14. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

300/2022 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak emateko deialdia, Biosfera Erreserbetan 2023ko, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan jarduketak egiteko, Europar Batasunak finantzaturiko NextGenerationEU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668520.

Osasunaren Mundu Erakundeak joan den 2020ko martxoaren 11n COVID-19ak eragindako pandemia deklaratu ondoren, Europar Batasuneko estatuek berehala hartu zituzten premiazko neurri koordinatuak, herritarren osasuna babesteko eta ekonomiaren kolapsoa galarazteko.

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri sorta bat hartzea erabaki zuen, jakitun baitzen une horretan aurrekaririk gabeko ahalegina egin behar zela, eta beharrezkoa zela, halaber, planteamendu berritzaile bat, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko.

Neurri horiek bateratzen dituzte, batetik 2021-2027rako indartutako urte anitzeko finantza esparrua (UFE) eta, bestetik, Suspertzerako Europako Tresna bat abian jartzea («NextGenerationEU»). Tresna horren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritakoa.

Europako Berreskuratze Funtsaren finantza baliabideen betearazpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) bidez gauzatuko da. Plan hori Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onartu zen, Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, ezarritakoarekin bat etorriz.

SEEP delako planak jasotzen dituen hamar palanka-politiketako bat "Azpiegitura eta ekosistema erresilienteak" (2. palanka) izenekoa da, eta, horren barruan jasotzen du 4. osagaia "Ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea". Hala, SEEP planaren esparru orokorraren lehentasunak bat datoz Europako Batzordearen 2021eko hazkunde jasangarrirako estrategian jasotako funtsezko printzipioekin, eta, zehazki, trantsizio ekologikoa sustatzea, erreformak eta inbertsioak eginez biodibertsitatearen arloan.

Sustapen hori ingurumen krisiari aurre egiteko tresna gisa garrantzi eta aitormen handia duen babes figura baten esparruan ematen da, hain zuzen ere, Biosfera Erreserben esparruan.

Biosfera Erreserbak UNESCOk erreferentziazko eremu gisa onartutako espazio bereziak dira, non eredu berri bat ezarri nahi den, gizakiaren eta naturaren arteko harremanetarako, bateragarriak eginez dibertsitate biologiko eta kulturalaren kontserbazioa eta garapen ekonomiko eta soziala, pertsonen eta naturaren arteko harremanaren bidez. Eremu horiek lehorreko, kostaldeko nahiz itsasoko balio handiko inguru ekologiko adierazgarrietan ezartzen dira.

Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 50. artikuluak Biosfera Erreserbak jasotzen ditu nazioarteko tresnen bidez babestutako eremuen artean. Lege horrek ezartzen du Erreserben babes araubidea nazioarteko hitzarmen eta akordioetan ezarritakoa izanen dela, alde batera utzi gabe babes, antolamendu eta kudeaketa arloan indarra duten araubide espezifikoak, haien lurralde eremua, osorik edo zati batean, Erreserben eremuarekin bat badator, betiere nazioarteko tresna horietan aurreikusitakora egokitzen badira.

Zehatzago esanda, Legearen IV. tituluko I. kapituluan (68.etik 69.era bitarteko artikuluak), Biosfera Erreserben Espainiako Sarea arautzen da, Biosfera Erreserben Munduko Sarearen azpimultzo definitu eta onartu gisa. 70. artikuluan, Biosfera Erreserbek izendapen horren baitan integratzeko eta mantentzeko izan behar dituzten ezaugarriak ezartzen dira. Sare hori eredugarria da ondarea eta baliabide naturalak modu integratu, parte-hartzaile eta jasangarrian kudeatzeari dagokionez, oinarrizko helburuak dituela biodibertsitate biologikoaren eta ekosistemen babesa bateratzea.

2021eko uztailaren 9an, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren bilkuran, besteak beste, 4. osagaiari ("Ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea") dagozkion kredituak lurraldeka antolatu eta banatzeko irizpideak onartzen dituen Erabakia onetsi zen, betiere, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hitzarmen horren esparruan kokatzen dira autonomia erkidegoei Biosfera Erreserbetarako ematen zaizkien dirulaguntzak.

