20. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2023 EBAZPENA,urtarrilaren 12koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Galarko eta Iruñeko udal mugarteak aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri, eta ukitutako udalei entzunaldia ematea xedatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako udalak sortu eta ezabatzeko prozesuak, baita beren mugarteak aldatzekoak ere, foru lege horretan eta berau garatuko duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Arau horren 2. apartatuak adierazten du aipatutako prozesuetako xedeak hauek izan behar dutela:

a) Udal eskumeneko zerbitzuen eskaintza hobetzea.

b) Kasuan kasuko toki entitateen kudeaketa ahalmena handitzea.

c) Udal mugarteak errealitate fisiko, demografiko, urbanistiko eta kulturaletara egokitzea.

d) Tokiko arazoetan herritarren partaidetza erraztea eta zerbitzuak benetan ematen direla bermatzea.

Era berean, arauaren hirugarren apartatuak xedatzen duenez, udalak sortu eta ezabatzeko prozesuek, baita mugarteen aldaketek ere, ezin izanen dute inoiz ere ekarri hirigune jarraitu bat udal mugarte batean baino gehiagotan zatitzea.

Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du, halaber, udal mugarteak alda daitezkeela, besteak beste, udal bat edo batzuen lurraldearen zati bat banatu eta beste bati edo batzuei gehitzeko, eta 2. apartatuak, berriz, gisa horretako aldaketak egiteko beharrezkoa dela mugarteak mugakideak izatea.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du udal mugarteak aldatzeko prozesua, 15.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, herritarren, interesdun diren udalen edo Nafarroako Gobernuaren ekimenez abiatu daitekeela. Ekimena abian jarri ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak bete beharreko prozeduran honako hauek egin behar dira: espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean izatea, ukitutako udal eta kontzejuei entzunaldia ematea epe horretan berean, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena jasotzea, Estatuko Administrazioak horren berri duela. Aldaketaren gaineko ebazpena ematea Nafarroako Gobernuari dagokio.

Galarko eta Iruñeko udalek, hurrenez hurren, 2022ko maiatzaren 19an eta 2022ko maiatzaren 5ean egindako osoko bilkuretan, eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak eskatutako gehiengoekin, Galarko eta Iruñeko udal mugarteak Donapea eta El Garitón eremuetan aldatzeko ekimena abian jartzeko erabakiak hartu zituzten, ikusirik gauzatu beharreko prozedurak –beren jurisdikziopeko lurrei dagokienez– eremu handia ukitzen ahal duela. Era berean, Galarko eta Iruñeko administrazioen arteko lankidetza hitzarmena onestea erabaki zen, bi udalek sinatu zutena 2022ko ekainaren 15ean.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoa Iruñeko Udalak prestatu du eta eragindako toki erakundeek osoko bilkuran onetsi dute, 2022ko abenduaren 16an, Galarren kasuan, eta 2022ko abenduaren 1ean, Iruñearen kasuan. Dokumentazioan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak 2022ko irailaren 8an, 2022ko urriaren 25ean eta 2022ko azaroaren 10ean egindako errekerimenduak jaso dira. Era berean, bilkura horietan behin betiko planoak onetsi ziren, Administrazioen arteko Lankidetza Hitzarmenean hasiera batean proposatutakoak aldatzen dituztenak.

Bat etorriz Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta erregelamenduan eskatzen den gainerako dokumentazioa, bai eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2.b) eta c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6/1990 Foru Legearen 13., artikuluan eta hurrengoetan banaketarako aurreikusitako oztopoetatik bat ere ez dagoenez, bidezkoa da espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia ematekoa betetzea, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Horren ondorioz, eta aurretik adierazitakoarekin bat etorriz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8. b) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1. Galarko eta Iruñeko udal mugarteak Donapea eta El Garitón eremuetan aldatzeko espedientea hastea.

2. Espediente hori jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea Iruñeko eta Galarreko udalei, Galarko kontzejuei, Zizurko Udalari eta azken horren barruko kontzejuei. Azkenik, entzunaldia emanen zaie Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalari.

3. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu erakundeei entzunaldia emateko tramitearen epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Hori dela eta, espedientea Galarko eta Iruñeko udalen bulegoetan eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea 12-3. solairua) egonen da aztergai.

4. Ebazpen hau aipatutako erakunde guztiei jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.

5. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren esku uztea espedientearen instrukzioa ondorengo tramiteetan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 12an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2300750