47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: "Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2023". DDBN identifikazioa: 675787.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea "Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2023" izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 125.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2023" dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4709-334200: ediziorako laguntzak enpresa pribatuentzat

2023

125.000,00

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

EDIZIORAKO LAGUNTZAK ARGITALPEN ENPRESA ETA PROFESIONALENTZAT, 2023

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du xede: dirulaguntzak ematea argitalpen enpresei eta profesionalei kultur edukia duten liburuak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, faksimileak, aurrenekoz euskaratutako edo gaztelaniaratutako lanak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (baldin eta azken inprimatzea duela hamabost urte baino gehiagokoa bada, eduki berriak gutxienez %15 badira eta liburuek maketa eta ISBN berriak badituzte). Aurkeztutako liburuek genero hauetako batekoak izan beharko dute: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta giza zientziak.

1.2. Deialdiaren helburua da Nafarroan edizioa eta kalitatezko eskaintza anitza sustatzea, egileen literatur jarduna eta lana bultzatzen dituena. Irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legearen atarikoak adierazten duenez, irakurketa garapen pertsonal eta sozialerako oinarrizko tresna da: "Liburua euskarri fisiko bat da, bere baitan giza pentsamenduaren, zientziaren eta literatur sorkuntzaren isla biltzen duena, gizakiei soilik dagokion egintza traszendental bat posible eginez, irakurketa alegia". Irakurketak "aberastu eta garatzen du pertsonen gaitasun kritikoa, hain beharrezkoa dena". Liburuaren izaera oinarrizkoaz gain, kultura zabaltzeko tresna den aldetik, argitalpenaren sektoreak eragin ekonomiko handia du, industria askok lotura baitute harekin: inprimategiak, liburu-dendak, diseinua, egiletza, itzulpengintza, ilustrazioa, banaketa eta abar.

1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.4. Lanak 2022ko azaroaren 25etik 2023ko azaroaren 24ra bitarte argitaratutakoak izan beharko dira, biak barne.

1.5. Deialdi honen ondorioetarako, honakoak ez dira arte edo kultur liburutzat hartuko:

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Testuliburuak, bidaia gidaliburuak, sukaldaritza liburuak, entziklopediak, hiztegiak, saltzekoak ez diren lanak, agendak, dietarioak eta antzekoak, gida didaktikoak, gidoiak edo aldizkako argitalpenak.

–Xede-hizkuntzan argitaratuta dauden lanen itzulpenak: euskaraz edo gaztelaniaz.

–1.1 puntuan (Oinarrien xedea) adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten berrinprimatzeak eta berrargitalpenak.

1.6. Ez da onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gabeak.

2.–Enpresa edo profesional eskatzaileen baldintzak.

2.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte argitalpen enpresa guztiek; halakotzat hartzen dira soilik merkataritza izaerako entitate pribatuak edo pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Profesionalak:

–Alta emanik egotea EJZren 864. taldean, idazlearenean, edo 476. taldean (Liburuen edizioa).

–Nafarroan erroldaturik egotea 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Egoera hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da, eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

b) Argitalpen enpresak:

–Legez argitalpen enpresa gisa eratuta egotea 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden pertsona edo argitalpen enpresei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Lege Gordailuaren betebeharra bete ez duten pertsona edo argitalpen enpresei ezin izanen zaie laguntzarik eman.

3.–Aurrekontu-kontsignazioa eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 125.000 eurokoa izanen da.

3.2. Liburu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa eta gehienez ere 4.000 euro liburuko.

Eskatutako dirulaguntza II. eranskinean adierazi behar da. Eskatutako zenbatekoak 3.2 puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, murriztu eginen da muga horietara egokitu arte.

Onartutako aurrekontua erakundeak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Argitalpen enpresa edo profesional bakoitzak lau liburu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, betiere deialdi honen 1. oinarria betetzen badute.

4.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4.4. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) II. a) eranskina, datuekin, eta II. b) eranskina, obra bakoitzaren kostuekin.

–Kostuak BEZa gabe jasoko dira.

b) Liburu osoa edo, gutxienez, argitaraldiaren ahalik eta egoera aurreratuenean dagoena eskaera aurkezten den unean. Liburuak 2022ko azaroaren 25etik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte argitaratuak badira, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

c) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egileen CV laburra.

d) Argitalpen enpresak:

–Entitatearen eskriturak.

–2022ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

–Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

–Aurreko bi urteetan (2021-2022) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

e) Profesionalak:

–EJZren 864. edo 476. taldean alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

–Nafarroan 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–EJZren 864. taldearen kasuan, idazlearenean, argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

–EJZren 476. taldearen kasuan (Liburuen edizioa): aurreko bi urteetan (2021-2022) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

4.5. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d) apartatuan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.7. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira, mugaeguna 2023ko azaroaren 24a izanik.

Kontuan hartuko dira argitalpen enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu diruz lagungarri hauek:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Egile eskubideak.

