157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

183/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez 0tik 3 urtera bitarteko haurrak dituzten familiei laguntza ekonomikoak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi eta horretarako gastua baimentzen baita. DDBN identifikazioa: 702070.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea, eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren erabaki baten bidez baimendu da laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedientean dauden txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian uzten dute, hurrenez hurren, deialdia egokia eta interesekoa dela gizartearentzat eta oinarri arautzaileak legezkoak direla; era berean, jasota dago kontu-hartzailetza delegatuaren fiskalizazio positiboa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 0tik 3 urtera bitarteko haurrak dituzten familiei laguntza ekonomikoak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

2. 10.000.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontuko "Beren kargura 0tik 3 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzako dirulaguntza" izeneko 920006 93300 4809 231510 partidaren kargura.

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

5. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA.–0TIK 3 URTERA BITARTEKO HAURRAK DITUZTEN FAMILIEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehendabizikoa.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bitartez, hiru urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko familiei emanen dizkien laguntza batzuk arautzea, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Indarrean dagoen zerga-araudiaren arabera, laguntza horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita egonen dira.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

2023ko ekitaldian, horretarako zenbatekoa, guztira, 10.000.000 eurokoa izanen da, "Beren kargura 0tik 3 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzako dirulaguntza" izeneko 920006 93300 4809 231510 partidaren kargura.

Hirugarrena.–Baldintzak.

1. Laguntzaren onuradunak izanen dira hura eskatzen duen pertsona eta haren familia-unitatea, baldin eta eskaeraren egunean eta laguntza ematen den aldi osoan honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Hiru urtetik beherako seme-alabak izatea. Horretarako, kontuan hartuko dira deialdi honetan eskaerak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen jaiotako haurrak.

b) Gutxienez sei hilabete lehenagotik Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea. Bizilekuaren baldintza egiaztatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko edozein udalerritako erroldatze-agiria, eskaera aurkeztu baino sei hilabete lehenagokoa gutxienez, aurkeztuko da.

Laguntzaren ondorioetarako kontuan hartzen den familiako kideren batek gutxieneko epe hori betetzen ez badu, azken hamar urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bost urtez jarraian bizi izan dela eta erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du.

c) Laguntza jasotzeko eskubidea ematen duten seme-alabekin benetan bizitzea. Nolanahi ere, ulertuko da ikasketak, lana, tratamendu medikoa, errehabilitazioa edo antzeko arrazoiak direla-eta aldi baterako banantzeak ez duela elkarbizitza eteten.

d) Familia-unitatea osatzen duen inork ez jasotzea errenta bermaturik, bizitzeko gutxieneko errentarik edo antzeko laguntzarik.

e) Atzerritarren kasuan, indarrean dagoen bizileku-baimena izan beharko dute.

f) Familia-unitateak 2022an lortutako errentak, salbuetsiak barne, 45.000 eurotik gorakoak ez izatea, diru-sarrerak pertsona bakar batenak direnean, edo 70.000 eurotik gorakoak, familia-unitatearen diru-sarrerak pertsona batenak baino gehiagorenak direnean.

Zaintza partekatuaren kasuan, salbuespen gisa, ez dira kontuan hartuko familia-unitatearen errentak, baizik eta bi gurasoen errenten batura, salbuetsiak barne; batura hori ez da izanen 70.000 eurotik gorakoa.

Errenta-muga hori %10 handituko da laguntza horretarako kontuan hartzen den eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duen familia-unitateko pertsona bakoitzeko.

g) Eskatzailea eta haren familia-unitateko kide bat ere ez egotea behartuta 2022ko ondarearen gaineko zerga aurkeztera.

h) Familia-unitatea osatzen duten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluko onuradun izateko debekurik ez izatea.

2. Tutoretzapean, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeak familiako seme-alaba gisa zenbatuko dira; horrelakoetan, laguntzaren ordainketa kalkulatzeko, hura deklaratzen duen ebazpen judizialaren edo administratiboaren data hartuko da erreferentziatzat, baldintzak betetzen baditu, betiere.

