160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

JENDAURREKO INFORMAZIOA, honako eskaera honi buruzkoa: Baztango udal mugartean dagoen "Arritxuri 33061" ustiategiaren emakidaren meatze-soberakinak emateko eskaera.

Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuak onetsitako Meatzaritzako Araubidearen Erregelamendu Orokorraren 57. artikuluarekin bat, jendaurrean jartzen da ezen Canteras Acha SAk, Baztango udal mugartean dagoen "Arritxuri 33061" meatze-ustiategiaren emakidaren titularra den aldetik, honako eremu hau soberakin gisa deklaratzea eskatu duela, bai eta, orobat, hari ematea eta goian aipatutako emakidan sartzea: lurzoru frankoa eta erregistraezina, kokatua dagoena Arritxuri 33061 izeneko ustiapen-emakidaren mugen, 1º 37’ 20" eta 1º 35’ 40" meridianoen eta 43º 06’ 00" eta 43º 04’ 40"paraleloen artean, ETRS89 erreferentzia-sistemaren arabera.

Eskaera honen arrazoia beherago adierazitako helbidean kontsulta daitekeen eskaeran agertzen da. Laburbilduz, enpresak "Uzketa 2" ikerketa-baimena eskatu du, "Arritxuri 33061" izeneko bere emakidaren hegoaldean dagoen eremu batean, gaur egun indarrean dagoen erreferentzia-sisteman marraztutako meatze-laukien gainean (ETRS 89). Hala ere, lauki horiek "Arritxuri 33061" emakidak partzialki okupatutako laukiekin gainjartzen dira. Emakida hori 2000. urtean indarrean zegoen erreferentzia-sistemaren arabera (ED50) kalkulatutako meatze-laukien gainean eman zen.

"Arritxuri 33061" ustiapen-emakidaren meatze-soberakina eman ondoren, hala badagokio, ikerketa-proiektua garatu ahal izango litzateke, bai "Uzketa 2" ikerketa-baimenaren laukiei dagokienez, bai "Arritxuri 33061" emakidaren barruko lauki batzuei dagokienez.

Argitu behar da, nolanahi ere, soberakin horiek emateak ez liokeela baimenik emanen Canteras Acha SAri egungo ustiapen-proiektua zabaltzeko harik eta beharrezkoak izan litezkeen izapideak egin arte.

10 egun balioduneko epean (larunbatak, igandeak eta jaiegunak deskontatuko dira), Nafarroako Aldizkari Ofizialean jendaurreko informazioaren iragarkia agertu eta biharamunetik zenbatzen hasita, soberakina kokatzen den laukiaren edo laukien barruan lurrak dituzten ustiapen-emakiden titularrek, baita lauki haien mugakide diren laukien barruan osorik edo partez sarturik dauden lurrak dituzten ustiapen-emakiden titularrek ere, zilegi izanen dute soberakin hori osorik edo zati bat eman diezaietela eskatzea edo emakida horri uko egitea, eta, horretarako, azaldu beharko dute zein eskubide, arrazoi eta justifikazio tekniko eta ekonomikotan oinarritzen diren. Adierazpen horiek, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

Espedientea aztergai dago Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan (Tomás Caballero parkea 1, 5. solairua, Iruña) eta Nafarroako Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Atarian, esteka honen bidez:

https://gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/tramite-informacion-publica/solicitud-otorgamiento-demasia-minera-concesion-arritxuri-33061

Iruñean, 2023ko uztailaren 20an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2311020