256. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

164/2023 EBAZPENA, urriaren 27koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenaren bidez baimendutako deialdiaren oinarri arautzaileak eta baimendutako gastua, 5.012.800 euro gehituz. Ebazpen horren bidez onetsi zen lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduerak egiteko dirulaguntzaren deialdia (PREE 5000 programa). DDBN identifikazioa: 593072.

Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko (PREE 5000 programa).

Ondoren, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 920/2022 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak eta baimendutako gastua aldatu ziren, 1.584.560 euro gehitzeko.

Deialdiaren zenbateko erabilgarriaren beste gehikuntza bat onartu da, 5.200.000 eurokoa, eta, beraz, deialdia aldatu behar da. Hala ere, kontuan hartuta 691/2021 Errege Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen duela aurrekontu erabilgarriaren %3,6, gehienez, erabil daitekeela diruz lagundutako jarduerei egotz dakizkiekeen zeharkako kostuetarako, 187.200 euro erabiliko dira zeharkako kostu horiek finantzatzeko (langileak kontratatzea), eta gainerakoa, 5.012.800 euro, deialdian baimendutako gastua handitzeko.

Eta kontuan hartuta eskaerak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 31n bukatzen dela, beharrezkotzat jotzen da oinarriak aldatzea, dokumentazioa behar bezala aurkezteko eskatzeko, ahalik eta espediente gehien izapidetu ahal izateko.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen abuztuaren 30eko 66/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenaren bidez baimendutako deialdiaren oinarri arautzaileen bigarren aldaketa onestea. Aipatutako ebazpenaren bidez (Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 920/2022 Ebazpenaren bidez aldatua) onetsi zen lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduerak egiteko dirulaguntzaren deialdia (PREE 5000 programa). Hauxe da bigarren aldaketa:

–Seigarren oinarriaren 4. atala hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena emanda.

Aurrekoa gorabehera, besterik gabe ez dira onartuko aurkezteko unean oinarri hauen II. eranskinean adierazitako agiriak, jarraian aipatzen direnak, erantsita ez dituzten eskaerak:

–1. zenbakiko c), j) eta k) letren arabera eskatutako agiriak (etxebizitzetarako bizitegi-eraikin kolektiboen jabe-erkidegoen edo jabe-erkidegoen elkarteen kasuan).

–2. zenbakiko f) eta g) letren arabera eskatutako agiriak (familia bakarreko etxebizitza-eraikinen jabe diren pertsona fisikoen kasuan).

2. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean izanen ditu ondorioak. Ebazpen honen ondorio-data baino lehen aurkeztutako laguntza-eskaerei aplikatuko zaizkie aurkeztu zirenean indarra zuten oinarri arautzaileak eta gainerako arauak, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenaren arabera (Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 920/2022 Ebazpenak aldatu zuen ebazpen hori).

3. 5.012.800 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko honako partida honen kargura: "MRR: PREE 5000 programarako dirulaguntzak. Erronka demografikoa duten udalerrietako eraikinen birgaitze energetikoa" izeneko 320000-32100-7800-261403 (PEP E-21/000382-01 elementua) partida.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.vivienda.navarra.es webgunean.

Iruñean, 2023ko urriaren 27an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Maite Arrondo Segovia.

Iragarkiaren kodea: F2316828