169. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

61/2023 FORU DEKRETUA, abuztuaren 2koa, Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordearen antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 4an hartu Erabakiaren bidez, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana onetsi zen.

Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren 7.2 atalean adierazten denez, plana onetsi eta sei hilabeteko epean, jarraipen batzordea sortuko da, plana ebaluatu eta eguneratu ahal izateko, haren garapena, ezarpena eta sortzen diren arau-berrikuntzak kontuan hartuta. Batzorde horri Nafarroako hondakinen kudeaketaren berri emanen zaio, eta planen ondoriozko neurri garrantzitsu guztietan parte hartuko du.

Batzorde horretatik koordinazio eta jarraipen talde bat eratuko da, murritzagoa eta operatiboagoa, hondakinen planaren helburuak eta neurriak landuko dituena eta batzordeari hondakin planaren funtzionamenduari buruzko informazioa emateko beharrezkoa den dokumentazioa landuko duena.

Era berean, batzordetik lan-mahaiak sortuko dira fluxu jakin batzuen jarraipen zehatza egiteko, bereziki arlo hauetan: gobernantza, prebentzioa eta ekonomia zirkularra, hondakin organikoak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinak. Mahai horiek ere txikiak izanen dira, eraginkorragoak izateko eta taldeari eta batzordeari jarraipenaren berri emateko.

Gero, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 7ko 14/2018 Foru Legea onetsi zen, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planean ezarritako premisetatik abiatuta, eta parte hartzeko eta jendaurrean egoteko faseetan jasotako iradokizun eta ekarpenak aintzat hartuz, hori guztia hondakinen sorrera prebenitzeko eta haien kudeaketa hobetzeko, hondakinen hierarkia betetzeko eta ekonomia zirkularraren eta aldaketa klimatikoaren helburuak lortzeko asmoz, ingurumenaren babesa kudeatzearen arloan eta babeserako arau gehigarriak ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateak dauzkan eskumenez baliatuta.

II. kapituluko 13. artikuluan (Nafarroako Hondakin Planaren jarraipena eta kontrola), ezartzen da jarraipen batzorde bat sortu behar dela Nafarroako Hondakin Plana onetsi eta 6 hilabeteko epean, plana ebaluatu eta eguneratu ahal izateko, haren garapena, ezarpena eta sortzen diren arau-berrikuntzak kontuan hartuta. Batzorde horri laguntzeko, koordinazio eta jarraipen talde bat izanen da, baita partaidetza-taldea eta fluxu jakin batzuen jarraipen zehatza egiteko beharrezkoak diren lan-mahaiak ere.

Horretaz gain xedatuta dago erregelamendu bidez ezarriko dela jarraipen batzordearen osaera eta funtzionamendua, eta horregatik garatzen da foru dekretu hau.

Foru dekretuak hamaika artikulu ditu, hiru kapitulutan egituratuta: lehenengo kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da, bigarrena batzordearen osaerari eta funtzionamenduari buruzkoa, eta hirugarrena publizitateari eta urteko memoriari buruzkoa. Gainera, Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea eratzeari buruzko xedapen gehigarri bat du, lantaldeekin lotutako xedapen iragankor bat eta foru dekretuak indarra hartzeari eta arau-garapenari buruzko bi azken xedapen.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren biko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzea, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 7ko 14/2018 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea kide anitzeko organoa da, hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloan parte hartzekoa eta Nafarroako Hondakin Planaren jarraipena egitekoa.

2. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuari atxikitzen zaio, eta departamentu horrek baliabide materialak eta giza baliabideak eskuratuko dizkio, behar bezala jarduteko behar direnak.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak foru dekretu honi ez ezik, honako honetan xedatutakoari ere jarraituko dio: Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 7ko 14/2018 Foru Legea eta, kide anitzeko organoetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa.

4. artikulua. Eginkizunak.

Hauek dira Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Nafarroako Hondakin Planaren jarraipen organo gisa jardutea.

b) Ebaluatzea zer egoeratan dagoen Nafarroako hondakinen kudeaketa, zer aurrerapen egin den hondakinen planaren helburuak lortzeko eta eraginkorrak diren hartutako neurriak eta ekintzak.

c) Proposatzea hondakin planaren berrikuspena, legez ezarritako epeen arabera.

d) Proposatzea, hala badagokio, hondakinen plana eguneratzea, kontuan hartuta haren garapena eta ezarpena edo ondorengo araudi berriak.

e) Parte hartzea hondakin planaren ondoriozko neurri garrantzitsuetan.

f) Onestea koordinazio eta jarraipen taldeak proposatutako lan-mahaiak sortzea edo indargabetzea, edo interesgarritzat jotzen diren beste batzuk.

g) Koordinazio eta jarraipen taldeari proposatzea egokitzat jotzen diren iradokizun guztiak, azter eta lan ditzan.

h) Txostenak egitea hondakin planaren egoeraren eta jarraipenaren gainean eta etorkizunean egin beharreko ekintzen gainean.

i) Ekonomia zirkularrarekin eta hondakinekin lotutako ekimenak formulatzea edo neurriak iradokitzea.

II. KAPITULUA.–OSAERA ETA FUNTZIONAMENDUA

5. artikulua. Osaera.

1. Pertsona hauek osatuko dute Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea:

a) Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra; batzordeburua izanen da.

b) Hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloan eskumenak dituen zerbitzuko zuzendaritzaren titularra.

c) Hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloan eskumenak dituen atalaren titularra.

d) Toki administrazioan eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

e) Nafarroako toki entitateen ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duena.

f) Industria arloan eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

g) Herri lanetan eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

h) Hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloan eskumenak dituen ataleko teknikari bat, idazkaria izanen dena.

