263. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

754E/2023 EBAZPENA, urriaren 31koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako enpresak nazioartera elkarturik ateratzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 724722.

Nafarroako ekonomia- eta enpresa-ehunaren ezaugarrietako bat da Nafarroako enpresen ia %99,94 enpresa txiki eta ertainak direla eta %95,10 mikroenpresak, Nafarroako Estatistika Institutuaren 2023ko urtarrilaren 1eko datuen arabera. Nafarroako enpresek batez beste soldatapeko lau langile dituzte, baina enpresen %84,53tan hiru baino gutxiago dira.

Enpresa txiki eta ertainek geroz eta argiago dute nazioartean sortzen diren aukerak baliatzea oso garrantzitsua dela enpresa sendotu eta haz dadin. Dena den, esportatzen ahal diren produktu edo zerbitzuak izan ohi badituzte ere, atzerrira eramateko beharrezkoak diren baliabideak falta zaizkie.

Enpresa txiki eta ertain askorentzat, tamainaren mugak gainditzeko eta nazioartekotze prozesuari ekiteko modu onena elkarte bat sortzea da. Hori dela eta, laguntza deialdi honen helburua enpresen arteko lankidetza sustatzea da, kanpo-merkatu batean sarrera bateratua egin ahal izateko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako enpresak nazioartera elkarturik ateratzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea. Batetik 150.000 euro, 2024ko gastu-aurrekontuan aurtengo aurrekontuko "Kanpo-sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat" izeneko 810003 81400 4709 431300 partidaren baliokidea den partidaren kargura; eta, bestetik, 150.000 euro, 2025eko gastuen aurrekontuko dagokion partidaren kargura, bi kasuetan aipatutako ekitaldietan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 31n.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

NAFARROAKO ENPRESAK NAZIOARTERA ELKARTURIK ATERATZEKO DIRULAGUNTZEN 2024KO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresen arteko elkarlan eta batasunari bultzada ematea, haien produktuak edo zerbitzuak nazioartekotzeko, nazioartera elkarturik ateratzeko plan baten bidez.

2. oinarria.–Enpresa-lankidetzarako elkarteen definizioa.

Deialdi honen ondorioetarako, enpresa-lankidetzarako elkartetzat joko da lankidetza-hitzarmen bat sinatzen duten enpresa independenteen batasuna, xede duena elkarlanean aritzeagatik bakoitzak bere aldetik lortuko lituzkeenak baino emaitza hobeak lortzea, betiere behar diren eraginkortasuna, errentagarritasuna, iraunkortasuna eta trazabilitatea bermatuta.

Elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresek ezin dute izan enpresetako akzio edo partaidetzan oinarritzen den elkarren arteko harremanik, ezta planteatzen den jarduketaren funtzionamendu ona eragozten duen bestelako akordiorik izan ere.

b) Gutxienez hiru ETE eta gehienez hamabost biltzea, 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

c) Nazioartekotze planean ezarritako "entitate sustatzailea" eta "kudeatzailea" eduki beharko dituzte:

"Entitate sustatzailea": bere helburuen artean nazioartekotzea sustatzea duen langile autonomo bat edo enpresa elkarte, enpresaburuen erakunde, fundazio, merkataritza ganbera, kluster edo enpresa bat izan daiteke. Entitate horren ardura izanen da elkartea bultzatzea, koordinatzea eta haren mantentzea gidatzea. Entitate sustatzaileak laguntza eskaera prestatu eta aurkeztuko du, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eta elkarteko enpresen arteko bitartekaria izanen da eta enpresek egindako gastuen justifikazioa aurkezteaz arduratuko da.

Nazioartekotze plana berezko nortasun juridikoa duen elkarte batek garatzen badu, hark hartuko ditu bere gain entitate sustatzailearen eginkizunak.

"Kudeatzailea": entitate sustatzaileak kontratatutako pertsona, parte hartzen duten enpresekiko independentea izan beharko duena. Entitate sustatzailea langile autonomo bat izanez gero, bere gain hartzen ahalko ditu planaren kudeatzailearen eginkizunak.

