15. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARBARIN

Udal ordenantza, "El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Barbaringo Udalak, 2022ko abuztuaren 10ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "El Mostillero elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza".

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 6koan, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Barbarinen, 2022ko abenduaren 14an.–Alkatea, María Carmen Puerta Extremera.

ORDENANTZA, "EL MOSTILLERO" ELKARLAN ETA EKINTZAILETZARAKO GUNEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Barbaringo Udala, inguruko egoerarekin kezkatuta, despopulazioaren aurkako jarduera-programa bat bultzatzen ari da, Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko prestatu duen ekintza-planaren barruan.

Testuinguru horretan, Barbaringo Udalak neurriak hartuko ditu, despopulazioa arintzen lagunduko duten ereduak ezarriz, hala nola coworking gune bat sortzea. Lizarraldeko beste eremu batzuetan eta landa-eremuetan inplementatu dira halako guneak, bai Espainian, bai Europan, jarduera ekonomikoaren dinamizazioa errazteko eta biztanleria finkatzeko aukerak eskaintzeko xedez.

Landa-eremuek aurre egin beharreko beste erronka bat sare teknologikoetarako irisgarritasuna da. Inguruko etxeetan Interneterako konexioa, oro har, ez da ona; hala ere, espazio batzuetara iristen da zuntz optikoko sarearen konexioa, baina ez udalerri guztietara.

Barbaringo coworking-ak, oro har, helburu du erantzutea egoiliarrek ez ezik, ikasten ari direnek eta, beren enpresan edo telelanaren bidez beste erakunde batean lan egiten duten pertsonek ere ildo horretan izan dezaketen beharrari. Era berean, balio du pertsonek beren lana edo ikasketak egiteko espazio gisa, zaratarik gabeko leku lasai batean, eta neguan zein udan tenperatura atseginean.

Orobat, Barbarinek zentro zibiko bat jarri du abian komunitateari gizarte-jarduerak eskaintzeko, eta bi proiektuen arteko sinergiek bi jardueren garapena indartu eta sendotu dezakete.

Azkenik, Barbarin herriak ez du kulturgunerik bertan bizi direnek garatu ahal izateko zinemarekin, idazketarekin edo poesiarekin zerikusia duten jarduerak, nahiz eta hori den udalak gehien zaintzen duen alderdietako bat, kultura eta poesia zikloak sustatzen ditu eta.

Coworking gune berriak, era berean, erantzunen dio udalerriko bizilagunen artean kultura-, lankidetza- eta kohesio-jarduerak sustatzeko beharrari.

Horregatik guztiagatik, "El Mostillero" coworking-a sustatzean eta bultzatzean jarduera kulturala eta soziala eta jarduera sozioekonomikoa dinamizatu nahi dira eskualdean, bizilagunen parte-hartzea eta haien arteko kohesioa bultzatuz eta lagunduz enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen, bai eta populazioa finkatzen ere, elkarlanaren, berrikuntzaren eta bertako talentuaren sustapenaren bidez.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da "El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera arautzea. Udaletxe zaharraren eraikinaren beheko solairuan dago, Barbaringo Kale Nagusiko 11. zenbakian. Zehazki, hauek arautzen dira:

a) Gunearen erabiltzaile diren enpresa eta pertsonen eskubide, betebehar eta erantzukizunak.

b) Ordenantza hau ez betetzeak dakartzan ondorioak.

c) Eskaeren izapidetzea.

d) Gunea erabiltzeagatik kobratu beharreko prezio publikoak.

2. artikulua. "El Mostillero" gunearen helburua.

Elkarlanerako eta ekintzailetzarako gunearen helburua da Barbarin inguruko ekintzaileei, autonomoei, profesionalei, mikroenpresei eta ikasleei, baina baita kanpokoei ere, lan-eremu partekatu bat eskaintzea, elkarlanaren ereduan oinarritua, baliagarria izanen dena bultzatzeko sinergien sorrera, baterako ikaskuntza, harremanen sustapena eta proiektu eta ezagutzen partekatzea; hori guztia, laguntzeko enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen.

3. artikulua. Onuradunak.

Elkarlanerako eta ekintzailetzarako gunea, batez ere, Barbarin herrian eta haren inguruko herrietan (Urbiola, Lukin eta Arroitz) erroldatuta dauden eta/edo bizi diren pertsonei zuzenduta dago, "El Mostillero" lanerako tokitzat erabil dezaten; zehazki, honako hauei:

1. Negozio-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileak.

2. Egoitza sozial eta fiskala Barbarin herrian eta haren gertuko udaletan daukaten autonomo, profesional eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak.

