50. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez banakako ebaluazio araubidean dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten da 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. DDBN identifikazioa: 675619.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak goi mailako kirol jarduera jorratzen du, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi-kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Gobernuak 2023ko otsailaren 1ean hartutako erabaki baten bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat tramitatzeko, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko liga erregular ofizialetan parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat.

2023rako deialdi hau tresna bat da klubek aipatu lehiaketetan parte hartzeagatik izaten dituzten gastuak zati batean ordaintzen laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak.

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko 2023ko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek eman eta ordaintzeko beharrezkoa izanen dela aurrekontuan kontsignazioa izatea.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 490.000,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak" izeneko A50002-A5100-4819-336109 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1., 2. eta 3. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2023ko otsailaren 10ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauek helburu dute dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

Modalitatearen egutegia 2023ko irailaren 30etik aurrera bukatzen denean, egun hori arte egiten diren proba edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. 2023ko urriaren 1etik aurrera egiten direnak 2024ko deialdian sartuko dira, kasua bada.

1.2. Dirulaguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordainduz. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, betiere kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute oinarri hauetako hurrengo klausulan zehazten diren lehiaketetan.

Nafarroan modalitate horretako kirol federaziorik ez bada, klubek dagokion Espainiako federazioarekin tramitatuko dute lizentzia zuzenean edo, bestela, modalitateko beste autonomia erkidego bateko edozein federazioaren bidez.

2.2. Orobat, nazioarteko lehiaketen kasuan, Espainiako Federazioaren edo egoki den nazioarteko federazioaren bidez frogatu behar dute 3.1.2 oinarrian agertzen diren lehiaketetako bat dela.

2.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan.

2.4. Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten kirol klubek eta kirol klub filialek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

2.5. Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Lehiaketa diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira ondoren azaltzen diren lehiaketak:

3.1.1. Lehiaketa nazionalak.

Maila hauetan sailkatzen dira:

a) 1. maila.

Espainiako txapelketak eta kopak edo antzekoak (ASOBAL kopa, ABF kopa, Superkopa) kategoria absolutuan, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen eta 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen olinpiar programan jasotako modalitateetan.

Kirol egokituko lehiaketak, barne direla liga-formatua izanik 2022-2023ko liga ofizialetarako klubei dirulaguntzak emateko deialdian sartu ez direnak; txapelketaren berezitasuna eta antolamendu aldetik dakarren zailtasuna kontuan hartuko dira.

Erregearen edo Erreginaren kopak, "play off" gisako partidak, kategoria absolutuan eta lehiaketaren maila gorenean, Espainiako kirol federazioek antolatuta daudenean.

b) 2. maila.

Espainiako txapelketak eta kopak, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen eta 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen olinpiar programan jaso ez diren modalitateen kategoria absolutuan, zeinetan lehiatzeko sailkapena gainditzea eskatzen baita.

Beheragoko mailetako Espainiako txapelketak eta kopak, Kirol Kontseilu Gorenak deituak, beste deialdi batzuetan jasota ez daudenean eta horietan lehiatzeko sailkapena gainditzea eskatzen dutenean.

Erregearen edo Erreginaren kopak, "play off" gisako partidak, kategoria absolutuan eta lehiaketaren goreneko mailatik beherako mailetan, Espainiako kirol federazioek antolatuta daudenean.

Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, a) atalean adierazitako Espainiako lehiaketa ofizialetan sailkatzeko bide badira.

c) 3. maila.

Espainiako gainerako txapelketa eta kopak, aurrez sailkatzea eskatzen ez dutenak.

Kasuan kasuko Espainiako federazioen egutegi ofizialeko probak, 2. eranskinean zehaztutako distantzia laburren barnean sartuta dauden probintzietan.

2. eranskinean zehaztutako distantzia ertain eta luzeen barruan sartzen diren probintzietako Espainiar Federazioetako egutegi ofizialeko probak, banakako kiroletan, betiere kirolaria Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan badago, edo goi errendimendukotzat katalogatua badu Kirol Kontseilu Gorenak.

