131. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

395/2023 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko 2023ko laguntzen deialdia onesten duena, laguntzen bidez sostengu emateko Nafarroako azienda hazleen elkarteei, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan. DDBN identifikazioa: 698425.

Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken 8143 (2015) betearazpen erabakiaren bitartez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zen.

Nafarroako Landa Garapenerako Programaren 10.2 neurria garatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 20ko 98/2015 Foru Agindua onetsi zen. Foru agindu horrek ezarri zituen laguntza batzuk emateko arauak, hots, Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzekoak. Ondoren, foru agindu hori honako hauen bidez aldatu da: maiatzaren 12ko 158/2016 Foru Agindua, urriaren 18ko 261/2018 Foru Agindua eta abuztuaren 31ko 150/2020 Foru Agindua.

Neurri horretarako laguntzak emateko 2023. urteko deialdiaren onespena noiz egiten den kontuan hartuta, adierazi beharrekoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak 154.1 artikuluan xedatzen duela 1305/2013 (EB) Erregelamendua indarrik gabe geratuko dela 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Izan ere, 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arauak ezartzen ditu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin beharreko plan estrategikoetarako (NPEaren plan estrategikoak) laguntzari buruz –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen da–, eta haren bidez indargabetzen dira 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak. Hala ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/2220 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, landa garapenerako programak gauzatzeari dagokionez, 2025eko abenduaren 31ra arte aplikatuko da, bat etorriz 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin. Aplikatuko zaie, baldintza berberetan, 2025eko abenduaren 31ra arte landa garapenerako programa horien esparruan onuradunek egindako eta erakunde ordaintzaileak ordaindutako gastuei.

Bestetik, urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuak dio ezen, elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, baita adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdietan zenbateko berriak alda daitezkeela, adierazlea kostu berrira egokitu dadin. Hori oinarri harturik, zenbatekoak eguneratu dira, eta hasiera batean aurreikusitako aurrekontu partida handitu da, 70.000 euroan.

Landa garapena Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 65. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, ebazpen honek aldeko txostena dauka, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa kudeatzeko eskumena duenak proposatutako deialdiaren aldekoa, hain zuzen, bat etorriz 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren 1.2 artikuluarekin eta urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren 10. artikuluarekin –foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzaturiko gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren–.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzen 2023ko deialdia onestea, laguntzen bidez sostengu emateko Nafarroako azienda hazleen elkarteei, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan.

2. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

3. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

4. Aldatzea urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuan ezarritako adierazleak, halako moduz non laguntzaren gehieneko zenbatekoak, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera, honako hauek izanen baitira:

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

Espeziea eta orientazioa

Liburu genealogikoa
mantentzea
eta balorazio
genetikoa

Balorazio
morfologikoa

Errendimendu
kontrola duten
animaliak

Filiazioaren
kontrol
genetikoak

Germoplasmaren bankua

Arrazaren
hedapena

Haragitarako behi-azienda autoktonoa

3,50

euro abelburuko

11,50 euro abelburuko

11,50 euro
abelburuko

11,00 euro abelburuko

3,00

euro dosiko

35 euro abelburuko

Haragitarako ardi-azienda autoktonoa

0,47

euro abelburuko

1,15

euro abelburuko

1,00 euro
abelburuko

7,00 euro abelburuko

3,00

euro dosiko

7,00 euro abelburuko

Esnetarako ardi-azienda autoktonoa

0,47

euro abelburuko

1,15

euro abelburuko

6,80 euro
abelburuko

7,00 euro abelburuko

3,00

euro dosiko

7,00 euro abelburuko

Zaldi-azienda autoktonoa

3,00

euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

5,50 euro
abelburuko

11,00 euro abelburuko

3,00

euro dosiko

35,00 euro abelburuko

5. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

6. 470.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontu orokorretako "Abeltzaintza elkarteak, LGP LGENF 2014-2020" izeneko 710004 71300 4819 412200 partidaren kargura.

7. Deialdi honetan aplikatzekoa izanen da urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduan jasotakoa, zeinaren bidez Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak emateko arauak ezarri baitziren (foru agindu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 12ko 158/2016 Foru Aginduaren, urriaren 18ko 261/2018 Foru Aginduaren eta abuztuaren 31ko 150/2020 Foru Aginduaren bidez aldatu zen).

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2308330