201. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Aldaketa, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarietarako. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2023ko martxoaren 9an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala, hobariak ezartzeko ECO eta zero isuriko ibilgailuei. Iragarkia 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betiko bilakatu eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2023ko irailaren 11n.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

ALDAKETA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALARENA, ECO ETA ZERO ISURIKO IBILGAILUEN HOBARIETARAKO

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (LFHL) derrigorrez ezarria (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159. eta 166. arteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Ehuneko 100eko hobaria "0 isuriko ibilgailuetarako": ibilgailu elektriko bateriadunak (IEB), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (AHIE ), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (IEHE) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

b) Ehuneko 50eko hobaria "eco ibilgailuetarako": 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez propultsatutako ibilgailuak, gas natural bidezko ibilgailuak (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotua (PGL), nahiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari egiaztatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Zirkulazio-baimenaren kopia.

c) Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

3. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

4. Hobaria jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.

5. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean izatea Galarko Udalarekiko zerga betebeharrak; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

6. Hobariak aplikatuko dira ibilgailua matrikulatu eta hurrengo hiru ordainagirietan.

Iragarkiaren kodea: L2313100