200. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Barne-araudia, udal kiroldegiko instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2023ko apirilaren 25ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Arangurengo udal kiroldegiko instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen barne-araudia.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon bitartean.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.

Mutiloan, 2023ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

OINARRIZKO BARNE-ARAUDIA, ARANGURENGO UDAL KIROLDEGIKO INSTALAZIOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1.–Titulartasuna eta kudeaketa.

1.1. Arangurengo Udala da Arangurengo udal kiroldegian dauden instalazioen jabea.

1.2. Instalazioak Arangurengo Udalak kudeatuko ditu, berak ezarritako moduan eta Udalaren Kirol Zerbitzuaren bidez.

1.3. Arangurengo Udalak xedapenak eta/edo ebazpenak emateko eskubidea gordetzen du, erregelamendu honetan ezartzen dena azaldu, aldatu edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

1.4. Udalak onetsiko ditu erregelamendu hau eta horrekin lotuta dauden urteko arauak, eta horiek jendearen eskura egonen dira udal kiroldegiko instalazioetan.

2.–Abonatuak.

2.1. Arangurengo udal kiroldegiko instalazioetako abonatuak izanen dira instalazioak erabiltzean araubide berezi batean dauden eta prezio hobeak dituzten pertsonak, Udalak ezarri eta onetsitako kuotak ordaintzearen truke.

2.2. Abonatua izanen da izena eman eta onartua izan den pertsona, eta, horrenbestez, abonatua dela egiaztatzen duen txartela duena. Era berean, abonatua izateko beharrezkoa da unean uneko ordainagiriaren ordainketa eguneratua izatea.

2.3. Abonatu izateko eskaera egiten ahal dute Arangurenen erroldatutako pertsona guztiek, baita Udaleko langileek zein beren ezkontide eta ondorengoek ere. Salbuespenez, Udalak aztertuko ditu Arangurenen bizi arren bertan arrazoi bereziengatik erroldaturik ez dauden pertsonen kasuak. Horrez gain, erroldatuta ez dauden kolektiboendako denboraldiko sarrera-kuotan prezio bereziak ezartzeko eskubidea gordetzen du.

2.4. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimek eta beren ondorengoek abonatu izateko eskaera egiten ahal dute; erroldatutakoen tasa izanen dute eta udalaren kirol programako jardueretan sartzen lagunduko zaie. Halaber, prezio bereziak egiteko eskubidea gordetzen da, eskatzaileen egoera ekonomikoa aintzat hartuko baita.

2.5. 14 urtetik beherakoak ezinen dute abonatu gisa alta eman gutxienez gurasoetako bat ez bada abonatua.

2.6. Arangurengo klubek eskatzen ahal dute beren kide eta laguntzaileek abonatu izateko erroldatutako pertsonen tasa ordain dezaten, Arangurengo Udalarekin egindako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzapean. Eskaera onestea Udalaren Kirol Zerbitzuaren eskumena izanen da. Eskaera urtero berritu beharko da.

2.7. Arangurengo udalkideek eskatzen ahal dute, bi pertsonarentzako gehienez ere, abonatu izatea eta erroldatutako pertsonen kuota ordaintzea. Eskubide hori urtero berrituko da eta legegintzaldia amaitzean bukatuko da.

2.8. Arangurenen erroldatuta ez dauden pertsonak behin-behineko abonatu izan daitezke eta horretarako tasak ordaindu. Edonola ere, ez dute zertan ondoz ondoko urteetan abonatu izan. Bonua bukatuko da instalazioa mukuru beterik egoteagatik Udalari komenigarria iruditzen zaion momentuan.

2.9. Abonatu baten baja onartzeko, interesdunak Udalaren Kirol Zerbitzuari idatziz jakinarazi beharko dio bajan emateko nahia, uneko hiruhileko naturaleko azken hilabetearen 20a baino lehen.

2.10. Baja ematen duen abonatuak ez du eskatzen ahalko hasierako sarrerako dirua itzul dakiola. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

2.11. Alta hartzen duen abonatuak ordaindu beharko du alta-egun horri dagokion hilabete osoaren tasa.

3.–Erabiltzeko irizpideak.

3.1. Erabiltzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

1. Udalaren kirol programa, bere arlo guztietan (kirol eskolak, helduendako jarduerak, kirol atalak, kanpainak eta torneoak).

2. San Pedro eta Irulegi ikastetxe publikoak, gorputz hezkuntzako programetarako. Ttipi-Ttapa haur-eskola, jarduera osagarrien programarako.

3. Arangurengo kirol klubak.

4. Tokiko elkarte eta beste kolektibo batzuk. Kiroldegiko instalazioak behar dituzten talde edo herritar talde guztiak, lehentasunez abonatuak.

5. Eskualdeko beste klub, federazio eta beste elkarte edo partikularrak.

3.2. Aurreko puntuko 5. apartatuan sartzen diren eskaerak aintzat hartuko dira aurreko apartatu horietan egin eskaerak bete ondoren. Beraz, kolektibo horiek kiroldegiko instalazioak erabiltzen ahalko dituzte Udalak ezartzen duen araubidean (alokairua, lagapena, etab.), baldin eta Arangurengo herritarren kirol eskaerak bete badira. Edonola ere, jarduera horietan ekintza zehatz baterako konpromiso puntual bat hartuko da, eta saihesten saiatuko dira udaleko kirol programa eta abonatuek duten gozatzeko eskubidea arriskuan jar lezakeen lotura bat.

3.3. Instalazioen erabiltzaileak izanen dira abonatuta ez dauden, baina apartatu honetan jasotako irizpideen arabera kiroldegiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsonak.

3.4. Instalazioetan jarduerak egin eta kirol taldeetan dauden pertsonek, baita horiek laguntzera doazenek ere, sartzeko txartel berezi bat eskatu beharko dute, kirolari edo laguntzaile txartela, hain zuzen ere. Txartela lehenbizikoz jasotzen dutenek tasa bat ordaindu beharko dute, bai eta fidantza bat ere, txartela Udalaren Kirol Zerbitzuari bueltatzean itzuliko dena.

3.5. Kirolari txartelarekin izena eman den jardueretara besterik ezin da sartu. 14 urtetik beherako kirolarien laguntzaileendako laguntzaile txartel bakarra emanen da, eta soilik erabiliko da adingabea laguntzeko hark izena eman duen jarduerara.