Laguntza horien bidez, garapena jasangarria izan daitekeela erakusten duten ekintzak bultzatu nahi dira, jarduera jasangarri berriei lotutako enplegu berdea eta ekintzailetza sustatuz Espainiako Biosfera Erreserbetan.

Ekintza horiek SEEP planaren 4. osagaian ("Ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea") planteatutako neurriak garatuko dituzte, eta lehen aipatutako Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren (Council Implementing Decision-CID) eranskinaren 69. helburua lortzen lagunduko dute. Erabaki hori Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzkoa da, eta 69. helburua da 2026ko ekainerako gutxienez 50.000 hektareara hedatzea biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura.

Lehen aipatutako 2021eko uztailaren 9ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialean aurreikusitako lurraldekako antolamendu eta banaketa irizpideen arabera, ondoren aldatu eta eguneratu zirenak 2022ko ekainaren 20ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialeko Akordioan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 4. Osagaiari zegozkion gaietan, Biosfera Erreserbendako dirulaguntzen kasuan, 5.500 hektarea esleitzen dira betetze mailaren adierazletzat. Nafarroako Foru Komunitateari 95 hektarea dagozkio, eta horretarako 861.956,00 euro ematen zaizkio foru komunitateari, «NextGenerationEU» Suspertze Tresna Europarretik etorritako finantza baliabideen kargu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021ko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Horrenbestez, aplikatzekoak dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege dekretuaren xedapen aplikagarriak, edo haren ordezko arauak.

Era berean, dirulaguntzak jasotzeko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak bete, egikaritu eta gauzatu beharko dira, eta osotara aplikatuko zaizkie Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol mekanismoak, bai eta kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako Europar Batasunean ezarritako araudia ere; gainera, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenerako ezartzen dituen arau espezifikoak eta gainerakoak nahitaez bete beharrekoak dira.

Deialdi honek dagokion Kudeaketa Plana du, hala ezartzen baitu Nafarroako Gobernuaren otsailaren 16ko Erabakiak; haren bidez onesten dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak.

Adierazitakoarekin bat, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, eta bestetik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023, 2024 eta 2025 ekitaldietan Biosfera Erreserbetan jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 861.956,00 euroko gastua baimentzea, 2023 eta 2024 urteetako aurrekontuetako gastu partiden kargura, ondoren aipatzen diren 2022ko aurrekontuko gastu partiden parekoak, eta betiere kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTUKO PARTIDA

2023

2024

GUZTIRA

74000/374300/4609/456305 MRR C4. Biosfera Erreserba

50.000,00

61.956,00

111.956,00

740003/74300/4819/456300 MRR C4 Biosfera Erreserba

20.000,00

20.000,00

40.000,00

740003/74300/7609/456300 MRR C4 Biosfera Erreserba

430.000,00

280.000,00

710.000,00

Guztira

500.000,00

361.956,00

861.956,00

Partida horien artean funts mugimenduak egiten ahalko dira gastu konpromisoa doitzeko, dirulaguntzetarako egiten diren eskaeren arabera eta, gehienez ere, guztien zenbatekoa, hau da, 861.956,00 euro, iritsi arte.

4. Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izanen da kreditu egoki eta nahikoa egotea laguntzak finantzatu ahal izateko ekitaldi horretako aurrekontuaren kontura.

5. Eskaerak aurkezteko epea hamargarren oinarri arautzailean ezarritakoa izanen da.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko, harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

7. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

BIOSFERA ERRESERBETAN 2023, 2024 ETA 2025EKO EKITALDIETAN JARDUKETAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Xedapen komunak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Errege Bardeako Biosfera Erreserban kudeaketa jarduketak sustatzeko laguntzen araubidea ezartzea, norgehiagokan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europako Batasunaren NextGenerationEB funtsen bidez finantzatuta.

Laguntza horiek ez dira Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, ingurumena babestearen eta energiaren arloko estatu laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako Gidalerroen 15e) apartatuaren arabera (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) haren aplikazio eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak, horiek arautu behar baitira Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuei (IEOZ) aplikatu beharreko arauen arabera. Bestalde, Altmark Epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzei.

