233. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67/2023 FORU AGINDUA, urriaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk sinatutako hitzarmena, hots, 24 ordu igaro baino lehen itzultzen diren ibilgailu arinen (I. klasea) erabiltzaileei AP-15 autobidean deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzeko baldintzak ezartzen dituena.

Nafarroako Gobernuak, 2023ko urriaren 18an egindako bilkuran, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmenaren testua onetsi zuen, non ezartzen baitira 24 ordu igaro baino lehen itzultzen diren ibilgailu arinen (I. klasea) erabiltzaileei AP-15 autobidean deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzeko baldintzak. Horrez gainera, hitzarmena sinatzeko beharrezkoa den guztia xedatu zen, eta, hala, hitzarmena urriaren 19an sinatu zen.

Sinatu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Horregatik guztiagatik,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk sinatutako hitzarmena, hots, 24 ordu igaro baino lehen itzultzen diren ibilgailu arinen (I. klasea) erabiltzaileei AP-15 autobidean deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzeko baldintzak ezartzen dituena. Hitzarmenaren testua foru agindu honen eranskinean jaso da.

Iruñean, 2023ko urriaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO AUTOBIDEAK SA-REN ARTEKO HITZARMENA, 24 ORDU IGARO BAINO LEHEN ITZULTZEN DIREN IBILGAILU ARINEN (I. KLASEA) ERABILTZAILEEI AP-15 AUTOBIDEAN DESKONTU GEHIGARRIA APLIKATZEKO EPEA LUZATZEKO BALDINTZAK EZARTZEN DITUENA

Iruñean, 2023ko urriaren 19an.

BILDURIK:

Alde batetik, José Luis Arasti Pérez jauna, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, horretarako ahalmena eman baitzitzaion Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 19an hartutako erabakiaren bitartez.

Bestetik, Victor Torres Ruiz jauna, Nafarroako Autobideak SAko Administrazio Kontseiluak hitzarmen hau egiteko ahalmena eman baitzion 2023ko irailaren 26an hartutako erabakiaren bitartez.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Nafarroako Autobideak SA (AUDENASA) Nafarroako AP-15 autobidearen lehen fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko emakida administratiboaren titularra da. Emakida hori 1973ko abuztuaren 10eko eskritura publikoaren bidez egiletsi zen, Nafarroako Foru Komunitateak bere foru araubidearen ondorioz dauzkan eskumen esklusiboekin bat etorriz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49. artikuluko 1.f) eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera).

Bigarrena.–Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk zenbait hitzarmen sinatu dituzte 1990. urtetik aurrera, AP-15 autobidearen erabiltzaileentzako deskontuen politika komertzial bat garatu eta aplikatzeko. 1999ko maiatzaren 26an, 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 30ean, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an sinatu ziren hitzarmenek, baita beroriek onetsi zituzten Nafarroako Gobernuaren erabakiek ere, aldatu dituzte, hurrenez hurren, emakida-kontratuaren emakidadunak aplikatzen duen merkataritza-politikari buruzko klausulak, batez ere erabiltzaileei aplikatu beharreko deskontuei buruzkoak, AUDENASAren alde egin beharreko konpentsazio ekonomikoak ezarriz, hala dagokionean. Gainera, Nafarroako Gobernuaren 2015eko abenduaren 23ko Erabakiaren bidez, onetsi ziren Nafarroako Autobidean aplikatu beharreko tarifak, oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dauzkaten bidesariak 2016. urterako. Erabaki horretan ezarri zen nola egozten zaien konpentsazio hau berariazko deskontuei, eta ezarri zen prezioari lotutako dirulaguntza gisa ulertu behar dela eta, beraz, dagokion BEZa autobidearen erabiltzaileei jasanarazi behar zaiela.

Hirugarrena.–2019ko urtarrilaren 23an, Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hitzarmen bat sinatu zuten, non ezarri baitziren, alde batetik, 24 ordu igaro baino lehen joan-etorriko bidaiak egiten dituzten ibilgailu arinei deskontu gehigarri berri bat aldi baterako aplikatzeko baldintzak, eta bestetik, Nafarroako Gobernuak kontraprestazio gisa ordaindu beharreko konpentsazioa.

Laugarrena.–Nafarroako Gobernuak adierazi du interesa duela ibilgailu arinei egiten zaien deskontu gehigarriaren indarraldia luzatzeko emakida bukatu arte, 2019an onetsitako baldintza eta betekizun berberekin, zeinak orain arte indarrean egon baitira.

Bosgarrena.–Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk, aurreko guztia kontuan harturik, hitzarmen hau adosten dute, eta bertan ezartzen dira AP-15 autobidean ibiltzen diren ibilgailu arinentzako deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzeko baldintzak, baita emakidadunaren aldeko konpentsazioa ere.

