47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Bideozaintza kamerak ezartzeko baimena

Zizur Zendeako Udaleko alkateak, 2023ko otsailaren 20an, 72/23 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testu osoa:

"Kontuan hartuta Zizur zendeako herrietan hainbat arazo daudela trafikoari dagokionez, eta zirkulazioko gorabehera horiek kontrolatzea zailagoa dela herri horien sakabanatzea dela eta; ikusten da trafikoa aurrez aurre erregulatzeko eta kontrolatzeko ohiko moduak ez direla nahikoa eta komeni dela laguntza teknologikoa ematea Udaltzaingoak trafikoa zaintzeko, kontrolatzeko eta erregulatzeko dituen funtzioak hobeki bete ditzan.

Ikusita 2021ean bideozaintzako kamerak ezarri zirela Zizur zendeako 5 herritan eta haien funtzionamendua oso emaitza onak ematen ari dela.

Aintzat hartuta Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen duela: "Trafikoa erregulatzeko agintaritza arduradunak eginen du trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin (horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina), bai eta harekin bat datorren arloko gainerako araudian ezarritakoekin ere, eta betez xedaturik dagoena Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua Arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (gaur egun DBLO) eta Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan, betiere lege honetan haiek erabiltzeko ezarritako printzipioei jarraikiz".

Ikusita honako hau ezartzen duela apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko erregelamendua, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): "1. 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira bideokamerak eta irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko. 2. Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera. 3. Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean".

Aintzat hartuta identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzakeela ezarri nahi den sistemak, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauek betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Kontuan hartuta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluak udal eskumen propio gisa hartu zuela "trafikoa, ibilgailuen aparkalekua eta mugikortasuna", Toki administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak egindako idazketaren ondoren.

Horiek horrela eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz:

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezartzea eta erabiltzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

Gazolatzen.

–NA7015 errepideak 1,7 KPn NA8100 errepidearekin egiten duen bidegurutzean, Gazolazko sarbidean.

–Santa Maria kaleko 1ean, udaletxean, NA8100 errepidearen 0,34 KP aldera.

Saguesen.

–NA7016 errepideak San Migel kalerako sarbidearekin egiten duen bidegurutzean.

Larraian.

–NA7015 errepiderako sarbide-erreiak Eliza kalearekin egiten duen bidegurutzean (herrirako sarbidea).

Asterainen.

–NA7010 errepideak Udalaren kirol instalazioetako aparkalekurako sarbidearekin egiten duen bidegurutzean.

2. Zizur Zendeako Udalak kartel ikusgarriak jarriko ditu, trafikoa kontrolatzeko zaintza sistema bat dagoela adierazteko.

Tratamenduaren jardueren erregistroa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Zizur Zendeako Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamenduaren jarduera.

Datuen babeserako ordezkaria: Zizur Zendeako Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, erreklamazioa jaso eta bi hilabeteko epean jakinaraziko dio datuen babeserako ordezkariak interesdunari zer erabaki hartu den erreklamazio horren gainean.

Segurtasun neurriak. Erabaki honen bidez sortzen diren fitxategi automatizatuetan integratzen diren kamerek hartutako irudiak zaintzeak, kontserbatzeak eta, hala badagokio, suntsitzeak bete egiten ditu abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun neurriak eta eskakizunak (dekretu horren bidez onesten da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua). Era berean, Udala bera izanen da datuak eskuratzeko eta ezerezteko eskaeren zaintzaz eta ebazpenez arduratuko den organoa.

3. Agintzea ebazpen hau argitara dadila, bat etorriz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan xedatutakoarekin. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Gazolatzen, 2023ko otsailaren 20an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2302978