29. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, NAEX Talentua beken 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 671825.

Nafarroako 2021-2022 Nazioarteko Planak (NNP 4) zenbait helburu ditu, hala nola gizartea prestatu eta sentsibilizatzea herritar guztiak pertsonalki eta profesionalki ingurune global batean garatzeko aukerez balia daitezen. Plan horretan jasotako ekimenetako bat da nazioartekotzearen arloko profesionalak prestatzea, azken hamarkadan garatu diren eta pandemiaren ondorioz finkatu diren nazioartekotze-modu berrietara egokituta egon daitezen.

NAEX Talentua beken deialdi honen helburua da, lehenik eta behin, beka lortzen duten pertsonei prestakuntza teoriko espezializatua ematea, nazioartekotzearen arloko profesionalen profil berrietarako eskatzen dena jaso dezaten: hau da, nazioartekotze-prozesuak digitalizatzea eta destinoan edo destinoa lan egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak. Hori lortzeko, bekadunek doan parte hartuko dute NUPekin elkarlanean prestaturiko Nazioarteko Negozioetako unibertsitateko master berrian (1. fasea).

Bigarrenik, helburua da bekadunei ezagutza praktikoa ematea destinoko nazioartekotzea bultzatzeko lanei buruz. Hori lortzeko, finantzatuko da bekadunen egonaldia honako toki hauetan: Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoen sareko bulegoetan, Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren arloan laguntzen dioten aholkularitza-enpresetan, eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan (2. fasea).

Eta, azkenik, helburua da bekadunei aukera ematea lortutako ezagutza teorikoak eta praktikoak praktikan jartzeko. Hori lortzeko, enpresetan edo erakundeetan praktika profesionalak egitea finantzatuko da (3. fasea).

Nafarroako enpresek etorkizunean nazioartekotze-prozesuei behar bezala ekiteko pertsona prestatuak izan ditzaten, laguntzen deialdi hau onesten da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea NAEX Talentua beken 2023ko deialdia.

2. Onestea laguntzak emateko oinarri arautzaileak. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 436.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastu-aurrekontu indarduneko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003-81400-4809-146100 partidaren baliokidea izateko asmoz dagozkion ekitaldietan gaitzen diren partiden kargura. Hori guztia, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horietan, eta honela banatuta:

EKITALDIA

AURREKONTUA

2024

145.000 euro

2025

218.000 euro

2026

73.000 euro

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 18an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

NAEX Talentua beken oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1. NAEX Talentua beken programa honen xedea da unibertsitate-titulua duten gazteei nazioartekotzearen arloko prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea, Nafarroako enpresek etorkizunean pertsona prestatuak izan ditzaten nazioartekotze-prozesuei behar bezala ekiteko.

2. Xede hori lortzeko, elkarlanean jardunen da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (aurrerantzean, NUP), ICEXekin, España Exportación e Inversiones (aurrerantzean, ICEX), nazioarteko sustapeneko erakunde publiko eta pribatuekin eta programan parte hartu nahi duten enpresekin.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. NAEX Talentua bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroako Foru Komunitatean erroldatua egoteagatik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez, edo aurreko 10 urteetan 5 urtez etenik gabe erroldaturik egoteagatik. Hori frogatzeko, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) 1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaioa izatea.

c) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala izatea.

Hori frogatzeko, honako agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: titulua; titulua eskatu izanaren frogagiria (titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarekin), edo aurreko agirietako bat 2023ko irailean masterra hasi aurretik aurkezteko moduan dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztu beharko da dokumentazioa.

Atzerrian edo publikoak ez diren Estatuko zentroetan lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa aurkeztu beharko da.

Unibertsitateko titulazioa Ekonomia eta/edo Enpresa Zuzendaritza ez diren beste gradu batzuei edo antzeko beste gradu batzuei badagokie, onuradun izateko, eskatzaileek gai horietan prestakuntza osagarria dutela egiaztatu beharko dute (edo NUPek zehazten dituen gai horiei buruzko irakasgaiak egiteko konpromisoa hartu beharko dute), edo, bestela, esperientzia profesional sendoa izan beharko dute enpresen zuzendaritzaren edo administrazioaren arloan.

d) Ingelesa menderatzea: gutxienez Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko (HEEEB) B2 maila eskatuko da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko 5 urteetan emandako ziurtagiriak baizik ez dira onartuko. Egiaztatzen ahalko da, halaber, horretarako prestatuko diren ahozko eta idatzizko probak eginez. Horretarako, dagokion aukera markatu beharko da eskabide-orrian.

