39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Río Ebro Renovables SLk sustatutako «Lombas I», «Lombas II» eta «Espinar» parke eolikoen proiektuetarako eta Jorge Energy SLk sustatutako «San Adrián» parke eolikoaren proiekturako, Azagra, Funes, Milagro, Cadreita, Valtierra, Castejón eta Tutera udalerrietako energia ateratzeko azpiegitura elektrikoak barne.

Espediente horiek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 3. taldean jasotzen dira, g) eta i) epigrafeetan, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egiteko prozedura aplikatu behar zaie.

1.–Aurrekariak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, irailaren 28an emandako 1498/2010 Ebazpenaren bidez, «Nafarroako G10X Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean» jasota dauden eta «Gamesa Energía SAU» enpresak (GESA) sustatzen dituen parke eolikoei buruzko ingurumen eraginaren adierazpena eman zuen. Adierazpen horren bidez, ezarri zuen «Las Lombas l», «Las Lombas ll», «El Raso» eta «El Espinar» parke eolikoak, ebazpen honen xede diren proiektuen antzeko kokalekuetan daudenak, ez zirela bideragarriak ingurumenaren aldetik.

2.–Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura garatzea.

2.1. Jendaurreko informazioa.

2020 abenduaren 10ean, sustatzaileek parke eolikoen lau proiektuetarako aurretiazko administrazio baimenen eskaerak aurkeztu zituzten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean, ingurumen eraginaren azterketak barne.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen 30 egun baliodunez aurreproiektuak eta zegozkien ingurumen eraginaren azterketak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 40. zenbakia, 2021eko otsailaren 22koa), eta kontsultak ukitutako administrazioei eta interesdunei helarazi zizkien. Aldi horretan, 118 alegazio idazki jaso ziren.

Jasotako txosten eta alegazioak sustatzaileei helarazi zitzaizkien, azter zitzaten, eta, ondorioz, sustatzaileek energia ateratzeko lineako aldaketak eta ingurumen eraginaren azterketari zegokion dokumentazio osagarria aurkeztu zituzten 2021eko abuztuaren 20an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean. Hala, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren bigarren izapide bati eman zion bide (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 238. zenbakia, 2021eko urriaren 13koa), eta kontsulta berriak ukitutako administrazioei eta interesdunei helarazi zizkien. Aldi horretan, 48 alegazio idazki berri jaso ziren.

2021eko abenduaren 20an, sustatzaileek parke eolikoen proiektuak eta ingurumen eraginaren azterketak aurkeztu zituzten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean, jasotako alegazioen erantzunak barne, eta berriro eskatu zituzten hirigintza izapidea eta ingurumen eraginaren ebaluazioa. 2021eko abenduaren 27an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Biodibertsitatearen Zerbitzuari helarazi zion dokumentazioa.

2022ko martxoaren 24an, Ingurumen Eraginaren Atalak ingurumen eraginaren azterketa osatzeko dokumentazio teknikoaren errekerimendua egin zuen, abifaunari buruzko azterketei, kiropteroei, estepako eta harkaitzetako hegaztiei gaineko eraginaren azterketari eta energia ateratzeko linearen trazaduraren alternatibei zegokienez. Eskatutako alderdiak lehenago aipatuta zeuden Ingurumen Eraginaren Atalak ukitutako administrazioei kontsulta egiteko prozeduretan emandako txostenetan.

Errekerimenduari erantzuteko, 2022ko ekainaren 24an, sustatzaileek dokumentazio osagarria aurkeztu zuten eta, horretan, haize-sorgailuen kopurua murrizten zen, aldaketa berriak planteatzen ziren energia ateratzeko linean eta askotariko dokumentazioa aurkezten zen eskatutako abifaunari buruzko azterketen inguruan. Horrela, proiektua berriro aldatu zen eta proposamen berri bat aurkeztu zen, hiru parkeetako («Lombas I», «Lombas II» eta «El Espinar») haize-sorgailuak multzokatzen dituena, energia ateratzeko linea bakarrarekin.

Planteatutako aldaketa berriak ikusita, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, jendaurreko informazioaren hirugarren izapide bati eman zion bide (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 222. zenbakia, 2022ko azaroaren 10ekoa), eta kontsulta berriak ukitutako administrazioei eta interesdunei helarazi zizkien. Aldi horretan, 37 alegazio idazki jaso ziren.

