39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, "Aniztasuna, aberastasun iturri" izeneko VI. eskola lehiaketaren deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2023. urterako. Lehiaketa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatu du.

Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, zehazki Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak, sari batzuk eman nahi dizkie Nafarroako ikastetxeek "Aniztasuna, aberastasun iturri" gaiarekin lotuta egindako eskola-lanei, eta izenburu hau eman dio lehiaketari: "Aniztasuna, aberastasun iturri" VI. eskola lehiaketa.

Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa zuzenduta dago Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei. Sormen lehiaketa da, eta horren bidez lortu nahi da gizarteak balioa eman diezaiola aniztasunari, hura aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz; gizarteak desberdina dena errespeta dezala; eta desberdintasun hori erabil dezala ikaskuntza baliabide gisa.

Sari horiek emateko gastuei aurre egiteko, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko gastu aurrekontuan, bada partida bat "Sariak, lehiaketak eta sariketak" izenekoa, B20002 B2100 2268 232500 partida, alegia. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.

Espedientean jaso dira Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena, kontabilitate zentroaren baimena eta horretarako txosten juridikoa.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–"Aniztasuna, aberastasun iturri" izeneko VI. eskola lehiaketaren 2023ko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, foru agindu honen bukaeran txertatu direnak.

2.–Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Foru agindu hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 6an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI. VI. sormen lehiaketa, 2023. urtekoa, Nafarroako Gobernuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatua

JUSTIFIKAZIOA: aniztasunari balioa ematen dion gizartea, aniztasuna aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz, ederragoa da. Desberdina dena errespetatu, eta desberdintasuna ikasteko baliabide gisa erabiltzen duen gizartea ederragoa da. Kolore askotako ikuspegia duen gizartea ederragoa da. Gainerakoekin harreman osasuntsuak izanik bizi nahi duen gizarteak askotarikoa izan behar du.

Zergatik sormen lehiaketa bat? Edozein pertsonarentzat pizgarria izan daitekeelako modu aktibo eta kritikoan begiratzeko, ikusteko, sentitzeko eta hausnartzeko.

Eskola lehiaketaren oinarriak.

1. Nafarroako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute.

2. Taldeka hartuko da parte (gelako ikasle guztiek gehi ardura duen irakasleak).

3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.

4. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz eginen dira.

5. Gaia: aniztasuna, aberastasun iturri–Loturak. ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI izanik lehiaketaren gai nagusia, aurtengo gai espezifikoa honako hau da: LOTURAK. Batzen gaituzten loturak, bizikidetza aberasten duten loturak. Desberdintasunean antzekotasunak bilatzea bestearengan arakatzea da, begirada lantzea, zubiak eraikitzea. Antzekotasun horiek, puntu komun horiek lotzen asmatzen badugu, sortutako loturek balioa emanen diote desberdintasunari. Beti aurkitzen ahalko dugu oinarri emozional komun bat, bide desberdinak elkarlotzera bultzatuko gaituena.

6. Modalitateak:

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

A.–Proposamenaren edukia: marrazki kolektibo bat (teknika librea: akuarela, collagea, estanpazioa, ikatz-ziria, etab.) eta marrazkian sartutako esaldi bat. Hori guztia proposatutako gaiarekin lotuta.

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

B.–Proposamenaren edukia (argazkia, testua eta audioa): argazki bat, laurogeita hamar eta ehun hitz arteko testu bat (deskriptiboa, literarioa, ipuin laburra edo poesia), argazkian oinarrituta eta proposatutako gaiarekin lotuta: aniztasuna, aberastasun iturri–Loturak. Testua audio batean grabatuko da, eta argazkiarekin eta testuarekin batera aurkeztuko da. Testuak izenburu bat izanen du.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

C.–Proposamenaren edukia: bideo bat, gehienez 60 segundokoa. Ikus-entzunezkoaren helburua gizartea sentsibilizatzeko mezu argi bat plazaratzea izanen da. Mezu horretan, "Loturak" ideia sartuko da, proposatutako gaiarekin lotuta.

7. Bai argazkia, bai testua, jatorrizkoak izanen dira, eta berariaz lehiaketarako eginak.

8. Ez argazkian, ez testuan, ez zaio taldeari erreferentziarik (ez izenik, ez logorik) eginen, anonimotasunari eusteko. Bestela, lanek ez dute aukerarik izanen saria jasotzeko.

9. Lanak aurkezten ahalko dira lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Lanak 2023ko martxoaren 20ko (astelehena) 14:00ak baino lehen aurkeztuko dira.

11. Lanak pazyconvivencia@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira, gai honekin: "Aniztasun lehiaketa".

12. Aurkezpena:

–A modalitatea. Bi fitxategi erantsiko dira: marrazki eskaneatua (fitxategiaren izena: "Marrazkia") eta agiri bat ("Datuak-fitxategiaren izenean maila zehaztu"), non zehaztuko baitira parte hartzen duen taldearen datuak (ikastetxea, maila eta ikasgela, taldeko ikasle kopurua, lana zer irakasgaitan egin den, irakasle arduradunaren izen-deiturak eta irakasle arduradunaren helbide elektronikoa).

–B modalitatea. Lau fitxategi erantsiko dira: argazkia, jpg formatuan (fitxategiaren izena: "Argazkia"), testua, Word formatuan edo baliokidean (fitxategiaren izena: "Testua"), audioa, mp3 formatuan (fitxategiaren izena: "Audioa") eta agiri bat ("Datuak_fitxategiaren izenean maila zehaztu"), non zehaztuko baitira parte hartzen duen taldearen datuak (ikastetxea, maila eta ikasgela, taldeko ikasle kopurua, lana zer irakasgaitan egin den, irakasle arduradunaren izen-deiturak eta irakasle arduradunaren helbide elektronikoa).

–C modalitatea. Bi fitxategi erantsiko dira: bideoa, mp4 formatuan (fitxategiaren izena: "Bideoa"), eta agiri bat ("Datuak_fitxategiaren izenean maila zehaztu"), non zehaztuko baitira parte hartzen duen taldearen datuak (ikastetxea, maila eta ikasgela, taldeko ikasle kopurua, lana zer irakasgaitan egin den, irakasle arduradunaren izen-deiturak eta irakasle arduradunaren helbide elektronikoa).

13. Martxoaren 28an, epaimahaiak hautatu diren lanen berri emanen du, eta, aurrerago, lehiaketan parte hartu duten talde guztiei jakinaraziko zaie erabakia.

14. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko bi teknikari eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko beste bi teknikari.

15. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen alderdiak:

–A modalitatea:

  • Marrazkiaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Marrazkiaren kalitatea, trazua, kolorea eta konposizioa.
  • Esaldiaren zehaztasuna eta haren egokitasuna marrazkiarekiko.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

–B modalitatea:

  • Argazkiaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Argazkiaren kalitatea.
  • Nola egokitzen zaion testua argazkiari.
  • Testuaren kalitate literarioa.
  • Grabazioa: ahotsak edo ahotsek transmititzen duten intonazioa, erritmoa eta indarra.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

–C modalitatea:

  • Mezuaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Gidoiaren kalitatea.
  • Irudien kalitatea.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

16. Sariak apirilean emanen dira, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen Memoriari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko Jardunaldietan.

17. Sariak:

–Lehen Hezkuntza:

  • Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak:
    • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak:
    • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak:
    • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

–Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa:

  • DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak:
    • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
  • DBHko 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleak:
    • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

18. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako lanak erabil ditzake hezkuntzako eta dibulgazioko helburuekin.

19. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.

20. Informazio gehiagorako: 848426048 / pazyconvivencia@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2302118