20. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1356E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Saldias-Saldias Herrigunea" eta "Agoitz-Gaztelu" aireko linean arteko lotura egiteko 13,2 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren txostena, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Beintza-Labaien eta Urroz udalerrietan sustatua, egitekoa.

2022eko urriaren 7an, Energia Azpiegitura Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) letran sartuta dago.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Oihanak Kudeatzeko Atalari eta Beintza-Labaiengo eta Urrozko udalei kontsulta luzatu zaie. Ez da inolako erantzunik jaso ezarritako epearen barruan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren helburua eremuko hornidura elektrikoaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea da, sarean uztaiak paratuta. Lurpeko linea berria Saldias-Saldias Hiriguneko aireko linearen 73. euskarrian hasiko da, Beintza-Labaiengo udal mugapean, bertan sartuko baita lurpera. Euskarri horren inguruan, "Iturrieta" izeneko transformazio-zentro berri bat eraikiko da (x602983, y4772115 koordenatuak), lurpean konektatuta 73. euskarriarekin. Transformazio-zentrotik aurrera, lur azpiko lineak aurretik dagoen bide batetik jarraituko du, eta bide hori NA-4040 Doneztebe-Saldias errepidean amaitzen da. Lineak mendebalderantz jarraituko du errepidearen ertzetik, eta, ondoren, Urrozko udal mugapean dagoen bide batetik, hegoalderantz biratuz, Agoitz-Gaztelu aireko linearen 89. euskarrira iristeko, bidearen ertzean baitago (x605111, y477187 koordenatuak).

Abifauna elektrokutatzeko arriskua gutxitzeko, lur azpiko linearekin konektatuko diren euskarrietan U70YB66P AL motako konpositezko isolagailuak erabiliko dira, metro batetik gorako luzerakoak, eta zubiak eta beste tentsio-elementu batzuk isolatu eginen dira.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Guztira, 3.320 m-ko luzera eta 0,2 - 0,42 m arteko zabalera duen kanalizazioa eginen da, oso-osorik aitzinetik dauden bide eta kaminoetatik. Lubakiak egiteko 667,5 m³ lur mugituko direla kalkulatzen da.

Linea hartuko duten bide batzuk onura publikoko mendietan daude. Bide horiek belardiak, haritz amerikarren basoberritzeak eta baso mistoa zeharkatzen dituzte (ametza, gaztainondoa, haritz kanduduna, lizarra). Bide batek, gainera, Iturriotz erreka zeharkatzen du. Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan 6230* (lehentasunezkoa), 9120 eta 9230 Europar Batasunaren intereseko habitatak identifikatu dira.

Proiektuaren kokalekutik 280 m iparraldera, Ameztiko erreka ubidea dago, Bidasoa ibaiaren Babes Bereziko Eremuan (BBE) sartua, eta 89. euskarritik 150 m hegoaldera, Belateko BBE hasten da. Proiektuak ez du eraginik izanen Natura 2000 Sarea osatzen duten gune babestu hauen osotasun eta balioetan, txosten honen edukia betetzen bada.

Hautatutako aukerak murriztu egiten ditu eraginak aztertutako beste alternatiba batekiko, aitzinetik dauden bi lineak lotuko lituzkeen aireko linea egitekoa. Beste aukera horrek linearen zortasunean zuhaitzak moztea eta instalatu beharreko laguntzetarako sarbide berriak sortzea eskatuko zukeen. Gainera, beste aireko linea batek abifaunaren elektrokuzio- eta talka-arriskuak handituko lituzke.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotako irizpideetan oinarrituz, Biodibertsitate Zerbitzuak, ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, 13,2 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren proiektuaren, aitzinetik dauden "Saldias-Saldias Hirigunea" eta "Agoitz-Gaztelu" aireko lineak lotzekoaren, aldeko txostena egin du, txosten honetan jasotako baldintzekin, eta adierazi du ez dela haren ingurumen eragin arruntaren ebaluazioa egin behar. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aitzinetik dauden "Saldias-Saldias Hirigunea" eta "Agoitz-Gaztelu" aireko lineak lotzeko 13,2 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren proiektuak, –I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Beintza-Labaien eta Urroz udalerrietan sustatuak– ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea.

Haatik, berau baimentzeak berekin ekarriren du baldintza hauek betetzea:

–Lineak aitzinetik dauden bide eta errepideen trazadurari jarraituko dio, landaredi naturalari eragin gabe. Ez dira inola ere ukituko Batasunaren intereseko habitatak, ezta eremu horretan egon daitezkeen flora mehatxatuko espezieak ere.

–Bideetatik kanpo egiten diren hondeaketetan (euskarrien zimenduak, transformazio-zentroa eta zangak lurzoru naturalean), obren hasieran, landare-lurraren gutxienez 30 cm-ko lodiera kenduko da, eta gainerako hondeaketa-lurretatik bereizita pilatu beharko da. Ondoren, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare-lurra zabaldu eta ondoren ongi orraztuta, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte.

–Sarbideak aitzinetik dauden azpiegituren bidez eginen dira. Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik. Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (naturagune babestuak edo Natura 2000 Sarea, baso formazio naturalak eta ibai bazterrak).

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, 73. eta 89. euskarrietan, gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da gurutzetaren eta eroaleen artean; orobat, eroaleen artean 1,5 m egonen dira. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratu beharko dira, behar adinako tartea utzita euskarriko burualdetik. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, ebakigailu, autobalbula eta lotura-botilak ere. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Ur ibilguen inguruetan, espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Onura publikoko mendian egiten diren jarduketetan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean ezarritakoa beteko da, eta arlo horretan eskumena duen Oihanak Kudeatzeko Atalak ezartzen duena beteko da.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

–Zerbaiten berri eman behar bazaio Basozainari/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko da Bidasoako barrutira (gmabidasoa@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean paratzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean paratzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Energia Azpiegitura Atalari, Beintza-Labaien eta Urroz Udalei, Basozainei/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Bidasoako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2217608