Finantzatuko diren proiektuen jarduketa lerro nagusiak izanen dira Ingurumena Babesteko Konferentzia Sektorialaren 2021eko uztailaren 9ko Erabakiaren IV. eranskinean ("Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kontura biosfera erreserbetan eginen diren jarduketak finantzatzeko oinarri arautzaileak eta lurralde banaketarako irizpide objektiboak") jasotzen direnak. Haren bidez onesten dira 4. osagaiari ("Itsasoko eta lehorreko ekosistemen eta haien biodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea") dagozkion kredituen banaketa eta lurraldekako antolaketarako irizpideak. Aipatu IV. eranskin horrek ezartzen ditu, orobat, deialdi honen ezaugarriak eta baldintzak.

Jarduketa hau kokatzen da, hain zuzen ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionaleko 4. osagaiko ("Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea") 2. inbertsioan ("Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea") ezarritako neurriaren garapenean.

Horregatik, hain zuzen ere, aplikatu beharko dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Laguntza hauen xedea da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Plan Nazionalaren 69. helburua ("Biodibertsitatea kontserbatzeko jarduerak") lortzen laguntzea; horretarako, garapena jasangarria izan daitekeela erakusten duten ekintzak sustatzen ditu, enplegu berdea eta ekintzaile jarduera sustatuz, Espainiako Biosfera Erreserbetako jarduera jasangarri berriei lotuta.

69. helburu horren bidez, biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketa amaituen estaldura gutxienez 50.000 hektareara hedatzea lortu nahi da.

Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren 2021eko uztailaren 9ko Erabakiaren IV. eranskinaren arabera, 69. helburuko 50.000 hektarea haietatik 5.500 hektarea Espainiako Biosfera Erreserbetan garatutako ekintzei dagozkie. Horietatik 95 ha Nafarroari dagozkio eta deialdi honetan laguntzen diren jarduketen bitartez bete behar dira.

3. oinarria.–Lurralde eremua.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak Nafarroako Biosfera Erreserbetako jarduketak aurrera eramateko dira.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira honako entitate hauek:

–Beren lurralde eremuan Biosfera Erreserbaren bat duten toki erakundeak.

–Biosfera Erreserbaren bat kudeatzeko aurreko paragrafoan aipatutako toki erakundeek sortutako erakundeak.

–Irabazi asmorik gabeko elkarteak (elkarteak, GKEak, lurraldearen zaintzako erakundeak, etab.)

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak, betebeharrak eta kanpo geratzen diren jarduerak.

Oinarri hauetan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaian ezarritako helburu orokorrak eta espezifikoak lortzen laguntzen duten proiektuek/erakundeek bakarrik lortzen ahal dituzte laguntzak, bereziki 69. helburua betetzen laguntzen dutenek: "gutxienez 50.000 hektareara hedatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura".

1.–Lerro hauetako bati dagozkion proiektu eta jarduerek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

–Biodibertsitatearen eta natur baliabideen kontserbazioa eta kudeaketa:

  • Lurreko habitatak eta espezieak kontserbatzeko ekintzak.
  • Ekosistema degradatuak lehengoratzea eta biodibertsitatea kontserbatzeko ingurumen hobekuntzara bideratutako azpiegitura txikiak sortzeko eta hobetzeko inbertsioak egitea.
  • Espezie exotiko inbaditzaileak deuseztatzea eta kontrolatzea.
  • Konektibitatea hobetzea, azpiegitura berdeak sustatzea.
  • Baso ekosistemen kudeaketa jasangarria.

–Tokiko garapena sustatzea.

  • Biosfera Erreserba markan produktuen eta zerbitzuen kalitate ziurtagiriak ezar daitezen bultzatzea, jasangarritasuna eta biodibertsitatea hobetzeko.
  • Tokiko produktuak zirkuitu laburretan ekoizten, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
  • Tokiko elkarteen jarduerei laguntzea, biosfera erreserben biodibertsitatea kontserbatzeko helburuarekin bat datozen jarduerak bultzatzeko.