3. Telelanean lan egiten duten langileak.

4. Gunea erabili behar duten ikasleak.

Beste udalerri batzuetakoek erabiltzen ahalko dute, eskaria egonez gero eta, orobat, horretarako toki librerik egonez gero.

4. artikulua. "El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako guneko zerbitzuak.

1. "El Mostillero" gunea Barbaringo (Nafarroa) udaletxe zaharraren lehen solairuan dago, eta honako hauek ditu:

–60 metro koadroko lan-gela, banakako zazpi lanpostutarako lekua duena. Pantailaduna, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.

–Bilkura aretoa, 12 metro koadrokoa.

–Komun bat.

Banakako lanpostu bakoitzean ekipamendu hau dago:

–Mahai eta aulki pertsonalak.

–Ekipo informatikoak konektatzeko elektrizitate-harguneak.

–Zuntz-konexioa. Giltzadun armairuak.

2. "El Mostillero" gunean, oro har, honako zerbitzu hauek emanen dira:

–Azpiegitura:

  • Ur-hornidura, argindar-hornidura, berokuntza eta zuntz bidezko konexioa.
  • Gunearen garbiketa, mantentze lana eta zaintza.

5. artikulua. Ordutegia.

1. "El Mostillero" gunea urte osoan egonen da zabalik, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez, kontratuan ezarritako ordutegiaren arabera.

Estatuko, foru komunitateko eta herriko jaiegunak errespetatuko dira.

Ordutegi horretatik kanpo sartzeko, Barbaringo Udalaren berariazko baimena beharko da.

Barbaringo Udalak eskubidea izanen du aldaketak egiteko, eskariaren ondorioz eta/edo ezinbesteko arrazoiengatik. Betiere, aurretiaz aldaketa horien berri emanen die erabiltzaileei. Aldi baterako itxierak ez die eskubiderik emanen erabiltzaileei Barbaringo Udalari eskatzeko ez ondare-erantzukizunik, ez kalte-galeren ordainik.

2. Eraikinera nahiz gunera egindako sartu-irtenak erregistratuta geldituko dira excel formatuko erregistro baten bidez, eta erabileraren jarraipena eginen da aldian-aldian.

3. Gunera sartzeko eskubidea eta haren erabilera pertsonalak eta besterenezinak dira.

4. Bertan egoteko eta erabiltzeko gutxieneko bat exijitzen ahalko da.

6. artikulua. Aldi baterako ixtea.

1. "El Mostillero" guneko eremu komun guztiak edo zati bat edozein unetan ixtea xedatzen ahalko da, konponketa-lanak edo beharrezko aldaketak egiteko, eta ukitutako postuen edo guneen titularrei 15 egun natural lehenago jakinarazi ondoren, premiazko edo ezinbesteko kasuetan izan ezik.

2. Aldi baterako itxierak ez die inolaz ere emanen eskubiderik erabiltzaileei Udalari eskatzeko ondare-erantzukizunik, edo kalte-galeren ordainik.

7. artikulua. Gunearen erabileraren iraupena.

1. "El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera aldi baterako izanen da, gehienez ere urtebeterako. Eskatzaileek nahieran aukera dezakete nola bete aldi hori.

2. Toki librerik baldin badago, kontratuak luzatzen ahalko dira.

8. artikulua. Segurtasuna.

1. "El Mostillero" guneak ez dauka berariazko segurtasun eta zaintza sistemarik. Barbaringo Udala aske geratuko da eta ez du inolako erantzukizunik hartuko lagatako postu edo espazioen segurtasunari dagokionez, sute, lapurreta, ezinbesteko kasu edo, oro har, edozein motatako istripuetan pertsonei, merkantziei edo gauzei eragin dakizkiekeen kalteengatik.

2. Erabiltzaileek uko egiten diote Barbaringo Udalari inolako erantzukizunik eskatzeari "El Mostillero" gunean segurtasun-neurri eskasek objektuetan, materialetan eta produktuetan eragindako kalteak direla eta.

3. Debekatuta dago su-itzalgailuak eta segurtasun-gailuak edo -neurriak justifikaziorik gabe erabiltzea, eta gai horretan emandako edo emanen diren arau eta jarraibide guztiak errespetatu beharko dira.

4. Larrialdietarako eta/edo ebakuaziorako irteera gisa erabil daitezkeen pasabideak, bideak eta ateak beti egon beharko dira erabilgarri eta oztoporik gabe, une oro zailtasunik gabe erabili ahal izateko.

5. "El Mostillero" gunearen barruan ezin izanen da jarri zoruen eta hormen karga-muga gainditzen duen pisurik daukan objekturik.