3. Eskaera egin aurretik bananduta edo dibortziatuta egonez gero, honako arau hauek bete beharko dira:

a) Laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen haurraren zaintza eta jagoletza esklusiboaren kasuan, hori duen pertsonak bakarrik eskatu eta kobratzen ahalko du laguntza.

b) Zaintza eta jagoletza partekatuaren kasuetan, berariaz adostu beharko da bi gurasoetako zeinek eskatuko duen laguntza, eta kontu-zenbaki komun bat aurkeztu beharko da laguntza ordaintzeko. Adostasunik ez badago, laguntza %50 murriztuta emanen zaio eskatzaileari, deialdi honetako seigarren oinarriko 9. puntua betetzen badu.

4. Laguntzak jasotzeko baldintza guztiak bete beharko dira, bai laguntza ebazten den unean, bai laguntza jasotzen den aldi osoan.

5. Laguntza honen ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru-araudian zehaztutakoa.

6. Eskaera aurkeztu ondoren gertatzen den eta eskuratzeko baldintzei eragiten dien edozein gorabehera gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari.

Laugarrena.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa hilean 100 eurokoa izanen da hiru urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko, gehienez ere 12 hilabetez.

Laguntzak hilabete osoetan ordainduko dira; lehen ordainketa haurra jaio eta hurrengo hilabeteko lehen egunean hasiko da, eta azken ordainketa hiru urte bete eta hurrengo hilabetean eginen da.

Deialdi hau urtekoa da; beraz, azken ordainketa 2023ko abenduaren 31koa izanen da.

Bosgarrena.–Laguntza azkentzea.

1. Laguntza honako kasu hauetan azkenduko da:

a) Deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten zaionean.

b) Adingabeak babesteko erakunde publikoak familia-unitateko edozein adingaberen zaintza bere gain hartzen duenean, behin-behinean bada ere.

c) Eskatzaileak genero-indarkeriagatiko kondena-epaia duenean, horrek eragotzi gabe biktimak laguntza eskatu ahal izatea.

d) Bizilekua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo aldatzeagatik.

e) Eskatzaileari guraso-erantzukizuna edo guraso-ahala kentzeagatik.

f) Eskatzaileak, laguntza-eskaera aurkeztu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea duen semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza izateari uzten dionean. Kasu horietan, zaintza duen gurasoak berriro eskatzen ahalko du laguntza. Ezin izanen da inola ere dagokion zenbatekoa baino handiagoa izan.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko azaroaren 2an bukatuko.

2. Eskaerak eta dokumentazio erantsia telematika bidez aurkeztea lehenetsiko da, eredu normalizatuan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.

3. Eskaerak erantzukizunpeko adierazpenaren izaera du eta laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa izan beharko du; harekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten pertsonen nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia.

b) Erregistro Zibilaren ziurtagiria, laguntza eragin duen haurraren amatasun- edo aitatasun-harremana egiaztatzen duena, eta, hala badagokio, familia-liburuaren edo baliokide baten kopia, laguntzak jasotzeko eskubidea ematen duten seme-alabak jasota dituena.

c) Eskatzailearen eta familia-unitatearen errolda-agiria/ziurtagiria, antzinatasuna eta bizikidetza jasoko dituena.

d) Eskatzaileen errentaren gaineko 2022ko errenta-aitorpena, bai eta beste pertsona batzuena ere, haien errenta kontuan hartu behar bada laguntza hauen ondorioetarako. Administrazioak egiaztapena egiteko baimenik ematen ez badu edo hura kontsultatzea ezinezkoa bada, dagokion errenta-aitorpena aurkeztu beharko da. Dokumentu hori esteka honetatik lor daiteke:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Consulta-de-declaraciones

e) Transferentzia bidez ordaintzeko jatorrizko eskaera, behar bezala betea. Esteka honetatik eskuratu behar da dokumentua:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

f) Hala badagokio, indarrean dagoen bizileku-baimena.

g) Adopzioaren, tutoretzaren, adopzioaren aurreko bizikidetzaren eta familia-harrera iraunkorraren kasuetan, administrazio-ebazpena eta, hala badagokio, jakinarazpenaren data egiaztatzen duen ziurtagiria, hura emateko eskumena duen agintaritza eskudunak emana.

h) Hala badagokio, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea duen adingabearen zaintza eta jagoletza bakarra duela jasotzen duen epaia.

i) Zaintza partekatuaren kasuetan, hori egiaztatzen duen epaia eta alderdien arteko akordioa, zaintza eta jagoletza partekatuaren kasuetan laguntza bi gurasoetako zeinek eskatuko duen adierazten duena.