Kudeatzaileak sektore ekonomikoari lotutako nazioarteko merkataritzaren estrategiak eta taktikak eta erreferentziako eremu geografikoa ezagutu beharko ditu, eta nazioartera elkarturik ateratzeko planean ezarritako jarduketak bultzatu eta koordinatu. Zeregin horietan urtean 300 ordu gutxienez eman beharko ditu.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira:

a) Nortasun juridikoa duten elkarteak.

b) Legez eratu gabeko elkarteetako kide diren enpresak.

2. Edonola ere, bi elkarte mota horiek osatzen dituzten enpresek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituen elkarte batekoa izatea. Hori egiaztatzeko, enpresen eta entitate sustatzailearen arteko lankidetza-akordioa aurkeztu beharko da, edo, elkartea juridikoki eratu bada, eratze-eskritura.

b) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

c) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.

d) Elkarteak sustatzen dituen produktu edo zerbitzu esportagarriak Nafarroan ekoiztea.

e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan elkarteko enpresek eta nortasun juridikoa duen entitate elkartuak, kasua zein den, beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaituta ote dauden dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Eskaeran horri berariaz uko egiten badiote, beraiek aurkeztu beharko dituzte aipatutako betebeharretan egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3. Bigarren ataleko c), d), e), f) eta g) letretan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, enpresa bakoitzaren fitxari erantsitako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera.

4. Enpresek ezinen dute nazioartera elkarturik ateratzeko dirulaguntza hau jaso merkatu bererako hiru deialdi baino gehiagotan.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Nazioartera elkarturik ateratzeko plana honako helburu hauetara bideratzen ahalko da:

a) Kanpoko merkatu batean batera sartzen lortzea, parte hartzeko tresnak sortuz hainbat arlotan: saltzeko bideak, banaketa, lizitazioak, saldu ondoko zerbitzua, sustapena, merkatu berrien prospekzioa, negozioaren posizionamendua eta salmentarako sare propioa eratzea, besteak beste.

b) Baterako negozio prozesuan hobekuntzak abiatzea lehiakortasun globala handitzeko, negozio prozesuaren zatiren bat eginez estrategikoki lehiakorragoak diren kokalekuetan: produkzio multinazionalerako sistema bateratua, hornidura zentro elkartua, baterako laguntza teknikoa, negozio prozesuaren berrikuntzak, etab.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Onuraduna nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada, gastu diruz lagungarritzat joko dira elkarte horri fakturatutako eta hark ordaindutako gastuak. Bestela, gastu diruz lagungarritzat joko dira elkartea osatzen duten enpresei egotzitakoak, hots, haien izenean fakturatu eta haiek ordaindutakoak.

2. Diruz lagungarriak izanen dira nazioartera elkarturik ateratzeko planarekin zuzenean lotutako gastu hauek:

a) Nazioartera elkarturik ateratzeko plana koordinatu, bultzatu eta gauzatzeko elkarteko kudeatzaileak egindako gastuak.

b) Kudeatzaileak eta enpresek nazioartera elkarturik ateratzeko planari lotuta egindako bidaien gastuak.

Gastu hauen %100 ordainduko da, destinoko herrialdeko bidaia-poltsaren mugarekin. Enpresa eta ekintza bakoitzeko bidaia-poltsa bakarra izanen da diruz lagungarria.

–Espainiatik destinoko herrialdera eta alderantziz garraio publikoan (hegazkina, trena, itsasontzia, ibilbide luzeko autobusa) egindako joan-etorrien gastu erreala.

–Espainiatik destinoko herrialdera eta alderantziz garraio pribatuan (autoaren alokairua, erregaia eta bidesariak) egindako joan-etorrien gastu erreala, betiere faktura/ordainagiriaren zenbatekoa 10 eurotik gorakoa bada.

–Destinoko herrialdeko ostatuaren kontzeptuko gastu erreala.

Ez dira bidaia-gastutzat joko bertan egiten diren joan-etorriak, salbu eta hiri batetik bestera joateko hegaldiak edo tren bidaiak badira.

Bidaiaren destinoa herrialde bat baino gehiago bada, gehieneko zenbateko diruz lagungarria bidaiatzen den herrialdeetako bidaia-poltsa handiena izanen da, gehi bidaia-poltsa handiena duen bigarren herrialdekoaren erdia.

