39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onetsi zituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 19an emandako 179/2020 Foru Aginduaren bidez (2020ko 265. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 12koa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren. Foru agindu hori aldatu egin zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 21eko 182/2021 Foru Aginduaren bidez (2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 9koa) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 26ko 138/2022 Foru Aginduaren bidez (2023ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 11koa).

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak Animalien Osasunaren Bulegoa sortzea proposatu du, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikia, bertan betetzen diren funtzioen funtzionamendu egokia bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. 2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"2. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian bulego hauek ezarriko dira:

a) Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari atxikita: Ugalketarako Materiala Ziurtatzeko eta Landare Osasuneko Bulegoa, Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoa eta Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa.

b) Merkatuen Erregulaziorako Atalari atxikita: Merkatuen Erregulazioaren eta Berariazko Laguntzen Bulegoa eta Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Bulegoa.

c) Etekinetarako Laguntzen Atalari atxikita: Azaleraren araberako Zuzeneko Laguntzen Bulegoa, Nekazaritzako Ingurumen arloko eta Landa Ingurunea Hobetzeko Laguntzen Bulegoa eta Abeltzaintzarako Laguntzen Bulegoa.

d) Animalien Ekoizpenaren Atalari atxikita: Abeltzaintzaren Garapenerako Bulegoa.

e) Animalien Osasunaren Atalari atxikita: Epizootiologia Bulegoa.

f) Animalien Ongizatearen Atalari atxikita: Lagun Egiteko Animalien Bulegoa.

g) Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalari atxikita: Elikagaien Segurtasunaren Bulegoa.

h) Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikita: Landare Biologiaren Laborategiaren Bulegoa, Enologia Laborategiaren Bulegoa eta Animalien Osasunaren Bulegoa.

i) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari atxikita: Ingurumenaren Kontroleko Bulegoa eta Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa.

j) Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari atxikita: Obren Bulegoa, Lurzati Berrantolamenduaren Bulegoa eta Nekazaritzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoa".

2. 31 bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

"31 bis artikulua. Animalien Osasunaren Bulegoa.

a) Animalien gaixotasunak atzemateko analisiak egitea.

b) Giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuen analisi mikrobiologikoak egitea.

c) Animalien gaixotasunen eta gaixotasun zoonotikoen bektoreak aztertzea.

d) Analisi ofizialak bermatzeko behar diren akreditazioak lortzea eta mantentzea.

e) Animalien osasunaren arloko laguntza ematea Nafarroako Gobernuko departamentuei eta sozietate publikoei.

f) Bekadunen eta praktiketako langileen prestakuntza.

g) Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari esleitutako eskumenen barnean ematen zaizkion gainerakoak."

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko otsailaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2302410