4. Dokumentazio hori eskaneatuta aurkeztu beharko da, bereizitako eta identifikatutako agirietan, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19. artikuluan ezarritako baldintzak, edo eskaera baloratzea ahalbidetzen ez badu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, organo kudeatzaileak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Aipatu organoak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.

7. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8. Laguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea laguntza ematen duen organoari, ofizioz egiazta dezan hirugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen diren.

Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharrak egiaztatzeko agiriak. Edo pertsonetako batek ez badu adostasuna sinatzen.

9. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera, edo bere ordezkariak, ezkontideak edo bikotekide egonkorrak, hala badagokio.

Errenta kalkulatzeko, kontsultatu beharreko datuak dituzten pertsona guztiek, eskaera berean, baimena eman beharko diote organo kudeatzaileari laguntza hauei buruzko datuak tramitatzeko eta egiaztatzeko behar den informazioa eskura dezan, zuzenean edo telematika bidez, Zerga Ogasunean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean edo espedientea ebazteko eta alegatutako datuak egiaztatzeko informazio garrantzitsua duen edozein erakunde publiko zein pribatutan.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, gehienez 10 egun balioduneko epea emanen zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo eskaera baloratzeko behar den dokumentazioa aurkezteko. Hori egin ezean, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta eskaera artxibatu eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako baldintzetan ebazpena eman ondoren.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Banakako ebaluazioa erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza. Horrexek egiaztatuko du betetzen diren dirulaguntzak eskuratzeko behar diren baldintzak, hirugarren oinarrian ezarritakoak, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, oinarri hauen arabera.

Zortzigarrena.–Balorazioa, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea eta ebazpena.

1. Instrukzio organoak, hirugarren oinarria kontuan hartuta, banaka-banaka aztertuko ditu eskaerak, haiek aurkezteko hurrenkerari jarraikiz; eta laugarren oinarrian adierazitakoaren arabera zehaztuko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Oinarri arautzaile hauetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei laguntza ematea proposatuko da, harik eta aurrekontuaren partida agortu arte; ebazpen arrazoitua eginen da eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.

3. Ebazpena edo ebazpenak hiru hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita, eta argitara emanen dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, www.nafarroa.eus helbidean, Tramiteen Katalogoan laguntzak duen fitxan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta argitaratu gabe, laguntza-eskaera administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen ahalko da.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa hilero ordainduko zaie onuradunei, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluaren arabera.

Hilabete bakoitza bukatutakoan ordainduko da laguntza, transferentzia bidez kobratzeko eskaeran eskatzaileak adierazten duen kontu korrontean.

Hala ere, lehen ordainketa dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eginen da, hilabete osoetan, semea edo alaba jaio eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera, edo, tutoretza, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzea edo harrera iraunkorra izanez gero, ebazpenaren datatik aurrera. Jaiotza edo ebazpen hori 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen gertatu bada, zenbatekoa 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera dagokiona izanen da.

2. Dirulaguntza justifikatutzat joko da hura eskuratzeko baldintzak betetzearekin eta betetzen segitzearekin.

Hamargarrena.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzaren onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Organo kudeatzaileari jakinaraztea beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza edo laguntzen berri.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa.

c) Organo emailearen egiaztapenak eta kontrolak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietarako eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Bidegabeki jasotako laguntzak itzultzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, ordaindutako dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik behar den prozedura tramitatuko du, eta bertan, organo kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Itzulketaren prozedura amaitzeko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori iraganik, dirua itzultzeko prozedura iraungitzat joko da.

Prozedura amaitzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, diru-sarrera non, nola eta noiz egin behar duen adieraziz eta, orobat, ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideari hasiera emanen zaiola.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok, erakunde publikok edo pribatuk, kontzeptu eta helburu berberetarako, 3 urtera arteko adingabeen hazkuntzarako emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

Hamabigarrena.–Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa, Eskubide Sozialetako Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta eskubide horiek erabiltzeko Eskubide Sozialetako Departamentura idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute (González Tablas k. 7, 31005, Iruña, edo info.derechossociales@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamabosgarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2023ko ekainaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2309041