Bidaia horiek behar bezala justifikatu beharko dira dirulaguntzaren eskabidean eta bukaerako justifikazioan, eta egiaztatu egin beharko da lotura zuzena dutela nazioartera elkarturik ateratzeko planaren garapenarekin.

Elkarteko enpresetako langileen bidaiei dagokienez, enpresako langileak edo zuzendaritzako langileak baino ez dira halakotzat hartuko. Bidaia egiten duen pertsona ez bada arestian aipatutako ezein profiletakoa, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratuko du bidaia diruz lagungarria den.

c) Egungo bezeroen edo bezerogaien bidaia-gastuak.

Planaren xede diren herrialdeetako entitate preskriptoreek, egungo bezeroek edo bezerogaiek elkarteko enpresak bisitatzeko egindako bidaiak.

Bezeroa edo preskriptorea den enpresaren jatorrizko herrialdetik Nafarroara egindako joan-etorrien eta ostatu hartzeko gastuen %100 hartuko da, eta aurreko atalean ezarritakoa aplikatuko da.

Horrez gain, aintzat hartzen ahalko dira bisita horrekin zuzenean loturik eta denbora horretan egiten diren jarduerak (barruko lekualdaketak, aretoen alokairua eta lotutako bestelako gastu batzuk).

d) Baterako sustapenerako gastuak:

–Elkartea online sustatzeko kanpainek eragindako gastuak.

–Elkartearen webgunearen diseinua, aldaketa edo zabalpena, xede diren herrialdeetan webgunearen posizionamendua optimizatzeko egiten bada (erregistroa eta domeinua barne). Jarraitutako SEO optimizazio estrategia justifikatu beharko da.

–Sustapen materiala prestatzea euskarri desberdinetan (digitaletan edo inprimatuetan), elkartea atzerrian batera sustatzeko egindakoak badira.

–Aurreko sustapen ekintzekin lotuta dauden testuak itzultzeko gastuak.

–Baterako sustapeneko beste gastu batzuk, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egoki irizten dituenak.

Material hori diruz lagungarria izan dadin, nazioarteko sustapenerako bakarrik erabili beharko da, xede-merkatuaren eskarira egokituta egon beharko da, eta Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa izan beharko du. Logotipo hori http://planinternacionaldenavarra.es/ webgunean deskargatu daiteke.

e) Azoketan eta bestelako ekitaldietan produktuen baterako erakusketaren gastuak:

Sektoreko kanpoko azoka edo biltzar fisiko nahiz birtualetan parte hartzea, elkartea erakusketari edo parte-hartzaile gisa joaten denean.

Honako kontzeptu hauengatiko gastuak sartzen ahalko dira:

–Inskripzio eskubideak.

–Tokiaren alokairua.

–Azokako katalogoan sartzeko kostua.

–Dekorazioa.

–Erakustokia mantentzeko gastuak.

–Laguntzaileak eta interpreteak.

–Baterako erakusketa egiteak eragindako beste gastu batzuk, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egoki irizten dituenak.

Erabiltzen diren sustapen euskarrietan Nafarroako Nazioarteko Planaren logotipoa txertatu beharko da, diruz lagungarriak izanen badira. Irudizko frogak aurkeztu beharko dira inguruabar hori egiaztatzeko.

f) Zerbitzu espezializatuak kanpoan kontratatzeko gastuak:

Zehazki, gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta justifikatzen bada beharrezkoak direla nazioartera elkarturik ateratzeko plana gauzatzeko:

–Aholkularitza juridikoa: merkataritza, zerga, administrazio eta lan arlokoa.

–Kontabilitateko eta finantzetako aholkularitza.

–Negozioko aholkularitza eta nazioarteko marketina. Atal honetan ez da diruz lagungarritzat hartuko ez merkatua hautatzeko aholkularitza, ez informazio bilketa.

–Atzerrian elkarturik ezartzeko asmoz, langileak hautatzen espezializatuak dauden enpresen kontratazioa.

