45. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita idatzizko hedabideetan, irratian eta online hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzak emateko, 2023ko aurrekontu ekitaldian. DDBN identifikazioa: 677118.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa sustatzera.

Lege betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek ditu esleituak: Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatzea, laguntza ekonomiko eta materialerako planak egitea, eta Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak kudeatu eta ebaluatzea, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen bidez oinarriak ezartzen dira 1.071.000 euro banatzeko, 2023. urtean, idatzizko hedabideetan, irratian eta online hedabideetan euskara erabil dadin sustatzen duten laguntzetan.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Onestea idatzizko hedabideetan, irratian eta online hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzen deialdia, 2023ko aurrekontu ekitaldirako. Foru agindu honek erantsita dauzkan oinarriek eta eranskinek arautuko dute deialdia.

2.–Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, zeinak foru agindu honen eranskinetan jaso baitira.

3.–Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4709 334100: (E) Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak

2023

1.071.000

4.–Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kudeaketa Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroan zabaltzen diren idatzizko hedabideetan, irratietan eta online hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko 2023an emanen diren laguntzak arautzea.

2. Aurrekontu erabilgarria eta denbora-eremua.

2.1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 1.071.000 eurokoa da, gehienez ere, 2023ko gastuen aurrekontuko "(E) Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak" izeneko B30002 B3200 4709 334100 partidaren kargura.

2.2. Diruz laguntzen diren jarduerak 2022ko azaroaren 1etik 2023ko irailaren 30 bitartekoak izanen dira.

3. Onuradunak.

Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroan zabaltzen den hedabide bateko titular diren pertsona juridiko guztiek, hedabidea hauen artean baldin bada:

–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatea bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte. Toki mailako aldizkariek gutxienez ere 4 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.

–Irratiak, irratiko komunikazio zerbitzuak irrati-difusioaren bidez emateko Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzien titularrak badira, eta lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte deialdi honen eskaerak aurkezteko epean.

–Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, bai Nafarroan zabalkundea duten hedabideen euskarri digitala direnak, bai beren lana online baizik egiten ez dutenak.

Deialdi honetatik kanpo daude telebistako hedabideen euskarri digitalak.

4. Dirulaguntzen modalitateak eta laguntzen zenbatekoa.

Hedabideen jarduerari dirulaguntza emanen zaio modalitate eta zenbateko hauen arabera:

4.1. Euskara hutsezko eguneroko prentsa (egunkariak). 115.000 euro.

4.2. Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa (egunkariak). 60.000 euro.

4.3. Nafarroan zabalkundea duten euskara hutsezko aldizkariak. 370.000 euro.

4.4. Euskara erabiltzen duten aldizkariak, hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabalkundea dutenak. 60.000 euro.

4.5. Euskara hutsezko irratiak. 325.000 euro.

4.6. Euskara erabiltzen duten irratiak, eremu mistokoak, ez-euskaldunekoak edo bietakoak. 20.000 euro.

4.7. Euskarazko hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabalkundea duen beste hedabideren baten online euskarria direnak. 55.000 euro.

4.8. Euskara hutsean eta online bakarrik diharduten hedabideak. 60.000 euro.

4.9. Online bakarrik jardun eta euskara erabiltzen duten komunikabideak. 6.000 euro.

5. Salbuespenak.

Deialdi honetatik at geldituko dira:

a) Alderdi politikoek, izaera politikoko elkarteek, sindikatuek, lanbide elkargoek eta antzekoek argitaratzen dituzten hedabideak.

b) Elkarteek, kirol klubek, fundazioek edo antzekoek beren kideen artean banatu eta erabiltzeko argitaratzen dituztenak.

c) Eskoletako aldizkariak, aldizkari espezializatuak, kultur aldizkariak eta kultur agerpen zehatz batzuei eskainitakoak edo irakurle espezializatuei zuzenduak.

d) Ikuskizunen gidak, denbora-pasak eta gisakoak.

e) Udalen informazio aldizkariak eta udal argitalpenak, interes orokorrekoak ez direnak.

f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriak.

g) Idatzizko hedabideen kasuan, bertze hedabide baten barnean banatzen diren tartekoak.

h) Lege-gordailu zenbakirik ez duten argitalpenak.

i) Online hedabideak, beren eskrituretan jarduera hori xede sozialen artean legez jasota ez dutenak.

j) Online modalitatean bazterturik geldituko dira gutxienez ere beren orrialdeetako erdietan euskaraz nabigatzeko aukera ematen ez dutenak.

k) Online modalitatean bazterturik geldituko dira azpidomeinuak edo birbideratzeak.

l) Enpresek beren produktuak sustatzeko egiten dituzten argitalpenak, interes orokorreko albisteak jasotzen badituzte ere.

m) Atari eta webgune puntualak, jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere.

n) Telebistako hedabideen euskarri digitalak.

6. Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webguneko tramitazio-fitxaren bidez (aurrerantzean, Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa); horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

6.2. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

6.3. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

6.4. Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

7. Eskatzen den dokumentazioa.

7.1. Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa betetzea:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/idatzizko-prentsarako-irratietarako-eta-online-hedabideetan-euskararen-erabilera-sustatzeko-laguntzak-2023

7.1.1. Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxan aurrekontu laburtua bete behar da, gastuak, diru-sarrerak eta dirulaguntzak adieraziz, kasu guztietan BEZik gabe. Beste hizkuntzetako hedabideek euskararen erabilerari egozten ahal zaizkion gastu eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko dute.

Laguntzaren eskaeran, ez dira kontuan hartuko ez frogagiriak, ez fakturak, ez eta gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen frogagiriak ere. Dokumentu horiek aurkezten badira, berriz bidali beharko dira justifikatzeko unean.

Modalitate guztietan, honako alor hauetako gastuak izanen dira diruz lagungarriak: langileria-gastuak, funtzionamendukoak, mekanikoak, banaketa eta ekoizpenekoak, inbertsioak ez direnak. Honakoak ere hartuko dira kontuan: lan-kontratudunen eta kolaboratzaileen kontratazioaren ondoriozko gastuak, ustiapen gastu orokorrak, baita euskarazko lanei dagozkien funtzionamendu eta banaketa gastuak ere, egozten ahal bazaizkio dirulaguntzaren xedea den jarduerari, eta horrela onartzen baditu deialdi honen baloraziorako batzorde teknikoak, oro har onartutako kontabilitate-printzipioak aplikaturik:

–Langileria-gastuak: kontratatutako langileen kostuak oro har, nominak eta gizarte-segurantza (baita autonomo behartuen kasuan ere).

–Funtzionamendu-gastuak: kudeaketa administratiboko gastuak, lokalen alokairu, mantentze-lan eta tresneriakoak, argindarraren, telefonoaren eta Interneten fakturak...

–Gastu mekanikoak: norberaren inprimaketak (ekoizpen propioa).

–Banaketa-gastuak: idatzizko hedabideak hartzailearengana iristeko gastuak (banaketa-enpresen fakturak, esaterako).

–Ekoizpen-gastuak: kazetariak, diseinatzaileak, soinu-teknikariak, informatikariak, eta abar.

7.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

c) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen egiaztagiria, notario eta erregistro bidez egina.

d) Irratiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emititzeko emandako kontzesio administratiboaren egiaztagiria behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat. Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten. Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

7.3. Hedabidean euskara erabiltzeari eta erabilera hori areagotzeari buruzko 2023rako proiektu xehatua, honako hauek jasoko dituena:

Idatzizko hedabideak:

Idatzizko hedabideek aipatu behar dute orrialde kopurua, non argitaratzen den (hala behar badu), aldizkakotasuna, argitalpen eguna, gaia, Nafarroako eduki berariazkoak, tokietako esamolde eta Nafarroako euskalki berezkoen erabilerarik ote den, egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola inprimatutako aleen kopurua, zabalkundea, harpidedunen kopurua, salmentak (ordainpekoa bada) eta irakurle kopuruaren kalkulua. Aldizkako argitalpenen kasuan, erantsi beharko dira deialdiaren aldiaren barrenean argitaratutako aleak.

Irratiak:

Irratietarako laguntzak eskatzen dituztenek adieraziko dute espazioen iraupena eta zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa ekarrita.

Ulertzen da irrati ekoizpen propioa dela irratiari atxikitako langileek edo kolaboratzaileek lizentziaren titular horrek dituen instalazioetan egindako programak, baldin eta bat badatoz emisioaren izaeraz eta estudioen egoitzaz aurkeztu zen proposamen teknikoarekin, ondoren Nafarroako Gobernuaren lizentzia edo baimena lortzeko.

Ez dira ekoizpen propiotzat onartuko ekoiztetxeei edota irratiei erositako edukiak, lehenago beste hedabide batzuetan edo berean emititu badira (erredifusioak). Beste hedabide sozial batzuekin batera egindako programazioen berri eman beharko dute berariaz, horrelakorik badago.

