46. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 1ean hartua, zeinaren bidez Nafarroako Lurralde Estrategiaren ingurumen azterketa estrategikoa jendaurrean eta kontsultarako tramitean jartzen baita, eta Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektua entzunaldia emateko tramitean.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 28. artikuluan jasotzen du Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde antolamendurako tresnetako bat dela.

Arau horren beraren 31. artikuluaren arabera, NLEa lurraldearen plangintza estrategikorako tresna da Nafarroako Foru Komunitatean, eta bere baitan biltzen ditu gai hauei buruzko jarduketarako irizpide, jarraibide eta gida guztiak: lurraldearen antolamendu fisikoa, baliabide naturalak, azpiegitura handiak, espazioaren garapena eta hiri garapena, jarduera ekonomikoak eta bizitegikoak, ekipamendu handiak eta kultura ondarearen babesa.

33. artikuluan NLEa egin eta onesteko prozedura arautzen da. Bigarren apartatuan xedatzen duenez, Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektua jendaurrean jarriko da eta entzunaldia emanen zaie Foru Komunitateko toki erakundeei, bai eta haien ordezkaritza duten udal eta kontzejuen mankomunitate eta elkarte edo federazioei ere, bi hilabetez gutxienez.

Adierazten du, halaber, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak lau urtean behin proposatuko duela, hala badagokio, NLEa berrikusi beharra.

Azkenik, esaten du Nafarroako Gobernuari dagokiola NLEa eguneratzea, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak proposatuta, eta berrikusteko prozedura izanen dela hura egin eta onesteko prozedura bera. Nafarroako Parlamentuari dagokio Nafarroako Lurralde Estrategia onestea.

NLEa 2000-2004 aldian egin eta 2005ean onetsi zen. 2019ko maiatzaren 10ean, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak erabaki zuen Nafarroako Gobernuari proposatzea NLEa berrikusi beharra. Ondorioa izan zen testuingurua eta ezaugarri sozioekonomikoak aldatu egin direla eta lehentasun berriak sortu direla Nafarroako lurralde politikan (despopulazioa, landa eremuen papera, etxebizitza hutsen fenomenoa, hiri birgaitzea eta berroneratzea, populazioaren zahartzea, klima aldaketa, ekonomia zirkularra eta beste agertoki berri batzuk), eta indarreko NLEak ez duenez erantzun egokirik horietarako, beharrezkoa dela berrikustea eta definizio berria ematea.

Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak proposamena egin ondoren, Nafarroako Gobernuak, 2019ko maiatzaren 22an egindako bilkuran erabaki zuen NLEa berrikusteko prozedurari hasiera ematea. Erabaki horretan laburbilduta azaltzen dira berrikuspenaren oinarrizko helburuak, honakoak alegia:

–Lurralde plangintza lerrokatzea Nazio Batuen, EBren, Espainiako Hiri Agendaren eta 2030 Agendaren (GJH) paradigma berriekin.

–Nafarroak lurraldearen arloan dituen erronka garrantzitsuenetan fokalizatzea: despopulazioa eta landa eremuen papera, lurralde politika eskualdeen arabera indibidualizatzea, tokiko mapa berriaren eskumenen banaketara egokitzea.

–Indarreko plangintza estrategikoen arteko egokitzapena: Landa Garapenerako Programa, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategia, Agenda 2030, Klima Aldaketaren Bide-orria, Ekonomia Zirkularraren Agenda, biodibertsitatearen kontserbazio plan eta programak, Natura Sarearen kudeaketa planak, paisaiaren estrategia eta azpiegitura berdearen estrategia.

–Nafarroa prestatzea abian den trantsizio anizkoitzerako: ekologikoa, energetikoa, klimatikoa eta kulturala.

NLE berriaren helburuak definitzeko, 2020an egin zen "Nafarroako Lurralde Estrategiaren gaineko diagnostikoa eta hura berrikusteko proposamenak" izenekoa.

Diagnostiko horretan oinarrituta, 2022ko urtarrilean, Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakia betez, NLEa berrikusteko prozesuari hasiera eman zitzaion, fase hauetan banatuta:

–1. FASEA: idazten hastea ("Proiektuaren diseinua" barne hartzen du).