3.6. Udalaren Kirol Zerbitzuak eta Arangurengo Udalak, salbuespenez, ordutegiren bat aldatzeko eskubidea dute, baldin horretarako arrazoi nahikorik bada. Orobat, Udalaren Kirol Zerbitzuak eta, behar denean, Udalaren Osoko Bilkurak, instalazioak erabil ditzakete baldin ekitaldi inportante baterako behar badute, edo interes publikoko baterako, edo bere kirol eskaintza garatzeko.

3.7. Udalaren Kirol Zerbitzuak edo, subsidiarioki, Udalak, erabaki dezake instalazioak aldi baterako ixtea, horretarako arrazoiak daudenean. Neurri horren nondik norakoak aurretiaz emanen ditu aditzera, ahalik eta arinen.

3.8. Udalaren Kirol Zerbitzuak eta Arangurengo Udalak ez dute erantzunen erabiltzaileei eragindako kalteengatik, erabakitzen denean zerbitzua aldi baterako etetea, baldin aurreko artikuluetan azaldutakoa betetzen bada.

4.–Erabilerak.

4.1. Instalazioetara zein gimnasio eta igerilekuko aldageletara sartzeko, ezinbestekoa da erabiltzaileek sartu nahi duten bakoitzean aurpegi-ezagutzarako gailuak erabiltzea edo abonu txartela pasatzea.

4.2. Kirol edo laguntzaile txartela dutenek txartela irakurgailuetatik pasa beharko dute instalazioetan sartu eta ateratzean.

4.3. Abonatu gabeko pertsonek, ez badute txartelik edo baimen espresurik, sartu aurretik tarifa zehatza ordaindu beharko dute, instalazioetan egin nahi dutenaren arabera, Arangurengo udal kiroldegiko instalazioak erabiltzeko tarifak arautzen dituen ordenantzan xedatutakoari jarraikiz.

4.4. Arangurengo Udalak eskubidea du Udalaren Kirol Zerbitzuaren bitartez abonatu gabeko pertsonek egiten duten instalazioen erabilera mugatzeko.

4.5. Instalazioak nahieran erabiltzean, espazio guztietan 8 urtetik beherakoek une oro beren arduradun helduekin egon beharko dute.

4.6. Eguneko sarrera eskuratu duen erabiltzaileak nahitaez gorde beharko du, baita ordaindu izanaren agiria ere, kiroldegiko instalazioetan dagoen bitartean. Udan, baimenduta dago instalazioetatik behin atera eta berriz sartzea. Hori egiteko, sarrerako langileei jakinarazi behar zaie atera eta sartzeko asmoa, eta haiek zigilu bat jarriko dute sarreran erabiltzailea geroago sar dadin. Sarrerak ez badu dagokion zigilua, erabiltzailea ezinen da berriz sartu.

4.7. Erabiltzaile eta abonatu guztiek bete beharko dituzte instalazioko langileek erabilera dela-eta egiten dituzten oharrak.

4.8. Arangurengo Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik erabiltzaileei ondasunak lapurtu izanagatik edo objektuak galdu edota hondatu izanagatik. Horrez gain, ez du bere gain hartuko erantzukizunik instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik gerta litezkeen istripuengatik, salbu eta istripu horiek instalazioetako akatsengatik gertatu badira.

5.–Eskaerak eta erreserbak.

5.1. Pilotaleku, tenis pista, padel pista, squash pista, igerileku estali, gimnasio eta rokodromorako.

5.1.1. Online erreserba. 16 urtetik gorako abonatuek erreserbak online egiten ahal dituzte, Udalaren web-orriaren bidez. Erreserba egiteko, erabiltzaileek aurretiaz eguneratu beharko dituzte beren datuak Udalaren Kirol Zerbitzuan.

5.1.2. Telefono bidezko eta aurrez aurreko erreserba. Halaber, erreserba egin daiteke telefonoz (948 246 850) edo aurrez aurre, kiroldegiko sarreran.

5.1.3. Erreserbak ordubetekoak izanen dira gimnasio, pilotaleku eta padel eta tenis pistetan. Igerileku estalirako berrogeita bost minutukoak izanen dira, squash pistarako ordu erdikoak eta rokodromorako bi ordukoak.

5.1.4. Erreserbak instalazioak erabili aurreko egunean edo egunean bertan egiten ahal dira.

5.1.5. Erabiltzaileek ezinen dute espazio bat erreserbatu espazio hori bera erabiltzeko erreserba bat aktibo dagoen bitartean.

5.1.6. Erreserbatutako instalazioak erabiltzeko eskubidea ezin da besterendu. Ezin bada erreserbatutako instalazioa erabili, erreserba baliogabetuko da online edo kiroldegiko sarreran jakinarazita. Ez badu hori egiten, erreserba egin duen pertsonak zehapen bat jasoko du.

5.1.7. 18 urtetik gorako abonatuek tenis, padel eta squash pistak zein rokodromoa erreserbatzen ahal dituzte abonatu gabeko pertsonekin joateko. Horretarako, bonurik ez dutenek aipatu ordenantzan ezarritako prezioa ordaindu beharko dute pista tarte horretan erabiltzeagatik, lanegunetan 16:00ak arte eta asteburu eta jaiegunetan egun osoan.

Udan 18 urtetik gorako abonatuek abonatu gabeko pertsonekin pistak erabili ahal izateko, bonurik ez dutenek lanegunetan 16:00ak arte ezarritako tasa ordaintzeaz gain, udako sarreraren prezioa ordaindu beharko dute.

5.2. Pabiloiko pista, futbol zelaia eta kirol anitzeko pistak.

5.2.1. Eskaerak Udalaren Kirol Zerbitzuan eginen dira, tokiko taldeenak zein kanpoko erakundeenak izan.

5.2.2. Kiroldegiko sarreraren ondoko futbol zelai eta kirol anitzeko pistak instalazioko erabiltzaileek jolasteko eskuragarri egonen dira, baldin eta ez badira beste klub eta elkarteak erabiltzen ari. Erabilera esklusiborako erreserba idatziz eginen da Udalaren Kirol Zerbitzuan. Azken horrek eskubidea du erabilera baimendu edo ukatzeko, baita ordenantzaren araberako baldintza ekonomikoak ezarri eta erabiltzeko baldintzak jartzeko ere.