Online hedabideak:

Hedabidea online ere aritzen bada, edo online bakarrik, bukatutako azken hiruhilekoaren gaineko txostena gehituko da, hedabidearen online bertsioaren zabalkundeari buruzko datuekin, edo bestela sarbide bat aktibatuko zaio Euskarabideari, zuzenean kontsultatzeko. Txostenak zehaztuko ditu ikustaldiak, ikusitako edukiak/orriak, eta ikustaldi bakoitzaren batez besteko denbora.

7.4. Adierazpena, Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla dioena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

7.5. Jakinarazpenetik hilabeteko epean entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari aurkeztuko dio jatorrizko inprimakia, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

7.6. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira.

Baldin eta pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezinen da inola ere izan aipatu onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin nahiz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta.

Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

9. Balorazio batzorde teknikoa.

Aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu; begiratuko du ea egokiak diren bai teknikaren aldetik bai aurrekontuaren aldetik, eta baloratu eginen ditu. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, eta honako hauek osatuko dute:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hitza dituela.

–Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat.

Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

10. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

Dirulaguntza, gehienez ere, onartutako aurrekontuaren %80 adinakoa izanen da. Baldintzak betetzen dituzten eskaerek (jarraian zehazten dira modalitate bakoitzerako baldintzak) onartutako aurrekontuaren eta %80ko irizpidearen arabera jasoko dute laguntza.

Deialdi honek irauten duen bitartean bete beharreko gutxieneko balorazio irizpideak:

10.1.1. Euskara hutsezko eguneroko prentsa.

Ale bakoitzak 6 orrialde eta 1.000 kopia izatea egunero.

10.1.2. Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa.

a) Gutxienez egunean orrialde 1 edo astean 8 euskaraz ateratzea.

Argitalpenean euskararen presentzia garatzeko proposamena 1etik 100era baloratuko da, eta proposamenak onartuko dira baldin eta eskatutako gutxienekoak betetzen badituzte eta 50 puntu edo gehiago lortzen badituzte.

Hauek dira erabiliko diren irizpideak:

  • Orrialde bat egunean edo 8 astean, 10 puntu.
  • 2 orrialde egunean edo 16 astean, 20 puntu.
  • 3 orrialde egunean edo 24 edo gehiago astean, 50 puntu.

b) Gutxienez 8.000 kopia ale bakoitzeko, Nafarroan banatuta:

–Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio kopia gehien duen argitalpenari, eta kopia kopuruaren proportzioan jaitsiko da puntuazioa, zenbaki osotara biribilduta.

Banaketa ekonomikoa aipatutako irizpideetan lortutako puntuen arabera eginen da. 50 puntutik gorako puntuazioa duten proposamenen artean, dirua proportzionalki banatuko da, agortu arte.

10.1.3. Nafarroan banatzen diren euskara hutsezko aldizkariak.

Gutxienez 4 ale egitea urtean.

10.1.4. Euskara erabiltzen duten aldizkariak, hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabalkundea dutenak.

Edukien %4, gutxienez, euskaraz ekoiztea euskal hiztun guztientzat. Horretarako, euskarazko informazio-moduluak zenbatuko dira, publizitatekoak alde batera utzita.

10.1.5. Euskara hutsezko irratiak.

Ekoizpen propioko 8 ordu gutxienez ematea astean. Udal irratien kasuan, onartutako aurrekontuari faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, %1,8 igotzekoa, beren ezaugarriengatik ez baitute publizitateko diru-sarrerarik.

10.1.6. Euskara erabiltzen duten irratiak, eremu mistokoak, ez-euskaldunekoak edo bi hizkuntz eremuetakoak.

Ekoizpen propioko emisio orduen %10 gutxienez euskaraz izatea.

10.1.7. Euskarazko hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabalkundea duen beste hedabideren baten online euskarria direnak.

Gutxienez hamabostean behin berritzea edukiak, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoak eta euskaraz izatea.

10.1.8. Euskara hutsean eta online bakarrik diharduten hedabideak.

Webgune bat bada, edukiak gutxienez hamabostean behin berritu beharko dira, eta edukien %10 gutxienez norberak ekoitzi beharko ditu. Onartutako aurrekontuari faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, %2,0 igotzekoa, euskarri mugikorrerako direnei.

Euskarri mugikorra soilik duten hedabideen kasuan, eskatuko dira diruz lagundu daitezkeen 11 edizio desberdin gutxienez; edukien %10 behintzat ekoizpen propiokoa izan beharko da, eta %25, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatearekin lotua egon beharko da.