–Aholkularitza kontratatzea nazioarteko merkatuetako homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patenteen eta marken erregistrorako:

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, horiek eman arte, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

–Nazioarteko merkataritza elektronikorako plan bateratu baten diseinua eta inplementazioa kontratatzea: estrategiaren diseinua, elkartearen denda propioa sortzea, hirugarrenen dendetan eta merkatu elektronikoetan agertzea eta elkartearen produktu edo zerbitzuetarako marketin digitaleko estrategiaren inplementazioa finantzatuko da.

g) Destinoko herrialdean lokalak batera alokatzea jardueraren bat elkarlanean egiteko (hornidura zentroa, salmenta ondoko zerbitzua, biltegia, tailerrak eta abar).

h) Elkarteko enpresek kanpoko xede merkatuetako eskaerak asetzeko egiten dituzten produktuen prototipoek edo elkarlaneko prozesuek sortutako gastuak. Aintzat hartuko dira bai kanpoko kontratazioen gastuak, bai materialak erosteko gastuak, baita prototipoa egiteko beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk ere.

3. Diruz lagungarriak izateko, gastuak 2024ko urtarrilaren 1etik (edo lankidetza-akordioa sinatzen den egunetik, geroagokoa bada) 2024ko abenduaren 31ra (edo lankidetza-akordioaren azken egunera, lehenagokoa bada) bitartean egin, fakturatu eta ordaindu beharko dira. Epe hautagarriaren barruan egitekoak diren azoka eta bidaien kasuan, aldez aurretik egindako fakturak eta ordainketak onartuko dira.

4. Ez dira diruz lagunduko 100 eurotik beherako gastuak.

5. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

6. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Eskaera bakoitzeko, 60.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez, eta gastu diruz lagungarri bakoitzari honako intentsitate hau aplikatuz kalkulatuko da:

GASTUAREN KONTZEPTUA

DIRULAGUNTZA

Bidaiak

Gastu diruz lagungarri justifikatuak, 5.2 oinarrian ezarritako gehienekoekin

Elkarteko kudeatzailearen gastuak

%60

Gehienez ere 1.800 euro hilean nazioartekotze plan bakoitzeko

Gainerako gastuak

%60

2. Elkarteko enpresa bakoitzari emandako dirulaguntza kalkulatzeko, lankidetza-hitzarmenean adierazitako nazioartera elkarturik ateratzeko planaren gastu diruz lagungarrietan duen partaidetza-ehunekoa hartuko da kontuan.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko otsailaren 29an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-para-la-internacionalizacion-agrupada-de-empresas-navarras-2024 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek entitate sustatzailearen eta kudeatzailearen datuak bete beharko dituzte, bai eta nazioartera elkarturik ateratzeko planari lotutako gastuen laburpena eta aurrekontua ere.

4. Eskabide-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Lankidetza-akordioa edo eratze-eskritura.

b) Elkarteko enpresen fitxak, legezko ordezkariek elektronikoki sinatuta (pdf). Fitxa horietan, 3.2 oinarriko c), d), e), f) eta g) letretan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena jasoko da. Pdf berean sartuko dira 3., 4., 5. eta 6. irizpideak egiaztatzeko agiriak, 8. oinarrian eskatzen direnak.

c) Elkarteko enpresa bakoitza ETEa dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Nazioartera elkarturik ateratzeko plana.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen da inola ere zuzendu nazioartera elkarturik ateratzeko plana ez aurkeztea, ezta 8. oinarriko 3., 4., 5. eta 6. irizpideak baloratzeko eskatzen den dokumentazioa ere. Ez aurkezteak 0 puntuko balorazioa ekarriko du dagokion ataleko puntuazioan.

6. Entitate sustatzaile bakoitzak hiru eskaera aurkez ditzake deialdi honetan, gehienez ere.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

–1. irizpidea: Nafarroako Nazioarteko Planaren lehentasunezko herrialdea (1) eta S4 lehentasun ekonomikoak (2), 10 puntu gehienez.

Baloratuko da nazioartera elkarturik ateratzeko planaren xede-herrialdea Nafarroako Nazioarteko Planeko lehentasunezko herrialdeetako bat izatea, eta planaren xede diren produktuak eta zerbitzuak bat etortzea Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren lehentasun ekonomikoetako batekin (S4).

Puntuak taula honi jarraikiz emanen dira:

HERRIALDEA/LEHENTASUN

EKONOMIKOA

NAFARROAKO NAZIOARTEKO PLANEAN LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DEN HERRIALDEA

NAFARROAKO NAZIOARTEKO PLANEAN LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN EZ DEN HERRIALDEA

S4 lehentasun ekonomikoa

10 puntu

5 puntu

S4 Lehentasun ekonomikoa ez

5 puntu

0 puntu

(1) Lehentasunezko herrialdeak zein diren Nafarroako Nazioarteko Planaren webgunean kontsulta daiteke.