2.2. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Río Ebro Renovables SLk eta Jorge Energy SLk, 2023ko urtarrilaren 4an, «Lombas I», «Lombas II», «El Espinar» eta «San Adrián» parke eolikoen behin betiko ingurumen eraginaren azterketak eta proiektuak aurkeztu zituzten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean, Azagra, Funes, Milagro, Cadreita, Valtierra, Castejón eta Tutera udalerrietako energia ateratzeko azpiegitura elektrikoak barne, eta ingurumen eraginaren ebaluazioa hastea eskatu zuten, 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat etorriz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri dio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

3.–Proiektuen deskribapena.

–«Lombas I» parke eolikoa.

«Lombas I» parke eolikoaren behin betiko proiektua SG-170 modeloko 6 haize-sorgailuk osatzen dute. Horiek 100 metroko abatz altuera, 170 metroko errotore diametroa eta elkarren artean 120º-ko angelua duten hiru pala dituzte. Haize-sorgailuak Azagran daude baina parke eolikoaren instalazioak San Adrián eta Azkoien udalerriei ere eragiten die. Hasierako «Lombas I» proiektuak 7 haize-sorgailu zituen. Horietatik, posizioetako 4 kendu egin dira eta 3 haize-sorgailu gehitu dira, «San Adrián» parkearen hasierako proiektuari zegozkion posizioak zituztenak (kendu egin da behin betiko proiektutik).

Honako hauek dira «Lombas I» parke eolikoaren 6 haize-sorgailuen koordenatuak behin betiko proiektuan:

HAIZE-SORGAILUA

UTM X

UTM Y

LOMBI01

594.645

4.683.284

LOMBI02

593.637

4.683.614

LOMBI03

593.972

4.683.832

LOMBI04

592.362

4.684.746

LOMBI05

591.987

4.685.917

LOMBI06

592.328

4.686.262

Parke eolikorako sarbidea NA-653 errepidetik egiten da, 1+250 kilometro-puntuan, errepidearen ezkerraldean dagoen bidea aprobetxatuz.

–«Lombas II» parke eolikoa.

«Lombas II» parke eolikoaren behin betiko proiektua SG-170 modeloko 3 haize-sorgailuk osatzen dute. Horiek 100 metroko abatz altuera, 170 metroko errotore diametroa eta elkarren artean 120º-ko angelua duten hiru pala dituzte. Haize-sorgailuak San Adrián udalerrian daude baina parke eolikoaren instalazioak Azagra udalerriari ere eragiten dio. Hasierako «Lombas II» proiektuak 6 haize-sorgailu zituen eta, horietatik, posizioetako 3 kendu dira.

Honako hauek dira «Lombas II» parke eolikoaren 3 haize-sorgailuen koordenatuak behin betiko proiektuan:

HAIZE-SORGAILUA

UTM X

UTM Y

LOMBII01

589.942

4.690.229

LOMBII02

590.083

4.689.303

LOMBII03

590.507

4.689.364

Sarbidea NA-653 errepidetik egiten da, 1+250 kilometro-puntuan, errepidearen eskuinaldean dagoen bidea aprobetxatuz.

–«El Espinar» parke eolikoa.

«El Espinar» parke eolikoaren behin betiko proiektua SG-170 modeloko 4 haize-sorgailuk osatzen dute. Horiek 100 metroko abatz altuera, 170 metroko errotore diametroa eta elkarren artean 120º-ko angelua duten hiru pala dituzte. Bi haize-sorgailu San Adrián udalerrian daude eta, beste bi, Azagra udalerrian, baina parke eolikoaren instalazioak Azkoien udalerriari ere eragiten dio. Hasierako «El Espinar» proiektuak 2 haize-sorgailu zituen. Horiei beste bi gehitu zaizkie, «San Adrián» parkearen hasierako proiektuari zegozkion posizioak zituztenak (kendu egin da behin betiko proiektutik).

Honako hauek dira «El Espinar» parke eolikoaren 4 haize-sorgailuen koordenatuak behin betiko proiektuan:

HAIZE-SORGAILUA

UTM X

UTM Y

ESP01

591.440

4.688.212

ESP02

591.200

4.687.788

ESP03

591.426

4.687.012

ESP04

591.916

4.687.167

Sarbidea «Lombas I» parke eolikoko bideetatik egiten da.

–«San Adrián» parke eolikoa.

