224. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 18an hartua, zeinaren bidez onesten baita AP-15 autobidean 24 ordu baino gutxiagoko joan-etorriko bidaiak egiten dituzten ibilgailu arinei deskontu gehigarria aplikatzeko epea luzatzea, bai eta Nafarroako Gobernuaren eta sozietate emakidadunaren artean sinatu beharreko hitzarmenaren testua ere.

Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez (2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 7koa), AP-15 Nafarroako autobidean deskontu gehigarri baten aplikazioa onetsi zen, aldi baterako, ibilgailu arinentzat (I. mota), joan-etorriko bidaiak egiten dituztenean eta itzulera joaneko bidaiaren ondorengo 24 orduetan egiten bada. Deskontu horrek erabiltzaileak ordaindu behar duen prezio garbiaren %100 eginen du (BEZa kanpo), indarrean dagoen deskontuen politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu eta gero (deskontu horiek Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan daudenak dira: 1999ko maiatzaren 26koan, 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan, 2008ko martxoaren 14koan). Egun berean, Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hitzarmen bat sinatu zuten, deskontu hori aplikatzeko baldintzak eta Nafarroako Gobernuak ordainetan ordaindu beharreko konpentsazioa ezartzeko.

Deskontu berri horren aplikazioa jaso behar zen Nafarroako Gobernuak urtero, urte natural bakoitzarekin bat etorriz, onesten dituen tarifen eta oinarrizko bidesarien egunerapenean. Deskontuaren indarraldia 2019ko urtarrilaren 1ean hasi zen, eta deskontu horiek aplikatzeagatik sozietate emakidadunari ematen zaion konpentsazioa gehienez 12.000.000 eurokoa dela egiaztatzen den egunean bukatu beharko zen, zenbateko hori baita Nafarroako Foru Komunitateari emandako zuzeneko dirulaguntza Sustapen Ministerioaren Azpiegituren, Garraioaren eta Etxebizitzaren Estatuko idazkariaren 2018ko abenduaren 28ko Ebazpenaren bidez, aipatutako deskontu gehigarriak aplikatzearen ondoriozko konpentsazioak finantzatzeko.

Hala, Nafarroako Gobernuak 2020., 2021., 2022. eta 2023. urteetarako AP-15 autobidearen tarifak eta bidesariak urtero onesteko hartzen dituen erabakiek luzatu dute aldi baterako deskontu horren aplikazioa. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren 2022ko abenduaren 21eko erabakiaren bidez (2022ko 261.Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako luzapena onetsi zen.

Dirulaguntza hori laster agortuko da, eta, beraz, ibilgailu arinei 2019an onetsitako deskontu gehigarriaren aplikazioa amaituko da. Hala ere, Nafarroako Gobernuak indarraldia luzatu nahi du, baldintza eta betekizun berberekin, aplikazio handia izan baitu indarrean egon den bitartean; izan ere, AP-15 autobidean deskontuei lotutako OBE Vía-T gailua erabiltzen duten ibilgailu arinen erabiltzaileen %72 inguruk baliatu du.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluak ezartzen duenez, gastua modu irmoan zer ekitalditan konprometitzen den, ekitaldi horretatik harago doazen gastu konpromisoak hartzen ahalko dira. Gastuak, gehienez ere, bost ekitaldiri egozten ahalko zaizkie.

Nafarroako Autobideak SAren (AUDENASA) Administrazio Kontseiluak, Nafarroako AP-15 autobidearen lehen fasea eraiki, kontserbatu eta ustiatzeko administrazio-emakidaren titularrak, irailaren 26an egindako bileran erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, entitate emaile gisa, eta sozietate emakidadunak sinatu beharreko hitzarmena onestea, helburu duena deskontua aplikatzeko epea luzatzea eta emakidadunari konpentsatzeko modua luzatzea. Testu hori Nafarroako Gobernuak onetsi behar du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea AP-15 Nafarroako autobidean deskontu gehigarri bat aplikatzeko epea luzatzea; deskontu hori ibilgailu arinentzat da (I. mota), joan-etorriko bidaiak egiten dituztenean eta itzulera joaneko bidaiaren ondorengo 24 orduetan egiten bada, eta erabiltzaileak ordaindu behar duen prezio garbiaren %100 eginen du (BEZa kanpo), indarrean dagoen deskontuen politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu eta gero (deskontu horiek Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan daudenak dira: 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan, 2008ko martxoaren 14koan).

Deskontu gehigarri hau prezioari lotutako dirulaguntza dela jotzen da; beraz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuaren 3. zenbakiarekin bat etorriz, erabiltzaileak dagokion BEZa ordaindu beharko du.

Deskontu gehigarri hau aplikatu ahal izateko, ordainketa OBE Vía-T erako gailu batekin egin beharko da, AP-15 autobideko deskontuekin loturiko batekin, 2008ko martxoaren 14ko hitzarmenak ezartzen duenaren arabera.

2. Deskontu gehigarri hori indarrean egonen da 2019ko urtarrilaren 23an onetsitako aldi baterako deskontua amaitzen den unetik 2027ko abenduaren 31ra arte. Une horretan, aplikazio epea luzatzen ahalko da, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko da.

3. Baimena ematea AUDENASAren alde urte anitzeko 11.904.000 euroko gastu-konpromisoa hartzeko, Nafarroako AP-15 autobidean deskontu gehigarria egiteko, ekitaldi bakoitzean 2023ko gastu-aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura: "AUDENASA. Merkataritza-politika" izeneko 10000 100000 4709 441100 partida.

URTEA

ZENBATEKOA

2023

384000,00

2024

2880000,00

2025

2880000,00

2026

2880000,00

2027

2880000,00

4. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren artean sinatu beharreko hitzarmenaren testua onestea, ibilgailu arinei deskontu gehigarri hau aplikatzeko epea luzatzeari dagokionez. Erabaki honen eranskinean azaltzen da.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz.

6. Erabaki hau Nafarroako Autobideak SAri jakinaraztea eta igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusira eta Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen Ordezkaritzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau eta hitzarmena (sinatu ondoren) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko urriaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2314754