Errepideko ziklismoko Espainiako Federazioaren egutegi ofizialeko probak (2.12.1 / 2.12.2 / 2.15.1 / 1.32.2 / 1.15.2 / 1.15.5 klaseak) eta pistako ziklismokoak (C.2 klasea).

Nafarroatik kanporako joan-etorriak, baldin eta abuztuaren 8ko 50E/2022 Foru Aginduaren 1. eranskineko 3. oinarrian ezarritako ezaugarriak ez betetzeagatik norgehiagokako dirulaguntzetatik kanpo gelditu diren ligetakoak badira.

Oharra: Espainiako txapelketetan edo kopetan maila bat baino gehiago dagoenean, 2 maila gorenak baino ez dira izanen diruz lagungarriak, kategoria absolutuaren kasuan, eta adin txikiagoko kategorietan, maila gorena bakarrik. Horrek ez du galarazten distantzia laburreko lehiaketa izateagatik diruz lagungarria izatea.

3.1.2. Nazioarteko lehiaketak.

Ondotik zehazten diren nazioarteko lehiaketak, baldin eta parte-hartzaileak agertzen badira Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan edo Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimendukotzat hartuak baditu:

(Salbuespena eginen da aurreko paragrafoko baldintzetan sokatiraren modalitaterako, kirol autoktonoa baita, modalitatearen maila gorenean estatuan egindako azken lehiaketan –2022an goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa izan zen–, kategoria eta pisu batean baino gehiagotan txapeldun izan diren taldeentzat, kategoria horietan 5 taldek gutxienez parte hartu badute.

Beste salbuespen bat eginen da errepideko ziklismoaren modalitaterako, Nazioarteko Txirrindulari Elkartearen egutegiko lasterketaren batekin.)

–Munduko edo Europako Txapelketa.

–Munduko edo Europako Kopa.

–Horietara eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetara eta 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoetara joateko sailkapen-lehiaketak.

–Bestelako probak: 23 urtez beherakoen Italiako Giroa / Anadian (Portugal) egiten den pistako ziklismoko nazioarteko trofeoa eta proba.

Maila hauetan sailkatzen dira:

a) 1. maila.

Munduko edo Europako txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan jasotako modalitateak badira.

b) 2. maila.

1. mailako lehiaketa berak, baina 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan ez dauden modalitatekoak badira.

c) 3. maila.

Munduko edo Europako txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketetan parte hartzea; edo Munduko edo Europako kopa baterako, betiere 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan jasotako modalitateak badira. Eta lehiaketak "faseka" egiten dituztenak.

Bestelako probak: 23 urtez beherakoen Italiako Giroa. Anadian (Portugal) egiten den pistako ziklismoko nazioarteko trofeoa eta proba.

d) 4. maila.

3. mailako lehiaketa berak, baina 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan ez dauden modalitatekoak badira.

3.2. Ez dira diruz lagungarriak izanen aurreko atalean agertzen ez diren lehiaketak, eta berariaz hauek:

a) Kirol Kontseilu Gorenaren 2022ko ekainaren 24ko ebazpenaren arabera diruz lagungarriak ez diren kirol modalitateetako lehiaketak. Ebazpen horren bidez onetsi zen Kirol Kontseilu Gorenaren dirulaguntza deialdien bidez finantza daitezkeen modalitate, espezialitate eta kirol proben katalogoa. 9. eranskina.

b) Beteranoen edo Masterren txapelketak, edo antzekoak. Kategoria absolututzat hartzen da inolako adin-mugarik ez duena, eta, horrenbestez, atal honetan halako mugaren bat dutenak sartzen dira.

c) Adingabekoen lehiaketak (2011n edo ondoren jaiotakoenak), hau da, normalean haur kategoria esaten zaion kategoriatik beherako lehiaketak, salbu eta NKIren iritziz, kirol modalitatearen ezaugarri bereziengatik, lehenagoko etapa sentikor batean garatzea eskatzen dutenak.

d) Nafarroan egindako txapelketak.

e) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

f) "Puntuak biltze hutserako" nazioarteko lehiaketak, "sailkapen lehiaketak" izan ezean.

g) Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten klubak. Halaber, deialdi honetatik bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

h) Federazioei laguntzak emateko deialdian (txapelketa nazional ofizialen atalean) dirulaguntza partziala edo osoa jaso duten lehiaketak.

