219. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2140/2023 EBAZPENA, 2023ko urriaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko 6 lanpostu (C maila, Liburutegietakoak) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 144 zk., 2023ko uztailaren 11koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko sei lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak (C maila, Liburutegietakoak).

Estatuko 2023. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2022ko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritakoa aplikatuz onetsi zen lan publikoaren eskaintza hori. Izan ere, lege horrek administrazio eta erakunde publikoen lan publikoaren eskaintzak arautzen ditu, eta aditzera ematen du ezen, unibertsitate publikoei dagokienez, langileen birjarpen tasa hauen bidez artikulatuko dela eskaintza:

–Tasa orokor bat, % 120koa, unibertsitate publikoentzat ezarria, lehentasunezko sektoretzat jotzen baitira legearen 20. artikuluaren Bi.3.A) apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Tasa espezifiko bat, zeina, aipatutako legearen 20. artikuluaren Bi.4 apartatuan ezarritakoaren arabera, administrazio bakoitzak baimentzen ahalko baitu, salbuespen gisa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako helburua betetzeko, alegia, enplegu publikoan behin-behineko lanpostuak egiturazko lanpostuen ehuneko 8 baino gehiago ez izatea bere arloetako bakoitzean, betiere justifikatua baldin badago eduki beharreko urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera, 2024ko abenduaren 31rako bete behar dira behin-behinekotasuna murrizteko helburu horiek, eta, beraz, data horretarako gauzatu behar dira aipatutako tasa espezifikoa aplikatzearen ondorioz onetsitako lan publikoaren eskaintzak.

Helburu hori lortzeak beharrezkoa egiten du aipatutako lan publikoaren eskaintzaren ondoriozko hautaketa-prozesuen deialdiak ahalik eta lasterren egitea, eta horrek justifikatu egiten du, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aldi berean argitaratzea haiek eta lanpostuak sarrera-prozeduren bidez bete aurretik ebazpena nahitaezkoa duten lekualdatze-lehiaketak.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko sei lanpostu (C maila, Liburutegietakoak) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita deialdiaren oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2023ko irailaren 29an emandako 2092/2023 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketa ebatzi ondoren zehaztuko da zein diren lanpostuak eta bakoitzaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko 6 lanpostu (C maila, Liburutegietakoak) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2023ko urriaren 6an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

ARTXIBO ETA LIBURUTEGIETAKO TEKNIKARI LAGUNTZAILE IZATEKO SEI LANPOSTU (C MAILA, LIBURUTEGIETAKOAK) OPOSIZIOAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko 6 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak eta Liburutegietakoak) oposizio bidez betetzea da. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–2 lanpostu txanda librean.

–3 lanpostu igoera-txandan.

–Lanpostu bat ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen beste ebazpen baten bidez zehaztuko da zein diren lanpostuak eta bakoitzaren zenbakia, baldintzak eta lantokia, betiere Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera xede horrekin deitzen den lekualdatze-lehiaketa ebatzi ondoren.

1.3. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako hutsik gelditzen diren igoera-txandako lanpostu hutsak txanda librera pasatuko dira.

Era berean, baldin eta desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako lanpostu hutsak bete gabe gelditzen badira izangaiek ez dutelako lortu hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa, dagokien txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.4 artikuluan ezarritako banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera-txandan edo desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandan dauden lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horiek gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdi honen 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

1.4. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.5. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte.

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide-heziketako titulua edo haien baliokidetzat jotakoren bat edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Titulazioaren baldintza bete ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela egiaztatzen ahalko du izangaiak.

2.1.3. Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako izangaiek bete beharreko baldintza bereziak:

Desgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako baldintzez gain, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun bat izan behar dute ofizialki aitortua.

2.1.4. Hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu bat lortu nahi izanez gero, izangaiak hizkuntza-maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat eduki beharko du, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean zerrendatutakoetakoa, edo ofizialki aitortutako titulazio baliokidea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "NUPeko oposizioa: Liburutegietako tekn lag" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira lehiaketatik.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizio-fasea 2024ko otsailetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Probak.

7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.3. Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1. Lehenbiziko proba:

Deialdiaren I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte orokorreko eta parte espezifikoko gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.

7.2.3.2. Bigarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira. Bigarren proba egiteko, beharrezko baliabide teknikoak emanen zaizkie izangaiei.

Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

7.2.4. Oposizioko proben eta ariketen balorazioa.

Oposizioko proben balorazioan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

7.2.4.1. Lehenbiziko proba (40 puntu gehienez):

0tik 40ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.2.4.2. Bigarren proba (60 puntu gehienez):

0tik 60ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alegatu dezaten.

7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Azken puntuazioa.

8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2. Berdinketa oro bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, lehenbiziko proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, txandaren eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Baldintzen egiaztapena eta lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia.

9.1. 10 egun balioduneko epea irekiko da, horretarako ezartzen den bidea erabiliz, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko:

a) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia erkatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edo haren kopia erkatua.

b) Hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak lortu nahi dituzten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean zerrendatutako eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera eskatutako maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirien jatorrizkoak edo kopia erkatuak aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, ofizialki aitortutako titulazio baliokideak, deialdi honen 2.1.4 apartatuan xedatutakoaren arabera.