5.3. Askaldegi eta erretokiak.

5.3.1. Askaldegia eta erretokiak erreserbatzen ahalko dira batez ere udan.

5.3.2. Erreserban, askaldegiko mahaiak eta erretokia hartu beharko dira, eta, horretarako, kiroldegiko sarreran erreserba egin edo 948 246 850 telefonora deitu beharko da erabili aurreko egunean edo erabili nahi diren egunean bertan, tokirik balego.

5.3.3. Udan, mahaien eta erretokien erreserbarako honako txanda hauek ezartzen dira:

–Goizeko txanda (bazkaria): 11:00etatik 18:00etara.

–Arratsaldeko txanda (afari-merienda): 18:00etatik aurrera.

5.3.4. Pertsona bakoitzak gehienez ere erretoki bat eta bi mahai (12 pertsonarendako) erreserbatzen ahalko ditu, egunean txanda bakarrerako. Mahai edo erretoki gehiago libre egonez gero, egunean beste txanda baterako erreserba egiten ahalko da.

5.3.5. Erretokia erreserbatzeak ez du bermatzen mahai librerik dagoenik, eta alderantziz.

Udan, askaldegiak igandetik ostegunera argia izanen du gaueko 12:00ak arte, eta ostiral eta larunbatetan 01:00ak arte.

5.3.6. Udalak erabiltzaileen eskura jarriko du erretokietan erabiltzeko egur-ikatza. Interesdunek egur-ikatza eskatu beharko dute eta horren prezioa ordaindu. Erabiltzaileen eskura dagoen egur-ikatzaren prezioa urtero ezarriko da, merkatuko prezioaren arabera.

Egur-ikatza eskatu ahal izateko, erabiltzaileek erretokia erreserbatuta izan beharko dute.

Instalazioetan egur-ikatza erosi nahi ez duten erabiltzaileek kanpoan erositakoa ekartzen ahal dute.

6.–Instalazioak erabiltzeko oinarrizko arauak.

6.1. Instalazioen barnean, erabiltzaile eta abonatu guztiek jarraian oinarrizko arauak bete beharko dituzte; zentzuzko arauak dira eta erabiltzaileek ongizate publikoa bermatu dezaten prestatu dira. Erabiltzaileek beste erabiltzaile batzuei arauak betetzeko eskatzen ahal diete zerbitzuko langileen bitartez, haiek baitira arauak betearazteko baimena duten bakarrak. Instalazio guztietan bete beharreko arauak daude, baita eremu bakoitzean bete beharreko arauak ere (erabiltzaileei kirola egitea errazteko jarraibideak eta higiene eta osasun arloko gomendioak).

6.2. Udalak, langileen bitartez, instalazioetara sartzeko baimena aldi baterako edo betiko kentzen ahal die arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei.

7.–Sartzeko arauak eta berdeguneko zein kanpoko igerilekuko arauak.

7.1. Debeku da animalia eta maskotekin sartzea. Salbuespen izanen dira laguntza-txakurrak dituzten desgaitasuna duten pertsonak, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean araututakoari jarraikiz.

7.2. Baimendu gabeko ibilgailuak ezinen dira instalazioen barruan ibili.

7.3. Instalazioetan bizikletak sartzen ahal dira, baina kiroldegiko ate nagusitik sartu eta horiek uzteko aparkalekuetan paratuko dira, instalazioetan sartzeko pasabidean. Debeku da bizikletaz ibiltzea instalazioen gainerako eremuetan, eta ezin dira bizikletak eraman aipatutakoa ez den instalazioetako beste eremu batzuetara.

7.4. Gurasoak edo pertsona helduak haurren arduradunak izanen dira instalazioen barruan.

7.5. Igeri-ontzien zein askaldegiaren irekitzeko eta ixteko ordutegiak urtero aldatzen ahal ditu Udalak eta garaiz emanen die horien berri erabiltzaileei.

7.6. Berdegunean, higiene arrazoiengatik, ezin da ilea orraztu, jan, ezta ontzirik edo kristalezko botilarik sartu ere. Era berean, berdegunean ezin zaie haurtxoei fardela aldatu.

7.7. Edozein zabor, bilgarri, etab. horretarako dauden zaborrontzietan bota beharko da.

7.8. Langileek berdegunean jolastea debekatzen ahal dute, haiek irizten badute jolasak gainerako erabiltzaileak gogaitzen ari direla.

7.9. Igerilekuetako bazterretan oinutsik edo txankletekin eta bainujantziarekin sartu beharko dira erabiltzaileak.

7.10. Ezinbestekoa da bainatu aurretik dutxatzea, eta ezin dira erabili, inolaz ere, xanpua eta gorputza edo ilea garbitzeko bestelako produktuak.

7.11. Instalazioetan erretzea debekatuta dago, urtero erretzaileendako prestatzen den espazioan izan ezik.

7.12. Debekatuta dago uretara jauzi arriskutsuak egitea, batez ere ontzian dauden gainerako erabiltzaileak gogaitzen badira edo horiek arriskuan jartzen badira.

7.13. Erabilera librean ezin da ontzietan sartu pilota, baloi edo antzeko jostailurik, ezta flotagailu, hegal eta betaurreko hodidunik ere.

7.14. Errespetatuko dira igeriketa kanpainan ikastaroak egiten dituzten pertsonendako eremuak.

7.15. Era berean, errespetatuko da igerilekuan igeri egiteko kalea, denboraldi bakoitzean ezartzen den ordutegian.

7.16. 8 urtetik beherako haurrek une oro heldu batekin egon beharko dute bainu-eremuetan, plisti-plastako igerilekuan ere.

7.17. Haurrak ez dira bainatuko ez badute bainujantzirik, fardelik edo bestelako babesik.

7.18. Erizaindegia irekita egonen da igeri-ontziak irekita daudenean.

8.–Taberna eta terraza eremurako arauak.

8.1. Inork okupatua ez duen aulki edo mahai oro libre dagoela ulertuko da. Objektuak dituen mahai edo aulki hutsak ez dira okupatuta egonen.

8.2. Bazkalorduetan terrazako mahaiak eta aulkiak libre utziko dira tabernako bezeroendako.

8.3. Erabiltzaileek eremu konkretu bat dute (askaldegia) etxetik eramandako edo erretokietan prestatutako janaria hartzeko.