(2) S4 lehentasun ekonomikoak hemen kontsulta daitezke: https://s4navarra.es/prioridades-economicas-de-navarra/.

–2. irizpidea: Nazioartera elkarturik ateratzeko plana xedeko herrialdean edo merkatuan, 70 puntu gehienez.

Honako alderdi hauek baloratuko dira, betiere elkartearen ikuspuntutik aztertuta:

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Elkarlanaren helburua

Elkarlanaren gradua eta kalitatea baloratuko dira:

–Lankidetzaren irismena: produktua, sustapena (marka, erakustazoka, ekitaldiak, liburuxkak...), merkaturatzea (biltegiratze-lana, garraioa, merkaturatzeko bideak), (5 puntu).

–Elkartzeak nolako abantailak dakarzkien taldeko enpresei (3 puntu).

8

Elkarteko enpresen kudeatzailetza

Honako hauek baloratuko dira:

10

–Nazioartekotze lanarekin zerikusia duen prestakuntza (puntu 1).

–Nazioartera ateratzeko prozesuetan duen esperientzia, oro har (0,2 puntu, esperientzia-urte bakoitzeko, gehienez puntu 1).

–Nazioartera ateratzeko prozesuetan destinoko herrialdean duen esperientzia (0,4 puntu, esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez 2 puntu).

–Elkartearen sektoreko edo sektoreetako enpresak nazioartera ateratzeko prozesuetan duen esperientzia (0,2 puntu esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez puntu 1).

–Enpresa elkarteen kudeaketan duen esperientzia (0,4 puntu esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu).

–Kudeatzaileak egin beharreko lanak. Kudeatzailetza-lanen tamaina eta garrantzia baloratuko da, nazioartekotze plana betetzeari dagokionez (3 puntu gehienez).

* (zehaztu esperientzia- eta prestakuntza-urte zehatzak, bestela ez direlako kontuan hartuko balorazioa egiteko).

Barne analisi estrategikoa

Honako alderdi hauen analisi egokia baloratuko da, kontuan izanik nolako sakontasuna eta lotura duten elkartearen nazioartekotze planarekin:

–Enpresek elkarterako hautatutako produktuen/zerbitzuen ezaugarriak eta xede merkatuan dituzten ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak behar bezala deskribatzea (teknologia, diseinua, marka eta prezioa) (2 puntu gehienez).

–Eskaintza konbinatua:

a) Produktuen/Zerbitzuen osagarritasuna, elkarteak egiten duen eskaintzaren marketinaren koherentzia zehazten duena (produktua/zerbitzua, prezioa, kanala eta sustapena) (2 puntu gehienez).

b) Eskaintzak bezeroen beharrak lehiakideak baino hobeki asetzeko duen gaitasuna (3 puntu gehienez).

7

Kanpoko analisi estrategikoa

Honako alderdi hauen analisi egokia baloratuko da, kontuan izanik nolako sakontasuna eta lotura duten elkartearen nazioartekotze planarekin:

–Xede merkatuaren potentziala (2 puntu gehienez, adierazleetan oinarritutako analisiaren koherentziaren arabera).

–Xede merkatuaren oztopoak, arriskuak eta zailtasunak. Horiek gainditzeko modua (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren arabera).

–Xede merkatuko nitxoaren eta audientziaren deskripzioa (3 puntu gehienez).

– Banaketa-bideak (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren arabera).

–Lehiakideak (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren bidez erakutsitako ezagutzaren arabera).

11

AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak)

Elkartearen ahulezien, mehatxuen, indarguneen eta aukeren azterketa egokia baloratuko da:

–Atal bakoitza ondo aztertu bada: 1,5 puntu.

–Atal bakoitzak kalitate ertaina badu: 1 puntu.

–Atal bakoitzean azaleko analisia egin bada: 0,5 puntu.

6

Planifikazioa

Helburuak baloratuko dira:

–Zer neurritan diren SMART: espezifikoak, neurgarriak, eskuragarriak, garrantzitsuak eta aldi baterakoak (gehienez 8 puntu).