9.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda -lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua-, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

9.3. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 10.6 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, betiere haientzako behar adina lanpostu baldin badaude.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Hautapen-ekitaldia bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia erkatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionarioen izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostuan aritu daitezen (C maila, Liburutegietakoak), eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

11.5. Aurreko bi apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautaketa-prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Izangaiek zerrendetan izanen duten ordena zehazteko, kontuan hartuko da nork gainditu dituen proba gehiago, eta, horren barrenean, egindako proba guztiak batuta nork duen puntuaziorik handiena.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, kontratua formalizatzen den unean kopiak aurkeztuta.

12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarbide deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAIAK

Parte Orokorra

1. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. III., IV., VII., VIII. eta IX. tituluak.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak zehazteko parte-hartzea.

4. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

5. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

6. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Irakaskuntza berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

7. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

8. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

9. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

11. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

Parte Espezifikoa

12. gaia.–Unibertsitateko liburutegiak: kontzeptua, eginkizuna eta zerbitzuak. Unibertsitateko liburutegiak, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabide Zentroak diren aldetik (CRAI).

13. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren liburutegi zerbitzua. Erregelamendua, araudia eta antolaketa.

14. gaia.–Liburutegien lankidetza. Lankidetza unibertsitateko liburutegietan: Rebiun, Dialnet, Espainiako liburutegien partzuergoak, Unibertsitateen G9 Taldea. NUPeko liburutegiaren parte-hartzea.

15. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako espazioak. Instalazioak eta ekipamendua. Espazioen erabilera berriak zerbitzu berrietarako. Liburutegia ikaskuntzarako gune gisa.

16. gaia.–Kudeaketa integratuko sistemak eta liburutegiko zerbitzuen plataformak. Egungo egoera unibertsitateko liburutegietan.

17. gaia.–Liburutegien katalogoak: kontzeptua eta bilakaera. OPACak eta aurkikuntza-tresnak.

18. gaia.–Bildumen garapena Unibertsitateko liburutegian. Funtsen aukeraketa eta eskuratzea. Erosketa bibliografikoen zerbitzua.

19. gaia.–Unibertsitateko liburutegiko baliabide elektronikoak: aukeraketa, kontratazioa, merkaturatze ereduak eta erabiltzeko baimenak.

20. gaia.–Sarbide irekiaren mugimendua. Sarbide irekiko argitalpenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbide irekiko politika instituzionala.

21. gaia.–Academica-e: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren biltegi instituzionala. Agregatzaileak: Recolecta, Hispana, Europeana, OpenAire.

22. gaia.–Dokumentuen analisia. Dokumentuen hizkuntzak: gaien goiburukoak eta tesauroak. Sailkapen bibliografikoak. NUPeko Liburutegiaren sailkapen bibliografikoa.

23. gaia.–Katalogazioa. Ereduak, katalogazio estandarrak eta kodetzeko formatuak. ISBD.

24. gaia.–MARC formatua. Katalogaziorako estandar berriak: RDA-ak.

25. gaia.–Metadatuak. Kontzeptua, kodetzea, asmoa, motak. Dublin Core, METS, PREMIS, Linked data (lotutako datuak).

26. gaia.–Bibliografia eta aipuak. Aipuetarako datu bibliografikoen normalizazioa.

27. gaia.–Erreferentzia bibliografikoen kudeatzaileak: Zotero.

28. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako erabiltzaileak: tipologia eta beharrak hautematea. Erabiltzaileen beharrei aurrea hartzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiko zerbitzu-karta.

29. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako bilduma fisiko eta elektronikoetara sartzeko eta kontsultatzeko zerbitzuak. Mailegua eta liburu elektronikoak mailegatzeko plataformak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiko mailegu araubidea.

30. gaia.–Unibertsitateko liburutegietan dokumentu inprimatu eta elektronikoak eskuratzeko zerbitzuak. Liburutegien arteko maileguak.

31. gaia.–Erreferentziako zerbitzuak, informazioa zabaltzeko zerbitzuak.

32. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako erabiltzaileen prestakuntza. Informazio-alfabetizazioa (ALFIN). DIGCOMP esparrua.

33. gaia.–NUPeko informazio gaitasunak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiak ikasteko ematen duen laguntza.

34. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako ikertzaileei eta ikerketaren kudeaketari laguntzeko zerbitzuak.

35. gaia.–Autoreen identifikazioa: identifikatzaile orokor eta espezializatuak (VIAF, ORCID, DialnetID, AuthorID, ResearcherID/Publons.), ikertzaile-profilak (Google Scholar, ResearchGate, Academia.edu).

36. gaia.–Argitalpen zientifikoen eragin-indizeak eta balorazio-irizpideak. JCR. SJR. Kalitatearen beste adierazle batzuk.

37. gaia.–Ekoizpen zientifikoa unibertsitateetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ekoizpen zientifikoaren ataria.

38. gaia.–Gizarte Zientzietako eta Zientzia Juridikoetako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

39. gaia.–Zientziako eta Teknologiako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

40. gaia.–Osasun Zientzietako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

41. gaia.–Giza Zientzietako eta Hezkuntzako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

Iragarkiaren kodea: F2314767