«San Adrián» parke eolikoak 8 haize-sorgailu zituen hasiera batez eta horietako 3 kendu egin dira. Gainerako 5etatik, 2 «El Espinar» parke eolikoaren behin betiko proiektuan sartu dira eta beste 3, «Lombas I» parke eolikoaren behin betiko proiektuan.

Proiektu honek, hasiera batez, energia ateratzeko berezko linea zuen, trazadura eta euskarriak (2. zirkuitua) partekatzen zituena funtzionamenduan den «Cavar» parke eolikoaren energia ateratzeko goi-tentsioko linearen 7. euskarriraino, eta, hortik, zirkuitu bakuneko 220 kV-ko goi-tentsioko linea berri batean (10,2 km-koa), SET Labradas proiektaturaino.

Ingurumen Eraginaren Atalak 2022ko martxoaren 24an egindako errekerimenduari erantzunez aurkeztutako azken dokumentazioan, ez-bideragarritzat jotzen azken tarte hori egitea, eta «San Adrián» parke eolikoaren izendapena behin betiko proposamenetik kendu da.

–Parke eoliko guztien ezaugarri komunak.

Parke guztietan, haize-sorgailuak elkarrekin eta sarbideekin komunikatzen dituen bideak lehendik dauden nekazaritza bideen trazadura erabiltzen saiatuz diseinatu dira. Proiektu guztien sarbiderako, lehendik dauden bideak erabiltzea aurreikusten da eta horiek egokitu egin beharko dira zenbait tartetan. Bide tarte berriak ere eraiki beharko dira. Bideak honako ezaugarri hauekin proiektatzen dira:

–6,0 m-ko bide zabalera eta bihurguneetan 100 m-ko gutxieneko erradioa, ardatzean.

–%12ko gehieneko malda lurzoruetan eta, gune zehatz batzuetan, %15ekoa lurzoru trinkotuetan.

–Ibaiko zabor-legarrezko edo material hautatuzko beheko geruza batek (20 cm) eta zabor-legar artifizialezko errodadura geruza batek (20 cm) osatuko dute eredu-sekzioa.

–1H/1V eta 3H/2Vko lur erauzketako ezpondak lubetan.

Proiektu guztietan oinarri karratuko dorre anemometriko autosostengatua instalatuko da. Dorre hori 3 metroko altuera duten 32 tartez, 3 metroko oinarria duen tarte batez eta metro bateko punta tarte batez egonen da osatuta, eta 100 m-ko altuera hartuko du.

Energia ateratzeko instalazio elektrikoak partekatu egiten dituzte hiru parke eolikoek eta honako elementu hauek dituzte:

–Lombas 30/220 kV azpiestazioa: azpiestazio kolektore berria, Azagrako udal-mugartean kokatua, transformadore jasotzaileen bidez, parke eolikoetatik datorren energia 220 kV-ko mailara igotzea du xede, eta 220 kV-ko airetiko linea baten bidez energia hori ateratzea.

–Goi-tentsioko airetiko linea, 220 kV Lombas - SET La Cantera: zirkuitu bikoitzeko goi-tentsioko airetiko linea berria, Lombas azpiestazio berritik La Cantera azpiestazioraino energia elektrikoa garraiatzeaz arduratuko dena. Linea zirkuitu bikoitz gisa diseinatzen da, etorkizunean sustatzaile horrek edo beste batzuk erabil dezaten aurreikuspenarekin.

–«Lombas I», «Lombas II» eta «El Espinar» parke eolikoen energia ateratzeko 1. zirkuitua. Lombas azpiestazioko portikoaren eta 220 kV goi-tentsioko linearen 7. euskarriaren arteko tartea hartzen du, Valtierra Energia Azpiestazioa - La Cantera azpiestazioa. Tarte horrek 22,5 km inguruko luzera du guztira, eta horietatik 2 km lurpetik igarotzen dira. 7. euskarriaren eta La Cantera azpiestazioaren arteko eroalea egina dago jada. Zirkuitu honek 35 km inguruko luzera du guztira.

–2. zirkuitua, diseinuan jasota dagoena, aipatu parkeetako energia ateratzeko linearekin bat datozen trazadurak dituzten beste instalazio batzuekin batera energia ateratzea errazteko.

4.–Azterketa teknikoa.