–Turismoaren jasangarritasunari eta kultur ondarea eta paisaia hobetzeari laguntzea:

  • Erabilera publikoko azpiegitura hobetzea turismo erabilerarako.
  • Erabilera publikoko azpiegituren irisgarritasuna hobetzea eta landa azpiegiturak paisaian integratzea.
  • Kultura ondare materiala eta immateriala kontserbatzea eta balioan jartzea, inbentarioak barne, paisaia eta baliabide naturalak kontserbatu eta hobetzearekin lotua.
  • Paisaia lehengoratzeko proiektuak.

–Baliabide naturalen nekazaritza eta basoen erabilera ekologiko eta jasangarriak sustatzea, eta ezagutza tradizionalak balioan jartzeko neurriak, baliabideen eraginkortasuna eta karbono gutxiko ekonomia sustatuz:

  • Nekazaritza ekologikoa sustatzea, tokiko biodibertsitatea bultzatzeko.
  • Abeltzaintza estentsiboa sustatzea, tokiko biodibertsitatea bultzatzeko.
  • Jarduera tradizionalak bultzatzea.
  • Abelbideak berreskuratzea.
  • Klima aldaketaren ondorioak leuntzeko eta hartara egokitzeko neurriak hartzea.

2.–Aurkeztutako proiektuek Biosfera Erreserbaren organo kudeatzailearen abala izan beharko dute.

3.–Proiektuek helburua betetzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak jaso beharko dituzte, baita deialdi honen iraunaldia gainditzen dutenak ere, eta eskatzaileak proiektua osorik burutzeko konpromisoa hartu beharko du.

4.–Ez dira onartuko naturaguneak antolatzeko eta kudeatzeko planekin edo Natura 2000 guneak kudeatzeko planekin koherenteak ez diren jarduerak, ez eta babestutako gune horien ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal dutenak ere.

5.–Hala eskatzen duten jarduketek administrazio eskudunen baimenak izan beharko dituzte.

6.–Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe dagozkionak, baldin eta horretarako guztiz beharrezkoak badira, deialdi honetan eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako epe eta baldintzetan egiten badira, eta emandako dirulaguntza justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu badira.

7.–Diruz laguntzen ahalko dira proiektuak edo memoria teknikoak idazteko gastuak, bai eta obra zuzentzeko gastuak eta jarduketa burutzeko beharrezkoak diren kanpoko beste zerbitzu batzuenak ere.

8.–Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueren ehuneko ehun azpikontratatzen ahalko da.

9.–Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Zuzeneko eta zeharkako zergak, horien artean BEZa.

b) Erakunde onuradunaren zeharkako kostuak: kudeaketa eta administrazio gastu espezifikoak, eta gastu arruntak ere ez, hala nola argia, ura, gasa, telefono finkoa nahiz mugikorra edo Interneterako konexioa.

c) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantza aholkularitzako gastuak, notario edo erregistro gastuak, peritu gastuak, administrazio gastu espezifikoak eta banku bermearen gastuak.

d) Oro har, argi zehaztuta ez dauden edo diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastu guztiak.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Deialdi honetako laguntzak prima bakarraren erakoak izanen dira.

2. Proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa Balorazio Batzorde Teknikoak onartutako aurrekontuaren ehuneko ehun izanen da, BEZa kenduta.

3. Eskatzaile bakoitzak gehienez ere hiru proiektu aurkez ditzake, jarduketa ildo desberdinetakoak.

4. Eskatzaile bakoitzeko 5.000 eurotik (BEZik gabe) beherako jarduketa eta proiektuak ez dira diruz lagunduko.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko.

2. Lehenik eta behin, erreserben mugako tarteetan eta trantsizio eremuetan egin beharreko proiektuak eta ekintzak lehenetsiko dira.

3. Bigarrenik, lehentasun ordenaren arabera baloratuko dira SEEPen 4. osagaiko 2. inbertsioko 69. helburua betetzeko azalera handiena dakarten proiektuak eta ekintzak: "gutxienez 50.000 hektareara hedatzea biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura".

