39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2023ko otsailaren 15erako iragarritako grebaren deialdia dela eta.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek grebarako deia egin dute 2023ko otsailaren 15eko 00:00etatik 2023ko otsailaren 16ko 00:00etara. Grebak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langile guztiei eraginen die (lan-kontratudunei eta funtzionarioei).

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, ikastetxe publikoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek eskubidea dutela unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2023ko otsailaren 15ean ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin dezaten.

Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2023ko otsailaren 15erako iragarrita dagoen greba deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Zaintzaile bakarra duten ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak egin beharko ditu, eta, zaintzaile gehiago egonez gero, zaintzaileen plantillako %50i egokituko zaizkie.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta, hala bada, zer zaintzaile arituko diren.

b) Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan:

–Zuzendaria.

–Hiru hezitzaile edo haur-hezitzaile.

–Sukaldari bat.

c) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Aipatutako langileen lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari eta foru agindu hau igortzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara, Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletara eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegora, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Haur Eskolen Zerbitzura eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2302369