8.4. Tabernako eta terrazako mahaiak erabiltzeko tabernako edari edo jakiak erosi beharko dira.

8.5. Terrazako aulkiak eta mahaiak hantxe egon behar dira. Ezin da aulkirik eraman berdegunera.

8.6. Berdegune handia dago, eta haurrek jolasteko espazio berezia ere bai. Beraz, haurrak ez dira tabernan jolastuko.

8.7. Higiene arrazoiengatik eta gainerako erabiltzaileak errespetatzeko, tabernako jangelan lehor eta arropa eta oinetakoekin sartu beharko dira erabiltzaileak, ez oinutsik eta bainujantzian.

8.8. Udan, instalazioetako abonatuek besterik ezinen dute erabili taberna, edo dagokion sarrera ordaindu dutenek edo Udalak emandako baimen berezi batekin instalazioetara sartu direnek.

8.9. Udan, sarrera ordaindu gabe taberna eta terrazan sartzen ahal dira abonatutako pertsonekin doazen bonu gabekoak, betiere 21:30etik aurrera.

8.10. Tabernan abonatuek bazkariak egin ditzakete abonatuak ez diren pertsonekin (gonbidatuekin, alegia). Horretarako, kiroldegiko sarreran erabiltzaileen eskura dauden eskaerak bete beharko dituzte, eta dagokion zenbatekoa ordaindu. Udan, gainera, fidantza bat ordainduko da, sarreraren prezio bera izanen duena. Fidantza itzuliko da gonbidatua instalazioetatik 17:00ak baino lehen ateratzen bada eta 14:00ak eta gero sartu bada. Kasu horretan, honako estipulazio hauek bete beharko dira:

a) Eskaera egin duen pertsona abonatua izan beharko da eta hark izanen du une oro gonbidatuen ardura, taberna edo askaldegia eta horiei dagozkien zerbitzuak erabiltzeko baimena besterik ez baitute.

b) Abonatu gabeko gonbidatuak sartzeko kuota ordaintzean, gonbidatu bakoitzeko tiket bana emanen da. Beraz, ospakizuna egiten den egunean pertsona horiek bakoitzari dagokion tiketarekin sartzen ahalko dira bakarrik.

c) Ospakizuna adingabekoen urtebetetze bat denean, tabernan gonbidatuak sartzen ahal dira urteak betetzen dituena abonatua bada. Egunean gehienez ere bi urtebetetze eginen dira eta lanegunetan izanen dira, udako denboralditik kanpo; larunbat, igande eta jaiegunetan ez da urtebetetzerik ospatuko.

d) Tabernako arduradunak urtebetetzerako mahaiak berak egoki jotzen duen eremuan jartzen ahal ditu, tabernaren gainerako espazioa erabili ahal izateko.

e) Udan, instalazioetako abonatuek besterik ezinen dute erabili taberna, edo dagokion sarrera ordaindu dutenek edo Udalak emandako baimen berezi batekin instalazioetara sartu direnek. Betiere, instalazioak irekita daudenean erabiltzen ahalko da.

9.–Askaldegia eta erretokiak erabiltzea.

9.1. Askaldegian abonatuek bazkariak egin ditzakete abonatuak ez diren pertsonekin (gonbidatuekin, alegia). Horretarako, kiroldegiko sarreran erabiltzaileen eskura dauden eskaerak bete beharko dituzte, eta dagokion zenbatekoa ordaindu. Udan, gainera, fidantza bat ordainduko da, sarreraren prezio bera izanen duena. Fidantza itzuliko da gonbidatua instalazioetatik 17:00ak baino lehen ateratzen bada eta 14:00ak eta gero sartu bada.

Kasu horretan, honako estipulazio hauek bete beharko dira:

a) Eskaera egin duen pertsona abonatua izan beharko da eta hark izanen du une oro gonbidatuen ardura, taberna edo askaldegia eta horiei dagozkien zerbitzuak erabiltzeko baimena besterik ez baitute.

b) Abonatu gabeko gonbidatuak sartzeko kuota ordaintzean, gonbidatu bakoitzeko tiket bana emanen da. Beraz, ospakizuna egiten den egunean pertsona horiek bakoitzari dagokion tiketarekin sartzen ahalko dira bakarrik.

c) Ospakizuna adingabekoen urtebetetze bat denean, askaldegian gonbidatuak sartzen ahal dira urteak betetzen dituena abonatua bada, eta gehienez ere abonatuta ez dauden 10 pertsona egonen dira. Egunean gehienez ere bi urtebetetze eginen dira eta lanegunetan izanen dira, udako denboralditik kanpo; larunbat, igande eta jaiegunetan ez da urtebetetzerik ospatuko. Neguan egiten diren gainerako ospakizunetan gehienez ere 10 pertsona egonen dira, eta ez da mahai mugarik egonen.

d) Udan, instalazioetako abonatuek besterik ezinen dute erabili askaldegia, edo dagokion sarrera ordaindu dutenek edo Udalak emandako baimen berezi batekin instalazioetara sartu direnek. Betiere, instalazioak irekita daudenean erabiltzen ahalko da.

9.2. Ezinen dira aulkiak sartu askaldegian, salbu eta mugikortasun murriztuko kasuak edo behar bezala justifikatutako kasuak badaude. Horiek aurretiaz jakinarazi beharko dira.

9.3. Ez dira instalazioak erabiliko aurretiaz ez badira sarreran erreserbatu.

9.4. Garbi eta ondoren datozenek erabiltzeko prest utziko dira mahaiak, erretokiak, parrillak, harraskak eta sukalde-gainekoak.

9.5. Hondakinak botatzeko edukiontziak erabili beharko dira eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzian bota beharko da (plastikoa, ontziak, organikoa, gainerakoak, errautsak).

9.6. Erretzea debekatuta dago.

9.7. Ezin da erabili musika-ekiporik edo soinuaren anplifikadorerik.

9.8. Gasezko su txikiak erabiltzen ahal dira soilik horretarako prestatutako eremuetan. Ez da inola ere gasezko su txikirik erabiliko erretokien ondoan.

9.10. Une oro langileen jarraibideak beteko dira; langileek erabiltzaileei edozein momentutan eskatzen ahal diete ezarritako araudia betetzeko, eta arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak kanporatzen ahal dituzte.

10.–Pabiloia erabiltzeko oinarrizko arauak.