4. Eskaeren lehentasunen hurrenkera emandako puntuen baturak emanen du, honako balorazio irizpide hauen arabera:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

Erreserben mugako eta trantsizio eremuetan erabat edo partzialki egin beharreko proiektuak eta ekintzak.

20 puntu

SEEPen 4. osagaiko 2. inbertsioko 69. helburua betetzen lagunduko duen azalera, "gutxienez 50.000 hektareara hedatzea biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura". Puntuak 10 hektareako, gehienez 200 hektarea aintzat hartuta. (max. 60 puntu).

3 puntu

Gune babestuak antolatzeko planen edo biosfera erreserban dauden naturaguneak kudeatzeko planen neurri edo jarduera zehatzekin bat datozen proiektuak eta ekintzak.

20 puntu

Politika sektorialak orientatzeko irizpideekin edo Natura 2000 guneak eta biosfera erreserbako gune babestuak kudeatzeko planen neurri, helburu edo elementu gakoekin lotutako proiektuak eta ekintzak.

10 puntu

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, aurreko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta, laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kredituaren barnean. Azken proiektu edo ekintzarako behar beste kreditu ez badago onartu zaion aurrekontuaren ehuneko ehun emateko, aurrekontuan erabilgarri geratzen den dirua emanen zaio.

2. Puntuazio berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio SEEPen 4. osagaiaren 2. inbertsioko 69. helburua betetzeko azalera handiena duen eskaerari, "gutxienez 50.000 hektareara hedatzea biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura"; horietatik 95 Ha Nafarroako Foru Komunitateari esleitu zaizkio. Irizpide guztiak aplikatuta ere azken proiektuek berdinduta jarraitzen badute, lehentasuna izanen du eskabidea lehenik aurkeztu duenak.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1.–Laguntzen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak.

1.–Dirulaguntzen onuradunek, zehazki, betebehar hauek dituzte:

2.1. Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barnean.

2.2. Laguntza ongi eman dela eta inbertsioa ongi egin dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

2.3. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta diru-sarrera batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

2.4. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, espresuki bere gain hartzen ez badu. Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsi beharko du, idatziz, proiektuaren gauzapenean izan daitekeen edukizko nahiz azalezko edozein aldaketa.

2.5. Proiektuak edo ekintzak deialdian adierazitako epean gauzatzeko eta ordaintzeko konpromisoa.

2.6. Dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.7. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2.8. Beharrezkoak direnean, nahitaezko lizentziak eta baimenak izatea, diruz lagundutako jarduerak hasten diren unean.

2.9. SEEPi lotutako funts horien kudeaketari edo ziurtagiriari buruz agintari nazionalek eta europarrek emandako jarraibide guztiak betetzea, bereziki, klima aldaketaren helburuetan laguntzeari buruzkoak, kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari buruzkoak (DNSH printzipioa - Do no significant harm), interes gatazkak saihestea, iruzurra, ustelkeria edo finantzaketa bikoitzik ez sortzea, besteak beste.

2.10. DNSH printzipioarekiko eta klimaren araberako ekintzarako jarraipen metodologiarekiko (klima koefizientea) errespetua bermatzea, SEEPan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduan, 2021eko otsailaren 12koan, eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta, bereziki, DNSH printzipioaren aplikazioari buruzko Gida Batzordearen Komunikazioa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduan oinarritua, eta orobat, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioaren onespenari buruz Kontseiluaren Erabaki Betearazlean ezarritako baldintzak.

2.11. Baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoari (OLAF), Kontuen Auzitegiari eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluko 1. apartatuan aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko. Dirulaguntza emateko, baimena idatziz aurkeztu beharko da, agiri honen 10. oinarrian adierazi bezala.

2.12. Dirulaguntzaren xede diren jardueren izaera publikoaren eta finantzaketaren publizitate egokia egitea, 20. oinarrian adierazitakoaren arabera.

10. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaera egiten duen pertsonak sinatu beharko du eskaera agiria, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren eredua betez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, APEL), eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez badira eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Eskaera elektronikoki aurkeztu ordez aurrez aurre aurkezten duenari, bai eta eskaera dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete gabe aurkezten dutenei ere, gehienez ere 10 egun naturaleko epean eskaera zuzentzeko eskatuko zaie, eta ohartaraziko zaie hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta ezeste ebazpena emanen dela.

3. Eskaerarekin batera I. eranskinean ("Laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak") zehazten diren dokumentuak aurkeztuko dira:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu.

d) Ebazpen honetako 7. oinarriko "Balorazio irizpideak" izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, jarduera bererako beste laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu ez dela adieraziz.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, diru laguntzak emateko eskaera aurkezteak aldi berean adieraziko du organo kudeatzaileari baimena ematen zaiola baldintza hori frogatzen duten agiriak eskatzeko.

Entitate eskatzaileak baimenik ematen EZ badio laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren bidez onetsi baitzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

g) Diruz lagundu beharreko jarduketaren proiektua eta egikaritze-laburpena, 5. oinarrian aipatzen diren ekintzetako baten esparrukoa dela frogatzeko behar den edukia eta jarraipena egiteko behar diren irismena, lurralde eremua, une nagusiak eta helburuak zehatz-mehatz azalduta.

h) Datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez.

i) Zeharkako printzipioen konpromisoaren adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeari dagokionez:

–Iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko beharrezko neurriak hartzea, eta, ez-betetzerik izanez gero, dagokien agintariei jakinaraztea.

–Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea, DNSH printzipioa (Do Not Significant Harm).

j) Interes gatazkarik ezaren adierazpena (IGEA), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketei dagokienez.

3. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babestuak badira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaiola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari sarbidea izateko.

4. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamabost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedurak tramitatzea.

2. Espedientea prestatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonen interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) jasoko da espedientean. Adierazpen hori bat etorriko da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV. eranskinean jasotako ereduarekin.

12.–Balorazio Batzorde Teknikoa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Balorazio Batzorde Teknikoak aurkeztutako proiektuak/jarduerak bat datozen egiaztatuko du, erakunde eskatzaileek emandako egikaritze-laburpenean deskribatutakoaren arabera (dokumentu honen 10. oinarriaren 3.g) puntuan aipatzen da). Txostena hiru hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Presidentea: Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Orientazio Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Ingurumen Eraginaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Naturaguneen eta Espezie Babestuen Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

3. Batzordeko kide bakoitzak Biodibertsitatearen Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Batzordeko kide guztiek interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) sinatu beharko dute. Adierazpen hori bat etorriko da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV. eranskinean jasotako ereduarekin. Era berean, bilera bakoitzaren hasieran, Batzordeko kideek espresuki adierazi beharko dute interes gatazkarik dagoen edo ez, eta aktan jaso beharko da.

5. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren jarduketak eginen dira, eskatutako inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

6. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du dirulaguntza ukatzea, bai ikuspuntu teknikotik egokiak ez diren ekintzetarako, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozedura tramitatzea.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusirik, dirulaguntzak emateko proposamen-txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari bidaliko dio. Han adieraziko du entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak; halaber, zerrenda bat gehituko da, non baldintzak bete arren, aski aurrekonturik izan ez eta deialditik kanpo gelditu direnak agertuko baitira.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du 2023ko martxoaren 15a baino lehen, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren 2022ko ekainaren 20ko Erabakia betez.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenak hau adieraziko du:

a) Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, hau da, esleitutako aurrekontu baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, "Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak" izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei dirulaguntza ematea, baldin eta onuradun horren uko egiteari esker kreditu aski askatu bada, kreditu faltagatik ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

b) Ondorio horietarako dirulaguntza jaso dezaketen gastuen zenbatekoa eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

c) Proiektua bukatzeko eta jarduketak egiteko justifikazioa aurkezteko gehieneko epeak.

d) Lortuko diren SEEPen une nagusiak eta helburuak.

