263. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, gizarte-laneko erdi mailako 10 lanpostu osagarridun oposizio bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritze aldera

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2023ko azaroaren 20an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Gizarte-laneko erdi mailako (10) lanpostu osagarridun, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa, oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostuak Gizarte Zerbitzuetako Alorrari atxikiak daude eta plantilla organikoan honako zenbaki hauekin identifikatzen dira:

1-201.000-30

1-201.000-66

1-201.000-112

1-201.000-129

1-201.000-130

1-201.000-133

1-201.000-134

1-201.000-136

2-201.000-17

2-201.000-129

Honako txanda hauetan banatuko dira:

–4 lanpostu txanda irekian.

–4 lanpostu igoera txandan.

–1 lanpostu %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonendako erreserba-txandan.

–1 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba txandan.

Lanpostu horiek aldatzen ahalko dira gizarte-laneko erdi mailako (13) lanpostu osagarridunen lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera, zeina Iruñeko Udaleko Pertsonen Kudeaketako zuzendariak ebazpen bidez onetsi baitzuen 2023ko azaroaren 3an.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, desgaituendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik gera daitezkeen lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkerari jarraikiz.

Bestalde, igoera-txandako edo desgaituendako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandetako probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuetan lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehian arituz eta guztira lortutako puntuazioari jarraikiz.

Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2. Baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Gradu- edo Diploma-titulua Gizarte Lanean edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako:

Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, borondatezko eszedentzian dagoen pertsona administrazio deitzaileko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean ari denean izan ezik.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.

c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.1.3. Desgaitasuna dutenendako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako betekizunez gain, ofizialki aitortua izan beharko dute %33ko desgaitasuna edo handiagoa.

2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1.1 apartatuan aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

2.1.5. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.

Betekizun hori egiaztatzeko Pertsonen Kudeaketako idazkari teknikoari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu helbidean, honako nabigazio bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

Desgaitasuna duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskaeran, eta zehaztu, horretarako prestatutako espazioan, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskaera aurkezteko unean, 3.4 puntuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzeko unean, telematikoki ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

c) Gradu- edo Diploma-titulua Gizarte Lanean edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.

–Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.

–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandan parte hartzen duten emakume izangaiek baldintza hori egiaztatu beharko dute, genero-indarkeriako delitu batengatik kondena-epaia, babes-agindua edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo Ministerio Fiskalaren txostena aurkeztuz, non adieraziko baita demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela.

–Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, Pertsonen Kudeaketako Idazkari Teknikoari hura eskatzeko baimenik eman ezean.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Pertsonen Kudeaketako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

Aipatu izangai-zerrendan, baita hautapen-prozeduraren ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimendako erreserba-txandako hautagai diren emakumeak izen faltsuaren bitartez identifikatuko dira, eta izen horiek emakume bakoitzari esleituko zaizkio modu pertsonalean, publikotasunaren eta gardentasunaren printzipioak aplikatzeari utzi gabe.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Pertsonen Kudeaketako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Imelda Cillero Ballaz, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Udal lantaldearen arduraduna.

Epaimahaiburu ordezkoa: Raúl Armendariz Lezaun Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Kiroleko eta Osasuneko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Josune Legal Erro, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko Programaren arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: Sagrario Zueco Eneriz, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko programen arduraduna.

Epaimahaikidea: Puri Zabalza López, Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako Alorreko Haurtzaro eta Familia Programaren arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: Richard Elizalde Abrego, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko Enplegu programen arduraduna gizarteratze eta laneratze ibilbideetan.

Epaimahaikidea: Rafael Castiella Del Guayo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: José Javier Huarte de Pablo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Chuma Pascal Mendioroz, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako idazkari teknikoa.

Idazkari ordezkoa: Ana M.ª Jiménez Marco, Iruñeko Udaleko legelaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2024ko irailetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi atal dituena:

a) 1. atala: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoan izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko 100 galdera –test modukoak– gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.

Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz test erako galderen bidez proposatutako bi kasu praktiko. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute, proban, orotara, gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.7. Proba amaituta, tribunalak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko du izangaiek erdietsitako puntuazioa eta 5 egun baliodunetako epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Pertsonen Kudeaketako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Alfabetoko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta. Ondorio horietarako, "ZZ" letren ondoren "AA" letrak joanen dira. Haren lehen abizena hasierako bi hizkiekin hasten den izangairik ez badago, kontuan hartuko da zer abizen dagoen hurrengoa hurrenkera alfabetikoan. Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

8. Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Pertsonen Kudeaketako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori bete ostean, Pertsonen Kudeaketa zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak
–haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak– eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda libreko izangaien aurrean deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasuna duten izangaiendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.

Hautapen proba gainditzen duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandako izangaiek, lanpostu hutsak hautatzeko aukera izanen dute gainerako izangaiekin lehian arituz, puntuazio-hurrenkera kontuan hartuta eta aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonen lehentasuna errespetatuz.

9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.

9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. zenbakian ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie, erabaki bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie zuzenean.

11. Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz Epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan.

12. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, lanposturik eskuratu gabe gainditu ez duten izangaien zerrenda probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostuetako lehena erreserbatuko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan harturik.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2023ko azaroaren 20an.–Batzarreko idazkaria, Carlos Casimiro Salvador Armendáriz.

I. ERANSKINA.–GAITEGIA

1.–Gaitegi orokorra.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua. III. titulua. Administrazioen arteko harremanak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; epemugak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Ebazpenak betearaztea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

Gaitegi espezifikoa.

1.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua (I. eta II. kapituluak) eta I. titulua (I., II., III. eta IV. kapituluak).

2.–Udal Antolaketari buruzko Dekretua (6/AL DAL, 2023ko ekainaren 29koa). Akats-zuzenketa: 2023ko uztailaren 23ko DAL (2/AL).

3.–Bazterkeria handiaren gaineko Iruñeko udal programa arautzen duen ordenantza.

4.–Iruñeko Udalaren Ordenantza, Aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko.

5.–Adinekoendako gizarte-zerbitzuak arautzen dituen ordenantza.

6.–Gizarte-zailtasunak dituzten emakumeak eta haien seme-alabak Iruñeko udalerrian artatzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza.

7.–Familietan esku hartzeko udal programa arautzen duen ordenantza, Iruñeko haurrak babestu eta sustatzeko jardueraren esparruan.

8.–Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Nafarroako Gobernutik Iruñeko Udalera transferitu dena, arautzen duten oinarriak eta haren prezio publikoak erregulatzen dituen Ordenantza.

9.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

10.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena: Prestazio bermatuak eta bermatu gabekoak, eta 30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa. 69/2008 Foru Dekretua aldatzen duena.

11.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa-sistema arautzen dituena.

12.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

13.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa.

14.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

15.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena.

16.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabekoen Babes Juridikoari buruzkoa, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibileko Legearen zati batzuk aldatzen dituena.

17.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.

18.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

19.–28/2018 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duena.

20.–8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Kotizazio gabeko prestazioak: kotizazio gabeko pentsioak eta kotizazio gabeko prestazioen inguruko xedapen komunak.

21.–220/2022 Errege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaz nazioarteko babesaren arloko harrera-sistema arautzen duen erregelamendua onartzen baita.

22.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea arautzen dituena.

23.–112E/2023 Foru Agindua, martxoaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita (eta haren oinarri arautzaileak ere), 2023. urterako, toki entitateei dirulaguntzak emateko enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten. Iruñeko Udaleko Gizarte Enplegu Babestuko Programa.

24.–8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Kotizazio gabeko prestazioak: kotizazio gabeko pentsioak eta kotizazio gabeko prestazioen inguruko xedapen komunak.

25.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, mendekotasuna dutenendako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezartzen duena eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, eta geroko xedapenak.

26.–476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

27.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duena. Legearen xedea. Definizioak eta printzipioak. Aplikazio-eremua. Aukera-berdintasunerako eskubidea. Sustapen- eta defentsa-neurriak.

28.–197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana. Honen bidez arautzen da zer prozedura eta familiako egoera baloratzeko zer baremo aplikatuko diren adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenak artatzeko egoitza plazetara sartzeko.

