268. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

399E/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako laborategiko teknikari espezialisten gehienez 21 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 16ko 95/2020 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2020. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2020ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Abenduaren 18ko 116/2022 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Foru dekretu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi da, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean aurreikusitako ordezte-tasari eta berariazko tasari dagokie.

Deialdi honen xedeko lanpostuak lehendik deitutako lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen direnak izanen dira.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea laborategiko teknikari espezialisten gehienez 21 lanpostu sarrera-prozeduraren bitartez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, haren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako laborategiko teknikari espezialisten gehienez 21 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzea, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, foru agindu honen eranskin gisa ageri dena.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2023ko azaroaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA.–DEIALDIA, LABORATEGIKO TEKNIKARI
ESPEZIALISTEN GEHIENEZ 21 LANPOSTU
OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostuak.

Deialdi honen xedea da laborategiko teknikari espezialisten gehienez 21 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, zehazki, lekualdatze-lehiaketan hutsik geratzen direnak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deitutako lanpostuak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:

–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, igoera txanda...

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, txanda igoeran...

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera kontatzen hasteko txanda, kontuan hartuta aurreko deialdiak, txanda irekia da.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) Gehienez 7 lanpostu igoera txandan.

b) Gehienez 7 lanpostu txanda irekian.

c) 3 lanpostu desgaitasuna duten pertsonen txandan.

d) 4 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan.

Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekira igaroko dira.

Era berean, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, bidezko den txandakoei gehituko zaie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Halaber, baldin eta igoera txandan, desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandan edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan probak gainditzen dituzten izangaiak gehiago badira lanpostuen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, igoera txandako izangaiak, desgaitasuna duten pertsonen txandakoak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandakoak, kasuan-kasuan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, txanda irekian onartuko dira, betiere txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte eta kontrakoa adierazten ez badute berariaz.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek laborategiko teknikari espezialisten lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publikotasuna.

Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Laborategiko teknikari espezialistak".

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdiko lanpostua C maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago "Osasun arloko teknikariak" estamentuan, "Diagnostiko Klinikoko Laborategia" espezialitatean (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena: urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, zeinaren bidez erregulatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea, Eranskina).

1.7. Ordainsariak.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Lotura organikoa.

Laborategiko teknikari espezialisten lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.11. Hizkuntzak.

Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara, edo hizkuntza komunitarioren bat, jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Laborategi kliniko eta biomedikoko goi mailako teknikari titulua izatea, edo horren baliokidea den beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.

2.1.3. Erreserba-txanda desgaitasuna dutenentzat.

Txanda irekirako adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Erreserba-txanda genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.1 atalean adierazitako baldintzak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan direla aitortua izan beharko dute.

2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzioa egiteko epea.

Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-eskaera eta tasak.

Inskripzio-eskaeraren aurkezpena eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, hots, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidearen bidez, erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Laborategiko teknikari espezialistak", eta gero, "Inskripzioa" sakatuz.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren lan eskatzaile gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.3. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inskripzioa telematikoki egiten denean, tasa ordaintzetik salbuesteko dokumentazioa eskaneaturik erantsi beharko da, bai eta jarraian adierazten dena ere, kasuen arabera.

3.3.1. Baldin eta igoera txandan parte hartzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko badira:

–Ziurtagiri bat, zeinean agertuko baitira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

3.3.2. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartzen duten emakumeek agiri hauetakoren bat aurkezten ahalko dute egoera hori frogatzeko:

–Kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena badirela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak.

–Gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena.

3.3.3. Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Laborategiko teknikari espezialisten aldi baterako kontratazioetarako ondoren osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskaera-orrian adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitara dadila aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartzen duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu automatikoan esleituko zaiona parte hartzeko eskaera-orria aurkezten dutenean, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela foru agindu honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio-eskaera bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak ebazpen bidez izendatuko dira, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda onestearekin batera. Epaimahaikideen kopurua bakoitia izanen da, hiru kide gutxienez, eta ordezko kide kopuru bera izendatuko da, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2024ko urritik aurrera hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiaren barruan ariketa hau egin beharko da: test motako hainbat galderaz osatutako galdetegi bat erantzutea idatziz, I. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzunez gero, penalizazioa aplikatuko da. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 10 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orriaren bidez, "Oposizioak" estekan, eta gero "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" ataletan sartuz, behar den kategoria aukeratuta. Merezimenduak deialdiaren baremoan adierazitako atalei jarraikiz aurkeztuko dira, hamar egun balioduneko epean, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hasita.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun arloko teknikariak" estamentuan eta "Diagnostiko klinikoko laborategia" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 10 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, prozesua gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroa izendapen proposamena argitaratu baino lehen hautatu eta esleituko da, hautapen prozesua gainditu eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaerei jarraikiz, parte hartzeko txandaren arabera eta lortutako hurrenkeraren arabera, eta betiere oinarri hauetan lanpostu horiek eskuratzeko ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

8.2. Lehenik eta behin, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek hautatuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek, horren barnean direla genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematikoki eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, 10 egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, zer lanpostu hautatu nahi dituzten adierazi beharko dute, lehentasun ordenari jarraikiz.

8.5. Organo eskudunak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza, eta emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua lortzen duten izangaien alde. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.

9.2. Proposatutako izangaiek 30 egun naturaleko epea izanen dute, izendapen proposamena argitaratzen denetik hasita, kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek aurkezteko O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertu beharko baita funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera.