4. Emakidak 2023ko ekitaldiaren kargura eginen dira, eta 2024ko ekitaldira aldatzen ahalko dira, 15. oinarrian ezarritakoa betez.

5. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

6. Eskaera ezetsi dela ulertuko da ebazpen espresua ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1.–Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren 2021eko uztailaren 9ko Erabakiaren IV. eranskinean ("SEEPen kargura biosfera erreserbetako jardueren lurraldekako banaketarako irizpide objektiboak eta finantzatzaziorako oinarri arautzaileak"), 4. osagaiari dagozkion kredituak lurraldeka banatzeko irizpideak onartzen dituena, ekainaren 20ko Erabakiaren bidez eguneratu da, eta, horren arabera, jarduera guztiek % 30 lehenago gauzatu beharko dute 2023ko abenduaren 31ren aurretik.

Baldintzatzaile hori betetzen dela bermatzeko, proiektu guztiek, 2023ko azaroaren 1a baino lehen, kontzesioan onartutako aurrekontuaren % 30 betetzen dutela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2024ko azaroaren 1a baino lehen, ordura arte egindako % 30eko gastu gehigarriaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

Jarduketa guztiak burutzeko epea 2025eko ekainaren 30ean bukatuko da. Egun horretan, diruz lagundutako jarduera burutu dela frogatzen duten agiri guztiak aurkeztu beharko dira.

2.–Ordainketa eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia.

b) Emakidaren baldintzak betetzen direla frogatzen duen memoria edo jarduketa proiektua, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz, proiektuan ezarritako une gako, helburu eta adierazleen arabera. 4. osagaiko 2. inbertsioko 69. helburua "gutxienez 50.000 hektareara hedatzea biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketen estaldura" betetzen lagunduko duen azalera zehaztu eta justifikatu beharko da.

c) Jatorrizko fakturak edo kopiak. Txosten bat erantsi beharko da, jarduera gauzatzeari buruzkoa, xehatuta azalduz burututako jarduketa unitateak.

d) Fakturen ordainagiriak, datu hauek agertuko dituztenak gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, fakturaren zenbakia erantsita. Fakturaren kontzeptuan SEEP funtsaren konturakoa dela adierazi behar da. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

e) Onuradunak jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztu beharko ditu, beharrezko egiaztapenak egiteko eskatuz gero.

f) Hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpidez hautatu izanaren justifikazioa, baldin gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, eta agiri honen II. eranskinak jasotzen duen informazio betebeharra betetzea.

3.–Ordainketa eskaera aurkeztu ezean deialdian zehazturiko datak baino lehen, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez, dagokion urteko laguntza galduko da. Eskaerak aipatutako dokumentazioa jaso ez badu, instrukzioa egiten duen unitateak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4.–Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Zenbatekoa bi zatitan ordainduko da. Lehenbizikoa, egindako gastua egiaztatu ondoren, kontzesioan onetsitako aurrekontuaren % 30 gutxienez, eta bigarrena, diruz lagundutako jarduketa bukatu ondoren. Hala ere, proiektu osoa 2023ko azaroaren 1ean gauzatu eta justifikatzen bada, laguntza osoa 2023ko ekitaldiaren kargura ordaintzen ahalko da, behar adina kreditu badago. Gastu frogatze hori aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaren bidez eginen da.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak "in situ" egiten ahalko zaizkie entitate onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen bada beherantz desbideratu dela gastua, onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, 17. oinarrian ("Murrizketak eta esklusioak ordainketetan") aipatzen diren murrizketa eta esklusio irizpideak aplikatuko dira.

6. Emandako laguntza baino gastu handiagoa justifikatzen bada ere, emakidan esandako kopurua bakarrik ordainduko da.

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 15. oinarrian adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, dirulaguntza ordainduko da, onartu den kopuruan, eta, lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, benetan frogatzen den inbertsioaren proportzioan.

3. Ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik, onetsitako zenbatekoetatik eman gabe geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, zazpigarren xedapenaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

4. Aurreko murrizketa eta kanpo uzte horiek ez dira aplikatuko, baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta entitate onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa ezbeharrez hondatzea, onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

c) Inbertsioa ezin egitea, hornidura arazo ugari izateagatik, baldin eta frogatzen bada materialak behar besteko aurrerapenaz enkargatu direla eta atzerapena gertatu dela onuradunari ez dagozkion arrazoiengatik. Kasu horretan, gastuen justifikazioa aurkezteko azken eguna 2026ko martxoaren 30a izanen da.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geratuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldatu direla eskaeren lehentasun hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, eta horren ondorioz onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horrenbestez, laguntzen onuradun izaera galduko lukeela egiaztatzen bada, laguntza guztia galduko du.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Europar Batasunaren 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren 191. artikuluan eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunei ohartarazten zaie ezen deialdi honetako dirulaguntzak, oinarri arautzaile hauen bidez arautuak, bateraezinak direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren –nazionalak zein nazioartekoak– beste dirulaguntza batzuekin. Era berean, kostu berak finantzatzen lagundu duten beste funtsik izan bada, edozein eratakoak izanik ere, eta Europatik kanpokoak badira ere, onuraduna beharturik dago horiei buruzko informazioa ematera.

19. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Dokumentuak formatu elektronikoan gordetzea bost urteko epean, eragiketa egiten denetik zenbatzen hasita, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluarekin. Erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, eta haren bidez aldatzen dira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua eta 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indarrik gabe uzten da 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.4 eta 5. artikuluekin, ondasun inbentariagarriak eskuratzen, eraikitzen, birgaitzen eta hobetzen badira, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko izanen duen epea ez da bost urtetik beherakoa izanen, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, ezta bi urtetik beherakoa ere, gainerako ondasunen kasuan.

f) Zabalkunderako neurriak hartzea, dirulaguntzaren xedeko jarduketen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko. Zabalkunderako neurri horiek diruz lagundutako xedera egokitu behar dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez.

Publizitatea Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa eta hura garatzeko arauak eta eskuliburuak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da, deialdi honen III. eranskinean zehazten denez.

g) Bermatzea errespetatuko direla ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa eta klima-etiketatzea, hala ezartzen baita SEEPan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta hura garatzeko araudia ezartzen du). Bereziki, Gida Batzorde Teknikoaren Komunikazioa aintzat hartuko da, «kalte esanguratsurik ez sortzeko» printzipioaren aplikazioari buruzkoa, SEMi buruzko Erregelamenduaren arabera (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.C_.2021.058.01.0001.01.SPA), eta halaber Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren Proposamenean eskatutakoa Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioaren onespenari buruz (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:52021PC0322) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak prestatutako gida orientatzailea (https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/guiadnshmitecov20_tcm30-528436.pdf).

2. Emandako laguntzak ukatzen ahalko dira, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, funtsen xedeari eta justifikazioari dagokienez.

Dirulaguntza ukatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du, egoera kontuan hartuta, jasotako kopuruak eta dagozkien berandutze interesak osorik edo zati batean itzuli behar diren edo, besterik gabe, ordaindu gabe dauden ordainketak baliogabetu behar diren.

Nolanahi ere, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun irizpideei jarraituko zaie, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan aurreikusitakoarekin, eta lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedura beteko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik, diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate onuradunak behartuta daude Kontuen Auzitegiak eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak eskatzen dieten informazio guztia ematera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1c) eta 46. artikuluetan.

Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrol organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, entitate eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera.

5. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gainera, laguntza horien gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

I. ERANSKINA

Laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

–Laguntza eskaera.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeari buruz

–Eskaera ordainketa transferentzia bidez egiteko.

–Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, xede bereko beste finantzaziorik jaso ez dela adieraziz.

–Organo kudeatzaileari informazioa jasotzea baimentzen dion agiriaren eredua.

–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeko konpromisoaren eredua.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Ordaintzeko eskaerari erantsitako hornitzaile eta/edo azpikontratistei buruzko informazioa emateko betebeharra.

III. eranskina.–Hedapen eta komunikazio neurriak betetzea.

Deskargatu eranskin guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2300084