Ingurumen eraginaren ebaluazioaren espediente hau izapidetzean, hasiera batez planteatutako proiektuen ezaugarrietan zenbait aldaketa egin dira. Horiek direla eta, hiru aldiz jarri dira, ondoz ondo, jendaurrean, eta ukitutako administrazioen alegazio eta txostenak jaso dira. Ingurumen Eraginaren Atalak, prozeduran zehar, txostenak egin ditu 2021eko ekainaren 15ean eta abenduaren 29an. Txosten horietan, aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren lehen azterketa teknikoa egiten zuen, eta, horretan, proiektuek eragindako eremuaren ingurumen balioak eta ingurumen eraginaren azterketaren zenbait gabezia nabarmendu ziren. Txosten horietan jasotako alderdi esanguratsuenak honako hauek dira:

–Adierazten denez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, irailaren 28an emandako 1498/2010 Ebazpenaren bidez, «Nafarroako G10X Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean» jasota dauden eta «Gamesa Energía SAU» enpresak (GESA) sustatzen dituen parke eolikoei buruzko ingurumen eraginaren adierazpena eman zuen. Adierazpen horren bidez, ezarri zuen «Las Lombas l», «Las Lombas ll», «El Raso» eta «El Espinar» parke eolikoak, ebazpen honen xede diren proiektuen antzeko kokalekuetan daudenak, ez zirela bideragarriak ingurumenaren aldetik.

–Adierazten denez, proiektuak balio ekologiko handiko zenbait eremutatik gertu egiten dira:

  • Nafarroako estepako hegaztientzako garrantzizkoak diren Caluego-La Castellana eta Santa Cruz-Lampara eremuak.
  • San Adrián-Andosillako Raso Haitzetako, Azagrako Los Forcos inguruneko, Andosillako Santa Cruz eremuko eta Faltzes eta Milagro arteko Argako ebakiguneetako harkaitzetako harraparien habia eremuak. Eremu horietan arrano beltzaren 3 lurralde, sai zuriaren 8 lurralde, belatz handiaren 6 lurralde, sai arrearen 71 bikote eta Bonelli arranoaren lurralde bat dago, 2019az geroztik.
  • Natura 2000 Sareko eremuak. Estellerriko Erriberako Igeltsuen KBE (ES2200031) eta Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak (ES2200035); posible da lotura ekologikoari eragitea.
  • Gainera, energia ateratzeko linearen trazadurak Ebro Ibaiaren KBEari (ES2200040) eragiten dio zenbait puntutan: Ibarbaso Garaia Naturagunea (NG24) eta horren Babes Eremu Periferikoa (BEP), Giraldelli ibarbasoaren naturaguneko BEP eta Valdelafuente sakana; halaber, azken tartea SET Labradaseraino iritsi arte. Horrek oso ingurumen ondorio larriak izanen lituzke, ingurumen bideragarritasuna baldintzatzen dutenak, eta airetiko trazadurarako eta SET Labradasen kokapenerako beste aukera bat bilatu beharko litzateke.

–Adierazten da ingurumen eraginaren azterketak ez duela jasotzen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan ezarritako informazio guztia, haren VI. eranskinaren arabera garatzen dena. Zehazki, hauei dagokienez: proiektuaren deskribapen orokorra eta dimentsioak, ingurumen alderditik egokiak diren alternatiba teknikoen deskripzioa, eta ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuen kuantifikazioa, beste proiektu batzuekiko eragin metagarriak eta sinergikoak barne, erasandako habitat eta espezieetan aurreikusitako aldaketen datu neurgarrien bidez.

–Adierazten denez, aurkeztutako dokumentazioak ez du betetzen Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikulua. Izan ere, horrek zehatzen du, Administrazioaren Baimen Eskaerarekin batera, azterketa bat aurkeztu beharko dela parke eolikoa ezarri nahi den eremuan fauna hegalariak egiten duen espazioaren erabilerari buruz, gutxienez urteko ziklo oso batean garatua. Aurkeztutako IEAk ez dute jasotzen kiropteroek (saguzarrak) proiektuen esparruan egiten duten espazioaren erabilerari buruzko azterketarik, eta hori derrigorrezkoa da, IEAk proiektuek kiropteroen gainean dituzten ondorioak ezaugarritu eta ebaluatu ahal izan ditzan.