6. Edozein motatako ondasun, gai edo elementu biltegiratzeko eta kontserbatzeko, segurtasun-baldintza gorenak bete beharko dira beti, titularren edo, hala badagokio, langileen erantzukizunpean; bereziki, merkataritza-, kontabilitate-, zerga- eta lan-arloko dokumentazioa, salbu eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duenean dokumentazio hori leku jakin batean egotea.

7. Debekatuta dago zarata egitea eta "El Mostillero" guneko gainerako erabiltzaileei eragozpenak sortzen dizkien edozein elementu desegoki erabiltzea, bai eta sartzea edozein animalia eta/edo material arriskutsu ere (gida-txakurrak izan ezik).

Debekatuta dago enpresa- eta/edo prestakuntza-esparruaz bestelako jarduerarik egitea.

9. artikulua. Giltzak gordetzea.

Segurtasun-arrazoiak direla eta, larrialdi-egoeretan edo hala eskatzen duen edozein egoeratan erabiltzeko, Barbaringo Udalak postu bakoitzeko espazio/armairuetara sartzeko giltzen kopia bat izanen du, "El Mostillero" guneko bulegoetan eta udal-langileen eskura.

10. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Eraikinaren segurtasunean eragina izan dezakeen edozein arrazoizko egoera edo zantzu berehala jakinarazi beharko zaio Barbaringo Udalari, hori egiten dutenek aplikatu ditzaketen kautelazko neurriak alde batera utzi gabe.

2. Barbaringo Udalak beretzat gordetzen du "El Mostillero" gunean sartzea ukatzeko eskubidea, Barbaringo Udalaren edo bere erabiltzaileen segurtasunerako, osperako eta intereserako kaltegarritzat jo daitekeen edonor.

Adjudikaziodunek ekintza horretan lagundu beharko dute, hala eskatzen zaienean.

3. "El Mostillero" gunera sartzen edo bertan egoten den edozein pertsonak bere burua identifikatu eta han dagoela justifikatu beharko du, halakorik eskatzen bazaio.

11. artikulua. Garbiketa eta zaintzea.

1. "El Mostillero" gunearen erabiltzaileek uneoro mantendu beharko dituzte lagatako azalerak eta ekipamenduak funtzionamendu-, aurkezpen- eta garbitasun-egoera onean.

2. Erabiltzailearen jarduerak gunearen egitura-elementuetan, instalazio orokorretan, erabilera komuneko eremuetan, haren bulegoetan edo lagatako espazioetan edo altzarietan eragiten dituen kalteak edo hondamenak erabiltzaile eragileak konponduko ditu, zuzenean eta bere kontura.

3. Eskatutako epean egiten ez bada, gunea erabiltzeko baimena ondoriorik gabe utziko da, eta konponketaren kostua arduradunari jasanarazi ahalko zaio.

4. Barbaringo Udalak beretzat gordetzen du dagozkion legezko egintzetara jotzeko eskubidea, erreklamatu daitezkeen erantzukizun zibil edo penalak alde batera utzita.

12. artikulua. "El Mostillero" gunearen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

1. Erabiltzaileen eskubideak.

a) Lanpostuari esleituriko tokiaren eta altzarien (mahaia, aulkia, armairua) erabilera, bai eta eremu komunenak ere (komunak), horiek onik zainduz eta erabiltzeko arauak errespetatuz.

b) Aretoaren erabilera, bilerak egiteko eta beste erabilera batzuetarako. Aurretiaz izena eman beharko da, eta guneko arduradunari jakinarazi.

c) "El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen bereizgarria erabiltzea, baldin eta helburua bada elkarlanaren eta ekintzailetzaren espiritua agertzea.

2. Erabiltzaileen betebeharrak.

a) Partekatzen den eremu komuna errespetatzea, bizikidetzaren oinarrizko arauak gordez, zaratarik gabeko lan-giroa lortzen saiatuz eta lanpostua garbi eta txukun edukiz, eta instalazio eta altzariak, egoera onean.

b) Nork bere gain hartzea eragindako kalteak.

c) Adjudikazioak dakartzan betebehar ekonomikoak betetzea, ordenantza honetan zehazturik daudenak.

d) Sartu-irtenak egitean, gauzaki pertsonalak zaintzea eta ateak itxita uztea. Barbaringo Udalak ez du bere gain erantzukizunik hartzen erabiltzaileen gauzaki pertsonalak kaltetzeagatik, desagertzeagatik edo antzeko gertaerengatik.

e) Gunera aldian-aldian joatea, gutxieneko erabilera presentzial bat eginez.