e) Bekari dagozkion zereginak egiteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea. Osasun-ziurtagiri bidez egiaztatuko da.

f) Antzeko prestakuntza xedea duten beste laguntza edo beka batzuen onuradun ez izatea, baldin eta, beren ibilbidean, kanpoan 6 hilabetetik gorako praktikak egiteko aukera eman badute, nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Zehazki, NAEX Talentua bekak jasotzea bateraezina da honako beka hauek jaso izanarekin: Nafarroako Gobernuaren bekak Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko, ICEXen edo beste administrazio autonomiko batzuen bekak, merkataritza ganberenak, EBko merkataritza sustapenerako erakundeenak eta antzeko beste erakunde batzuenak.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Beka eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, eskura ditzan eskatzailearen identitateari buruzko datuak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko egiaztatze-ziurtagiriak.

3. Oinarri honetako f) eta g) letretan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

3. oinarria.–Deitutako bekak.

1. NAEX Talentua beken deialdi honetan, gehienez ere 10 beka emanen zaizkie aurreko oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituzten eta 8. oinarrian adierazitako irizpideen arabera hautatzen diren pertsonei. Gehienez ere 5 ordezko aukeratuko dira, gertatzen ahal diren uko egiteak betetzeko edo beste edozein gorabeherari aurre egiteko.

Beka jasoko duten pertsonek programaren lehenbiziko fasea osatzen duen masterra eginen dute (faseak hurrengo oinarrian deskribatzen dira). Masterreko kreditu guztiak gainditzen dituztenen artetik hautatuko dira, 10. oinarrian adierazitako prozeduraren arabera, programa A modalitatean (programaren 2. eta 3. faseak biltzen dituena) eginen duten bost pertsona eta B modalitatean (3. fasea bakarrik biltzen duena) eginen duten bost pertsona.

2. Beka emateak eta baliatzeak ez dakar inolako lan-harremanik bekadunaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, erakunde laguntzaileen eta 2. eta 3. faseetan parte hartzen duten enpresen artean. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak beka emateko emanen duen ebazpenak finkatuko ditu bekadun gisa aritzen hasteko eta amaitzeko uneak.

3. 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, NAEX Talentua beken deialdiko bekadunak Gizarte Segurantzako araubidearen babespean egonen dira eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute, langabeziagatik kotizatu gabe.

4. oinarria.–NAEX Talentua programaren faseak.

NAEX Talentua programak fase hauek ditu:

1. 1. fasea: Nazioarteko Negozioetako master ofiziala, NUPek emana.

2023ko irailean hasi eta 2024ko ekainean amaituko da.

Masterreko kreditu guztiak gainditzea ezinbesteko baldintza izanen da programaren hurrengo faseetara igarotzeko eta master titulua lortzeko.

2. 2. fasea: praktikak nazioartekotzea bultzatzeko erakundeetan.

Fase honetan parte hartuko dute, aurreko 1. fasea amaitu ondoren, programa A modalitatean egiten duten bekadunek, 3. oinarrian adierazitakoaren arabera.

2. fasearen xedea izanen da bekadunei jakinaraztea zer tresna publiko dauden enpresei laguntzeko, eta zer programa eta zerbitzu dauden eskuragarri nazioartekotzea sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetan. Prestakuntza hori emanen da Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoen sareko bulegoetan, Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren arloan laguntzen dioten aholkularitza-enpresetan, eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan. Bekadunek erakunde horietan ematen diren eta agintzen zaizkien zerbitzuetan lagunduko dute, betiere tutore batek gainbegiratuta.

Fase hori 2024ko uztailean hasiko da, eta 12 hilabeteko iraupena izanen du. Lanean hasteko eta amaitzeko benetako datak erakunde laguntzailearen egutegiaren araberakoa izanen dira, eta fase horretan egon daitezkeen gainerako bekadunen egutegiarekin bat etorriko dira, ahal dela. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia erakunde laguntzaileak dituen berberak izanen dira.

2. fasean, eta gutxienez fasea amaitu baino hilabete lehenago, A modalitateko bekadunek hitzarmenak lortu beharko dituzte enpresekin edo erakundeekin, 3. faseko praktika profesionala egiteko. Hitzarmenak epe barruan lortzen ez dituzten bekadunek izaera hori galduko dute, eta ezin izanen dute 3. fasean parte hartu.