29.–675/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, zeinaren bidez aldatzen baita abenduaren 27ko 1051/2013 Errege Dekretua, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioak arautzen dituena, zein eta autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazioak alegia.

30.–180/2009 Foru Agindua, maiatzaren 7koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz baliatzeko arauak ematen dituena.

31.–92/2020 Foru Dekretua, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

32.–38/2023 FORU DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea, eta 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena eta, horrekin batera, gizarte eta osasun arloko arreta integralerako zerbitzu soziosanitarioak eta migrazio politiken zerbitzuen zorroa onartzen dituena. (NAO: 2023ko 94. zk., 2023/05/05ekoa).

33.–210/2009 Foru Agindua, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

34.–8/2021 Legea, ekainaren 2koa, desgaitasunen bat duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala aldatzen duena.

35.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duena eta 789/2022 Errege Dekretua, irailaren 27koa, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera laneko errentetatik edo norberaren konturako jarduera ekonomikotik datozen diru-sarrerekin bateragarri izatea arautzen duena, prestazioaren onuradunek gizarteratzeko eta laneratzeko aukera errealak hobetze aldera.

36.–Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Informazio Sistema (SIUSS). SIUSS eskuliburua, UTS maila, v5: Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Informazio Sistema SIUSS espediente-kudeaketa. Aurretiko hitzordua.

37.–Gizarteratzeko Eskubidearen Informazio Sistema (SIDIS). SIDIS eskuliburua, v1.7:

38.–Iruñeko Udalaren 2023ko dirulaguntza-deialdiak: Larrialdietarako laguntzak, Etxebizitzaren aldekoak, Bonotaxia, 0-12, jantokirako bekak.

39.–Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialei buruzko VI Txostena. Errealitate Sozialaren Behatokia, Iruña, 2022 (Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentua).

40.–Langabeen gizarte-babesa: ezohiko sorospena, kotizaziopeko prestazioa, kotizaziopeko prestazioaren ordainketa bakarra, langabeziako sorospena eta laneratzeko errenta aktiboa (RAI).

41.–Lantegi-eskolak, Enplegu- eta prestakuntza-lantegiak, eta programa integratuak (PIFES-PEPI). Arau erregulatzaileak. Iruñeko Udalaren Lantegi Eskolak.

42.–Lagun-egitea gizarteratze-prozesuetan esku hartzeko metodo gisa. Hausnarketa berriak. (Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarea, Iruña, 2016).

43.–Nafarroako Gizarteratze Plan Estrategikoa, 2018-2021. I. atala, 2. eta 3. puntuak.

44.–Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Udal Lantaldea (GLT-EISOL). 2022Ko MEMORIA.

45.–"Nafarroako Foru Komunitateko Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburua". 1., 2. eta 3. liburukiak.

46.–Nafarroako Foru Komunitatean Familiari, Haurtzaroari eta Nerabezaroari Laguntzeko II. Plan Integrala 2018-2023. Nafarroako Gobernua. V. zatia: Diagnostikoaren ondorioak eta gomendioak.

47.–Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua. (EUAZ-SMAM): 2022ko MEMORIA.

48.–Arreta integrala, pertsona erdigunean jarrita. Pilares fundazioa.

49.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

50.–Gizarte-berrikuntza gizarte-zerbitzuen esparruan. Errealitate Sozialaren Behatokiaren gida, Iruña, 2022.

51.–Orientabideak etxerik gabeko pertsonei zuzendutako zerbitzuen berrantolaketa Nafarroan. Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzua: "Orientaciones para la reordenación de los servicios dirigidos a las personas sin hogar en Navarra", Nafarroako Gobernua, Iruña, 2020, 132. or.

52.–Joeren, berrikuntzen eta praktika onen berrikuspena inklusio soziolaboralean. SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa:, "Revisión de tendencias, innovaciones y buenas prácticas de inclusión socio-laboral" Errealitate Sozialaren Behatokia, Nafarroako Gobernua, Iruña, 2016, 116. or.

Iragarkiaren kodea: L2317074