3.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.4. Lehiaketa nazionalei eta autonomia erkidegoen artekoei dagokienez, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak diruz lagunduko dira. Modulu aldakor baten bidez zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, 2. eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

3.5. Nazioarteko lehiaketen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, bakar-bakarrik kontuan hartuko dira inskripzio, joan-etorri eta ostatu eta mantenurako egindako gastuen zenbatekoak.

3.6. Txapelketa, maila edo kirol arloko bestelako konturen baten balorazio teknikoarekin zerikusia duen edozein alderdi edo inguruabarrek zalantza eragiten badu, eta deialdi honen araudian ez bada ezer jasotzen, Nafarroako Kirolaren Institutuak interpretatu eta ebatziko ditu auziak.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 490.000,00 eurokoa da, eta Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretako "Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak" izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura ordainduko da.

2023ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 150.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez.

4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eta 3. eranskinetan deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei eta modulu aldakorrei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

5.1.–Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/eu/individualizada

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eskabide-ereduarekin bat ez datozen eskaerak ez dira aurkeztutzat joko. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 20an bukatuko.

Lehiaketa egin ondoan baino ezin da egin eskaera. Ez dago bukatu baino lehen eskatzerik.

Baldin eta txapelketa edo lehiaketa diruz lagungarriak proba, fase edo jardunaldi batzuk baditu (zirkuitu mota), egindakoetarako aurkezten ahal da dirulaguntza eskaera, lehiaketa bukatu ez bada ere. Hau da, egindako proba, fase edo jardunaldi bakoitzerako eska daiteke dirulaguntza.

Modalitatearen egutegia 2023ko irailaren 30etik aurrera bukatzen denean, egun hori arte egiten diren proba edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. 2023ko urriaren 1etik aurrera egiten direnak 2024ko deialdian sartuko dira, kasua bada.

5.2. Entitate batek parte hartzen badu lehiaketa batean baino gehiagotan, izan esparru nazionalekoak edo autonomia erkidegoen artekoak, eskaera bakar bat aukez dezake horiek denak biltzeko, edo eskaera bat parte hartzen duen lehiaketa bakoitzeko.

Nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko, lehiaketa bakoitzeko eskaera bat bete beharko da.

5.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia (8. eranskina), non egindako gastuen eta diru-sarreren zerrenda jasoko baita. Lerro bat erantsiko da egindako lehiaketa bakoitzeko.

Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:

–Baimena, eskatzaileak Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

–Eskaerako datu ekonomikoen zenbatekoak egiazkoak direla dioen ziurtagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

b) Kasua bada, diruz lagunduko den jarduera funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela aditzera ematen duen adierazpena. Horretarako, 4. eranskina bete behar da. (Behar bezala sinatuta egonen da).

c) 5. eranskina betetzea eta frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak. (Behar bezala sinatuta egonen da).

d) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

e) Egindako jardueraren memoria laburra, gutxienez honako hauek adieraziz:

–Espainiako txapelketetan edo kopetan parte hartzeko eskubidea ematen dioten merezimenduak. Argi eta garbi zehaztu behar da zein sailkapen-txapelketatan lehiatu diren, halakorik beharrezkoa izan bada.

–Zein txapelketatan parte hartu den (bat edo gehiago), tokia eta kategoria zehaztuta.

–Txapelketa bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua. Haien izen-abizenak eta jaiotze-data azaldu beharko dira, bai eta talde teknikoko laguntzaileenak ere, emaitzak bakarrik aurkezten diren kirolen kasuan, edo, akten kasuan, datu horiek han jasotzen ez direnean. Parte-hartzailea Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan agertzen bada, edo Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimendukotzat hartzen badu, hori ere azaldu behar da.