Analisiak eta azterketak, gaien aukeraketa, funtsezko erronkak eta helburuak deskribatzea, lurralde eredua, ekintzak eta lan ildoak.

–2. FASEA: NLEaren zirriborroa.

Oinarrizko dokumentua, gainerako departamentuekin partekatzeko eta parte-hartze prozesuan jartzeko (instituzionala eta herritarrena).

–3. FASEA: NLEa parte-hartze prozeduran jartzea.

Parte-hartzea eta zabalkundea, alegazioak eta birformulazioa. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozesua barne.

–4. FASEA: izapidetzeko dokumentua.

Nafarroako Gobernuari proposatuko zaion NLEaren proiektua.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta horrek igorrita, lege testu beraren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2022ko udaberrian 2. FASEko dokumentuari dagokion parte-hartze publikorako prozesu bat garatu da, telematikoa eta presentziala, eta urte bereko udazkenean beste prozesu bat egin da 3. FASEKO lanei buruz; prozesu horien emaitzak kontuan hartu dira 4. FASEari dagokion proiektua prestatzean.

Bestalde, NLEaren proiektua behin egin ondoren, 2022ko abuztuan ingurumen ebaluazio estrategiko arruntari hasiera emateko eskatu zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Eskaera horrek NLEaren zirriborroa eta hasierako dokumentu estrategikoa erantsita zituen.

Zirriborroa eta hasierako dokumentu estrategikoa kontsultarako eman zitzaizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako legearen 19. artikuluan jasotzen den bezala, eta ingurumen arloko organoak irismeneko dokumentua prestatu zuen.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, eta irismeneko dokumentua kontuan hartuz, ingurumen azterketa estrategikoa egin da.

Era berean, lege testu horren beraren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lege horretan "plan edo programaren hasierako bertsioa" izenaz jasotzen dena egin da (kasu honetan, NLEarena).

21. artikuluak hauxe dio bigarren apartatuan:

"Organo substantiboak plan edo programaren hasierako bertsio hori, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, informazio publikoan jarriko du, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean, eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan iragarri ostean. Informazio publikoa berrogeita bost lanegunekoa izango da, gutxienez"

22. artikuluak, berriz, lehen apartatuan honakoa adierazten du: "Informazio publikoaren izapidearekin batera, organo substantiboak plan edo programaren hasierako bertsioa, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, eragindako administrazio publikoen eta 19. artikuluaren arabera aldez aurretik kontsulta egin zaien pertsona interesdunen eskura jarriko du, kontsultatzeko".

Horregatik guztiagatik, aintzat hartuta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txosten-proposamena, 2023ko otsailaren 24koa, eta kontuan hartuta, halaber, uztailaren 26ko 2/2017 Legegintzako Foru Dekretuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen horretan, 33.2 artikuluan xedatutakoa, batetik, eta, bestetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Jendaurrean eta kontsultarako tramitean jartzea Nafarroako Lurralde Estrategiaren ingurumen azterketa estrategikoa, 45 egun baliodunetan, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

Ondorio horietarako, espedientea ikusgai egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian (Alondegia kalea 1, 2. solairua, Iruña) eta esteka honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/nafarroako-lurralde-estrategiaren-ingurumen-azterketa

2. Jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, Nafarroako Lurralde Estrategiaren hasierako bertsioa eta ingurumen azterketa estrategikoa ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean jarriko da, aldez aurretik kontsultatu direnei Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluarekin bat, 45 egun baliodunetan, dokumentuak kontsultarako tramitean jartzen direnetik hasita.

3. Era berean, eta uztailaren 26ko 2/2017 Legegintzako Foru Dekretuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen horretan, xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektua Foru Komunitateko toki erakundeei entzunaldia emateko tramitean jartzea, bai eta haien ordezkaritza duten udal eta kontzejuen mankomunitate eta elkarte edo federazioei ere, 45 egun baliodunetan, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasita.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuetako zuzendaritza nagusi guztiei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2303608