24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

339/2022 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Uharte Arakilgo eta Irañetako udal mugarteetan erdi-tentsioko instalazio elektriko baterako administrazio baimena ematen baita, bai eta exekuzio proiektua onesten eta instalazioak onura publikoa duela zehazki deklaratzen ere.

2022ko martxoaren 23an, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, administrazio baimena eskatu zuen, baita exekuzio proiektua onestea eta instalazioak onura publikoa duela zehazki deklaratzea ere, instalazio elektriko hau aldatzeko:

–Eskatzailea: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11351 (Erref.: 2021-154 obra 101042369).

–Instalazioaren tokia: Uharte Arakilgo eta Irañetako udal mugarteak.

–Helburua: inguru horretako hornidura hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: zirkuitu bakuneko "Altsasu-Urdiain 1" 30 kV-eko aireko linea berritzea, 1.322. eta 1.339. euskarrien artean. Honako jarduketa hauek eginen dira:

–Hormigoi bibratuzko euskarri hauek kendu eginen dira: 1.104., 1.325., 1.326., 1.327., 1.328., 1.329., 1.330., 1.331., 1.332., 1.333., 1.334., 1.335., 1.336., 1.337. eta 1.338. euskarriak. Haien ordez, saretazko 9 euskarri berri jarriko dira.

–1.322. eta 1.339. euskarrien artean eta 1.103. eta 1.104. euskarrien artean dagoen aireko linea (LA-56 eroalea duena) desmuntatuko da. Luzera: 1.132 metro.

–1.322. eta 1.339. euskarrien artean erdi-tentsioko aireko linea berria instalatuko da, fase bakoitzeko eroale bat (47-AL1/8ST1A) duen zirkuitu batek osatutakoa, 1.048 metroko luzerarekin.

–1.103. eta 1.105. euskarrien artean erdi-tentsioko aireko linea berria instalatuko da, fase bakoitzeko bi eroale (47-AL1/8ST1A) dituen zirkuitu batek osatutakoa, 84 metroko luzerarekin.

–Exekuzio materialaren aurrekontua guztira: 113.886,41 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, jendaurrean jarri ziren, 30 egunez, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Horretarako, iragarki bat jarri zen 2022ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 2koan, Diario de Navarra egunkarian, 2022ko ekainaren 3koan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean. Informazioaren berri eman zitzaien, halaber, Uharte Arakilgo eta Irañetako udalei, jendaurrean jar zezaten iraupen bereko epean.

Ez da alegaziorik jaso.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2022ko martxoaren 7an proiektuaren separatak igorri zitzaizkien Uharte Arakilgo eta Irañetako udalei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Red Eléctrica de España SAUri, hogeita hamar eguneko epean adieraz zezaten eskatutako baimena ematearekin ados edo haren kontra zeuden, eta bidezkoak ziren baldintza teknikoak ezar zitzaten.

Espedientean ageri da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Uharte Arakilgo Udalaren 2022ko urriaren 10eko errekerimenduari emandako erantzuna, justifikatuz jarduketa hauetarako ez dela beharrezkoa ingurumen-ukipenetarako baimenik ez eta lurzoru urbanizaezineko jardueretarako baimenik ere.

Espedientean ageri da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ados dagoela Red Eléctrica de España SAUk 2022ko abenduaren 2an emandako txostenarekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Marcos Hernando Tuesta industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Uharte Arakilgo eta Irañetako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea ezen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2217706