218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

154/2023 EBAZPENA, irailaren 29koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baitira langileriaren, kontratazio publikoaren, joko eta ikuskizunen eta josteta jardueren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuaren jarduna garatzean beharrezkoa den eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jotzen da Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea langileriaren, kontratazio publikoaren eta joko eta ikuskizunen eta josteta jardueren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzia hauen erabilera Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten da:

1.1. Langileriaren arloan:

a) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne.

b) Aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauz ezarritako baldintzetan.

c) Arauz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

1.2. Kontratazio publikoaren arloan:

a) Kontratazio publikoaren eskumenak, bere eskumen-esparruaren barnean.

1.3. Jokoaren arloan:

a) Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa mantentzea: joko enpresen, materialen, establezimenduen, baimenen eta profesionalen inskripzioak, aldaketak eta ezerezteak.

b) Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistroa mantentzea: inskripzioak eta ezerezteak.

c) Joko aretoak ustiatzeko baimena.

d) Joko eta apustu makinak ustiatzeko baimena.

e) Joko eta apustu makinak instalatzeko baimena.

f) Zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak egiteko baimena.

1.4. Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arloan:

a) Zezen-ikuskizunetako profesionalen erregistroa mantentzea: inskripzioak, aldaketak eta ezerezteak.

b) Zezenketa esparruak homologatzea eta berrirekitzeak baimentzea.

c) Zezenketa-ikuskizunak baimentzea.

d) Ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako baimena.

e) Ordutegi bereziak baimentzea establezimendu publikoei.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Barneko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 29an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

Iragarkiaren kodea: F2314170