47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

3/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Lekunberriko Albisualdea inguruko 2 jabe-erkidegotarako (PIG 61).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Lekunberriko Albisualdea inguruan esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea eskatu da, atari hauek hartzen dituena:

Albisualdea 1, 3, 5, 7, 9 eta 11.

Guztira 6 atari eta 18 etxebizitza dira , eta Lekunberriko 12. poligonoko 639. eta 640. lurzatiak hartzen ditu. Atarietan bi jabe-erkidego daude, 1 eta 3 zenbakietako atariak batetik eta 5, 7, 9 eta 11 zenbakietako atariak bestetik, eta bi erkidegoak dira esku-hartze orokorreko proiektuaren parte.

Eraikin horiek 1990ean eraiki ziren, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute, tipologia eta eraikuntza-sistema bera baitute.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Lekunberriko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Lekunberriko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lekunberriko Albisualdea inguruko jabe-erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea, atari hauei eragiten diena:

–Albisualdea 1, 3, 5, 7, 9 eta 11.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da behar diren proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudiora, Lekunberriko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2303081