33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2023 FORU DEKRETUA, otsailaren 1ekoa, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

ATARIKOA

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, martxoaren 31ko 25/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatutakoak, onetsi egin zituen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak.

2021eko apirilaren 28ko Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean, Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentro Publikoen sare bat sortzeko protokolo bat onetsi zen, Enplegu Sistema Nazionalaren euskarri espezializatu gisa eta lanbide-orientazioko zerbitzuaren prestazioa indartze aldera. Zentro horiek, besteak beste, eginkizun hauek dituzte: ekintza berritzaileak diseinatzea eta proiektu esperimentalak garatzea lan orientazioaren, prospekzioaren eta bitartekaritzaren arloan, ekintzailetza-ereduak diseinatzea eta proiektu pilotuak aplikatzea, orientazio-programak ebaluatzea, etab. Protokolo horrek zentro horien antolamendua, giza baliabideen eta azpiegituren oinarrizko betekizunak eta kalifikazio-prozesua finkatu zituen. Antolamendu-egitura gisa, zentroaren zuzendaritza izanen zuen pertsona bat izendatzea eta gizarte-kontseilu bat sortzea eskatzen zen.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin finantzatutako kredituen bidez finantzatu da honako zentro hauen sorrera: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitako «Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak» 23. osagaiko «Gobernantza eta enplegua aktibatzen laguntzeko politikak bultzatzea» 5. inbertsioa. Nafarroak Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren kalifikazio-eskaera aurkeztu dio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari (Iturrondo eta Tutera). Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 12ko Ebazpenaren bidez kalifikatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa (181. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 29koa). Zentro horren behin betiko konfigurazioa eta abiaraztea, behin betiko kalifikazioa lortzea ahalbidetuko duena, 2023ko iraila baino lehen egin behar da, eta erakundearen egitura organikoa zentroak garatzen dituen funtzio berrietara egokitu behar da, bai eta aipatutako Gizarte Kontseilua sortu ere.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat, eta Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko otsailaren batean egindako bileran hartutako erabakiaren arabera,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren artikulu hauek aldatzen dira: 25., 27., 30 g) eta 31.1, eta gehitzen dira artikulu hauek: 8 bis, 29 bis, 34 bis eta 35.l). Artikulu horiek honela idatzita geldituko dira:

Lehena.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"25. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren egitura.

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Enplegu Programa Integralen Atala.

b) Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atala.

c) Enpresentzako Zerbitzuen Atala.

d) Desgaitasuna duten Pertsonentzako Enplegu Programen Atala.

e) Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atala"

Bigarrena.–27. artikulua aldatzen da, d) letra kenduta.

Hirugarrena.–30. artikuluaren g) apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"g) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren zuzendaritza".

Laugarrena.–31.1) artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"31. artikulua. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuaren egitura.

1. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Orientazio Atala.

b) Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala.

c) Lan Aktibaziorako Atala.

d) Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atala".

Bosgarrena.–8 bis artikulua gehitu zen, eta honela idatzita geldituko da:

"8. bis artikulua. Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroko Gizarte Kontseilua.

1. Gizarte-kontseilu hori sortzen da Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroak garatutako funtzionamenduaren eta jardueren azterketan, plangintzan, parte-hartzean, aholkularitzan eta jarraipenean lankidetzarako organo gisa.

2. Organo horren osaera honako hau da:

a) Erakundearen zuzendari kudeatzailea.

b) Zentro horretako zuzendaritza-eginkizunak esleituta dituen zerbitzuko zuzendaria.

c) Zentro horretako jarduerak gauzatzeko eginkizunak esleituta dituen pertsona.

d) Ordezkari bat erakundearen gobernu-kontseilua osatzen duten erakundeetako bakoitzeko, ordezkaritza handiena duen enpresa-erakundearen aldetik izan ezik; azken horrek bi ordezkari izanen ditu.

Karguagatik izendatuta ez dauden ordezkarien kasuan, edo horiek eskuordetzen dituztenen kasuan, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzeko.