Era berean, 2. fasea amaitutakoan, dagokion erakunde laguntzailearen arduradunak balorazio txosten bat eginen du, azpimarratzekoak diren eduki hauek izanen dituena: bekadunak prestakuntza jaso duen arloen laburpena, agindutako zereginen aurrean izan duen jarrera eta prestutasuna, eta lortutako betetze-maila.

Eskuragarri dagoen informazioa ikusita, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, organo kudeatzaile gisa, baloratuko du ea bekadun bakoitzak programaren helburuak behar bezala bete dituen, programaren hurrengo fasean jarraitzen ahal duen erabakitzeko. Nolanahi ere, jarraitutasun hori enpresa edo erakunde laguntzaileak praktika egiteko duen prestasunaren menpe egonen da.

3. 3. fasea: praktikak nazioarteko enpresa edo erakundeetan.

3. fasean, bekadunak bere prestakuntza praktikak eginen ditu Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baliozkotutako bekadun-eskaera bat duen enpresa edo erakunde batean.

3. fase horrek 12 hilabeteko iraupena izanen du; 2024ko uztailean hasiko da B modalitateko bekadunentzat, eta 2025eko uztailean A modalitateko bekadunentzat. Lanean hasteko eta amaitzeko benetako datak enpresaren edo erakundearen egutegiaren araberakoa izanen dira, eta fase horretan egon daitezkeen gainerako bekadunen datekin bat etorriko da, ahal dela. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia enpresa edo erakunde laguntzaileak dituen berberak izanen dira.

B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera sartzeko, ezinbestekoa izanen da masterra amaitu baino hilabete lehenago gutxienez lortutako kasuan kasuko lankidetza hitzarmena izatea, enpresa edo erakunde batekin sinatua, baldin eta enpresa edo erakunde horrek Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baliozkotutako aipatu bekadun-eskaera badu.

A modalitateko bekadunen kasuan, ezinbestekoa izanen da 2. fasean ebaluazio positiboa jaso izana eta fase hori amaitu baino hilabete lehenago lortutako kasuan kasuko lankidetza hitzarmena izatea, enpresa edo erakunde batekin sinatua, baldin eta enpresa edo erakunde horrek Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baliozkotutako aipatu bekadun-eskaera badu.

Bekadunak praktika eginen duen enpresa edo erakundearen destinoko herrialdea 2. fasea egin den herrialde bera izanen da lehentasunez.

Hala ere, bekadunek enpresa edo erakundeekin egindako hitzarmenak aurkezten ahalko dituzte praktika 2. faseko herrialdeaz bestelako batean edo Nafarroako Foru Komunitatean egiteko. Herrialde aldaketa Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren onespenaren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren mende egonen da. Onespenak iritsiera-ordenari zorrotz jarraituz eginen dira, programari esleitutako aurrekontuak zuzkidurak handitzea ekarriko duten aldaketa gehiago onartzen ez dituen arte.

2. eta 3. faseen iraupena alda daiteke bekadun jakin batzuen kasuetan, baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu eta bi faseen guztizko iraupena 24 hilabetetik gorakoa ez bada.

3. fasea amaitutakoan, dagokion enpresa edo erakundearen arduradunak balorazio txosten bat eginen du, azpimarratzekoak diren eduki hauek izanen dituena: bekadunak prestakuntza jaso duen arloen laburpena, agindutako zereginen aurrean izan duen jarrera eta prestutasuna, eta lortutako betetze-maila.

5. oinarria.–Erakunde laguntzaileak.

1. NAEX Talentua beken programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da erakunde jakin batzuek parte hartzea prestakuntza-ibilbide integral bat osatzeko, alderdi teorikoetatik hasi eta enpresa-praktika bat burutu arte.

a) 1. faseko erakunde laguntzailea: Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak eta NUPek sinatuko duten hitzarmenaren arabera, bi erakundeak lankidetzan arituko dira Nazioarteko Negozioetako unibertsitateko master ofizialean.

b) 2. faseko erakunde laguntzaileak: Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoak, Nafarroako Nazioarteko Planaren xede diren herrialdeetan Nafarroako Gobernuari laguntzen dioten aholkularitza-enpresak eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuk erakunde laguntzailetzat hartuko dira programaren ondorioetarako.