9.2.4. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu, ebazpen bidez, laborategiko teknikari espezialisten lanpostuetan jardun dezaten.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu behar dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Izendatzen diren izangaietako bat lehendik montepio baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: sartzen den Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat jartzen bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11.–Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

11.4.1. Titulazioa.

Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

11.4.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak lan eremu guztietako zerrendetan egonen dira, kontratazio luzeko zerrendetan, salbu eta eskatzen badute eremu/aukera batetik edo batzuetatik ateratzea.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak iraupen laburreko zerrendetan badaude, hasierako eskabidean egindako aukera zabaltzen ahalko dute, eta nahi dituzten eremu/aukera guztiak hautatzen ahalko dituzte.

11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.5. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetarako, euskararen ezagutzaren betebeharra edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.7. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte mantendu: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, laborategiko teknikari espezialisten lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gaindituta izatea.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek eta deialdiko oinarriek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

Deialdiaren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 11/2019 Foru Legearen 126,2 artikuluarekin bat.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gai orokorrak.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I. kapitulutik III. kapitulura.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa: atariko titulua, II. titulua eta VI. titulua.

5. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Berariazko gaiak.

1. gaia.–Lagin biologikoak laborategi klinikoetan: nola lortu, garraiatu eta erabili. Likido biologikoak. Parametro biokimikoak.

2. gaia.–Instrumentazio printzipioak, automatizazioa, mikroskopioak eta kalkuluak laborategian.

3. gaia.–Kalitatearen kontrola. Segurtasun eta higiene neurriak. Hondakinen tratamendua laborategian.

4. gaia.–Odola, ezaugarri orokorrak. Antikoagulatzaileak. Odol zelulen jatorria eta ezaugarri morfologikoak. Analisirako eta kontaketarako metodo automatizatuak.

5. gaia.–Serie gorriaren azterketa, hemoglobina, hematokritoa eta indize eritrozitarioak. Serie gorriaren patologiak, anemia kontzeptua eta sailkapena. Proba diagnostikoak.

6. gaia.–Leukozitoen seriearen azterketa, leukozito-formula eta diagnostikorako teknikak. Serie zuriaren patologiak, leuzemia, kontzeptua eta sailkapena. Proba diagnostikoak.

7. gaia.–Plaketa-seriearen azterketa. Hemostasiaren ezaugarri orokorrak eta fisiologia. Koagulazio-nahasmenduak diagnostikatzeko metodoak. Tratamendu antikoagulatzailearen kontrola. Proba diagnostikoak.

8. gaia.–Immunohematologia: kontzeptua eta diagnostikatzeko metodoak. Odol taldeak. Bateragarritasun probak. HLA sistema. Proba diagnostikoak.

9. gaia.–Hemoderibatuak zatikatu, bereizi eta kontserbatzeko teknikak.

10. gaia.–Bakteriologia: bakterioen egitura, morfologia, nutrizioa, hazkundea eta banaketa. Diagnostikatu eta identifikatzeko metodoak bakteriologian. Mikrobiologia klinikoko bakterio garrantzitsuenak.

11. gaia.–Mikologia: sailkapena eta alderdi orokorrak. Diagnostikatu eta identifikatzeko metodoak.

12. gaia.–Birologia: sailkapena eta alderdi orokorrak. Diagnostikatu eta identifikatzeko metodoak.

13. gaia.–Parasitologia: ziklo biologikoak. Sailkapena eta alderdi orokorrak. Diagnostikatu eta identifikatzeko metodoak.

14. gaia.–Mikrobioen aurkakoak: definizioa eta sailkapena. Ekintza mekanismoak. Sentikortasun probak.

15. gaia.–Serologia: antigenoaren eta antigorputzaren definizioa. Teknika serologikoak diagnostiko klinikoan.

16. gaia.–Proteina eta lipoproteina plasmatikoak: sailkapena eta laborategian aztertzeko metodoak. Immunoglobulinak.

17. gaia.–Entzimologia klinikoa, nomenklatura. Erreakzio entzimatikoak: funtsa eta zinetika. Interes diagnostikoa duten entzimak.

18. gaia.–Oreka hidroelektrolitikoa: gasak odolean eta azido-base balantzea.

19. gaia.–Giltzurrun-sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

20. gaia.–Gibel- eta behazun-sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

21. gaia.–Pankrea-sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak. Karbohidratoen metabolismoa eta haren azterketa laborategian.

22. gaia.–Sistema endokrinoa (Hipotalamo-hipofisi-tiroide ardatza / Giltzurrun gaineko guruinak / Sexu-guruinak / hazkundea), azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

23. gaia.–Bihotz-sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

24. gaia.–Hezurren sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

25. gaia.–Immunitate-sistema (humorala eta zelularra): azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak. Autoimmunitatea eta alergiak. Laborategiko probak: mikromatrizeen teknika (microarray).

26. gaia.–Ugalketa-sistema: azterketa, proba funtzionalak eta laborategiko probak.

27. gaia.–Ziklo zelularra. Zitogenetika, kromosomak: kopurua eta sailkapena, alterazio numeriko eta estrukturalak. Zelula-kultiboak. Prozesamendu teknikak zitogenetikan.

28. gaia.–Biologia molekularra. Teknika molekularrak eta oinarrizko printzipioak. Polimerasaren kate-erreakzioa. Sekuentziazioa eta NGSa. Array-CGH.

29. gaia.–Tumore-markatzaileak.

30. gaia.–Toxikologia eta botika terapeutikoen kontrola. Monitorizazioa. Abusu-drogak.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitza: 1,5 puntu.

1.2. Beste estamentu eta/edo espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitza: 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitza: 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarren, laugarren eta bosgarren atalak bateragarriak dira, eta ikerketa lan beraren gaineko komunikazioa, txostena eta argitalpena baloratuko dira.

Akta-liburuetan edo "abstract" direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea, kreditu akademiko bakoitzeko: 0,2 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko: 0,2 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirien egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2317000