33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 2an emandako 98/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horrek garatu zuen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura, bulegoen eta atala baino beheragoko unitateen mailan.

SARRERA

Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 2an emandako 98/2020 Foru Aginduaren bidez garatu zen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura, bulegoen eta atala baino beheragoko unitateen mailan. Foru agindu hori martxoaren 31ko 99/2021 Foru Aginduak aldatu zuen.

2021eko apirilaren 28ko Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean protokolo bat onetsi zen Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Akonpainamendu eta Berrikuntza Zentroen Sarea sortzeko Enplegu Sistema Nazionalaren euskarri espezializatu gisa, lanbide-orientazioko zerbitzuaren prestazioa indartzera bideratua. Zentro horiek eginkizun hauek dituzte, besteak beste: ekintza berritzaileak diseinatzea eta proiektu esperimentalak garatzea orientazioaren, prospekzioaren eta lan-bitartekaritzaren arloan, ekintzailetza ereduak diseinatzea eta proiektu pilotuak aplikatzea, orientazio programak ebaluatzea eta abar. Protokolo horrek zentro horien antolamendua, giza baliabideen eta azpiegituren oinarrizko betekizunak eta kalifikazio-prozesua finkatu zituen. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 12ko Ebazpenaren bidez kalifikatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa (181. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 29koa). Zentro hori 2023ko iraila baino lehen konfiguratu behar da behin betiko eta martxan jarri, behin betiko kalifikazioa lortu ahal izateko, eta horrek eskatzen du erakundearen egitura organikoa egokitzea zentroak garatzen dituen funtzio berrietara.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 37. artikuluan Eskubide Sozialetako kontseilariari esleitzen zaizkio erakunde horretako bulegoak eta atala baino beheragoko unitateak sortu, aldatu eta kentzeko eginkizunak.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek emandako ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

1. Artikulu bakarra.–Honako hau kentzen da:

–2. artikuluko 18. puntua. "Ekintzailetza Bulegoa".

–16. artikulua.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Unitate organikoak kentzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako Ekintzailetza Bulegoa kentzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 1ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2301655