10.1.9. Online bakarrik jardun eta euskara erabiltzen duten hedabideak.

Webgunea bada, euskarazko eduki propioen portzentajea %40tik gorakoa izan beharko da.

Edukiak gutxienez hamabostean behin berritu beharko dira, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoa izan beharko da.

10.2. Zenbatekoen kalkulua.

Behin hautatutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren, gerakinik baldin badago, zati proportzionaletan banatuko da, modalitate guztietan gastu diruz lagungarrien portzentajea %100 baino gutxiago duten eskaeren artean.

11. Ebazpena.

11.1. Balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena ikusita, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako dirulaguntza; dirulaguntza ukatuz gero, horretarako arrazoiak aipatuko dira.

11.2. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere, 7.1.1 oinarrian adierazten den helbidean.

12. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote emandako dirulaguntzari, hura onesten den unetik beretik. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

13. Gardentasunerako betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, ondoko estekan dagoen 4. eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia.

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege hori gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa da).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapenezko isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Gardentasunari buruzko adierazpena aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, laguntza emanen dela jakinarazten denetik hasita (59/2013 Foru Dekretua, 5. artikulua).

14. Laguntzen ordainketa.

14.1. Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen ahalko da. Lehenengo ordainketa partziala, borondatezkoa, laguntzaren %50 bitartekoa izanen da, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko apirilaren 30era arte (biak barne) egindako dibulgazio-lanen eta gauzatutako gastuen arabera. Bigarren ordainketa likidaziotzat hartuko da, eta dirulaguntza ematea eragin zuen dibulgazio eta ekonomia ekintza osoa hartuko da kontuan. Beharrezko doikuntzak aplikatuko dira, eta urtea bukatu baino lehen eginen da.

14.2. Nolanahi ere, lehenbiziko ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 13. oinarrian araututakoari jarraikiz.

15. Gastuen eta sarreren justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Entitate onuradunek Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

–Lehen ordainketa partziala borondatezkoa da, eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da justifikaziorako dokumentazioa.

–Bigarren ordainketa 2023ko irailaren 30era arte egin eta ordaindutako gastuari dagokiona izanen da (egun hori barne), eta justifikaziorako dokumentazioa aurkezteko mugaeguna, urriaren 16a.

Bi justifikazioetan, lehenbizikoa borondatezkoa eta partziala, eta bigarrena azkena, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria zehaztua.

b) Idatzizko hedabideek diruz lagundutako aldian argitaraturiko zenbaki guztien lagina aurkeztuko dute. Zenbaki horiek paperean edo euskarri informatikoan aurkezten ahal dira. Ez da beharrezkoa izanen argitaratu ahalean Euskarabideari bidali bazaizkio.

c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta haien banku bidezko ordainketen gordekinak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarrian aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du edozein unetan edo edozein entitate interesduni jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Fakturak eta ordainketen frogagiriak segidan jarri behar dira: lehenik eta behin faktura eta, ondoren, dagokion banku frogagiria.

Agiri guztiak modu ordenatuan aurkeztu beharko dira, hau da, atal hauetako bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagagiriak multzokaturik: langileria-gastuak, funtzionamenduzkoak, mekanikoak, banaketakoak eta ekoizpenekoak.

d) Langileak kontratatzen badira, nominen bidez eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira gastuak. Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute, hizkuntza-gaitasun aitortua dutenek izan ezik.

e) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

f) Jasotako dirulaguntzak justifikatzeko agiriak. Inola ere ez da zenbatu behar Euskarabidetik jasotzea aurreikusten den dirulaguntza.

g) Kalkulu taula (III. eranskina), gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen justifikazioari dagozkion datuekin beteta. Kalkulu taulako azken erlaitza, balantzean, entitate pertsona eskudunak sinatu behar du.

Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsonei/entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.

Deialdiaren dirulaguntzaren xedea betetzat joko da proposatutako komunikazio jarduera osoa gauzatu dela egiaztatzen denean.

16. Jardueren kontrola.

16.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

16.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

16.3. Proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten enpresek eskaeran programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, horren arabera dagokion zenbatekoa beheitituz edo osorik deuseztatuz, hala behar badu.

16.4. Enpresa onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan.

17. Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

17.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

17.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

18.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

18.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

18.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaeraren dokumentazioa: gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula.

III. eranskina.–Justifikaziorako agiriak: gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula.

Deskargatu II. eranskina (XLS).

Deskargatu III. eranskina (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2302846