258. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Noain Elortzibarko Udaleko Alkatetzaren 2023ko azaroaren 14ko 2023-1315 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta barne-igoera murriztuan. Lanpostu hori Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzukoa da, eta 2.19 zenbakia du plantillan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez, jarraikiz behar den prozedurari, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusitako prozedurari.

1.2. Plantilla organikoaren aldaketa bat onetsi zen hasiera batez 2023ko maiatzaren 9an egindako osoko bilkuran, eta gero behin betikoa bilakatu zen, ez zelako alegaziorik aurkeztu (2023ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); aldaketa horren bidez, hain zuzen, sortu ziren C mailako bi lanpostu: zerbitzu anitzetako (obrak) arduradunaren lanpostu bat, eta zerbitzu anitzetako ofizialaren beste bat (plantillan 2.18 eta 2.19 zenbakiak dituztenak), oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Maila horretan sartzeko arrazoia da dagokien lanean egin behar izatea goragoko mailari dagozkion zereginak. Prozedura honek ez dakar berekin udaleko langile kopurua handitzea.

1.3. Hautapen probak gainditu ondoan, zerbitzu anitzetako ofizial lanposturako izendatzen den izangaia, zerbitzu anitzei atxikirik, C maila edo taldean sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Prozedura gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.7. Zerbitzu anitzeko ofizialaren (obrak) eginkizunak honako hauek dira:

–Poligonoetako saneamendu-sarea eta urak garbitzeko eta mantentzeko lanak egitea.

–Udalaren azpiegiturak eta bulegoak mantentzeko eta konpontzeko zenbait lan egitea: obrak, iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza eta abar, bai hirigunean, bai poligonoetan.

–Zenbait lan egitea, hala nola zangak irekitzea eta ixtea, altzariak biltzea eta deskargatzea, poligonoetako pintadak garbitzea, soldadura-lanak, kristalak jartzea, sarrailagintza-lanak egitea eta abar.

–Hesiak, seinaleak, oholtzak eta abar jarri, muntatu eta desmuntatzeko anak egitea.

–Hilerria garbitzeko eta mantentzeko lanak egitea: eskobatzea, igeltserotza-lanak eta abar; koroen hondarrak, hilkutxak eta abar kentzea, bai eta hilkutxen hondarrak kendu eta erretzea ere. Hilerriko arduradunak mantentze-lanetako eta zerbitzuetako buruari eskatuko dizkio tresnak eta behar diren gainerakoak.

–Agintzen zaizkion administrazio arloko laguntzako lanak egitea bulegoetan, bai eta ordenantza lanak egitea ere.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak berehalakoan jakinaraztea arduradunari.

–Eskatzen zaizkion lanak egiteko behar diren produktuak eta materialak arduradunari eskatzea.

–Erabiltzen dituen lanabesak behar bezala erabiltzea, mantentzea eta kontserbatzea.

–Ibilgailuen eta lanabesen oinarrizko mantentze- eta kontserbazio-lanak egitea, eta kanpoko zerbitzuak eskatzea langile espezializatuak behar direnean edo baliabide propioak nahikoak ez direnean, eta eskaera hori mantentze-lanetako arduradunaren bitartez bideratzea.

–Zerbitzuko arduradunarekin lankidetzan aritzea aurrekontuak egiteko, egin beharreko lanak antolatzeko, materiala erosteko eta albaranak eta jasotako materiala kontrolatzeko.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Zerbitzuaren hobekuntza sustatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Zereginak pilatzen diren egoeretan, gainerako langileei laguntzea, eta dituen ezagutza eta/edo esperientzia direla-eta, lanbide ezagutza handiagoa duen zereginetan aholkuak ematea.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea.

Aipatutakoez gain, bere gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, agintzen zaizkion bestelako zereginak beteko ditu, ezarritako helburuak lortu beharrez.

–Poligonoetako zabor-hondarrak kentzea, hala nola paletak, kutxak eta abar.

–Kultura Arloak zehazten dituen beharren arabera, kultura eta jaietako ekitaldiei lotutako zereginetan laguntza ematea.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Zerbitzu anitzetako (obrak) funtzionario arduraduna ordeztu beharko du. Ordezkapen hori azaroaren 6ko 2015/1985 Foru Dekretuaren 51. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko zaio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.

b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

c) Frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela.

d) Izatea Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Goi Mailakoa edo baliokideren bat.

Titulazio hori izateko baldintzaren ordez, aski izanen da frogatzea zortzi urte eman izana benetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da betetzen direla baldintza horiek.

3.–Eskabideak eta tasak.

3.1. I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira deialdian parte hartzeko eskabideak, eta erregistratu beharko dira Noain Elortzibarko Udalaren erregistro elektronikoan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikulua, –lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea–) hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira deialdian eskatzen den titulazioaren frogagiriak edo, bestela, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatearenak. Orobat, aurkeztu beharko da tasak ordaindu izanaren ziurtagiria, eta merezimenduak baloratzeko behar den dokumentazioa.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 32,85 euro ordaindu beharko dira (diru-sarrera egiteko kontua: ES52 3008 0081 1207 0332 7320). Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui jauna, Udaleko alkatea.

–Epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano andrea, Udaleko arkitektoa.

–Epaimahaikidea: Juan José Visus Fandos jauna, industria ingeniari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkari bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta jauna, Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, eta lehiaketaldian baloratuko dira, soilik, oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Ariketa bakarra, teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie 30 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da baldin erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da baldin erantzuteko aukerak lau badira. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.3.2. Epaimahaiak ariketa teoriko-praktikoaren emaitza argitaratuko du iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Alegazioen epea bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.

6.3.3. Oposizioaldiko ariketari gehienez ere 70 puntu emanen zaizkio.

6.3.4. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek haietara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Lehiaketaldia.

6.4.1. Epaimahaiak jarraian dagoen baremoaren arabera baloratuko ditu alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 0,50 puntu.

b) Toki administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako peoi lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, urtebete bakoitzeko 0,25 puntu, eta urtebetera iristen ez diren denbora zatiengatik, hainbanatuta dagokiona.

c) Titulu akademikoak:

–Goi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

–Erdi mailako titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko.

Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean balorazio zehatza badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.4.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

6.4.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin-behineko balorazioa, iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Prozesuaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera, Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien artean puntuaziorik handiena lortu duena izendatzeko proposamena.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautapen prozedura amaitu ondoren, alkateak, izendapen proposamenaren arabera, ebazpen bidez izendatuko du prozedura gainditu duen izangaia. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak lanpostuaz jabetu beharko du, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2023ko azaroaren 14an.–Jarduneko alkatea, Francisco Javier Erro Lacunza.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Segurtasun neurriak pintura, zurgintza, mekanika eta igeltserotzako ohiko lanetan.

2. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren maneiuari buruzko ezagutza.

4. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak eta etengailu diferentzialak.

5. gaia.–Argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Lanabesak. Materialak. Mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

7. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

8. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

9. gaia.–Eraikinen, bideen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura oro har, apaintzeko pintura eta obrako pintura. Bideetako pintura. Pinturako lanabesak, materialak eta produktuak, pintura-lanak.

10. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Lanabesak. Materialak. Igeltserotza-lanak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta hormak egitea. Zimenduak jartzea. Ehorzketak.

11. gaia.–Zurgintzako kontzeptu orokorrak: zurgintzako lanabesak, zurgintzako materialak, zurgintza-lanak.

12. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko ezagutzak. Lanabesak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

Iragarkiaren kodea: L2316093