–Txapelketan lehiatu den egun zehatzak. Lehiaketaren hasierako eta amaierako egunak zehaztu behar dira, eta haien barnean, lehiaketan parte hartu den egunak. (Adibidez: Espainiako mahai-tenis txapelketa / 2023-08-01etik 2023-08-08ra / Lehiatzeko egunak: final zortzirenak (23-08-03), final laurdenak (23-08-05). Laurdenetan kanporatu eta partida gehiagorik ez da izan).

f) Lehiaketen aktak edo emaitzak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria. Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira dirulaguntza eskatzen duen klubeko kirolariak. Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketen kasuan, kirolariak batera lehiatu badira, adin-taldeka bereiziko dira kategorien sailkapenak.

g) Frogatzea Nafarroako Gobernuaren agerpen instituzionala jantzietan, instalazioetan eta hedabideetan (elektronikoak, ikus-entzunezkoak, kartelak eta inprimatutako beste material batzuk).

h) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada edo aldaketaren bat izan bada bakarrik).

i) Eta, aurrekoez gain, nazioarteko lehiaketen kasuan:

1. Kasuan kasuko federazioaren egiaztagiria, frogatzen duena ofiziala dela klub eskatzaileak parte hartzen duen lehiaketa eta 3.1.d) oinarrian zerrendatzen diren lehiaketetako bat dela.

2. Justifikazioko kontua, honako hau aurkeztuta:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien zerrenda, zenbakiturik, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua.

–Fakturak edo merkataritzako trafikoan froga balio bera duten agiriak, inskripzio, joan-etorri eta ostatuarengatik sortutako gastuei dagozkienak, eta haien ordainagiriak.

–Jarduera dela eta, edozein Administrazio Publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakituta eta xehakatuta.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko (NKI) Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

6.3. Gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

7.1. NKIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du, gehienez hiru hilabeteko epean eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun-betebeharrak bete badira.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio telematikoki. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Orobat, ebazpena www.nafarroa.eus web-orrian egonen da ikusgai.

7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

8. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuta egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2023ko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 11. atalean aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

Ez da beste frogagiririk beharko, eskaeraren barnean baitaude (hura aurkezteko epea 2023ko urriaren 20an bukatuko da).

Justifikatzeko modua hauxe izanen da:

–Justifikazioko kontu baten bidez, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeagatik emandako dirulaguntzaren kasuan.

–Moduluen bidez, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuen kasuan, lehiaketa nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzen denean.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, xedeak bete dituztela dokumentu bidez frogatu, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea 5. eranskineko inprimakia betez. Horrez gain, beste klub batzuekin batera egin dituzten joan-etorriak ere adieraziko dira. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28,3. artikuluarekin. 5. eranskina betetzea.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, klubaren web-orrian, jantzietan eta instalazioetan, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzunkidetasunari lotutako balioak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta kontserbatu beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala. NKIk edozein agiri eska dezake bidezkotzat jotzen badu eskatzailearen datuak berresteko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Dekretuaren 12.4. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunei dagokienez.

Adierazpenaren eredua 6. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez ere kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

12. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

NKIko web-orrian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz. (https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/individualizada).

14. Baliabideak.

13.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

13.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintzak jakinarazi eta biharamunetik hasita.

15. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Modulu aldakorrak kalkulatzeko metodoa lehiaketa nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan. Aplikatu beharreko irizpideak

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, jarduera diruz lagungarrien sailkapena, lehiaketa nazionaletan edo autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzeko dirulaguntza modulu aldakorren arabera kalkulatuko da, joan-etorriengatik, mantenuagatik eta egonaldiagatik dagokiena batuta, behar den eskaera aurkeztu ondoren.

1.–Kontuan hartu beharrekoak.

Oro har, ondotik zehazten den modulu aldakorra aplikatuko da, Nafarroatik kanpo joatea ekartzen duen kirol lehiaketa bakoitza bereizita.

Dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Joan-etorrietako distantzia.

Hiru distantzia mota bereizten dira, Espainia barruan:

–Laburrak: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Burgos, Zaragoza, Huesca, Errioxa eta Soria.

–Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palentzia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid eta Zamora.

–Luzeak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Kanariak, Lugo, Málaga, Melilla, Murtzia, Ourense, Pontevedra eta Sevilla.

b) Parte-hartzaile kopurua. Modulua aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

Banakako kirolak:

Zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua.

4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Zerrendan ez dauden kiroletan, dagokion aktan inskribatutako pertsonen arabera erabakiko da kirolari kopurua.

