16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 2an hartua, Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agenda, 2022-2027 urteetakoa, onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egin du Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agenda, 2022-2027 urteetakoa.

Alferrik galtzen diren elikagaien kopurua murriztea da nazioarteko erakundeen eta Europako gobernuen estrategietan jasotako erronka nagusietako bat, arazo honek sortzen dituen inpaktu etiko, sozial, ingurumenekoak eta ekonomikoak direla eta.

2015ean, NBEk garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan jaso zuen gai hau, murrizketarako helburu batzuk jarrita: %50eko murrizketa etxeetan eta %20koa elikagai katean, 2020ko datuetan oinarrituta. Europar Batasunak premiatzen ditu bere estatuak sektore bakoitzean elikagai katearen eraginkortasuna hobetuko duten jarraibideak ematera. Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak "Elikagai gehiago, hondakin gutxiago" izeneko programa du, elikagaien galerak eta xahuketa murrizteko, botatzen diren elikagaiak balorizatzeko eta ingurumenean duten inpaktua mugatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Plana. Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen duen helburuaren arabera, sortzen den hondakin kopurua %12 murriztu behar da 2027rako. Planak hondakinen prebentzioaren ikuspuntutik lantzen du elikagaien xahuketaren gaia. Nafarroako Hondakin Planean jasotako neurrietako bat da elikakatean hondakinen prebentziorako ekintza plan bat prestatzea.

Era berean, Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Agendan ere, ekonomia zirkularraren testuinguruan, elikagaiak alferrik galtzearen arazoa lehentasunezko bost arloetako bat da, erronka espezifikoak dituena; alde horretatik, kontsumo arduratsua sustatzen du eta ekintzen artean jasotzen du alferrik galtzen den elikagai kopurua balio-kate osoan murrizteko plan bat egitea.

Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agenda, 2022-2027 urteetakoa, idazteko lehen fasea 2018an eta 2019an egin zen, funtsezko eragileen parte-hartzearekin. Parte hartzeko hiru bilera egin ziren Elikagaiak Alferrik Ez Galtzeko Lan-mahaia osatzen duten pertsonekin. Bilera horietan sortutako informazioan oinarrituta idatzi zen agendaren lehen zirriborroa.

2021ean, lehen zirriborro hori lerrokatu zen elikagaiak alferrik galtzearen arazoarekin lotuta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean jasotako ekintzekin eta estatuko "Elikagai gehiago, hondakin gutxiago" izeneko estrategiarekin, eta bigarren zirriborroa prestatu zen. 2022. urtearen hasieran agenda lerrokatu zen arauen arloan izandako azken berritasunekin, egungo testuinguru sozio-politikoa erreferentziatzat hartuta.

Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agendak, 2022-2027 aldikoak, helburu nagusi bat du, alegia, Nafarroan elikagaiak alferrik galtzearen prebentzio eta murrizketarako hainbat lan arlotan jarduketa batzuk betetzen laguntzea, eta jarduketa horiek estatuko "Elikagai gehiago, hondakin gutxiago" izeneko estrategiarekin lerrokatzea, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planean adierazita dagoen bezala.

Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agendak, planteatutako helburuak lortzeko, 3. kapituluan aurkeztutako jarduerak garatuko ditu. Agendaren urteroko jarraipena eginen da, planteatutako helburuak noraino betetzen ari diren jakiteko.

Agendaren helburua da Nafarroako Foru Komunitatean alferrik galtzen den elikagai kopurua murriztea, eta haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira bai elikagaien galerak murrizteko jarduketak, bai elikagaien hondakinak kudeatzeko jarduketa espezifikoak.

Agendak lehentasunen hierarkiaren goiko mailetan jarriko du arreta. Agendako jarduketen helburua izanen da hobekuntzak lortzea elikagaien industrian, eraldaketan eta fabrikazioan, txikizkako salmentan eta elikagaien beste banaketa mota batzuetan, jatetxeetan eta elikagai zerbitzuetan, bai eta etxeetan ere.

Indarraldia 6 urtekoa da (2022-2027), eta, amaitutakoan, luzatzen edo berrikusten ahalko da, egokitzat jotzen bada edo Europako, nazioko eta eskualdeko unean uneko eskakizunen arabera.

Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikulua betez, Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko 2022-2027 urteetako agendaren zirriborroa, jendaurrean jarri da, web orri honetan argitara emanda: https://participa.navarra.es/processes/agenda-desperdicio-navarra. Atari horren bidez hiru ekarpen jaso dira eta beste bi ekarpen helbide elektronikoaren bidez, eta horiek ere baloratu dira plataforman funtzionamendu arazoak gertatu direlako. Iradokizunak, guztira, hogeita lau izan dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agenda, 2022-2027 urteetakoa. Erabaki honen eranskinean dago.

2. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara igortzea.

3. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Parlamentura igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

4. Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Nafarroan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko agenda 2022-2027 (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2214745