10.1. Pabiloia erabiltzeko Arangurengo Udalaren Kirol Zerbitzuaren baimena beharko da, eta honako hau izanen da lehentasun ordena:

–Udalak programatutako jarduerak.

–Ikastetxe publikoak.

–Arangurengo klub eta elkarteak.

–Irabazi-asmorik gabeko elkarteak.

–Kirol klub eta federazioak.

–Partikularren alokairuak.

10.2. Astero partikularrek egindako eskaerak aztertuko dira, eta erabilera data eta ordua koordinatu eta aldagelak esleituko dira.

10.3. Jokalariak aldageletatik sartuko dira kantxan, eta zola garbia duten oinetakoak jarri beharko dituzte instalazioan sartzeko.

10.4. Erabiltzaile eta kolektiboek erreserbatutako orduak zorrotz errespetatuko dira.

10.5. Aldageletan txankletak erabiltzea gomendatzen da.

10.6. Ezin da elikagai edo litxarreriarik sartu aldagela, kantxa eta harmailetan.

10.7. Udalaren Kirol Zerbitzuek aurretiaz baimendutako edo instalazioan bertan dagoen materialak besterik ez dira erabiliko.

11.–Muskulazioko eta ariketa kardiobaskularrerako gimnasioa erabiltzeko oinarrizko arauak.

11.1.–Instalazioa erabiltzeko, abonatuek 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte, gimnasioan abonatu alta eman eta dagokion kuotaren ordainketa egunean izan. Ordainagiriak kobratzen diren hiruhileko naturalean 17 urte dituzten edo beteko dituzten pertsonek alta ematen ahal dute gimnasioan, gurasoen edo legezko tutorearen baimenarekin; adingabearen gaineko erantzukizuna haiena izanen da ez badu behar bezala erabiltzen instalazioko materiala.

Gimnasioa erabili ahal izateko, aurretiaz hitzordua eskatu beharko da Arangurengo Udalaren web-orrian, sarreran aurrez aurre edo telefonoz.

11.2. Salbuespenez, medikuaren aginduz gimnasioko makinak erabili behar dituzten adingabeei baimen berezi bat emanen zaie.

11.3. Kiroleko arroparekin eta oinetako egoki eta garbiekin sartu beharko da (ez dira erabiliko txankletak edo kaleko oinetakoak).

11.4. Higienea mantentzeko eta gainerako pertsonak errespetatzeko, erabiltzaileek eskuoihal bat eraman beharko dute. Ezin da poltsa edo bizkar-zorrorik sartu.

11.5. Mugitu daitezkeen elementuak (barrak, pisuak) erabili eta gero, zeuden tokian utzi behar dira.

11.6. Ezin da materialik atera gimnasiotik Udalaren Kirol Zerbitzuaren baimenik gabe.

11.7. Arangurengo Udalak eskubidea du gimnasioa erabiltzeko alta eman baino lehenagoko osasun-azterketa egin izanaren ziurtagiria eskatzeko.

11.8. Gimnasioko erabiltzaileek, dokumentu honetan ezarri ez den guztian, instalazioan argitaratuta dagoen araudi espezifikoa bete beharko dute.

12.–Igerileku estalia erabiltzeko oinarrizko arauak.

12.1. Igerileku estalia soilik igeri egiteko erabiliko da (ikastaroetan zein libreki).

12.2. 14 urtetik beherako erabiltzaileak heldu batekin batera sartu beharko dira. Bakarrik sartzeko salbuespen izanen dira instalazioan antolatutako ikastaroren batean parte hartzea edo Udalaren Kirol Zerbitzuaren berariazko baimena izatea.

12.3. Igerilekuen eremuan txanoa, txankletak eta bainujantzia besterik ez jantzita sartu beharko da. Eskuoihal edo bainu-txabusina ere sartzen ahal dira eta esekitokietan utziko dira.

12.4. Ez da sartuko poltsa, bizkar-zorro, botila, garbitzeko produkturik eta abarrik.

12.5. Uretan ezin da jolastu eta ezin dira sartu flotagailu, hegal, betaurreko hodidunik eta abarrik. Salbuespen izanen dira Udalaren Kirol Zerbitzuak prestatutako jolasak.

12.6. Bainatzeko nahitaezkoa da txanoa janztea.

12.7. Dutxatzea nahitaezkoa da edozein igeri-ontzitan sartu baino lehen.

12.8. Guztiz debekatua dute bainatzea:

–Azalean zauriak edo gaixotasunak dituzten pertsonek.

–Edozein motatako gaixotasun infektokutsakorrak dituzten pertsonek.

12.9. Komeni da igeri egiteko ez jartzea belarritako, eraztun, eskumuturreko, erloju edo metalezko beste edozein osagarririk, horiek galdu eta gainerako erabiltzaileak zauritzeko arriskua ekiditeko.

12.10. "Gurpilean" igeri egin behar da, kalearen eskuineko aldetik beti.

12.11. Debeku da kale batetik bestera gurutzatzea eta kortxo-ilaren gainean igotzea.

12.12. Beti errespetatuko dira Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako erabileretarako erreserbatutako kaleak.

12.13. Soroslea da igerilekua behar bezala erabiltzen dela zaindu behar duena. Beraz, erabiltzaileei egiten dizkien gomendio eta iradokizun guztiak bete behar dira.

12.14. Ezin da jolastu igerilekuetako bazterretan, eta debeku da igerilekuko zein hidromasaje-ontziko alboetatik salto egitea.

13.–Hidromasaje-ontzia erabiltzeko oinarrizko arauak.

13.1. 16 urtetik beherakoak ezin dira hidromasaje-ontzian sartu, ez bakarrik eta ez heldu batek lagunduta.

13.2. Hidromasaje-ontzian sartzeko igeri egiteko ontzian bete behar diren higiene eta osasun neurriak bete beharko dira. Edonola ere, tenperatura bereziarengatik eta inork aurretiaz kirola egin badu, komeni da instalazioan sartu aurretik xaboiarekin dutxatzea.

13.3. Hidromasajea egiteko komeni da ontziko elementuetako bakoitzean 10 bat minutu egotea.

13.4. Udalaren Kirol Zerbitzuak instalazioa osorik eta berarendako bakarrik erabiltzen ahal du Udalaren kirol programako jardueretarako edo beste erabilera batzuetarako, araudi honen 3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

13.5. Udalak gomendatzen du medikuari galdetzea instalazioa erabili baino lehen.

14.–Saunak erabiltzeko oinarrizko arauak.