–Jarduketaren eragin sozioekonomikoa: esportazioetan eta enpleguan duen eragina (4 puntu gehienez).

12

Xede-herrialdean edo -merkatuan jarduteko plana baloratuko da:

–Adierazitako helburuak lortzeko elkartearen nazioartekotze planeko jarduketen xehetasuna eta justifikazioa (gehienez 5 puntu).

–Egutegia (gehienez 3 puntu).

–Balorazio ekonomikoa (aurrekontua) (gehienez 3 puntu).

11

Planaren bideragarritasuna baloratuko da: planaren garapen maila, proposamenari sendotasuna ematen dioten aurrekariak, gauzatzeko gaitasunaren fidagarritasuna eta emaitzak lortzeko segurtasuna (gehienez 5 puntu).

5

Planean behar adinako informaziorik ez agertzeagatik baloratu ezin diren atalek ez dute punturik jasoko.

–3. irizpidea: Nafarroan enplegua handitzea, gehienez 6 puntu.

NAFARROAN ENPLEGUA HANDITZEA

PUNTUAK

(enplegatuen batez besteko kopurua 2022an-enplegatuen batez besteko kopurua 2021ean) / enplegatuen batez besteko kopurua 2021ean

0,25 puntu, handitzen den ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez ere 6 puntu)

Irizpide hau baloratzeko, enpresak Nafarroan duen Gizarte Segurantzako kotizazio-kontuaren kode bakoitzerako 2021eko eta 2022ko "Alta-egoeran dauden langileen urteko batez besteko kopuruari buruzko txostenak" aurkeztu beharko dira.

–4. irizpidea: enpresak Nafarroako Nazioartekotze Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, gehienez 4 puntu.

Honako hauek baloratuko dira:

–Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken azken hiru deialdietako onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko.

–Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana. Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.

PRAKTIKETAN HARTUTAKO ETA/EDO KONTRATATUTAKO PERTSONEN KOPURUA

PUNTUAK

Pertsona bat

2

Bi pertsona edo gehiago

4

–5. irizpidea: enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, gehienez 5 puntu.

Neurri hauetako baten bidez genero-berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzen ahalko dituzte:

a) Zuzendaritza-postuetan %40, gutxienez, emakumeak izatea. Hori egiaztatzeko, laguntzak eskatzen diren egunean, itxitako azken ekitaldi fiskalean erregistratutako (eta horretara behartuta egonez gero ikuskatutako) urteko kontuetan sexuaren arabera bereizita ageri den zuzendaritza-kideen kopuruari buruzko informazioa eman beharko da. Modu horretan justifikatu ezin denean, enpresak sinatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, enpresako zuzendaritza-kideen kopurua jasoko da, sexuaren arabera bereizita eta kargua zehaztuta, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

b) Azken bost urtean aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, eta abar), berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, horretara nahitaez beharturik ez badago.

d) Azken hiru urteetan lege-esparrua gainditzen duten kontziliazio-neurriak aplikatu izana. Enpresak eta langileen ordezkariek sinatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, aplikatutako neurriak zehaztuta.

Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.

–6. irizpidea: enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, gehienez 6 puntu.

5 puntu lortzen ahalko dituzte garapen jasangarriarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako ziurtagiri hauetakoren bat aurkeztuta, ziurtagiri horiek indarrean daudela egiaztatzen badute:

a) Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.

b) Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.

c) Ekonomia zirkularraren kudeaketa: Ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.

d) Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.

e) Erakundeak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.

3. 3., 4., 5. eta 6. irizpideak baloratzeko, enpresen puntuazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da elkartearen puntuazioa lortzeko.

4. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta nazioartera elkarturik ateratzeko planetan parte hartzen duten enpresek ez badute gutxienez 30 puntu lortzen 2. irizpidean.

5. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, 2. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta berdinketak iraunez gero, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera.

6. Elkarte batek bi eskaera aurkezten baditu dirulaguntza honetara, bakar-bakarrik gainerako eskaerei erantzuteko kreditu nahikoa badago eskuratzen ahalko du bigarren planerako dirulaguntza.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen aldaketak.

1. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak aldaketa hauek baimentzen ahalko ditu, emandako guztizko zenbatekoa gainditzen ez bada eta planaren helburuei eusten bazaie:

a) Dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %30erainoko aldaketak.

b) Eskabidean aurreikusi gabeko gastuak sartzea, laguntza emateko ebazpenean jasotako guztizko aurrekontu hautagarriaren %30eko mugarekin, behar bezala justifikatzen bada eta 5.3 oinarrian adierazitako gastuen hautagarritasun-aldia bukatu baino 3 hilabete lehenago gutxienez eskatzen bada, laguntzen fitxaren bidez.

2. Aldaketak elkarteko partaideetan: elkarteko enpresetan edo kudeatzailetzan gertatzen diren aldaketak gertatzen diren unean jakinarazi beharko dira eta behar bezala egiaztatu.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa:

–2024ko irailaren 30a, egun hori barne dela, dirulaguntzaren lehen ordainketa eskatzeko.

–2025eko martxoaren 31, egun hori barne dela, dirulaguntzaren azken ordainketa eskatzeko.

2. Justifikaziorako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Dirulaguntzaren lehen ordainketarako:

–2024ko irailaren 30era arte fakturatutako eta ordaindutako gastu diruz lagungarrien lehen ordainketa eskatzeko inprimakia.

–Gastu diruz lagungarrien fakturak eta horien ordainagiriak. Elkarteko enpresei gastuak jasanarazten dizkieten fakturak eta horien ordainagiriak, baldin badaude.

–Egindako bidaien ziurtagiriak, laguntzen fitxan dagoen ereduaren arabera.

–Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia eta 5.5 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.

b) Dirulaguntzaren azkeneko ordainketarako:

–Gastu diruz lagungarrien azken ordainketa eskatzeko inprimakia (ez sartu lehen ordainketan diruz lagundutako gastuak).

–Gastu diruz lagungarrien fakturak eta horien ordainagiriak. Elkarteko enpresei gastuak jasanarazten dizkieten fakturak eta horien ordainagiriak, baldin badaude.

–Azken justifikazioaren memoria.

–Planaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

–Dirulaguntzaren publizitatearen gaineko justifikazioa, 13.1.c) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

–Egindako bidaien ziurtagiriak, laguntzen fitxan dagoen ereduaren arabera.

–Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia eta 5.5 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.

–Ebaluazio inkesta: sarean eginen da, elkarteko enpresa bakoitzeko bat, laguntza fitxetan.

3. Justifikazioa aurkezten bada 1. atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan eginen da:

a) Lehenengo ordainketa 2024an eginen da: gastu diruz lagungarri justifikatuei dagokien dirulaguntza ordainduko da, gehienez ere emandako zenbatekoaren %50. Justifikatu gabeko zatiari dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, emandako zenbatekoaren %50era arte.

b) Azken ordainketa 2025. urtean: gastu diruz lagungarri justifikatuei dagokien dirulaguntza ordainduko da, lehen ordainketa kendu ondoren; gehienez ere, emandako zenbatekoaren %50 ordainduko da.

2. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntzaren konturako ordainketa edo azken ordainketa egiteko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

3. Emandako zenbatekoaren %35 gauzatzen ez duten enpresek edo enpresa elkarteek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, konturako ordainketa gisa jasotakoa itzultzeko eskatuko zaie.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako plana 11. oinarrian ezarritako moduan egitea eta halaxe egin dela justifikatzea.

c) Dirulaguntza hau jaso izana adieraztea elkartearen webgunean edo, halakorik ez badago, elkarteko enpresen webguneetan, baita 5. oinarrian aipatutako gastu diruz lagunduen euskarrietan ere. Horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren logotipoa txertatu beharko da.

d) Ebaluazio inkesta betetzea (online), laguntzen fitxan eskura dagoena.

e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 14. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

g) 2024, 2025 eta 2026ko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleei buruzko galdetegia (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifra) aurkeztea. Galdetegi hori eskuragarri dago laguntzen fitxan.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 11.3 oinarrian ezarritako epean egiten bada.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, ekintza bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamendua ordeztuko duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera. 1407/2013 Erregelamenduaren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa).

