31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 8an hartua, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea 497.198.541,00 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, betiere foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak 20. artikuluan xedatzen du ezen Estatuak, aintzat hartuz aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuak betetzeari buruzko txostenak, lege horren beraren 17. artikuluan aipatzen direnak, egiaztatzen badu ez dela bete aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoarena edo gastu arauarena, ez-betetzea egin duen autonomia erkidegoaren zorpetze-eragiketa guztietarako beharrezkoa izanen dela Estatuaren baimena, ez-betetzeak dirauen bitartean. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen Nafarroako Foru Komunitatean, bere foru araubidea dela-eta, lege hori aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitateak ez zuen bete 2019ko ekitaldiko gastu araua, 2019ko aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuen betetze mailari buruzko azken txostenak dioenaren arabera. Txosten hori 2020ko azaroaren 24koa da eta Gobernuari igorri zitzaion aipatutako lege organikoaren 17.4 artikulua betez.

Ministroen Kontseiluak, 2023ko urtarrilaren 31n, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzerako zor eragiketak formalizatzeko, 497.198.541,00 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legeak 26. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko, honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia, Europako kontuen sistemaren arabera (EKS-SEC 2010), ez dadila izan 20223ko abenduaren 31n 2023ko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 142.788.736,00 euro handiagoa (BPGaren %0,6ko defizit aurreikusiaren finantzaketa).

Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Xedatzea egin daitezela Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak, 497.198.541,00 euroko muga gainditu gabe, batetik, epemuga arruntak birfinantzatzeko (247.198.541,00 euro), eta bestetik, maileguen amortizazio aurreratuak birfinantzatzeko (250.000.000,00 euro).

2. Zorpetze-eragiketen jaulkipena eta, kasua bada, formalizazioa eragiketa batean edo gehiagotan gauzatzen ahalko dira, eta proiektu jasangarriak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira (berdeak edo sozialak).

3. Zenbateko horren barrenean, egiten diren balore-jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez zehaztuko dira balore-jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketak xedatzekoak. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Finantza Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko otsailaren 8an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302078