–Itzulpen, idazketa, zuzenketa edo dokumentazio lanak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–Multimedia grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada.

• Gastu horiek argitalpen enpresako langileek edo kanpokoek eginak izan daitezke.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Bidalketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatuko ditu batzorde horretako kideak, ebazpen bidez, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan (www.navarra.es/home_eu/). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta argitalpenaren sektoreko aditu bat.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzaileak deialdian onartzeko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea. Ebaluazio Batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea. Ebaluazio Batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

Azkenik, Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 35 puntu, gutxienez, "Argitalpenaren kalitatea eta interesa" atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sortze-indarra, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (20).

–Egileen ibilbidea (10).

–Lanean genero estereotipoak hausten dituzten eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea, bai eta hizkuntza inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabiltzea ere. (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), eta gai esparru berriak, gaur egunekoagoak (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8)

–Euskararen presentzia (5).

–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, maketazioa) (2).

c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Argitalpen enpresak edo profesionalak EJZren 476. taldearekin (Liburuen edizioa) izan duen ibilbidea azken bi urteetan (2021-2022), gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

  • 20 liburu edo gehiago: 5 puntu.
  • 15 - 19 liburu: 3 puntu.
  • 5 - 14 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

  • Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

e) Profesional eskatzaileak EJZren 864. taldearekin (idazlearena) izan duen ibilbidea, gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

  • 10 liburu edo gehiago: 5 puntu.
  • 5 - 9 liburu: 3 puntu.
  • 1 - 4 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

  • Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

7.3. Erabakiak hobeki hartu ahal izateko, Batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskabidea ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.es/home_eu/servicios), eta eskabidean emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horietarako, eskatzaileek III. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10.–Enpresa edo profesional onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, pertsona juridiko diren onuradunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruz, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, enpresa edo profesional onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2022ko azaroaren 25etik 2023ko azaroaren 24ra bitartean, bi data horiek barne.

10.4. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: "Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura eta Kirol Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura y Deporte"; horrez gain, haren logotipo ofizialaren erreprodukzioa ere izanen du, 2030 Agendaren logotipoarekin, eta hori beti esaldiari lotuta agertu beharko da.

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian lortuko dira (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala) eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, argitalpena inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako liburuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.

10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, enpresa edo pertsona onuradunei aplikatu behar zaizkien merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.11. Argitaratutako liburuaren ale bat aurkeztu beharko dute dirulaguntzaren enpresa edo pertsona onuradunek.

11.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, baldin eta ordainketa horiek dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Erakundeak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo gastuak justifikatzeko eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, enpresa edo pertsona onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2023ko azaroaren 24ra arte, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, enpresa edo pertsona onuradunek 2023ko abenduaren 22ra arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2024ko urtarrilaren 31n, egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Foru Ogasunari; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

13.–Dirua itzultzea.

Enpresa edo profesional onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da proiektu bera aurkeztu Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, baldin laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

14.3. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15,1. Arau-hauste eta zehapenetarako, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

16.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurkezten duzuen dokumentazioa (enpresak eta profesionalak):

I. eranskina

II a eranskina

II b eranskina

Proiektuaren deskripzio-memoria.

Liburu osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat.

Argitalpen enpresak:

Entitatearen eskriturak.

2022ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

Aurreko bi urteetan (2021-2022) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

Profesionalak:

III. eranskina

EJZren 864. edo 476. taldean alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

Nafarroan 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.

EJZren 864. taldearen kasuan, argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

EJZren 476. taldearen kasuan, aurreko bi urteetan (2021-2022) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

Deskargatu II a) eranskina (XLS).

Deskargatu II b) eranskina (XLS).

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ................................................................................ NANa/IFZ: .......................................

Helbidea: ..................................... Kalea:...........................................................................................

PK: ....................................................... Telefonoa: ..............................................................................

Helbide elektronikoa: .............................................................................................................................

Bere izenean edo honako hau ordezkatuz (bidezko ez dena ezabatu)

Entitatea: ........................................................................................... IFZ: ………………...….……..

Helbidea: ..................................... Kalea:...........................................................................................

PK: ....................................................... Telefonoa: ..............................................................................

Helbide elektronikoa: .............................................................................................................................

EDIZIORAKO LAGUNTZAK ARGITALPEN ENPRESENTZAT ETA PROFESIONALENTZAT, 2022 izeneko deialdian eskabidea aurkezten du, ............................................................. egunean emandako ................./2023 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2023ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ....(e)koa).

Kategoria:

Argitalpen enpresa.

EJZko epigrafea: 864.

EJZko epigrafea: 476.

Destinoa: BALIABIDEEN ETA GARAPEN ESTRATEGIKOAREN ATALA

Eta oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu formatu digitalean:

a) Entitatearen eskriturak.

b) Legez 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) EJZren 864. edo 476. taldean (Liburuen edizioa) alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

e) II a eranskina.

f) II b eranskina.

g) Argitalpenaren aurkibidea eta kapituluak edo liburu osoa.

h) Proiektuaren deskripzio-memoria.

i) Argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda.

j) Edo, bestela, agiri horiek Administrazioak badituela adierazten du (adierazi zein agiri den eta erregistro zenbakia) ..................................................................

2. Adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakorik ere.

3. Dirulaguntzaren xedeko proiektuari dagokionez, adierazten du:

Ez duela eskuratu edo eskatu administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako dirulaguntzarik.

Administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen dirulaguntza hauek eskuratu/eskatu dituela:

Zer entitateri eskatu zion laguntza

Eskatutako zenbatekoa

Dirulaguntzaren egoera

(eskatua/onartua/ordaindua)

4. Datuak eguneratzeari dagokionez, aitortzen du konpromisoa hartzen duela Kultura eta Kirol Departamentuari idatziz adierazteko, 15 eguneko epean gehienez, aitorpen honetan zehaztutako dirulaguntzen gainean izaten den edozein aldaketa.

5. Organo kudeatzaileari baimena ematen dio behar diren ziurtagiriak lortzeko Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik.

DATU PERTSONALEN BABESA

Entitate eskatzaileak honako hauetan xedatutakoa beteko du datuei dagokienez: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32016R0679); eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Kultura eta Kirol Departamentuak honako hauetan xedatutakoa beteko du datu pertsonalen tratamenduan: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32016R0679) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673). Erregelamendu horren 13. artikuluan xedatutakoa betez, hauxe jakinarazten da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA

Kultura eta Kirol Departamentua.

Navarrería kalea 39, 31001 Iruña.

culturaydeporte@navarra.es

DATUAEN BABESERAKO ORDEZKARIA

Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza.

dpd@navarra.es

TRATAMENDUAREN XEDEA

Deialdi honetan duen parte-hartzea kudeatzea.

TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

DATUEN

JATORRIA

Identifikazio eta harremanetarako datuak, datu fiskalak eta lanekoak, finantza eta banku datuak, eta, kasua bada, datu akademikoak eta profesionalak, eskaeratik jasoko dira, eta, errekerimendua egin ondoan, baita beste edozein administraziotatik ere, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik.

DATUAK GORDETZEKO EPEA

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, datuak gordetzen ahalko dira interes publikoko gaiak artxibatzeko, ikerketa zientifiko edo historikoetarako edota helburu estatistikoetarako.

DATUEN LAGAPENA

Ez da aurreikusten datuak hirugarrenei lagatzea, salbu eta araudiak baimentzen badu edo ukitutakoek adostasuna ematen badute.

ERABILTZEN AHAL DIREN ESKUBIDEAK

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, indarreko araudiak ezarritako moduan.

Datuen babesari buruz dituzun eskubideak urratu direla uste baduzu, erreklamazioa aurkez dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan. https://www.aepd.es/

.......................................(e)n, 2023ko ................................................... aren ......... (e)(a)n.

(Sinadura)

Izen-abizenak

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUA.

III. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baldin eta dirulaguntza jasotzen duen pertsonak edo entitateak lege horren 4.f) artikuluan eskatutako baldintzak betetzen baditu.

1.–Adierazi deialdi honetan laguntza eskatu duen proiektuak edo jarduerak interes sozialeko deklarazioari buruzko berariazko ebazpenik duen.

BAI

EZ

2.-Une honetan interes sozialeko deklaratzeari buruzko berariazko ebazpenik ez badago, adierazi Kultura mezenasgoa arautzen duen 8/2014 Foru Legearen 4.f) artikuluan mezenasgo kulturalaren onuradun den pertsona edo entitatetzat jo ahal izateko eskatutako baldintzak betetzen dituzun ala ez.

EZ

BAI. Hori dela eta, nire erantzukizunpean, honako hau aitortzen dut:

–Jarduera artistikoak egiten ditut ohikotasunez, 4.f) artikuluan jasotzen den EJZko epigrafe honi loturik: 864.

–Nire negozio zifraren zenbateko garbia, iaz, ez da 200.000 eurotik gorakoa izan.

–Helbide fiskala Nafarroan dut.

3.–Azkenean, laguntzaren xedeko proiektuak edo jarduerak dirulaguntza eskuratzen badu eta onuraduntzat jotzeko baldintzak betetzen baditu, adierazi ea nahi duzun proiektuaren edo jardueraren publizitatea egitea Nafarroako Gobernuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu

EZ

BAI

Baietz erantzun baduzu, adierazi datu hauek:

Pertsonaren edo entitatearen izena.

Proiektuaren edo jardueraren titulua.

Proiektuaren deskribapen laburra (gehienez ere bost lerro):

Kontu-zenbakia, informazio hori adierazi nahi baduzu.

Pertsonaren edo entitatearen harremanetarako datuak.

Web-orria, informazio hori adierazi nahi baduzu.

Proiektua edo jarduera egiteko lekua, geolokalizazioaren ondorioetarako.

Iragarkiaren kodea: F2302474