14.1. Sauna lehorra eta hezea erabiltzeko 16 urtetik gorakoa izan behar da.

14.2. Sauna hezea erabiltzeko, abonatua izan behar da, edo igerileku estalian sartzeko sarrera ordaindu.

14.3. Sauna lehorra erabiltzeko, abonatuek eta abonatuak ez daudenek tasa zehatz bat ordaindu beharko dute.

14.4. Xaboiarekin dutxatzea komeni da bi saunetako bat erabili aurretik.

14.5. Debeku da instalazio horietan norbere garbitasuna egitea (orraztea, bizarra egitea, depilatzea, esfoliatzea...). Horrez gain, sauna eta sauna aurreko eremuan ezin da jan edo erre.

14.6. Sauna lehorrean zortzi pertsona egon daitezke gehienez ere, eta sauna hezean lau.

14.7. Ezinbestekoa da sauna aurreko eremuan txankletak erabiltzea.

14.8. Saunan edo sauna aurreko eremuan eseri edo etzateko, eskuoihal bat jarri behar da.

14.9. Komeni da sauna lehorraren eremuan dauden jarraibideak irakurtzea saunaz behar bezala gozatzeko.

15.–Pilotalekua erabiltzeko oinarrizko arauak.

15.1. Pilotalekua erabiliko da pilotako modalitate guztietan eta frontenisean jokatzeko, betiere pilotak eta erraketa edo palak arauzkoak badira.

15.2. 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

15.3. Kantxa okupatuta dagoenean, bertan hori erreserbatu duten pertsonak egoten ahal dira soilik, eta instalazioaren ardura izanen dute.

15.4. Argia erabiltzaileek ordaindu beharko dute eta sarreran eskatu beharko dute pizteko.

15.5. Erreserba egin ondoren, pilotalekua erabiltzeko sarreran giltza eskatu beharko da, baita erreserba egin duen pertsonaren izena baieztatu ere. Abonatuak ez direnek sarreraren zenbatekoa ordaindu beharko dute. Instalazioa erreserbatzean, aintzat hartuko da araudi honen 5. artikuluan xedatutakoa.

15.6. Ezin da pipitarik, litxarreriarik edo bestelako elikagairik sartu kantxan eta harmailetan.

16.–Squash pistak erabiltzeko oinarrizko arauak.

16.1. Squashean bi jokalari daude.

16.2. Ezinbestekoa da arauzko kirol oinetakoak eramatea, zola garbi eta lehorrarekin, pistan markarik ez egiteko.

16.3. Soilik arauzko pilota eta erraketa erabiliko dira.

16.4. 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

16.5. Pista okupatuta dagoenean, bertan hori erreserbatu duten pertsonak egoten ahal dira soilik, eta instalazioaren ardura izanen dute.

16.6. Argia erabiltzaileek ordaindu beharko dute eta sarreran eskatu beharko dute pizteko.

16.7. Erreserba egin ondoren, pista erabiltzeko sarreran giltza eskatu beharko da, baita erreserba egin duen pertsonaren izena baieztatu ere. Abonatuak ez direnek sarreraren zenbatekoa ordaindu beharko dute. Instalazioa erreserbatzean, aintzat hartuko da araudi honen 5. artikuluan xedatutakoa.

16.8. Ezin da pipitarik, litxarreriarik edo bestelako elikagairik sartu pista edo bankuetan.

17.–Tenis pistak erabiltzeko oinarrizko arauak.

17.1. Tenisean bi edo lau jokalari aritzen dira.

17.2. Ezinbestekoa da kirol oinetako garbiak erabiltzea (lokatzik gabekoak).

17.3. Soilik teniserako arauzko pilota eta erraketak erabiliko dira.

17.4. 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

17.5. Pistak okupatuta daudenean, bertan horiek erreserbatu dituzten pertsonak egoten ahal dira soilik, eta instalazioaren ardura izanen dute.

17.6. Argia erabiltzaileek ordaindu beharko dute eta sarreran eskatu beharko dute pizteko.

17.7. Pistak tenisean jokatzeko prestatuta daude; beraz, ezin da baloi eta antzekoekin jolastu. Salbuespen izanen dira Udalaren Kirol Zerbitzuak prestatutako jarduerak.

17.8. Erreserba egin ondoren, tenis pista erabiltzeko sarreran giltza eskatu beharko da, baita erreserba egin duen pertsonaren izena baieztatu ere. Abonatuak ez direnek sarreraren zenbatekoa ordaindu beharko dute. Instalazioa erreserbatzean, aintzat hartuko da araudi honen 5. artikuluan xedatutakoa.

17.9. Ezin da pipitarik, litxarreriarik edo bestelako elikagairik sartu pista edo bankuetan.

18.–Padel pistak erabiltzeko oinarrizko arauak.

18.1. Padelean lau jokalari aritzen dira.

18.2. Ezinbestekoa da kirol oinetako garbiak erabiltzea (lokatzik gabekoak).

18.3. Soilik padelerako arauzko pilota eta erraketak erabiliko dira.

18.4. 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

18.5. Pistak okupatuta daudenean, bertan horiek erreserbatu dituzten pertsonak egoten ahal dira soilik, eta instalazioaren ardura izanen dute.

18.6. Argia erabiltzaileek ordaindu beharko dute eta sarreran eskatu beharko dute pizteko.

18.7. Pistak padelean jokatzeko prestatuta daude; beraz, ezin da baloi eta antzekoekin jolastu. Salbuespen izanen dira Udalaren Kirol Zerbitzuak prestatutako jarduerak.

18.8. Erreserba egin ondoren, padel pista erabiltzeko sarreran giltza eskatu beharko da, baita erreserba egin duen pertsonaren izena baieztatu ere. Abonatuak ez direnek sarreraren zenbatekoa ordaindu beharko dute. Instalazioa erreserbatzean, aintzat hartuko da araudi honen 6. artikuluan xedatutakoa.

18.9. Ezin da pipitarik, litxarreriarik edo bestelako elikagairik sartu pistetan.

19.–Rokodromoa erabiltzeko oinarrizko arauak.

19.1. Gehienez ere 8 eskalatzaile egoten ahal dira, eta honela banatuta: 4 pertsona blokean eta beste 4 pertsona rokodromoan.