–Automobilismoa eta motoziklismoa: joan-etorri bakoitzerako pilotu bat, teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan.

–Ziklismoa: 8 ziklistak baino gutxiagok parte hartzen duten joan-etorrietan, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. 8 ziklista edo gehiago badira, hiru hartuko dira kontuan.

–Aire kirolak: joan-etorri bakoitzerako pilotua(k), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan. Gainera, proba osatzen duten etapetako bakoitzean egindako kilometrajea hartuko da kontuan.

–Kirol egokituak: joan-etorri bakoitzerako parte hartzen duten kirolariak eta lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak hartuko dira kontuan.

–Gimnastika erritmikoa: Lehiaketan adinaren araberako kategorietan parte hartzen duen talde bakoitzeko, bi laguntzaile hartuko dira kontuan.

–Hipika: joan-etorri bakoitzerako zaldizko bat, zaldi bat eta laguntzaile/prestatzaile bat hartuko dira kontuan.

–Mushing-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: musher bat eta lera bat, eta beste unitate bat hartuko da kontuan parte hartzen duten lau txakurreko.

–Kanoa, arrauna eta bela: joan-etorri bakoitzerako, 4 arraunlariko (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

–Triatloia: joan-etorri bakoitzerako, 4 triatletako (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

Taldeko kirolak:

–Badmintona: 8 parte-hartzaile.

–Saskibaloia: 14 parte-hartzaile.

–Eskubaloia: 18 parte-hartzaile.

–Beisbola: 20 parte-hartzaile.

–Futbola: 18 parte-hartzaile.

–Areto-futbola: 14 parte-hartzaile.

–Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.

–Izotz-hockeya: 18 parte-hartzaile.

–Zesta-punta: 4 parte-hartzaile.

–Erreminta: 6 parte-hartzaile.

–Esku pilota: 5 parte-hartzaile.

–Errugbia: 24 parte-hartzaile.

–Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.

–Boleibola: 13 parte-hartzaile.

–Waterpoloa: 15 parte-hartzaile.

c) Garraiobidea:

Mugitu behar direnen kopurua 12 artekoa denean garraiorako autoa erabiliko da. 12 baino gehiago direnean, berriz, autobusa kontatuko da.

Salbuespenez, joan-etorriak autoan egitea onartuko da lehiaketarako ezinbesteko kirol materiala (piraguak, bizikletak, motoak…) eraman beharra duten kirol modalitateetako partaideen kasuan.

d) Lehiaketa egunak:

Lehiaketa egunak kalkulatzeko, distantzia laburrak eta gainerakoak bereiziko dira:

Lehiaketaren distantzia laburra denean, benetan lehiakoak izan diren egunak izanen dira lehiaketa egunak, atseden egunak kontuan hartu gabe, halakoak tartekatzen dituzten txapelketa formatuen kasuan.

Lehiaketaren distantzia ertaina edo luzea denean, benetako lehendabiziko lehia egunetik azkenera arte izanen dira lehiaketa egunak; horrek ez du bat egin beharrik txapelketaren iraupenarekin. Hau da, tartekatutako atseden egunak kontatuko dira, baina ez txapelketan hasi aurrekoak, ez kanporatu ondokoak. Txapelketa bat asteburuetan egiten bada eta bat baino gehiago irauten badu, ulertuko da bi joan-etorri egin direla, eta astegunak ez dira kontuan hartuko.

2.–Balorazioak.

a) Mantenurako.

12 euro aplikatuko dira bazkari eta afari bakoitzeko, parte-hartzaile kopuruaren arabera, eta distantziak kontuan hartuz, honako irizpide hauei jarraikiz:

I. Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.

II. Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.

III. Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

b) Ostatu hartzeko.

35 euro aplikatuko dira gaua pasatu behar den bakoitzean, eta irizpide hauek hartuko dira aintzat gauak pasatzeko gastua kalkulatzeko, distantzien arabera:

I. Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.

II. Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.

III. Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

c) Kilometrajerako.

Parte-hartzaileen kopuruaren arabera kalkulatuko da, honako irizpide hauei jarraikiz:

I. Txapelketan gehienez 12 parte-hartzaile badaude: 0,25 euro aplikatuko dira kilometroko 4 parte-hartzaileko (edo zatikia).

