28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

301/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko helduen hezkuntzako ikastetxeetako 2022-2023 ikasturteko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen ezaugarri orokorrak.

Profesionaltasun ziurtagiriak urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak arautzen ditu, eta 20. artikuluan ezarrita daude profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza jaso ahal izateko baldintzak. Betebehar gisa eskatzen diren titulazioak edo akreditazioak ez dituzten pertsonek aukera izanen dute profesionaltasun ziurtagirien ikastaroak egiteko, baldin eta frogatzen badute matematikako eta gaztelaniako funtsezko konpetentziak dituztela, eta profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuetan, atzerriko hizkuntzan komunikatzekoak, aipatutako errege dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Bi bide daude egiaztatzeko norbaitek gako-gaitasun horiek dituela: Administrazioak deitzen dituen proba libreak gainditzea edo gako-gaitasunei dagozkien prestakuntza ikastaroak gainditzea.

Apirilaren 28ko 498/2020 Errege Dekretuan eta apirilaren 28ko 499/2020 Errege Dekretuan, hurrenez hurren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eta Lanaren eta Ekonomia Sozialaren Ministerioari esleitutako eginkizun berrien ondorioz, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak honako arlo hauen gaineko eskumenen banaketa berri bat ezarri dute: erreferentzia nazionaleko zentroak, enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarria eta lanbide konpetentziaren egiaztapena. Hori guztia gauzatu da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuan. 2. eta 3. mailako profesionaltasun ziurtagirien ikastaroetan sartzeko betebehar gisa ezarri diren funtsezko konpetentziak egiaztatzeko ebaluazio prozesuak kudeatzeko eta hedatzeko eginkizunak, gaur egun, Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan daude.

Horregatik guztiagatik, eta eskatutako titulazioa ez edukitzeagatik 2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza probetxuz egiteko behar diren funtsezko gaitasunak behar dituzten pertsonei erraztasunak emateko, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko helduen hezkuntzako ikastetxeetan eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen ezaugarri orokorrak ezartzea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan 2022-2023 ikasturtean eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen ezaugarri orokorrak ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan 2022-2023 ikasturtean eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen ezaugarri orokorrak ezartzea, ebazpen honen eranskinean bildutako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura, biak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera; Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalera; Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora; eta Iruñeko, Tuterako, Tafallako, Lizarrako, Altsasuko, Lodosako, Doneztebeko eta Agoizko enplegu bulegoetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Hezkuntzako kontseilariaren aurrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

2022-2023 ikasturteko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak. Ezaugarri orokorrak

Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko kudeaketa eremuko helduen hezkuntzako ikastetxeetan 2022-2023 ikasturtean eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen ezaugarri orokorrak ezartzea.

2022-2023 ikasturteko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak.

2. 2022-2023 ikasturtean 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak bi lauhilekotan antolatu eta eginen dira: lehen hiruhilekoa eta bigarren lauhilekoa.

3. Bi lauhilekoetan 2. mailako gako-gaitasunen ikastaro hauek eginen dira:

–Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroa.

–Matematikako 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroa.

2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen helburua eta ondorioak.

4. Ebazpen honen bidez ezartzen diren ezaugarri orokorrak dauzkaten gako-gaitasunen ikastaroen helburua da ikastaro horiek egiten dituzten pertsonek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko beharrezkoak diren 2. mailako gako-gaitasunak eskuratzea eta garatzea, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

5. Matematikako eta gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak gainditzeak aukera emanen du atzerriko hizkuntzako komunikazioko 2. mailako gako-gaitasuna eskatzen ez duten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Inskribatzeko bete beharreko baldintzak.

6. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan inskribatzeko, baldintza hauek bete beharko dira aldi berean:

–18 urte edo gehiago izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea. Behar den nortasun agiriaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten betebehar eta baldintza akademikoetatik bat ere ez izatea: DBHko graduatu-titulua, BBBko 2. maila (gehienez 2 irakasgai gainditu gabe), teknikari laguntzaile titulua (LH I), erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko proba, eta 25 urtetik gorakoak edo 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba. Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten beste baldintzetatik bat ere ez betetzea: 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria (lanbide arlo bereko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza egin nahi baldin bada). Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

– Beharrezkoa den 2. mailako gako-gaitasuna ("Hizkuntza" edo "Matematika") gaindituta ez edukitzea.

7. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan inskribatzeko baldintzak inskripzioa egiten den unean egiaztatuko dira.

8. Beharrezkoa da gaztelaniaz jakitea (ahoz eta idatziz), ikastaroaren jarraipen eta aprobetxamendu egokia egiteko.

Inskribatzen diren pertsonei hasierako balorazio proba bat eginen zaie, egiaztatzeko ikastaroa probetxuz egiteko behar diren gutxieneko ezagutzak dituzten. Hasierako balorazio proba hori gaindituz gero, dagokion gako-gaitasunen ikastaroan matrikulatzen ahalko da.