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien administrazio-egintzen eta komunikazioen jakinarazpena entitate sustatzailearen eta elkarteko enpresen Gaitutako Helbide Elektroniko Bakarrera bidaliko da, edo, hala badagokio, nortasun juridiko propioa duen elkartera. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

BIDAIA-POLTSAK (EUROAK)

HERRIALDEA

BIDAIA-POLTSAREN ZENBATEKOA

ALBANIA

980

ANGOLA

2.760

SAUDI ARABIA

1.960

ALJERIA

640

ARGENTINA

2.660

ARMENIA

1.640

AUSTRALIA

3.100

AZERBAIJAN

1.960

BANGLADESH

2.440

BIELORRUSIA

1.180

BOLIVIA

2.560

BOSNIA-HERZEGOVINA

860

BOTSWANA

2.720

BRASIL

2.500

BRUNEI

3.100

KAMERUN

1.700

KANADA (EKIALDEKO KOSTA)

1.800

KANADA (MENDEBALDEKO KOSTA)

2.280

TXAD

1.800

TXILE

2.880

TXINA

1.900

KOLONBIA

2.120

KONGO

2.760

HEGO KOREA

1.960

BOLI KOSTA

2.120

COSTA RICA

2.120

KROAZIA

980

KUBA

1.560

EKUADOR

2.120

ESTATU BATUAK (ERDIALDEA)

1.820

ESTATU BATUAK (EKIALDEKO KOSTA)

1.500

ESTATU BATUAK (MENDEBALDEKO KOSTA)

2.340

EGIPTO

1.320

EL SALVADOR

2.120

ARABIAR EMIRERRI BATUAK

1.620

ETIOPIA

1.780

FILIPINAK

2.520

GABON

2.120

GEORGIA

1.720

GHANA

2.120

GUATEMALA

2.120

GINEA BISSAU

1.560

GINEA KONAKRY

1.640

EKUATORE GINEA

1.800

HONDURAS

2.120

INDIA

2.500

INDONESIA

1.500

IRAN

2.120

IRAK

2.200

ISLANDIA

1.480

ISRAEL

1.320

JAMAIKA

2.000

JAPONIA

3.320

JORDANIA

1.800

KAZAKHSTAN

1.980

KENYA

1.960

KIRGIZISTAN

2.220

KUWAIT

2.080

LIBANO

1.480

LIBERIA

1.640

LIBIA

1.320

MADAGASKAR

2.940

MALAYSIA

2.000

MALAWI

2.660

MALI

2.080

MAURITANIA

1.320

MAROKO

600

MEXIKO

1.820

MOLDAVIA

1.320

MONGOLIA

2.780

NAMIBIA

2.700

NEPAL

2.720

NIKARAGUA

2.120

NIGERIA

1.320

ZEELANDA BERRIA

3.260

OMAN

1.960

PAKISTAN

2.160

PANAMA

2.120

PARAGUAI

2.600

PERU

2.600

PUERTO RICO

1.640

QATAR

1.780

AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKA

1.900

KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

2.360

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

1.480

ERRUSIA

1.660

SENEGAL

1.480

SERBIA-MONTENEGRO

980

SINGAPUR

2.700

SIRIA

1.480

SOMALIA

1.960

SRI LANKA

2.300

HEGOAFRIKA

2.020

THAILANDIA

2.360

TAIWAN

2.500

TUNISIA

700

TURKMENISTAN

2.280

TURKIA

1.240

UKRAINA

960

URUGUAI

2.760

UZBEKISTAN

1.920

VENEZUELA

2.120

VIETNAM

3.260

YEMEN

1.800

ZAMBIA

2.760

ZIMBABWE

2.740

ALEMANIA

740

ANDORRA

540

AUSTRIA

980

BELGIKA

660

BULGARIA

1.480

ZIPRE

1.140

DANIMARKA

740

ESLOVAKIA

900

ESLOVENIA

860

ESTONIA

1.000

FINLANDIA

860

FRANTZIA

780

GREZIA

900

HUNGARIA

1.140

IRLANDA

700

ITALIA

740

LETONIA

620

LITUANIA

860

LUXENBURGO

780

MALTA

1.140

NORVEGIA

1.100

HERBEHEREAK

800

POLONIA

1.140

PORTUGAL

540

ERRESUMA BATUA

700

TXEKIAR ERREPUBLIKA

1.140

ERRUMANIA

600

SUEDIA

980

SUITZA

920

Iragarkiaren kodea: F2315921