24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

450E/2022 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Tuterako udal mugartean dagoen hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretura egokitzeko. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 2549/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 73E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak, 2021eko uztailaren 9an indarrean sartu zenak, bere xedapen iragankor bakarrean ezarri zuen errege dekretua indarrean jartzean jardunean zeuden hondakindegi guztien titularrek, lehendik zeuden hondakindegienek barne (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren arabera baimendutakoak), eta hondakindegi horiek ustiatzen dituzten entitate guztiek baimenaren berrikuspena eskatu behar diotela autonomia erkidegoko organo eskudunari, 646/2020 Errege Dekretuak indarra hartzen duenetik hamabi hilabeteko epean gehienez ere, errege dekretu horren 10., 11. eta 12. artikuluei jarraikiz.

Hori dela eta, instalazioaren titularrak beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen 2021eko maiatzaren 21ean, eta horrekin batera ingurumen baimen integratuaren berrikuspena eskatu; beraz, baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioari hasiera eman zitzaion.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.9 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du instalazioak hondakinen tratamendurako duen baimena, aipatutako legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tarte horretan, titularrak ohar batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen baimen integratuaren I. eranskinaren testua egokitu ahal izan da.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal mugartean dagoen hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikustea, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretura egokitzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.

Bigarrena.–Instalazioak duen hondakinak kudeatzeko baimenaren indarraldia mantentzea, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatzearen ondorioz izan beharrekoa. Halaber, bidezkoa da instalazioak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan duen inskripzioa mantentzea: 15G04232019902007 erregistro zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako; eta 15G05232019902014 erregistro zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen bilketaren esparruko biltegiratzerako.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuari. Baimenaren indarraldia ingurumen baimen integratuaren indarraldiarena izanen da, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua (Hondakinak biltzeko eta tratatzeko eragiketen baimena) aplikatuta.

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak. Instalazioaren titularrak Nafarroan badu egoitza soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazioa baimentzeko eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Zerbitzuak kudeaketa-instalazioa baimentzeko eskaeran jaso ziren baldintza berberetan emanen du ustiatzaile baimena.

Hirugarrena.–Eguneratzea atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusia. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, ondoz ondoko aldietarako berritzeko aukera izanen da. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Erriberako Mankomunitateari eta Tuterako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2300336