39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak 2023ko otsailaren 15erako iragarritako greba deialdia dela eta.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute 2023ko otsailaren 15erako.

Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Begien bistako segurtasun arrazoiak direla eta, ezinbestekoa da Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren eta Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzea; izan ere, zerbitzu hori babes zibilaren arloko funtsezko zerbitzu publikoetako bat da, eta ezinbesteko bermea da larrialdi-egoerei aurre egiteko, etengabe erabilgarri dagoelako eta espezializatuta dagoelako. Horretarako, suhiltzaile-etxe bakoitzean gutxieneko operatibo bat hartu da oinarri gisa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren urriaren 20ko 112/2020 Foru Aginduan ezarri zena (foru agindu horren bidez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren lurralde egitura osatzen duten suhiltzaile-etxeak eta eskualdeak zehaztu ziren).

Halaber, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea eta zerbitzu publikoetarako berdintasunezko sarbidea babesteko asmoz –biak ala biak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortuak daude, eta bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 102., 106. eta 108. artikuluetan–, erregistroen zerbitzua bermatu behar da, gutxieneko eta ezinbesteko langile kopurua zehaztuta.

Azkenik, eta kopuru berarekin, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta lehendakariordeen bulegoen eta haien kabineteen arreta bermatzea Nafarroako Jauregian, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren eta Gobernuaren egoitza ofiziala delako ondorio guztietarako, eta erakunde horiek Foruaren Hobekuntzan ezartzen direlako.

Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,

AGINTZEN DUT:

1. 2023ko otsailaren 15erako greba deialdia dela eta, honako hauek dira Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren gutxieneko zerbitzuak:

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia:

Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoan, administrari bat.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia:

Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuan, mandatari edo zerbitzu orokorretako langile bat goizeko txandan eta mandatari edo zerbitzu orokorretako langile bat arratsaldeko txandan.

Barne Zuzendaritza Nagusia:

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuan, koordinazioko 7 operadore laguntzaile goizeko txandan, 8 operadore laguntzaile arratsaldeko txandan eta 4 operadore laguntzaile gaueko txandan.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua:

  • Ofizial edo ofizialorde bat Nafarroa osorako.
  • Sarjentu zentral bat.
  • Eskualdeko sarjentu bat.
  • Cordovilla: 11 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean.
  • Iruña: 7 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean, 8:00etatik 21:00etara, eta 6 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean, 21:00etatik biharamuneko 8:00etara.
  • Tutera: 5 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean.
  • Altsasu, Auritz, Lodosa, Nabaskoze, Azkoien eta Zangoza: 3 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean.
  • Lizarra, Oronoz eta Tafalla: 4 langile, kaboen eta suhiltzaileen artean.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zigortuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, eta igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Barne Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302417