).

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, organo eskudunek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak izanen dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea, aparkatzeko denbora mugatua duten eremuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritza-agenteek emandako aginduak betez.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzea debeku den lekuetan eta kasuetan, ibiak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen diren eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritza-agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritza-agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztea aparkatzeko txartela emateko eskaturiko baldintzetan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizilekua aldatu izana, txartela hondatu edo galdu izana, edo lapurtu edo ostu izana (hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da).

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar hauek betetzen ez badira, lege eta erregelamenduetan xedaturiko zehapenak ezartzeaz gain, aparkatzeko txartela 6 hilabeterako ken daiteke, eta betebehar horiek behin eta berriz betetzen ez badira, aparkatzeko txartela baliogabetu egin daiteke, horrek galarazi gabe ordenamendu juridikoan ezarritako zehapenak.

Txartela baliogabetzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Espedientea izapidetu aurretik ere, zeinean interesdunei entzunaldia emanen baitzaie, baliogabetu daiteke txartela, edo aldi baterako kendu.

Txartela baliogabetzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko urtebeteko epean.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onetsi aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta iragan ondoren ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek erabil dezaten toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena.

1. ERANSKINA

Eskaera eredua

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ALOCAL/Local_solicitud_estacionamiento_discapacidad_e.pdf

Iragarkiaren kodea: L2302319