Lankidetza hori dagokion hitzarmenaren bidez gauzatuko da. Hitzarmen horrek alderdien arteko harremanak ezarriko ditu eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko du.

c) 3. faseko erakunde laguntzaileak: bekadunei enpresa izaerako praktika profesionala eskaintzen dieten enpresak, erakundeak, enpresa elkarteak eta klusterrak 3. faseko erakunde laguntzailetzat hartuko dira NAEX Talentua programaren ondorioetarako.

2. Erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 12. eta 13. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte.

3. 2. eta 3. faseetako erakunde laguntzaileek 4. oinarrian aipatutako txostenak bidali beharko dituzte Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura, dagozkien faseak amaitutakoan.

6. oinarria.–Beken zenbatekoa.

1. Nazioarteko Negozioetako master ofiziala (programaren 1. fasea) doakoa izanen da bekadunentzat. Masterraren kostua Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak finantzatuko du, UPNArekin dagokion hitzarmena sinatuta. Bekadunek ez dute inolako zenbatekorik ordaindu beharko, eta fase honetan ez dute inolako zuzkidurarik jasoko.

2. Programaren 2. eta 3. faseetara bideratutako zenbatekoa, 436.000 euro, honela banatuko da:

a) 2024ko ekitaldia: 145.000 euro.

b) 2025eko ekitaldia: 218.000 euro.

c) 2026ko ekitaldia: 73.000 euro.

3. Beken diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat.

2. eta 3. faseetan beken urteko zenbatekoak bekaren destinoko herrialdearen arabera ezartzen dira, eta 2. eranskinean agertzen dira.

4. Programan aritzearekin lotutako gastu guztiak bekadunaren kontura izanen dira: besteak beste, hegaldi-txartelak, bisak, txertoak, COVID-19 testak (baldin eta bidaiatzeko baldintza badira), bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta izaten ahal dituen beste gastu batzuk. Bekadunak horiek guztiak ordaindu beharko ditu, bekaren zuzkidura erabilita, hegaldi-txartelak eta 3. faseko bisatuak lortzeko txartelak izan ezik, horiek enpresa laguntzailearen kontura izanen baitira.

7. oinarria.–Eskaerak.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko apirilaren 14an bukatuko da.

2. Eskaerak Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-naex-talento-2023 (hemendik aurrera, beken fitxa).

3. Eskabide telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 17. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Eskabide-orria, 2. oinarriko f) eta g) letretan adierazitako onuradun izateko baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena barne.

b) NANeko neurriko argazki bat, berriki aterea.

c) Jaiotze-data egiaztatzen duen dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria, edo aipatu data modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri), baldin eta nortasun-datuen kontsulta baimentzen ez badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari.

d) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan jaio ez bada.

e) Curriculum vitaea.

f) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala.

g) Ingeleseko ziurtagiria.

h) Osasun-ziurtagiria, eskatzaileak bekari dagozkion zereginak egiteko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa baduela egiaztatzen duena.

i) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta datu horien kontsulta baimentzen ez badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari.

j) Unibertsitateko master titulua, kasua bada.

k) Atzerriko bigarren hizkuntzaren ziurtagiria, kasua bada.

5. Ingelesa, frantsesa edo alemana ez diren atzerriko hizkuntzetan idatzitako dokumentuak entregatu behar badira, Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztuko dira.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, honako balorazio-irizpide hauekin bat:

a) Unibertsitateko gradu hauetako bat izatea: Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza edo Arkitektura: 15 puntu.

b) Unibertsitateko master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): 10 puntu, gehienez.

I. Merkataritzako edo enpresa kudeaketako masterra edo nazioarteko harremanetako masterra: 10 puntu.

II. Gainerako masterrak: 5 puntu.

c) Ingelesa: 20 puntu, gehienez.

I. C2 maila: 20 puntu.

II. C1 maila: 15 puntu.

d) Atzerriko bigarren hizkuntza (alemana, arabiera, mandarin-txinera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera edo japoniera): 15 puntu, gehienez.

I. C2 maila: 15 puntu.

II. C1 maila: 10 puntu.

III. B2 maila: 5 puntu.

e) Proba psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez. Hautatua izateko, gutxienez 7,5 puntu lortu beharko dira irizpide honetan.

f) Elkarrizketa pertsonala, hautagaiaren motibazioa eta NAEX Talentua beken programarekiko konpromisoa, heldutasuna, jarrera eta komunikatzeko gaitasuna baloratzeko: 25 puntu, gehienez. Hautatua izateko, gutxienez 12,5 puntu lortu beharko dira irizpide honetan.

2. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hartuko da kontuan c) irizpidean lortutako puntuazioa, eta, berdinketak jarraitzen badu, e) irizpidean lortutakoa, eta, azken buruan, eskaera aurkezten den eguna.

Nolanahi ere, beka eman ahal izateko, NUPek behin betiko onetsi beharko du eskatzailea Nazioarteko Negozioetako master ofiziala egiteko.

3. a) eta b) balorazio-irizpideak frogatzeko, honako agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: titulua; titulua eskatu izanaren frogagiria (titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarekin), edo aurreko agirietako bat 2023ko irailean masterra hasi aurretik aurkezteko moduan dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztu beharko da dokumentazioa.

Atzerrian edo publikoak ez diren Estatuko zentroetan lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa aurkeztu beharko da.

4. c) eta d) balorazio-irizpideak frogatzeko, agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko 5 urteetan emandako ziurtagiriak baizik ez dira onartuko. Ingeleseko, frantseseko edo alemaneko maila frogatzeko, horretarako prestatuko diren ahozko eta idatzizko probak egiten ahalko dira. Horretarako, dagokion aukera markatu beharko da eskabide-orrian.

5. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, beken fitxan argitaratuko du proba psikoteknikoa egiteko deialdia, tokia, eguna eta ordua adierazita. Proba psikoteknikoa aldez aurretik ezarritako tokian, egunean eta orduan egin beharko da, nahitaez.

6. Elkarrizketa pertsonala egiteko, deitutako beken kopuruaren halako bi gainditzen ez duen hautagai kopuru bat deituko da, gainerako irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa gertatuz gero, oinarri honen 2. apartatuan adierazitakoaren arabera ebatziko da. Behar bezala justifikatutako eta egiaztatutako kasuetan soilik egiten ahalko da elkarrizketa Internet bidez, atzerrian ikasketak egiteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik.

9. oinarria.–Bekak ematea.

1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hau da, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebazpen proposamena eginen dio organo eskudunari. Baloraziorik handiena lortu duten hamar eskatzaileei emanen die beka, eta adieraziko du onuradunek bekak eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da beka hauek ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak jaso beharko ditu.

Halaber, ebazpenak bost ordezkoen zerrenda jasoko du, 2. oinarrian adierazitakoaren arabera.

3. Ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Halaber, beken fitxan argitaratuko da, esteka honetan: www.nafarroa.eus.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

4. Onuradunen batek bekari uko egiten badio, beka hautatutako ordezkoei ematen ahalko zaie, ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, baldin eta ukoa masterra hasi aurrekoa bada.

10. oinarria.–Beka modalitatearen esleipena eta destinoa.

1. Beka modalitatea eta praktiken destinoa 2024ko uztailetik 2025eko uztailera bitarteko eperako esleitzeko, organo kudeatzaileak, 1. fasean zehar, bekadunen zerrenda ordenatu bat eginen du, eta, horretarako, irizpide hau hartuko du kontuan, 8. oinarriarekin bat etorriz: masterraren lehen seihilekoan lortutako puntuazioaren (100etik 0ra bitarteko eskalara bihurtua, bi dezimalekin) eta beka emateko lortutako puntuazioaren arteko batezbestekoa, bi dezimaletara biribildua.

Puntuazioetan izandako berdinketak 8.2 oinarrian ezarritakoaren arabera ebatziko dira. Nolanahi ere, 2. eta 3. faseetan sartzeko, ezinbestekoa izanen da masterreko kreditu guztiak gainditzea.

2. Organo kudeatzaileak beken fitxan argitaratuko du aipatu zerrenda, www.nafarroa.eus helbidean, eta 5 eguneko epea irekiko du alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda argitaratuko da. Era berean, praktikak egiteko prest dauden erakunde laguntzaileen zerrenda argitaratuko da, bai eta horiek eskatzen dituzten baldintzak ere.

3. Behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, bekadunek 10 egun izanen dituzte 2. faseko beka modalitatea eta destinoa aukeratzeko inprimakia aurkezteko (A modalitatea hautatuz gero), beken fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

4. Organo kudeatzaileak beken fitxan argitaratuko du beka modalitatea esleitzeko proposamena, bai eta A modalitateko bekadunen 2. faseko destinoa ere. Behin betiko zerrendako puntuazio-ordenari jarraikiz eginen da, bekadunek adierazitako lehentasunen arabera, deusetan galarazi gabe oinarri honetako 5. apartatuan adierazitako ebazpena, B modalitateko bekadunek 3. faseko praktika adostu ahal izan dezaten enpresekin edo erakundeekin, eskatutako epean.