2021eko abenduaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean ingurumen eraginaren azterketak eta proiektuak aurkeztu eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari bidali ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, 2022ko martxoaren 24an, ingurumen eraginaren azterketa osatzeko dokumentazio teknikoaren errekerimendua egin zuen, ondoren laburbiltzen diren zenbait alderdiri buruz. Horiek ezinbesteko dokumentazioa dira proiektuen eragina behar bezala ebaluatzeko.

–Kiropteroek egiten duten espazioaren erabileraren azterketa osoa, ezarritako protokoloen arabera.

–Abifaunak egiten duten espazioaren erabileraren azterketa osoa, ezarritako protokoloen arabera.

–Proiektuak eta IAEk kontuan hartu beharko dituzte Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldez aurretik emandako txostenetan egindako gogoetak, eta proiektuak honako hauen gainean izanen dituen ondorioak behar bezala aztertu beharko dituzte:

  • Estepako hegaztien komunitateak.
  • Harkaitzetako hegaztien komunitateak, bereziki Bonelli arranoarenak.
  • Airetiko linearen trazadurak Natura Sareko eremuetan duen eragina: Arga eta Aragoi ibaien beheko tarteak KBE (ES2200035)
  • Granjafría ibarbasoa (NG-9) naturagunea.

–SC 220 kV AP78 goi-tentsioko linea Lombas-SET Labradas goi-tentsioko linea deritzon airetiko linea berrirako trazadura alternatibak eskatu dira berriro ere, eta azpimarratu da oso ingurumen ondorio larriak egonen direla Ebro Ibaiaren KBE (ES2200040) zeharkatzen duen tarteetan: Ibarbaso Garaia naturagunean (NG24) eta horren babes eremu periferikoan (BEP), Giraldelli Ibarbasoaren NGko BEPean (NG25) eta Valdelafuente sakanan; baita azken tartean ere, SET Labradasera iritsi arte.

Errekerimenduari erantzunez, 2022ko ekainaren 24an, sustatzaileek dokumentazio osagarria aurkeztu zuten (kiropteroek egiten duten espazioaren erabileraren azterketa, abifaunak egiten duen espazioaren erabilerari buruzko azterketa eta estepako eta harkaitzetako abifaunaren gaineko ingurumen ondorioen azterketa). Ondoren, 2022ko azaroan, kiropteroen azterketa osoa aurkeztu zen. Sustatzaileak aurkeztutako azterketen emaitzetatik, ondorioztatzen da abifaunako zenbait espezieren gaineko eragina larria dela. Halaber, ondorioztatzen du, airetiko linearen trazadurak Ebro ibaiaren KBEaren balioetan oso ondorio larriak dituela kontuan hartuta, ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria Ibarbaso Garaia, Giraldelli Ibarbasoa eta Valdelafuente sakana naturaguneari dagokion tartea egitea. Beste neurri batzuk ere proposatu dira, hala nola energia ateratzeko airetiko linea lurperatzea Granjafría Ibarbasoaren ingurumarietan eta haize-sorgailuen kopurua murriztea, abifaunari buruzko azterketen emaitzen arabera eragin handiena izanen luketen posizioak kenduz (azken proposamena Proiektuen deskribapenari buruzko 3. apartatuan deskribatzen da).

Jarraian, abifaunaren gaineko eraginaren azterketa azaltzen da, kontuan hartuz ingurumen eragin larriena dela eta erabakigarria dela aurkeztutako proiektuetarako.

–Abifaunaren gaineko eragina.

Prozeduran zehar Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako txostenetan jasotzen den bezala, proiektatutako parke eolikoen ezarpenerako aurreikusitako eremua oso garrantzitsua da hegaztien zenbait komunitaterako, habia egiteko, hazkuntzarako, larreratzeko eta elikatzeko guneen eragin eta interkonexio eremuan dagoelako, eta hegaztientzat eta, bereziki, mehatxatutako espezieentzat garrantzi handiko tokia delako:

–Estepako habitata: Nafarroako estepako hegaztientzako garrantzizkoa den Caluego-La Castellana eremua proiektuaren eremuarekiko mugakidea da.

–Harkaitzetako harrapariek habiak egiteko erabiltzen dituzten eremuak: proiektuaren ingurumarietan daude San Adrián-Andosillako Raso Haitzak, Azagrako Los Forcos ingurunea, Andosillako Santa Cruz eremua eta Faltzes eta Milagro arteko Argako ebakiguneak.