Hasierako balorazio proba hori gainditzen ez duten pertsonak helduen hezkuntzako ikastetxean ematen diren oinarrizko prestakuntzako beste ikastaro batzuk egitera bideratuko dira.

9. Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, eskura dituen datuak egiaztatu ondoren, zilegi izanen du ezarritako inskripzio-baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez onartzea 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan.

2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen egutegia: lehen hiruhilekoa eta bigarren hiruhilekoa.

10. 2022-2023 ikasturteko lehen hiruhilekoko gaitasun-gakoen ikastaroa irailean ikasturtea hasten denean hasiko da eta 2023ko urtarrilaren 31tik otsailaren 8ra bitartean amaituko da.

11. 2022-2023 ikasturteko bigarren lauhilekoko gako-gaitasunen ikastaroa 2023ko otsailaren 8an hasiko da eta 2023ko ekainaren 15etik 16ra bitartean amaituko da.

12. Bigarren lauhilekoko hasierako balorazio probak (HBP) 2023ko otsailaren 1ean eginen dira ikastetxeetan. Probak egiteko ordutegia Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" fitxan zehaztuko da. Fitxa hori webgune honetan eskuratzen ahal da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/curso-de-competencias-clave-de-nivel-2

2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen egitura eta edukia.

13. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan, 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko probetan neurtu behar den gaitasunari lotutako alderdiak landuko dira, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan agertzen denaren arabera.

GAITASUNA

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK (arauen erreferentzia)

Gaztelaniazko komunikazioa

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren "IV.2 eranskina, 2. maila"

Matematikako gaitasuna

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren "IV.3 eranskina, 2. maila"

Ikastaroen kalifikazioa eta balorazioa.

14. 2. mailako gako-gaitasun bakoitzaren ikastaroa 1etik 10era bitarte kalifikatuko da, dezimalik gabe.

5 puntu edo gehiago eskuratuz gero, gako-gaitasunaren ikastaroa gainditutzat joko da. Kalifikazioa 5 puntukoa edo hortik gorakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan "GAI" jarriko da; kalifikazioa 5 puntutik beherakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan "EZ GAI" jarriko da.

Egiaztagiriak.

15. Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunaren ikastaroa gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

16. Matematikako 2. mailako gako-gaitasunaren ikastaroa gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

Ikastaroetan izena ematea.

17. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan izena emateko (bi lauhilekoak), Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" fitxan jakinarazten denari jarraikiko zaio. Fitxa hori webgune honetan eskuratzen ahal da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/curso-de-competencias-clave-de-nivel-2

18. Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" fitxan zehazten diren inskripzio-zentro batzuetara bertaratuta ematen ahalko da izena 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan, ikastaroa egiteko hautatutako ikastetxearen eta herriaren arabera.

19. Halaber, inskripzioa modu telematikoan ere egiten ahalko da, online, Educa atariaren bidez, aurreko apartatuan adierazitako "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" tramiteen fitxaren estekatik abiatuta. Eskatzaileak bere izenean aurkez dezake eskabidea, eta zilegi da, orobat, beste pertsona edo erakunde batek aurkeztea eskatzailearen izenean.

20. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakarra bete beharko du. Inskripzio-orri hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" tramiteen fitxan agertzen diren ereduen araberakoa izanen da, eta zehaztu beharko da zein gako-gaitasunen ikastarotan inskribatu nahi den.

21. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia bat emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita.

Ikastaroetan inskribatzeko orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

22. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio-orriari:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia agiri batena, bisarena edo atzerritarren identifikazio txartelarena.

Ikasleak onartzeko prozesua.

23. Inskripzio-zentroetako idazkaritzek berrikusi eginen dituzte jasotako eskaerak. Behar bezala betetako inskripzio-orri guztiak, nortasun agirien kopiarekin batera aurkezten badira, hasierako balorazio proba egiteko onartuko dira. Proba hori gainditzen dutenak behar diren 2. mailako gako-gaitasunen taldean eta ikastaroan matrikulatuko dira.

24. Osorik bete gabe dauden eskaerak proben koordinazio epaimahaiari jakinaraziko zaizkio, behin-behineko zerrendan "onartu gabe" moduan ager daitezen, eta ez onartzeko arrazoia adieraziko da.

Onartutako izangaien zerrendak.

25. Onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira, 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak egiteko zentroetan.

Erreklamazioak aurkezten ahalko dira, inskripzioa egin den ikastetxean. Erreklamazioak aurkezteko idazkia Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" tramiteen fitxan agertzen den ereduaren araberakoa izanen da.

26. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako pertsonen behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak" tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira, 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak egiteko zentroetan.

Iragarkiaren kodea: F2217902