Erakunde laguntzaileak hala eskatuta, lanpostu hutsak betetzen ahal dituzten bakarrak hizkuntza- edo titulazio-baldintza jakin batzuk betetzen dituzten bekadunak bakarrik badira, lanpostu huts horiek esleitzen ahalko zaizkie aipatu baldintzak bete arren destino horiek aukeratu ez dituzten pertsonei. Esleipen hori loteslea izanen da bekadunarentzat.

5. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak A eta B modalitateetarako esleipen-ebazpena emanen du. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: beka modalitatea, 2024ko uztailetik 2025eko uztailera arteko praktiken destinoa eta bekadun bakoitzaren bekaren zenbatekoa, betiere B modalitateko bekadunek 3. faserako praktikak adostu ondoren.

Epe horretarako beken zenbatekoa kalkulatzeko, 6. oinarrian adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie bekadunei, beka modalitatearen eta esleitutako destinoaren arabera, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.

Ebazpen hori jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan. Halaber, beken fitxan argitaratuko da, esteka honetan: www.nafarroa.eus.

6. Era berean, A modalitateko bekadunek 2. fasea amaitzen dutenean eta 3. faserako praktikak adosten dituztenean, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du fase horretarako praktiken destinoa esleitzeko.

Beken zenbatekoa kalkulatzeko, A modalitateko bekadunei 6. oinarrian adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie, esleitutako destinoaren arabera, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.

Ebazpen hori jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan. Halaber, beken fitxan argitaratuko da, esteka honetan: www.nafarroa.eus.

7. Beka modalitatea eta destinoa esleitzeko ebazpena aldatzen ahalko da, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arrazoi hauetako bat tartean denean:

a) Destino jakin baterako bisatuak edo baimenak lortzea ezinezkoa dela egiaztatzen denean, beste destino bat esleituko zaio bekadunari, eta hasieran emandako zenbatekoa zuzenduko da, beharrezkoa bada.

b) Beka gauzatzeko baldintzak kolokan daudenean erakunde laguntzaileari egozten ahal zaion edo hari eragiten dion arrazoiren batengatik edo destinoko tokiko segurtasunean eragiten duen nahasmendu edo mehatxu larriagatik, beste destino bat ezarriko da, iraunkorra edo aldi baterakoa, eta, kasua bada, hasieran emandako zenbatekoa zuzenduko da. Salbuespen gisa, bekadunari esleitutako destino berria Nafarroan egoten ahalko da, eta telelanaren modalitatean egiten ahalko ditu beka gauzatzeko zereginak.

Aldaketa-ebazpen hori jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan.

11. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Honela ordainduko dira bekak:

a) 2. fasea:

I. 2. faserako onartutako zenbatekoaren %30 ordainduko da 2024ko ekainean, destinoko tokian bidaia- eta ostatu-gastuak ordaintzeko.

Ordainketa hori egiteko, 4. oinarriko 1. eta 2. apartatuetan adierazitako baldintzak bete beharko dira.

II. Bigarren ordainketa, 2. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, 2. fasearen 3. hilabetearen hasieran.

III. Hirugarren ordainketa, 2. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, 2. fasearen 7. hilabetearen hasieran.

IV. Laugarren ordainketa, 2. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, 2. fasearen 9. hilabetearen hasieran.

Azken ordainketa, %10ekoa, 2. fasea amaitutakoan, 2. fasean egindako lanei buruzko memoria aurkeztu ondoren.

b) 3. fasea:

I. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %30 data hauetan ordainduko da:

–2024ko ekainean, B modalitateko bekadunen kasuan.

–2025eko ekainean, A modalitateko bekadunen kasuan.

Ordainketa hori egiteko, 4.3 oinarrian adierazitako baldintzak bete beharko dira.

II. Bigarren ordainketa, 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, haren 3. hilabetearen hasieran.

III. Hirugarren ordainketa,3. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, haren 7. hilabetearen hasieran.

IV. Laugarren ordainketa, 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20koa, haren 9. hilabetearen hasieran.

V. Azken ordainketa, %10ekoa, 3. fasea amaitutakoan, honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

–Harrerako erakundean egindako lanei buruzko memoria.

–Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.

Dokumentazio hori gehienez ere hamar eguneko epean aurkeztu beharko da, praktikaldia bukatzen denetik hasita. Aurkezteko tokia eta modua 7 oinarrian adierazten direnak izanen dira.

2. PFEZren eta Gizarte Segurantzaren arauetan ezarritakoaren arabera, bekaren zenbatekotik eta dagozkion ordainketetatik bidezko diren atxikipenak kenduko dira.

3. Kasu guztietan, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla beka emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

12. oinarria.–Onuradunen eskubideak eta betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Bekaren eskaera aurkezteak esan nahi du onartu egiten dela oinarri hauetan ezarritakoa.

2. Bekadunak zer erakunde laguntzaileri dagoen atxikita, erakunde horrek zehaztuko du, kasu bakoitzean, bekadunak hartzen ahalko dituen baimenen araubidea, eta gutxienez hamabost eguneko baimena eta norberaren aferetarako baimena ezarriko da 2. faserako; 3. fasean, berriz, erakunde laguntzaileak erabakiko du gutxienekoa..

3. NAEX Talentua beken onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Emandako beka onartzea. Alde horretatik, beka emateko ebazpena jakinarazi eta bost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz bekari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) 1. fasean antolatzen diren eskola eta jarduera guztietara joatea.

c) 2. faserako, ordenagailu eramangarri bat eduki behar da hasten den unean.

d) 2. eta 3. faseetarako, destinoko herrialdeak eskatutako bisa, txertaketak edo baimenak lortzea, bai eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako asegurua sinatzea ere, herrialde horretara joan aurretik.

e) Dedikazio esklusiboa bekaren berezko jardueretan eta destinoko erakunde laguntzaileen funtzionamendu-arauak betetzea.

f) Jarraibideak onartu eta betetzea hasteko eta amaitzeko epeei eta destinoko erakunde laguntzaileen laneko ordutegiari eta egutegiari dagokienez, eta bekaren xedeak lortzera bideratutako beste edozein jarraibide ere onartu eta betetzea.

g) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinaraztea bekaren xedea behar bezala betetzeari eragiten dion edozein gorabehera.

h) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari honako hauek igortzea: zerbitzu horrek praktiken garapen egokia egiaztatzeko eskatzen duen edozein informazio; egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, alderdi ekonomiko eta komertzial garrantzitsuak eta Nafarroako ekoizpen sektoreen esportazio jarduera sendotzeko eta garatzeko orduan eragina izan dezakeen beste edozein alderdi zehaztuta.

i) Bizilekukoaz beste atzerriko herrialdeetara egiten diren bidaien berri ematea, bai praktika profesionalarekin lotutako arrazoiengatik, bai arrazoi pertsonalengatik egiten direnean. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak herrialde edo eskualde jakin batean arriskua dagoela egiaztatzen badu, bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzen ahalko da.

j) NAEX Talentua beken programa ezarritako epean egitea.

k) Beka ordaintzeko 11. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztea.

l) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igaro ondoren.

m) Xede bererako beste beka batzuk lortuz gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari, 14. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

4. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Bekadun izaera galtzea eta beka itzultzea.

1. Bekadun izaera bertan behera geldituko da programa amaitzeagatik edo honako arrazoi hauengatik:

a) Bekadunak bekari uko egitea.

b) 1. faseko masterreko kreditu guztiak ez gainditzea.

c) Erakunde laguntzaileren batekin hitzarmenik ez lortzea eskatutako epeetan.

d) Ez onartzea 10.4 oinarriaren arabera egindako destino aldaketak.

e) Ez onartzea 12.3.i) oinarriaren arabera emandako mugikortasun murrizketak.

f) Enpresa edo erakunde laguntzaileak praktikak aldez aurretik amaitutzat ematea bekadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, 3. fasean. Enpresa edo erakunde laguntzaileak bekadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik praktikak aldez aurretik amaitutzat ematen baditu, bekadunari hilabeteko epea emanen zaio beste enpresa edo erakunde bat aurkitzeko. Epe hori amaituta, beste aukerarik aurkitu ez bada, galdu eginen da bekadun izaera.

g) Dagokion erakunde laguntzailearen txosten negatiboa jasotzea 2. edo 3. faseetan.

2. Bekadun izateari uzteak ekarriko du ordaintzeke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galtzea, eta itzuli egin beharko dira bidegabe jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere.

3. Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da bekaren zereginak bete diren aldia, bekaren guztizko iraupenari dagokionez.

4. Prestakuntza programa utziz gero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikatua dagoen arrazoi bategatik, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

14. oinarria.–Beken bateraezintasuna.

NAEX Talentua bekak bateraezinak dira ordaindutako edozein lanekin edo helburu bererako beste beka batzuk jasotzearekin, 2.f) oinarrian ezarritakoaren arabera.

15. oinarria.–Kontrola eta jarraipena.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari dagokio bekadunek garatu beharreko jardueren kontrola eta jarraipena egitea.

2. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu beken garapenari dagokionez, eta onuradunek eman beharko dute eskatzen zaien informazio osagarri guztia.

16. oinarria.–Araubide juridikoa.

Beken programa hau oinarri arautzaile hauek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautuko dute.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bekei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean www.nafarroa.eus.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren beken fitxan ere www.nafarroa.eus argitaratuko dira.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

NAEX Talentua beken zenbatekoak, destinoaren arabera

DESTINOA

2. ETA 3. FASEETAKO BEKAREN ZENBATEKO GORDINA
(12 HILABETE)

ALEMANIA

23.205 euro

ANGOLA

31.025 euro

SAUDI ARABIA

31.110 euro

ALJERIA

22.695 euro

ARGENTINA

23.035 euro

AUSTRALIA

33.405 euro

AUSTRIA

23.290 euro

BELGIKA

24.225 euro

BOLIVIA

20.000 euro

BRASIL

23.545 euro

BULGARIA

20.000 euro

KANADA

25.033 euro

KOLONBIA

20.485 euro

TXILE

22.185 euro

TXINA

27.512 euro

TXINA (Hong Kong)

34.340 euro

HEGO KOREA

27.795 euro

BOLI KOSTA

27.625 euro

KROAZIA

20.000 euro

KUBA

27.200 euro

DANIMARKA

28.390 euro

EKUADOR

20.485 euro

ESTATU BATUAK (erdialdea)

31.450 euro

ESTATU BATUAK (ekialdeko kosta)

30.770 euro

ESTATU BATUAK (New York)

35.615 euro

ESTATU BATUAK (mendebaldeko kosta)

33.575 euro

EGIPTO

21.080 euro

EL SALVADOR

24.310 euro

ARABIAR EMIRERRI BATUAK

30.685 euro

ESLOVAKIA

20.000 euro

FILIPINAK

21.335 euro

FINLANDIA

26.775 euro

FRANTZIA

31.025 euro

GHANA

29.495 euro

GREZIA

20.000 euro

GUATEMALA

23.120 euro

HUNGARIA

20.000 euro

INDIA

21.475 euro

INDONESIA

21.675 euro

IRLANDA

26.605 euro

ISRAEL

30.430 euro

ITALIA

23.460 euro

JAPONIA

36.380 euro

JORDANIA

23.715 euro

KAZAKHSTAN

21.335 euro

KENYA

25.245 euro

KUWAIT

30.345 euro

LIBANO

22.780 euro

LITUANIA

20.000 euro

MALAYSIA

21.080 euro

MAROKO

21.420 euro

MEXIKO

21.505 euro

NIGERIA

23.715 euro

NORVEGIA

32.555 euro

ZEELANDA BERRIA

29.325 euro

OMAN

28.730 euro

HERBEHEREAK

24.225 euro

PANAMA

23.035 euro

PARAGUAI

20.000 euro

PERU

21.335 euro

POLONIA

20.000 euro

PORTUGAL

20.000 euro

PUERTO RICO

26.775 euro

QATAR

32.810 euro

ERRESUMA BATUA

32.385 euro

TXEKIA

20.000 euro

TXINAKO ERREPUBLIKA

26.690 euro

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

20.910 euro

ERRUMANIA

20.000 euro

ERRUSIA

23.885 euro

SENEGAL

21.930 euro

SERBIA

20.000 euro

SINGAPUR

33.575 euro

HEGOAFRIKA

20.995 euro

SUEDIA

28.560 euro

SUITZA

36.125 euro

THAILANDIA

20.230 euro

TUNISIA

20.910 euro

TURKIA

20.528 euro

UKRAINA

20.000 euro

URUGUAI

24.565 euro

VIETNAM

21.505 euro

Zerrendan agertzen ez diren destinoko herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2301136