II. Lehiaketan 13 parte-hartzaile edo gehiago badaude: ulertuko da bidaia autobusez egiten dela, eta 1,50 euro kilometroko aplikatuko dira, gehi kantitate finkoak (250 euro eguneko, distantzia ertainekoa/luzekoa bada).

III. Penintsulatik kanpoko bidaietarako, honako balio hauek hartuko dira erreferentziatzat: 200 euro pertsona bakoitzeko Kanarietara joateko, 100 euro pertsona bakoitzeko Balear Uharteetara, Ceutara eta Melillara joateko, gehi bi bider autobusez/autoz Iruñetik Madrilera edo Iruñetik Bartzelonara joateko bidaia, gehi autobusean joateko 250 euro/eguneko kantitate finkoa.

Dirulaguntzaren joan-etorrien modulua kalkulatzeko oinarrizko zenbatekoa izanen da aurreko atalen batura (ostatua, mantenuak eta kilometrajea).

3.–Emanen diren dirulaguntzak.

Dirulaguntza kalkulatzeko, joan-etorrien moduluarengatik lortutako zenbatekoak batuko dira, eta gero biderkatuko dira lehiaketa mailaren arabera diruz lagundutako portzentajeari dagokion indize zuzentzailearekin.

Diruz lagundutako ehunekoak:

–1. maila: %85

–2. maila: %75

–3. maila: %55

Horrez gain, laguntza eskatzen den jardueran emakumeek parte hartzen badute, maila edozein delarik ere, kasuan kasuko dirulaguntzaren zenbatekoa %10 handituko da. Ehuneko gehigarri hori kirolari emakumeen mantenu eta egonaldirako aplikatuko da zuzenean. Joan-etorrien kasuan, aplikatuko da baldin eta emakume parte-hartzaileen ehunekoa guztizko kirolari kopuruaren %50 izatera iristen bada.

Kirol autoktonoen kasuan ere %10 gehituko zaio lortutako zenbatekoari.

Bukatzeko, egokitutako kiroletan ere %10 gehituko zaio lortutako zenbatekoari.

Arestian jasotako portzentajeak gehituta ezin izanen da inoiz gainditu %100a, alegia, horixe da portzentaje horiek aplikatzeko muga.

Talde edo norbanako bati emandako dirulaguntza ez da inola ere izanen 25.000,00 eurotik gorakoa. (Talde edo norbanako horri dagozkion espedienteetan emandako zenbatekoak batuko dira, nazioarteko lehiaketak ere kontuan hartuta). Klub eta modalitate bakoitzeko dirulaguntzaren muga 35.000,00 eurokoa izanen da, klub bateko talde guztiei modalitate bakoitzean emandakoa batuta.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen joan-etorriak/mantenua/ostatua kontzeptuagatik eskatutakoa baino handiagoa, ez eta jarduerak eragindako defizita baino handiagoa ere.

Defizita kalkulatzeko, egindako eskaeretan talde-norbanako-modalitate berari egotzi zaizkion gastuen eta diru-sarreren zenbatekoak batuko dira.

3. ERANSKINA

Nazioarteko lehiaketetarako dirulaguntza kalkulatzeko metodoa. Aplikatu beharreko irizpideak

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, parte hartu den nazioarteko lehiaketa diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako irizpideen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, dagokion eskaera aurkeztu eta gero.

Oro har, eskaera bakoitzean banaka ebaluatuko dira hartan zerrendatutako kirol lehiaketak, Espainiatik atera beharra eskatzen dutenak.

Kasu guztietan, nazioarteko lehiaketengatik dirulaguntza jasotzeko, parte-hartzaileak Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan agertuko dira, edo Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimendukotzat hartutakoak izanen dira.

Salbuespena eginen da aurreko paragrafoko baldintzetan sokatiraren modalitaterako, kirol autoktonoa baita, modalitatearen maila gorenean estatuan egindako azken lehiaketan (2022an goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa izan zen), kategoria eta pisu batean baino gehiagotan txapeldun izan diren taldeentzat, kategoria horietan 5 taldek gutxienez parte hartu badute.

