245. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2023 FORU AGINDUA, urriaren 27koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023ko maiatzetik irailera Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta zehazten dira kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

2023ko maiatzetik irailera ohiz kanpoko euriteak gertatu dira Nafarroan behin baino gehiagotan.

Babes Zibileko Zerbitzuak txosten bat egin du, 2023ko irailaren 20koa, depresio isolatuak maila altuetan eragindako fenomeno meteorologikoei buruz (DANA, aurrerantzean) eta azken hilabeteetan Nafarroako Foru Komunitatean eragina izan duten ondorengo ekaitzei buruz.

Era berean, Toki Azpiegituren Zerbitzuak, 2023ko urriaren 9ko txosten batean, azaldu du eurite gogorrak etengabekoak izan direla Nafarroan historian zehar. Hala ere, azken urteotan areagotu egin dira, eta hala dela berresten dute hainbat ikerketak, detektatu baitute 1960ko hamarkadatik hona depresio isolatu horien kopuruak gora egin duela mundu osoan, Europako isurialde mediterraneoa barne, Europako hegoaldean depresio horiek eragiten dituzten zurrustako korrontearen hegoaldean dagoena.

Maiatzaren 14tik irailaren 10etik gutxienez ere 18 aldiz gertatu dira ekaitzak, eta kalteak sortu dituzte, handiak eta ez hain handiak. Depresio horietako gehienetan, kalteak tarte laburreko eurite gogorrek eragin dituzte, baina irailaren 1ean eta 2an 24 ordu edo gehiagoko iraupena izan zuten; horrek euri-uholdeak eragin zituen hiriguneetan eta, hiriguneetatik kanpo, berriz, kalteak bide eta alorretan.

Ibai-uholdeak urriak izan dira, erreka batzuetan izan ezik, hala nola Leitzan, Arraiozen eta Caparroson. Izan ere, ibaien oinarrizko maila oso baxua zen gertakarien aurretik, eta lurraren hezetasun-baldintzak lehorrak edo oso lehorrak ziren.

Nabarmentzekoak dira, haien garrantziagatik, aipatutako irailaren 1eko eta 2ko depresioa eta 2023ko irailaren 10eko kazkabar-ekaitzak.

2023ko irailaren 1ean eta 2an, Nafarroa osoan izan zuen eragina depresio baten eraketak, bat egin zutelako Atlantikoko aska batek (Britainiar uharteetatik Galizia eta Portugalerainokoa) eta Mediterraneotik zetozen aire beroko masek. Masa horiek prezipitazio ugari utzi zituzten gauean eta goizaldean, irailaren 1etik 2ra, eta irailaren 2an, larunbata, egunaren zati handi batean.

Euria Nafarroa osoan egin bazuen ere, eragin desberdinekin, euri gehien Iruñerrian, Estellerrian eta Pirinioetan pilatu zen.

Nafarroako Gobernuaren Iruñeko estazioan 146,5 mm erregistratu ziren irailaren 1eko 20:50etik irailaren 2ko 19:50era bitarte.

10 minutu eta 24 ordu bitarteko iraupenarekin, prezipitazio guztiak ezohikoak izan ziren: 2 eta 5 urte arteko errepikatze-denbora 10, 20 eta 30 minutuko iraupenetarako, eta 50 urte edo gehiagokoak 16 eta 24 ordu bitarteko iraupenetarako.

Gertaera larria izan arren, ibaien maila baxuak eta lurzoruaren hezetasun-baldintza lehorrek eragotzi egin zuten ibilgu nagusiek gainezka egitea edo, are gehiago, aurrealerta-mailan sartzea. Hala ere, kalte ugari sortu ziren hiriguneetan, euri-uren kolektoreen ezinagatik, bai eta bide eta alorretan ere, euriagatik, eta tarteka errepideak moztu ziren, lur-jausien eta putzuen ondorioz.

Nafarroako Gobernuaren Lizarrako estazioan 109,9 mm erregistratu ziren irailaren 1eko 20:20tik irailaren 2ko 18:10era bitarte.

Ezohiko euriteak gertatu ziren 10 minutu eta 24 ordu bitarteko iraupen guztietan, 2 eta 5 urte bitarteko errepikatze-denborekin 10 eta 20 minutuko iraupenetarako, 50 urtekoekin 40 minutu eta 14 ordu bitarteko iraupenetarako, eta luzeagoekin 16 eta 24 ordu bitarteko iraupenetarako.