19.2. Ezinbestekoa da oinetako egokiak erabiltzea (eskalatzeko oinetakoak edo antzekoak).

19.3. 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

Instalazioa erabiltzeko, giltza sarreran eskatu beharko da, eta abonatu txartela aurkeztu. Abonatu gabekoek ezarritako zenbatekoa ordaindu beharko dute.

I. Rokodromoa erabiltzeko, federazio-lizentzia izan behar da.

II. Rokodromoan debeku da lehen segurtasun lerroa igarotzea beharrezko norbera babesteko NBErik gabe (arnesa, babes automatikorako elementua).

III. Ezinbestekoa da arropaz aldatzea rokodromoan sartu baino lehen.

IV. Edonola ere, oinetakoek zola garbia izan beharko dute.

V. Zeharo debeku da txapez baliatzea aurrera egiteko.

VI. Ezin da eskalatu beste eskalatzaile bat ari den bertikal berean.

VII. Ezin da koltxonetarik kendu.

VIII. Instalazioa erabili bitartean zerbait hondatzen bada, berehala jakinarazi behar zaio kiroldegiko arduradunari.

IX. Udala ez da arduratuko rokodromoan gertatzen diren istripu edo lesioez, salbu eta istripu horiek instalazioetako akatsengatik gertatu badira.

20.–Igerileku eta gimnasioko aldagelak erabiltzeko oinarrizko arauak.

20.1. Dutxetatik ateratzean, eskuoihala hurbil izan behar da, zorua ahalik eta gutxien bustitzeko eta erorikoak ekiditeko.

20.2. Debeku da aldagela eta dutxetan depilatzea, bizarra egitea edo ilea tindatzea.

20.3. Komeni da dutxetan txankletak erabiltzea, kutsatzeak saihesteko.

20.4. Armairuak erabiliko dira arropa eta gainerako gauzak gordetzeko. Bankuetan ez da arropa edo poltsarik utzi behar erabili ondoren.

20.5. Armairuak ezin dira modu iraunkorrean okupatu, egunero libre geratu beharko dira.

20.6. Ausaz, eguna hasi edo amaitzean itxita dauden armairuak irekiko dira eta bertan dauden gauza guztiak aterako dira.

20.7. Desgaitasuna duten pertsonendako komun eta dutxa bereziak daude.

20.8. Ezin da aldageletan jan.

20.9. Arangurengo Udala ez da arduratuko aldageletan gertatzen diren lapurretez, galerez eta abarrez.

21.–Taldeen aldagelak erabiltzeko oinarrizko arauak.

21.1. Taldeen aldageletako arduradun izanen dira taldeetako entrenatzaileak, monitoreak eta arduradunak. Beraz, saiatuko dira jarduera eta gero kirolariak aldagelatik azkar atera daitezen; erabiltzeko tartea errespetatu eta araudi honetan ezarritakoa beteko dute.

21.2. Dutxetatik ateratzean, eskuoihala hurbil izan behar da, zorua ahalik eta gutxien bustitzeko eta erorikoak ekiditeko.

21.3. Komeni da dutxetan txankletak erabiltzea, kutsatzeak sahiesteko.

21.4. Ezin da aldageletan jan.

21.5. Arangurengo Udala ez da arduratuko aldageletan gertatzen diren lapurretez, galerez eta abarrez.

22.–Udalaren Kirol Zerbitzuak eskainitako kirol ikastaroak.

22.1. Udalaren Kirol Zerbitzuak, urtero, araudi bat argitaratuko du kirol ikastaroetarako. Kirol eskaintzarekin batera argitaratuko da araudi hori.

22.2. Tokiak esleituko dira urtero kirol eskaintzarekin batera argitaratutako araudiari jarraikiz.

22.3. Udalak ezarriko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.

22.4. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu. Orobat, gutxieneko inskripzio kopuru bat ezarriko da, eta horretara iristen ez badira, bertan behera geldituko dira ikastaroak.

22.5. Behin kirol ikastaro batean inskripzioa eginik, dirua ez da inola ere itzuliko, baldin iragan bada jardueran baja hartzeko argitaratutako epe eguna.

23.–Orotarikoak.

23.1. Araudi honetan ezarritakoaz gain, instalazioetan argitaratuta daude eremu bakoitza behar bezala erabiltzeko jarraibideak.

23.2. Araudi honetan xedatutakoa betetzen ez denean, lehenik, arau-hausleari abisu bat emanen zaio eta ohartaraziko zaio arauak berriz ere haustean zehapen bat jartzen ahal zaiola.

23.3. Pertsona batek arau-haustea behin eta berriz egiten badu, Arangurengo Udalak eskubidea izanen du zehapen bat jartzeko; abonatuei dagokienez, zehapenaren larritasunaren arabera instalazioan sartzeko debekua ezartzen ahal da aldi baterako (kasu bakoitzaren arabera ezarriko da aldi hori).

23.4. Instalazioetan zerbait hondatu edo haustean, Arangurengo Udalak eskubidea du eskatzeko elementu hori berritu dadin edo hori berritzeko beharrezko dirua ordain dadin.

23.5. Erabiltzaileen eskura dago iradokizunen postontzia, iradokizunak jartzeaz gain, kexak edo erreklamazioak ere aurkezten ahalko dira. Iradokizun edo kexa horietan interesdunaren datuak eta harremanetarako telefono-zenbakia adierazi beharko dira.

24.–Zehapen araubidea.

24.1. Udalaren Kirol Zerbitzuari dagokio abonatuendako edo erabiltzaileendako diziplina neurriak hartzea, araudi hau eta instalazioaren barruan dauden udal ondasunak betetzen direla bermatzeko.

24.2. Kiroldegiko langileek ahalmena dute erabiltzaileei hitzez kargu hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, edo abonatuei txartela kentzeko, hitzez kargu hartu eta kasurik egiten ez dutenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

24.3. Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:

Araudi honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kentzea, instalazioan aldi baterako baja ematea (kuota itzuli gabe) eta, badaezpadako neurri gisa, pertsona hori instalaziotik kanporatzea; hori zerbitzuko edozein langilek edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Udalaren Kirol Zerbitzura bidaliko dira abonatu txartela edo zehapenaren jakinarazpena, arau-hausleari dagokion zehapena jar dakion.

Txartela Zerbitzuko bulegoetan gordeko da, ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak aldi baterako kentzen badu instalazioa erabiltzeko eskubidea.

