109. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, zerbitzu anitzetako ofizialaren lau lanpostu betetzeko, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2023ko maiatzaren 9an, erabaki zuen deialdi murriztu bat eta haren oinarriak onestea, barne igoera murriztuan eta oposizio lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako ofizialaren lau lanpostu, C mailakoak, plantillan 8.4, 8.12, 8.13 eta 8.14 zenbakiak dituztenak, Eguesibarko Udalaren zerbitzuan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako ofizialaren lau lanpostu, C mailakoak, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedura baliatuz.

1.2. Plantilla organikoaren aldaketa bat onetsi zen hasiera batez 2023ko martxoaren 7an, eta gero behin betikoa bilakatu zen, alegaziorik aurkeztu ez baitzen (2023ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 8koa); aldaketa horren bidez, hain zuzen, zerbitzu anitzetako ofizialaren hiru lanpostu sortu ziren (plantillan 8.12, 8.13 eta 8.14 zenbakiak dituztenak) barne igoera murrizturako, lehendik zegoenarekin batera (plantilla organikoko 8.4 lanpostua). Hala, aipatu barne igoeran, D mailako zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostutik, C mailako zerbitzu anitzetako ofizialaren lau lanpostu bete behar dira, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedura baliatuz, aipatu bezala. Maila horretan sartzeko arrazoia da dagokien lanean egin behar izatea goragoko mailan dauden zereginak.

Lau lanpostuak lan publikoaren eskaintzan sarturik daude, bete daitezen (Tokiko Gobernu Batzarraren 2018-10-29ko eta 2023-04-25eko erabakiak).

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen diren izangaiak C mailan/taldean sartuko dira, eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.

1.4. Mailaz igoko dira prozedura gainditu eta deialdiko lanpostu-kopuruan sartzen diren izangaiak.

1.5. Mailaz igo direnek jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik segituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako eginkizun eta lanetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituztenak ere beteko dituzte.

Oro har eta besteak beste, eginkizun hauek izanen dituzte lanpostu horiek:

–Instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea (C motako gidabaimena arte, hori barne –edukiz gero–).

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.

–Agintzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzak egitea, betiere bere mailakoak, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuen mantentze-lanak eta kontserbazioa.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Eguesibarko Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Eguesibarko Udalak eta bertako kontzejuek programatzen dituzten festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Eguesibarko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Konpontzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan aurkitutako akats, matxura eta kalteak, zerbitzuak hobe daitezen bultzatzea eta laguntzea, eta, beraz, hobekuntzan laguntzeko behar adinako ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Udalaren ordenantzak betetzen diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza gaietan, begiratuta eta jasota ea araudia betetzen den lizentzia eta obren, bide publikoaren okupazioaren, isurketen eta abarren arloetan.

–Begiratzea ea egoera onean dauden bide eta espazio publikoak, bai eta udal eraikinak ere, eta haiek mantentzeko eta/edo hobetzeko lanak proposatzea eta egitea.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Udalaren makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

–Pintura-lanak, bideetakoak, apaintzekoak eta obrakoak.

–Egitea behar diren igeltserotza-lanak, oro har, bideak eta udal bulego, instalazio eta biltegiak mantentzeko.

–Bere ardurapean utzitako lanen jarraipena eta kontrola egitea.

–Burutzak agindutako lan-programa betetzeaz arduratzea.

–Lanak egunero antolatzea, bai eta horiek egiteko makineria, lanabes, ibilgailu eta materialak ere.

–Burutzari proposatzea, lan-programaren arabera, materiala eta ekipoak kontratatzeko beharrizanak, behar besteko aurrerapenarekin, geldialdiak edo atzerapenak saihestuz.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea (materialen eta abarren erosketaren garraio-agiri guztiak sinatu eta kontrolatzea, bere eskumenen esparruan), ezarritako jarraibide eta prozeduren arabera.

–Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea eta betearaztea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.

–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta desbideraketei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiaren edo ezartzen diren lehentasunen arabera.

–Gainbegiratzea urbanizazio berrien proiektuak eta kanpoko enpresek egindako lanak, bai eta aipatutako lanen jarraipena eta onespena ere, eta arduradunari horren berri ematea.