–Balio ekologiko handiko ibai ibarbasoak: Natura 2000 Sareko eremuak. Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak (ES2200035); posible da lotura ekologikoari eragitea.

–Gainera, Natura 2000 Sareko beste gune batzuekiko lotura eremuan dago, hala nola Estellerriko Erriberako igeltsuak KBE (ES2200031) eta Errege Bardeak (ES2200037).

Abifaunak egiten duen espazioaren erabilerari buruzko azterketak, sustatzaileak 2022ko ekainean aurkeztu zuenak, berresten du eremua oso garrantzitsua dela hegaztientzako, eta proiektuaren eremuan egindako behaketen datuak ematen ditu, adierazten dutenak espezie mehatxatu ugari daudela. Jarraian, hautemandako abifaunako espezie mehatxatuak adierazten dira, eta horien babes maila, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoaren arabera (139/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa) eta Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoaren arabera (563/1995 Foru Dekretua, azaroaren 27koa).

–Galzorian dauden espezieak.

Bonelli arranoa (9 behaketa), miru gorria (73 behaketa), ganga azpizuria (26 behaketa) eta Naumann belatza (16 behaketa).

–Espezie kalteberak.

Mirotz urdina (59 behaketa), mirotz zuria (35 behaketa), basoilo txikia (5 behaketa), ganga azpibeltza (78 behaketa) eta sai zuria (107 behaketa).

Nabarmentzekoa da zenbait espezie, hala nola basoilo txikia eta mirotz urdina, populazio beherakada nabarmena izaten ari direla, galzoriko espezieen kategoriara aldatzea proposatzera eraman duena. Hain zuzen, basoilo txikia «arriskuan» kategorian sartu da UICNren Espainiako Hegaztien 2021eko Liburu Gorrian, azken eguneratzean.

Laburbilduz, aurkeztutako urteko hegaztien ziklo osoko azterketetan, mehatxatutako espezieekin (galzorian daudenekin edo kalteberak direnekin) izandako guztizko kontaktuak oso handiak izan dira, eta 427 begiztatze izan dira. Hori dela eta, proiektuak egiteak espezie horiei erasan larriak eragiteko arrisku handia dakar. Espezie mehatxatuekin detektatutako kontaktuen kopurua, horiek azterketaren lauki saretan duten banaketa eta hegaztien mugimenduen izaera bera ikusita, pentsatzen ahal da sustatzaileak proposatutako neurriek (haize-sorgailuen kopurua murriztea, energia ateratzeko linean aldaketak egitea eta talken aurkako sistemak jartzea) ez dutela bermatzen espezie horiek ez dutela erasanik izanen. Abifaunako espezie mehatxatuen gaineko eragina eta IEAn proposatutako zuzenketa/babes neurrien urritasuna adierazi dituzte zenbait alegazio-egilek (Sustrai Erakuntza Fundazioa, Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan elkartea, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea eta Gurelur).

Dauden espezie asko Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude, baita basa hegaztiei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/CE Zuzentarauaren I. eranskinean ere, beraz, «habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa-eremuan». Aipatutakoaren arabera, proiektuak egiteak kalteak ekartzen ahal ditu espezie horietako batzuen biziraupen eta ugalketa baldintzetan, eta aipatu 42/2007 Legean eta 2009/147/CE Zuzentarauan adierazitakoa urratzen ahal du.

Aipamen berezia merezi du galzoriko espezie katalogatuen ohiko presentzia egoteak proiektuen ezarpen eremuan, adibidez, Bonelli arrano, miru gorri, ganga iberiar eta Naumann belatzena. Hori bereziki larria da, haize-sorgailuen jardueraren ondorioz talka egiteko eta hiltzeko arriskua baitago. Mehatxu hori faktore mugatzailea izaten ahal da galzorian dauden espezie hauek kontserbatzeko eta berreskuratzeko, bai aztergai den eremuan, bai eremu geografiko handiagoetan, estatu mailan eta Europan.

Espezie horien gaineko erasana dela eta, proiektua abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, natura ondareari eta biodibertsitateari buruzkoak, 46.7 artikuluan adierazitako baldintzetan bakarrik gauzatzen ahal da: «Estatuan edo autonomia erkidegoan galzorikotzat katalogatutako espezieei dagokienez, II. edo IV. eranskinetan aipatzen diren espezieengan erasan nabarmena izaten ahal duen edozein plan, programa edo proiektu gauzatu edo betearazten ahalko da baina soilik honako kausa hauek betetzen direnean eta bestelako konponbiderik ezean: giza osasunarekin eta segurtasun publikoarekin lotura dutenak, ingurumenerako berebiziko garrantzia duten ondorio positiboei buruzkoak edo lehen mailako interes publikoko premiazko beste arrazoi batzuk». Adierazi den bezala, aipatutako hegazti espezieak Galzoriko Espezie gisa daude katalogatuta eta, gainera, 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude.