Beste salbuespen bat eginen da errepideko txirrindularitzaren modalitaterako, Nazioarteko Txirrindulari Elkartearen egutegiko lasterketaren batekin.

Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi batzuetan jasota dauden lehiaketak.

b) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

c) "Puntuak biltze hutserako" nazioarteko lehiaketak, "sailkapen lehiaketak" izan ezean.

Lehiaketen mailak

a) 1. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere modalitate horiek 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetako edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoetako programan jasotzen badira.

b) 2. mailakotzat joko dira a) ataleko lehiaketa berak, baina 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan jasotzen ez diren modalitateetakoak badira.

c) 3. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate horiek 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetako edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoetako programan jasotzen badira. Eta lehiaketak "faseka" egiten dituztenak.

Bestelako probak: 23 urtez beherakoen Italiako Giroa. Anadian (Portugal) egiten den pistako ziklismoko nazioarteko trofeoa eta proba.

d) 4. mailakotzat joko dira c) ataleko lehiaketa berak, baina 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen edo 2026ko Milan-Cortina D’Ampezzoko neguko Olinpiar Jokoen programan jasotzen ez diren modalitateetakoak badira.

"Puntuak biltze hutserako" lehiaketak ez dira "sailkapen lehiaketa"ren parekoak.

Dirulaguntzaren kalkulua

Ordaindu beharreko dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, lehenik, dagokion koefizientea, segun eta diruz lagunduko den jarduera zer lehiaketa mailatakoa den. Honela:

–Lehiaketako 1. maila = 1,00.

–Lehiaketako 2. maila = 0,70.

–Lehiaketako 3. maila = 0,50.

–Lehiaketako 4. maila = 0,30.

Kontuan hartuko da, baita ere, lehiaketa-lekura egin beharreko distantzia.

Nazioarteko bi distantzia mota bereizten dira, eta distantzia ratioagatik haiei dagozkien gehigarriak:

–Laburrak: Espainiarekin muga duten herrialdeak (Frantzia eta Portugal). Ratioa x1

–Gainerakoak: gainerako herrialdeak. Ratioa x1,25

Parte hartzen duten kirolarien kopurua da kontuan hartu beharreko beste aldagai bat, zeina akten arabera kalkulatuko baita. 4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Kirol egokituei dagokienez, kontuan hartuko dira lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

Kalkulua egiteko azken aldagaia lehiaketak irauten duen egun kopurua da. Kirolariak lehiatzen hasten diren lehenengo egunetik (ez du zertan txapelketaren hasiera eguna izan) lehiatzen diren azken egunera artekoak zenbatuko dira (ez du zertan lehiaketaren amaiera eguna izan).

Gehienez ere dirulaguntza hauek emanen dira:

a) Banaka parte hartzeko kiroletan, 200 euro bider kirolarien kopurua, bider dagokien lehiaketa mailan lehiatu beharreko egunak, eta bider distantzia ratioa. Nolanahi ere, gehieneko muga hau izanen da: 1.000 euro + distantzia ratioa (x1 edo x1,25), lehiaketa/joan-etorri/kirolari bakoitzeko.

b) Taldeka parte hartzeko kiroletan, 200 euro bider kirolarien kopurua, bider dagokien lehiaketa mailan lehiatu beharreko egunak, eta bider distantzia ratioa. Nolanahi ere, gehieneko muga hau izanen da: 3.000 euro + distantzia ratioa (x1 edo x1,25), lehiaketa/joan-etorri bakoitzeko; edo 4.000 euro + distantzia ratioa (x1 edo x1,25) 15 kirolarik baino gehiagok parte hartzen badute.

Kirol egokituei dagokienez, kontuan hartuko dira lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

Kirolariak edo taldeak lehiaketako zenbat egunetan parte hartu duen zehazteko, kontuan hartuko da aktetan edo lehiaketako emaitzetan azaltzen dena.

Hala ere, azkenean ordaindu beharreko kopuruak ezin du egindako eta frogatutako gastua gainditu (inskripzioari, joan-etorriei eta ostatu eta mantenuari dagokiena baizik ez da kontuan hartuko).

Iragarkiaren kodea: F2302353