–Eta, oro har, organo eskudunak agintzen dizkion oraingo eta etorkizuneko lan guztiak egitea, bere lanpostuarekin lotuta daudenak eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean.

1.6. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) Zerbitzu anitzetako peoi lanpostu bat betetzeko izendaturiko funtzionarioa edo lan kontratuduna izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C maila), aukeran egonen da administrazio publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatea frogatzea, 15.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.–Eskabideak eta tasak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta erregistratu beharko dira Eguesibarko Udalaren erregistro elektronikoan –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikulua– hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira deialdian eskatzen den titulazioaren frogagiriak edo, bestela, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatearenak. Orobat, aurkeztu beharko da tasak ordaindu izanaren ziurtagiria, eta merezimenduak baloratzeko behar den dokumentazioa.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo udaletxean bertan. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Ángel Abaurrea Echarte, Eguesibarko Udaleko arkitekto teknikoa.

–Ordezkoa: Alejandro Fuertes, Eguesibarko Udaleko arkitektoa.

–Epaimahaikidea: toki-erakunde bateko obra eta zerbitzuetako arduradun bat.

–Ordezkoa: toki-erakunde bateko obra eta zerbitzuetako arduradun bat.

–Epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa / kudeatzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; aurreikusten da oposizioko probak 2023ko uztail edo abuztutik aurrera hastea.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

6.3. Lehiaketa-fasea.

6.3.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, peoiaren, zerbitzu anitzetako ofizialaren edo antzeko lanpostuetan egindako urte bakoitzeko, 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

b) Lanpostuaren eginkizunekin (1.5 oinarrian zerrendatzen direnak) lotutako eta erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere, 10 puntu.

–Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ordu-zatiak hainbanatu eginen dira.

–Orduen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.

–Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 120 orduren balorazioa emanen zaie.

–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.

–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.3.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.

6.3.4. Lehiaketaldia buruturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian paratuko da jendaurrean.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: Idatziz erantzun beharko zaie deialdiaren 30 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da, erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da, erantzuteko aukerak lau badira. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.4.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat edo batzuk egin, espezifikoak deialdiaren xedeko lanposturako. Betiere, ariketak xede izanen ditu lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoak, eta II. eranskineko gai-zerrenda hartuko du oinarritzat. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.4.3. Epaimahaiak iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian emanen du argitara lehen ariketaren emaitza, eta hiru egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko. Epe hori hori iragandakoan, eta aurkezturiko alegazioak ebatzi ondoren, halakorik bada, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, eta gainditu duten izangaiek bigarren ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Hori egindakoan, lehen ariketarako prozedura bera erabiliko du epaimahaiak.

6.4.4. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez ere.

6.4.5. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.4.6. Hautaketa-prozedura bukatuta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian bertan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.4.7. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea aldean daramatela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta, ariketa egin den tokian bertan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, prozedura gainditu duten eta deialdiko lanpostu-kopuruan sartzen diren izangaien alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko ditu prozedura gainditu eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak, eta horiek izanen duten maila berria zehaztuko dtu. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Segurtasun neurriak pintura, arotzeria, mekanika eta igeltserotzako ohiko lanetan.

2. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren maneiuari buruzko ezagutza.

4. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak eta etengailu diferentzialak.

5. gaia.–Argiteriako zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara gelak eta horien osagai bereziak. Lanabesak. Materialak. Mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

7. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

8. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

9. gaia.–Eraikinen, bideen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura oro har, apaintzeko pintura eta obrako pintura. Bideetako pintura. Pinturako lanabesak, materialak eta produktuak, pintura-lanak.

10. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Lanabesak. Materialak. Igeltserotza-lanak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta hormak egitea. Zimenduak jartzea. Ehorzketak.

11. gaia.–Zurgintzako kontzeptu orokorrak: zurgintzako lanabesak, zurgintzako materialak, zurgintza-lanak.

12. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko ezagutzak. Lanabesak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

Sarrigurenen, 2023ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2307587