Iruñerrian eta Nafarroako gainerako lurraldean bezala, kalte ugari gertatu ziren hiriguneetan, euri-uren kolektoreen ezinagatik, euriak bide eta alorretan eragindakoak, eta luiziak eta putzuak zirela-eta errepideak moztu egin zirelako. Ibilgu batek ere ez zuen gainezka egin.

2023ko irailaren 10ean, berriz, Fiteron 5 mm erregistratu ziren 30 minututan, Corellan 8 mm 30 minututan, Artaxoan 11,8 mm, eta 64,6 mm 24 ordutan Lizarran, 25 urteko errepikatze-denborarekin 40 minutu eta 3 ordu arteko iraupenetan.

Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuak 2023ko irailaren 27an egindako txostenaren arabera, 2023ko maiatzetik irailera bitartean izandako euri-jasak eta ekaitzak direla-eta, kalte handiak gertatu dira Nafarroako toki-erakundeen titulartasuneko nekazaritza-azpiegituretan, eta jakinarazi dute konponketa batzuk lehenbailehen egin behar direla kaltetutako eremuetarako sarbidea eta hustubide egokia mantentzeko, zehazki, bideetan, ureztatze-azpiegituretan, harri-lubetetan, zimenduetan, erretenetan eta areketan gertatutako kalteak konpontzeko, besteak beste.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, jasotzen ahalko dituzten laguntzekin batera.

Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.

Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru lege horretan ezarritako laguntzak beti izanen dira izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, ordena horretan, baita Espainian edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, foru legea garatuko duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru konpainietan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2023ko maiatzetik irailera gertaturiko euriteek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2023ko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2023ko maiatzetik irailera Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerriak jasotzen dituen zerrenda, zehazki Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Toki Azpiegituren Zerbitzuari kalteak deklaratu dizkiotenak, 2023ko irailaren 27ko eta 2023ko urriaren 9ko txostenen arabera, hurrenez hurren, edo, Babes Zibilarekin lotuta, kalteak direla-eta esku-hartzeak izan dituztenak, 2023ko irailaren 20ko txostenaren arabera. Udalerri hauek dira:

Aberin, Oibar, Allo, Ameskoabarrena, Antsoain, Agoitz, Aranguren, Arano, Arellano, Armañantzas, Arroitz, Artazu, Auritz, Aiegi, Barañain, Barbarin, Bargota, Beraskoain, Bera, Berriozar, Bidaurreta, Burlata, Cabredo, Caparroso, Zarrakaztelu, Kaseda, Oltza Zendea, Cintruénigo, Zirauki, Ziritza, Zizur, Corella, Desoio, Deikaztelu, El Busto, Erro, Lizarra, Etaiu, Etxalar, Etxauri, Ezkabarte, Fitero, Galar, Galipentzu, Garaioa, Goizueta, Gesalatz, Girgillao, Iguzkitza, Xabier, Elizagorria, Legarda, Lerga, Lesaka, Ledea, Longida, Los Arcos, Irunberri, Lukin, Mañeru, Mélida, Mendabia, Mendaza, Mirafuentes, Morentin, Mues, Murieta, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Nazar, Noain (Elortzibar), Obanos, Olexua, Orotz-Betelu, Oteitza, Iruña, Piedramillera, Gares, Erromantzatua, Zare, Jaitz, San Martín Unx, Zangoza, Santsol, Santakara, Sorlada, Torres del Río, Uxue, Urraulbeiti, Uterga, Deierri, Villamayor de Monjardín, Villatuerta, Atarrabia, Esa, Zabaltza, Zizur Nagusia eta Zugarramurdi.

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuei arreta emanen zaie, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren arabera. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako higiezin horiei dagokienez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dien ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berrezartzea edo berreraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki-erakundeek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2023ko gastuen aurrekontuko "Toki-erakundeentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2024ko, 2025eko, 2026ko eta 2027ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntzenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan ezarritako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako adierazpena erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalerriek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan. Dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki-erakundeek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen. Eskaeran honako hauek jasoko dira:

a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzeagatik sortzen den zenbatekoa ere.

c) Teknikari eskudun batek egindako txostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

d) Ziurtagiri bat, honako hauek frogatzen dituena: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla eta eskatzaileek egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztea, berresteko.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 27an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2315527