Proiektua gauzatzeak, gainera, zeharkako erasana izanen luke, baina garrantzitsua, Natura 2000 Sarean; izan ere, proiektuen eremuan hautemandako espezie mehatxatu batzuk (Naumann belatza, mirotz zuria, mirotz urdina, basoilo txikia, ganga iberiarra eta sai zuria) inguruneko kontserbazio bereziko eremuen funtsezko elementuak dira: Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak (ES2200035), Estellerriko Erriberako Igeltsuak (ES2200031) eta Errege Bardeak (ES2200037). Natura 2000 Sarearen gaineko erasan hori zenbait alegazio-egilek azpimarratu dute (Sustrai Erakuntza Fundazioa, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkartea, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea eta Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak).

Arreta berezia merezi du sai arreak ere, maniobratzeko ahalmen eskaseko harrapari planeatzaileak. Parke eolikoetan intzidentzia handia agertzen du, inguruneko parke eolikoetan egiaztatu den moduan. Abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketaren datuekin bat, espezie horren begiztatze ugari daude (850 kontaktu 54 lauki saretatan), horien ehuneko altuekin talka arriskua dagoen altueran. Horrek esan nahi du larria izaten ahal den erasan arrisku handia dagoela, are gehiago, kontuan hartzen bada bizitza luzea duen espeziea dela, sexu heltze berantarekin, ugaltze-tasa baxuekin eta mugikortasun handiko biztanleriekin.

Era berean, aurkeztu den fauna hegalariaren urteko zikloaren azterketetan adierazten denez, eremu horretan askotariko kiropteroak daude, eta zenbait espezie inbentariatu dira. Batzuk estatu edo autonomia mailan katalogatuta daude, eta horietako batzuek talka egiteko arriskua dagoen altueran egiten dute hegan.

Alegazio-egile askok (Sustrai Erakuntza Fundazioa, Gurelur, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkartea) azpimarratzen dute proiektuen instalazioek ziurrenik erasana izanen dutela fauna hegalariaren espezie askoren gainean, eta espezie horietako askoren populazio beherakada nabarmena egoteko arriskua dagoela adierazten dute.

5.–Proposamena.

Espedienteen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak ondorioztatzen du behar bezala egin dela ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura. Hala ere, ez dago ados ingurumen eraginaren azterketaren ondorioekin, horiek gutxietsi egiten baitute ingurumenean izanen litzatekeen eragina. Kontuan hartuta 2010ean antzeko zenbait proiekturi aurkako eragin adierazpena egin zitzaiela, parkeen instalazio eremuan abifauna mehatxatua dagoela, bereziki galzoriko espezie gisa katalogatutakoak, talka egiteko arriskua, balio ekologiko handiko eremuen arteko barrera efektua, Natura 2000 Sareko inguruneko Kontserbazio Bereziko Eremuetako elementu gakoetan sortuko den erasana eta parke eoliko ugariren eta ingurunean dauden bestelako azpiegitura batzuen ondorio metagarri eta sinergikoak, aurreko faktoreen gainean gertatuko liratekeenak, ondorioztatzen da proiektuak bideraezinak direla ingurumenaren aldetik, baita proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatu ondoren ere. Hori dela eta, «Lombas I», «Lombas II», «El Espinar» eta «San Adrián» parke eolikoen proiektuetarako ingurumen eraginaren aurkako adierazpena ematea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egiten da Río Ebro Renovables SLk sustatutako «Lombas I», «Lombas II» eta «El Espinar» parke eolikoen proiektuetarako eta Jorge Energy SLk sustatutako «San Adrián» parke eolikoaren proiekturako, San Adrián, Azagra, Funes, Milagro, Cadreita, Valtierra, Castejón eta Tutera udalerrietako energia ateratzeko azpiegitura elektrikoak barne.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Lizarra Hegoaldeko eta Tuterako Koordinazio Unitateak), baita sustatzaileari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2301120