Seigarrena.–Nafarroako Gobernuak, 2023ko urriaren 18an, hitzarmen honen testua onetsi du, eta José Luis Arasti Pérez jaunari eman dio sinatzeko ahalmena.

AUDENASAko Kontseiluak ere onetsi zuen testua 2023ko irailaren 26an, eta Víctor Torres Ruiz jaunari eman zion sinatzeko ahalmena.

Horrenbestez, bi aldeek adostu dute lankidetza hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauek gobernatuko dutena:

KLAUSULAK:

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da behar diren baldintzak ezartzea ibilgailu arinen erabiltzaileei AP-15 autobidean egiten zaien deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzeko, eta, orobat, enpresa emakidadunaren alde egin beharreko konpentsazioa finkatzea.

Bigarrena.–Ibilgailu arinentzako deskontu gehigarria.

AUDENASAk aplikatzen jarraituko du AP-15 Nafarroako Autobidean joan-etorriko bidaia egin eta 24 ordu igaro baino lehen itzultzen diren ibilgailu arinei (I. mota) aplikatzen dien deskontu gehigarria. Deskontu hori erabiltzaileak ordaindu behar duen prezio garbiaren %100ekoa izanen da (BEZa kanpo), betiere indarrean dagoen deskontuen politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu eta gero (Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk 1999ko maiatzaren 26an, 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 30ean, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an sinatutako hitzarmenak).

Deskontu gehigarri hau prezioari lotutako dirulaguntza gisa hartu behar da; beraz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuaren 3. zenbakiarekin bat etorriz, erabiltzaileak dagokion BEZa ordaindu beharko du.

Deskontu gehigarri hau aplikatu ahal izateko, ordainketa OBE Vía-T erako gailu batekin egin beharko da, AP-15 autobideko deskontuekin loturiko batekin, 2008ko martxoaren 14ko hitzarmenak ezartzen duenaren arabera.

Deskontu gehigarri hori indarrean egonen da 2019ko urtarrilaren 23an onetsitako aldi baterako deskontua bukatzen den unetik 2027ko abenduaren 31ra arte. Une horretan, aplikazio epea luzatzen ahalko da, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko da.

Hirugarrena.–Konpentsazio gehigarria emakidadunari.

Nafarroako Gobernuak, hitzarmen honetan arautzen den deskontu gehigarriaren kontraprestazio gisa, deskontu horien onuradun diren ibilgailu arinek ordaintzen ez dituzten ordainsarien %100 ordainduko dio AUDENASAri (indarreko politika komertzialak ezartzen dituen deskontuak aplikatu eta gero), bai eta neurri honek sorrarazten dituen kudeaketako banku-gastu gehigarriak ere.

AUDENASAk zenbatuko ditu deskontu honetarako eskubidea duten joan-etorriak, eta dagokien deskontu gehigarriaren kopurua kalkulatuko du. Informazio hori hilero bidaliko zaio Nafarroako Gobernuak emakidan daukan ordezkaritzari, Nafarroako Gobernuak konpentsazioa ordain dezan.

Justifikazio hori aurkeztuko da AP-15 autobiderako dagoen deskontu-politika komertzialarengatik ordaindu behar den konpentsaziotik bereizita eta ezberdindua. Konpentsazio hori kalkulatzeko, dirusarrera bermatuen formulak segituko du indarrean, bai eta Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan ezarritako prozedurak ere: 1999ko maiatzaren 26koan, 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan eta 2008ko martxoaren 14koan. Formula horretan ez da aintzat hartuko deskontu gehigarri hau, ez eta klausula honetan ezartzen den emakidadunaren aldeko konpentsazioa ere. Hala ere, bi konpentsazioak elkarrekin fakturatu eta tramitatuko dira.

AUDENASAk, Nafarroako Gobernuak emakidan duen ordezkariak eskatuta, deskontu horien aplikazioari buruz behar den dokumentazio eta informazio guztia emanen du.

Laugarrena.–Hitzarmenaren jarraipena eta berrikuspena.

Hitzarmen honen jarraipena egiteko, lantalde bat eratzea aurreikusten da, non bi alderdiak ordezkatuak egonen baitira, eta Nafarroako Gobernuak emakidan duen ordezkaritzak ere parte hartuko du.

Bosgarrena.–Araubide juridikoa.

Alderdiak hitzarmen honetan ezarritakoari lotzen zaizkio, baita 1973ko abuztuaren 10eko emakida-kontratuari, kontratu horri egindako aldaketei eta hura garatzeko hitzarmenei ere.

Eta agiri honen edukiarekiko adostasuna erakusteko, sinadura elektronikoaren bidez izenpetzen da.

NAFARROAKO GOBERNUAREN izenean

AUDENASAREN izenean

José Luis Arasti Pérez

Víctor Torres Ruiz

Iragarkiaren kodea: F2315072