2. Aurrekoak adina ordezko kide izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan.

3. Batzordeko buruak, idazkariak eta kideek dituzten eginkizunak dira aurreikusita daudenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan.

4. Jarraipen Batzordea osatzeko, kontuan hartuko da ordezkaritza orekatuaren printzipioa betetzea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa. Horretarako, titularren eta ordezkoen proposamenetan, gizonen eta emakumeen arteko orekaren printzipioa beteko da osaeran.

6. artikulua. Funtzionamendua.

1. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak osoko bilkuran jardunen du, zeina batzordeko buruak, idazkariak eta kideek osatuko baitute.

2. Osoko bilkurari dagokio Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordearen eginkizunak betetzea.

3. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak koordinazio eta jarraipen talde baten laguntza izanen du. Talde horrek Nafarroako Hondakin Planaren helburuak eta neurriak landuko ditu, eta Nafarroako Hondakin Planaren funtzionamenduari buruzko dokumentazioa prestatuko du batzordeari jakinarazteko. Gainera, partaidetza-taldearen eta lan-mahaien laguntza izanen du.

7. artikulua. Osoko bilkurako bileretarako deia.

1. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, eta behar adina aldiz, hondakinen plana behar bezala gauzatzen dela zaintzeko. Bilkura bereziak egiten ahalko ditu batzordeko buruak hala erabakitzen duenean, edo batzordea osatzen duten pertsonen herenak hala proposatzen duenean. Azken kasu horretan, eskabidean aipatuko da jorratu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

2. Batzordeko buruak eginen ditu deialdiak, bilkura egin baino zazpi egun natural lehenago gutxienez.

Salbuespen gisa, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan arte laburtzen ahalko da gehienez ere, kontseiluko buruak aintzat hartzen dituen presazko arrazoiengatik.

3. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez eginen da, eta bertan adieraziko dira gai-zerrenda, saioa zer baldintzatan eginen den eta, hala badagokio, konexio-sistema. Gainera, ahal denean, eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa igorriko da.

8. artikulua. Osoko bilkura eratzea, erabakiak hartzea eta aktak egitea.

1. Osoko bilkura lehen deialdian eta balio osoz eratzeko, beharrezkoa izanen da bertan egon daitezela burua eta idazkaria edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta osoko bilkura osatzen duten kideen erdiak, gutxienez ere.

Bigarren deialdian ez da bertaratuen gutxieneko kopururik exijituko, baina beharrezkoa izanen da bertan izan daitezela burua eta idazkaria, edo, hala badagokio, haien ordezkoak.

2. Saioak aurrez aurre edo urrutitik egin ahal izanen dira, eskura dauden tresna teknologikoak baliatuta.

3. Erabakiak hartzeko eta aktak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Lantaldeak.

1. Koordinazio eta jarraipen taldea, partaidetza-taldea eta lan-mahaiak lantaldetzat hartuko dira, eta ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuaren titularraren foru aginduaren bidez sortu, aldatu eta kenduko dira.

2. Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordetik kanpoko pertsonak ere sartzen ahalko dira lantalde horietan, haien esperientzia profesionala edo ezagutza teknikoak interesgarritzat jotzen badira haren eginkizunak betetzeko. Zehazki, ahaleginak eginen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetako eta toki entitateetako teknikariak edukitzeko, baita hondakinen kudeaketan inplikatutako entitate eta eragileak eta beren helburuen artean ingurumena babestea duten elkarte eta erakundeak ere.

3. Lantaldeak sortzeko foru aginduak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Egitura organikoan izanen duen tokia eta, hala badagokio, noren menpe izanen den.

b) Osaera eta kideak izendatzeko irizpideak, betiere, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua kontuan hartuta.

c) Koordinatzailea, beharren arabera buruaren lanak gauzatuko dituena lantaldean.

d) Lantaldearen xedea eta esleitzen zaizkion eginkizunak.

e) Lantaldeek behar bezala funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

III. KAPITULUA.–PUBLIZITATEA ETA URTEKO MEMORIA

10. artikulua. Publizitatea.

Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak, maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak ezartzen dituen publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeaz gain, proposatuko du bere bilkuretan ukitutako eta interes publikokoak diren gaiei buruzko alderdirik esanguratsuenak argitaratzeko, Nafarroako Gobernuak eskura dituen bitartekoen bidez.

11. artikulua. Urteko jarraipen txostena.

Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak, urtero, jarraipen txosten bat onetsiko du, baloratzeko noraino bete diren ekonomia zirkularraren eta hondakinen arloan ezarritako politikak eta helburuak, hondakinen planaren arabera.

Txosten hori osoko bilkura batean aurkeztuko da, eta koordinazio eta jarraipen taldeari, partaidetza-taldeari eta lan-mahaiei saio horretarako gonbita eginen zaie.

Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea eratzea.

Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordea foru dekretu honek indarra hartu eta hiru hilabete igaro baino lehen eratuko da.

Xedapen iragankor bakarra.–Lantaldeak.

Lanean jarraituko dute, harik eta 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera dagokion foru agindua onetsi arte, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana prestatzeko sortutako partaidetza-taldeak eta foru dekretu honek indarra hartzean jardunean dauden lan-mahaiek.

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2311394