f) Norbere egitea gunean ingurumena zaintzeko proposamenak (uraren zaintza, hondakinak minimizatzea eta birziklatzea, eta beste).

g) Horretarako esleitutako tokietan soilik jatea eta erretzea. Eraikinaren kanpoan, alegia.

h) WiFi sarbideko zerbitzua arduraz eta zuzen erabiltzeko konpromisoa, legez kanpokoak, debekatuak edo hirugarrenen eskubide eta interesentzat kaltegarriak diren helburu edo ondorioekin, edo beste zeinahi eratan, baldin eta eragin badezake kalte egitea, erabilezin uztea, gainkargatzea, narriatzea edo erabilera normala eragoztea zerbitzuan, dokumentuetan, artxiboetan eta Internet bidezko sarbidea duen zeinahi ekipo informatikotan gordetako eduki mota guztietan. Barbaringo Udalak ez du bere gain hartzen halakoen ondoriozko erantzukizunik, ordenamendu juridikoak horretarako bide ematen duen hein guztian.

3. Erabiltzaileek ezin dute lokal barruan obrarik egin.

4. Gunea utzi nahi bada ezarritako epea bete baino lehen, Barbaringo Udalari jakinarazi beharko zaio idatziz bi aste lehenago. Gunea erabiltzeari behar baino lehenago uzteak ez du zehapenik ekarriko.

5. Bertako arduradunarekin koordinatuko dira gunearen erabilera eta egin asmo diren jarduerak.

6. Erabilera lizentzia bukaturik, onuradunek gunea utzi beharko dute hasieran zegoen egoera berean.

13. artikulua. Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzea.

Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzeko arrazoi izanen da ez betetzea aurreko artikuluan ezarritako edozein betebehar.

14. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

"El Mostillero" gunea erabiltzen duten enpresaburuek eta ekintzaileek baimena ematen dute beren datu pertsonalak tratatzeko eta datu horiek Barbaringo Udalaren titulartasuneko Excel fitxategi batean sartzeko.

15. artikulua. Eskaerak eta gunearen erabilera. Izapidetzea.

Hau izanen da izapidetze-prozedura:

1. Interesdunek I. eranskineko eredua baliatu beharko dute eskbidea aurkezteko.

2. Bete eta sinatu ondoren, Barbaringo Udalean entregatuko da, edo, hala badagokio, administracion@barbarin.es helbidera bidalitako mezu elektroniko baten bidez ("coworking erabiltzeko eskaera + izen-abizenak" jarrita mezuaren gaian).

3. Eskatzaileek aurkeztu beharko dituzte honako agiri hauek:

a) NANaren fotokopia.

b) Ordainketa helbideratzeko beharrezko dokumentazioa.

c) Jardueraren laburpen laburra, II. eranskinaren arabera, eta, hala badagokio, negozio- edo bideragarritasun-plana.

4. Barbaringo Udalak eskaerak ebaluatuko ditu eta Alkatetzaren ebazpen bat emanen du, aukeratutako pertsonari gunea adjudikatzeko.

5. Plazarik lortu ez duten proiektuak itxarote-zerrenda batean sartuko dira, eskaeren sarrera hurrenkera kontuan hartuta ordenatuta.

6. Esleipena egin eta hilabeteko epean, onuradunak fidantza ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du. Bestela, "El Mostillero" gunea erabiltzeko eskubidea galduko du eta bere plaza itxaron-zerrendako hurrengoak betetzen ahalko du.

"El Mostillero" gunerako erabilera-lizentzia besterenezina da; hortaz, titularrek ezin dute laga edo trukatu baimentzen den erabilera hori.

16. artikulua. Erabiltzeko prezio publikoak.

"El Mostillero" elkarlan eta ekintzailetzarako guneko ondasun eta zerbitzuak gozatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek:

1. Normalean, lanpostu bat eta haren instalazio komunak erabiliz, alokairua 50,00 eurokoa izanen da, hilabetean.

2. Gune osoa egun erdiz alokatzeak 80,00 euro balio du, garbiketa-zerbitzua barne.

3. Gune osoa egun osorako alokatzeak 130,00 euro balio du, garbiketa-zerbitzua barne.

Erabiltzen hastean, berme edo fidantza bat jarriko da, 50,00 eurokoa, eta hura itzuli eginen da gunea erabiltzeari uzten zaionean, guztia kontserbazio-egoera onean baldin badago.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–"El mostillero" gunean tokia eskatzeko fitxa.

2. eranskina.–Ekintzailetza-proiektuaren deskribapena.

Deskargatu 1. eta 2. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2217011