3. Kontseiluko presidentea erakundeko zuzendari kudeatzailea izanen da, eta, kargua hutsik badago, kanpoan edo gaixorik badago, edo beste arrazoiren bat gertatzen bada, zentro horretako zuzendaritza-eginkizunak esleituta dituen zerbitzuko zuzendaria izanen da haren ordezkoa. Zentroaren jarduerak gauzatzeko eginkizunak esleituta dituen pertsona izanen da kontseiluaren idazkaria. b) eta d) letretan aipatutako pertsonek kontseiluko kidearen izaera izanen dute.

4. Karguagatik kontseiluko kide direnen agintaldiak kargu horretan dauden bitartean iraunen du. Kontseiluko kide beren karguagatik ez direnen agintaldiak lau urte iraunen du, eta pertsona horien agintaldi kopurua ez da mugatuko. Kontseilukide beren karguagatik ez direnen artean lanpostu hutsen bat badago, ordezkoaren agintaldiaren iraupena izanen da lanpostua utzi duenaren agintaldia amaitu arte falta den denbora tartea.

5. Kontseilu horretako kideak kargutik kentzen ahalko dira honako arrazoi hauengatik:

a) Kontseiluko kide izatea dakarren kargua uztea.

b) Haren izendapena egin zuen entitateak proposatzea.

c) Gerora etorritako ezgaitasuna, legez adierazitakoa.

d) Agintaldiaren bukaera.

e) Uko egiteagatik.

f) Kargu publikoetan aritzeko gaitasunik gabe uztea epai judizial irmoaren bidez.

Kontseilu horretako kideek karguan jarraituko dute, ordezkatu behar dituenak kargua hartu arte.

6. Kontseiluko osoko bilkura presidenteak, idazkariak eta kideek osatzen dute. Osoko bilkura urtean bitan bilduko da, gutxienez, ohiko bilkuran, eta bilkura berezian, aldiz, osoko bilkurako kideren batek eskatzen duenean. Bilkuren deialdia egiteko, kontseiluko kideei bidaliko zaizkie gai-zerrenda eta beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa. Osoko bilkura lehen deialdian modu baliozkoan eratzeko, beharrezkoa izanen da kontseiluburua, idazkaria (edo horiek modu baliozkoan ordezten dituztenak) edo kideen erdia, gutxienez, bertaratzea. Bigarren deialdian, baldin badago, nahikoa izanen da kideen heren bat egotea. Osoko bilkuraren erabakiak kideen gehiengo osoz hartuko dira.

7. Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroko Gizarte Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jardueren plangintzan eta programazioan parte hartzea.

b) Zentro horrek garatutako ekintzak edo programak prestatzea, ebaluatzea eta horien jarraipena egitea.

c) Zentroaren funtzionamendua hobetzeko proposamenean parte hartzea.

Seigarrena.–29 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"29. artikulua. Bis. Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atalaren eginkizunak.

Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekonomia soziala sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

b) Autoenplegua sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

c) Ekintzailetza sustatzea eta dinamizatzea, horretarako aholku emanez, prestakuntza planak prestatuz eta ekintzaileentzako laguntzak kudeatuz.

d) Garatutako ekintzailetza-ekintzak Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalarekin koordinatzea.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Zazpigarrena.–34 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"34 bis artikulua. Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalaren funtzioak.

Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekintza berritzaileak diseinatu, garatu eta kudeatzea, eta proiektu esperimentalak garatzea lan orientazioaren, prospekzioaren eta bitartekaritzaren arloan.

b) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jarduerak planifikatzea, gauzatzea eta horien jarraipena egitea, bai eta horiek garatzen dituzten beste unitate organiko eta/edo eragile batzuekin koordinatzea ere.

c) Prestakuntza-plan espezifiko bat diseinatzea eta gauzatzea enplegurako lanbide-orientazioko, autoenplegurako laguntzako, enpresa-prospekzioko eta lan-bitartekaritzako eginkizunak betetzen dituzten erakundeko langileentzat.

d) Orientazioaren, prospekzioaren eta bitartekaritzaren arloan metodologia hobetzeko ekimenak bultzatzea.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Zortzigarrena.–35. artikuluari l) apartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita geldituko da:

"l) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jarduerak koordinatzea eta gauzatzea Enplegu Agentziaren lurralde-eremuan".

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2301684