Zehapenak ezarritako egun horiek igaro ondoren, erabiltzailea berriz ere sartzen ahalko da instalazioetan.

24.4. Udalaren Kirol Zerbitzuak bertako funtzionario bati edo batzuei emanen die ahalmena hasiera batean zehazteko dagokion arau-haustea eta zehapena, honako arau hauekin bat:

Faltak honela sailkatuko dira:

–Falta arinak.

–Falta astunak.

–Falta oso astunak.

a) Falta arinak dira:

Araudi honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz falta astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

b) Falta astunak dira:

–Hiru falta arin egitea.

–Erreserba bat ez erabili eta ez baliogabetzea.

–Abonatu txartela beste edonori uztea, kiroldegiko instalazioetan sartzeko edo eskainitako beste edozein zerbitzu erabiltzeko.

–Abonatu batek laguntza ematea abonatu gabeko bati ordaindu gabe sar dadin instalazioetan edo ordaindu beharreko beste edozein zerbitzu erabiltzeko.

–Laguntza tekniko profesionala ematea (ordainduta) beste erabiltzaile batzuei Udalaren kiroldegiko instalazioetako gimnasioan, edo laguntza hori jasotzea, instalazioko erabiltzaile gisa.

–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

–Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

–Instalazioaren barrenean ordena larriki nahasten duen edozein ekintza edo omisio.

c) Falta oso astunak dira:

–Falta astun bat behin eta berriz egitea.

–Instalazioaren barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten falta astunak egitea.

–Falta oso astunak izanen dira udaleko zein horren zerbitzura dauden enpresen langileen aurkako mehatxu, irain, laido, gutxiespen eta abar, eta bereziki astunak izanen dira emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako erasoak.

Era berean, falta oso astuna izanen da adingabeen edozein motatako abusuekin lotutako edozein ekintza.

Egoera horietan, gertakaria zuzenean jakinaraziko zaie dagozkion agintari judizialei eta udal zerbitzuei (Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuei), berdin du erasoa erabiltzaileek langileen aurka egin duten edo erabiltzaileek haien artean egin duten.

Honako hau da emakumeen aurkako indarkeria psikologikoa, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen arabera:

Indarkeria psikologikoa: edozein jokabide, ahozkoa nahiz ez ahozkoa, emakumearengan oinaze, gutxiespen, bakartze motaren bat edo askatasuna mugatzea eragiten duena, hala nola mehatxuak, derrigortzeak, umilazioak edo laidoak, menpekotasuna eskatzea, jazarpena, hertsapena edo irainak.

Eta sexuan oinarritutako jazarpena:

Sexuan oinarritutako jazarpena: Pertsona baten sexua dela-eta haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten diren jokabide guztiak sexuan oinarritutako jazarpentzat hartuko dira.

24.5. Falta arinek berekin ekarriko dute instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua; aldi hori 3 egunetik 5 egunera bitartekoa izanen da, arau-haustearen egunetik kontatzen hasita.

24.6. Falta astunek instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori 15 egun eta hilabete bat bitartekoa izanen da, zehapenaren egunetik hasita.

24.7. Falta oso astunak Udalaren Kirol Zerbitzuari igorriko zaizkio, kasu bakoitza azter dezan eta behar den zehapena ezar dezan: instalazioa erabili ezina ekarriko du (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), alde batera utzita Udalaren Kirol Zerbitzuak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak.

24.8. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribituko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

24.9. Ematen diren ebazpenen kontra, aurkezten ahal dira indarreko legerian kasu orokorretarako jasotzen diren errekurtsoak.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

42. artikulua. Diziplina araubideari aplikatzekoa zaion araudiak jarraituko dio urriaren 1eko 39/2015 Legeari (haren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

25.–Ordutegia.

Instalazioak erabiltzeko ordutegia Arangurengo Udalak onetsiko du eta behar denean erabiltzaileei jakinaraziko zaie.

Instalazio bakoitzean informazio espezifikoa egonen da, honako datu hauekin:

–Instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak.

–Jendea hartzeko ordutegia.

–Erabiltzaileen intereseko beste edozein informazio, instalazio bakoitzaren ezaugarrien, kirol unitate motaren, jardueraren, kokapenaren eta abarren araberakoak.

Ordutegi horiek gutxienekoak dira eta Udalaren Kirol Zerbitzuak, edo, subsidiarioki, Arangurengo Udalak, luzatu edo aldatzeko aukera izanen du hala behar denean eta interes orokorra aintzat hartuta, beharrezkoa denean.

–Neguko denboraldia (aurretiaz jakinaraziko da zein iraupen izanen duen):

INSTALAZIOA

LANEGUNAK

LARUNBATAK

IGANDE
ETA JAIEGUNAK

BEREZIAK *

Igerileku estalia

09:00-21:00

09:00-20:00

09:00-14:00

14:00ak arte

Igerilekuetako aldagelak

08:50-21:30

09:50-20:30

09:50-14:30

14:00ak arte

Gimnasioa

07:30-21:30

07:30-21:30

07:30-20:30

14:00ak arte

Pilotalekua eta tenis, padel eta squash pistak

09:00-22:00

09:00-22:00

09:00-21:00

14:00ak arte

Askaldegiaren argia

Argiteria publikoaren ordutegia

–Abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean lanaldi bereziak izanen dira eta instalazioak 14:00etan itxiko dira, lanegun zein igande izan.

Horrez gain, instalazioak itxita egonen dira abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Aste Santuko egunetan instalazioak desinfektatuko dira, eta, beraz, progresiboki itxiko dira erabiltzaileek ahalik eta eragozpen gutxien izan ditzaten. Igerileku estalia salbuespena izanen da, Aste Santuko ostegunetik igandera bitarte itxita egonen baita.

–Udako denboraldian (aurretiaz jakinaraziko da zein iraupen izanen duen):

INSTALAZIOA

EGUNERO

Kanpoko igerilekua

10:00-21:00

Udako aldagelak

10:00-22:00

Gimnasioa

07:30-21:30

Pilotalekua eta tenis, padel eta squash pistak

09:00-22:00

Askaldegiaren argia

Goizaldeko 1:00ak arte (ostiral eta larunbatetan)

Gauerdira arte (udako gainerako egunetan)

Iragarkiaren kodea: L2312867