109. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28E/2023 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda eta erreserbako inbertsioen zerrenda, 2023-2025 plangintza aldirako, Toki Programazioaren "Zeharbideen urbanizazioa" atalaren barruan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz onetsi zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea –Toki Inbertsioen Plana arautzen duena eta 2022ko apirilaren 1ean indarrean hasi zena–, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura Foru Komunitate osoan hedatzen dela bermatzea.

Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako atal hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.

Toki Programazioaren apartatuko plangintza hiru urtekoa izanen da 2023-2025 aldirako, 2026-2028 aldirako eta hurrengoetarako, hala badagokio.

II. tituluaren II. kapitulua Toki Programazioari buruzkoa da, eta 13. artikuluan ezartzen denaren arabera, programak honako inbertsio lerro hauek izanen ditu:

a) Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak.

b) Zoladura-lanak sareekin.

c) Sarerik gabeko zoladura-lanak.

d) Zeharbideen urbanizazio-lanak.

e) Udal eta kontzejuetako zuzkidurak.

16. artikuluan, Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak behin-behinean sartzeko prozedura zehazten da, eta, horrekin bat etorriz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 6an emandako 21E/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko maiatzaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) onetsi ziren Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzeko zenbatekoen hasierako banaketa, inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko irizpideak eta Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskaera egiteko dokumentu ereduak, 2023-2025 plangintza aldirako. Ebazpen horretan 2 hilabeteko epea ezarri zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, toki erakunde interesdunek Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalean sartu nahi zituzten inbertsioen eskaerak aurkez zitzaten.

Arestian aipatu den 16. artikuluan ezartzen denez, eskaerak aurkezteko epea amaituta, inbertsioak hautatu eta lehenetsiko dira, martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 19. artikuluan eta III. eranskinean adierazitako irizpideei jarraiki, eta Toki Administrazioaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak ebazpen bat emanen du, Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalaren barruan sartzen diren inbertsioak onesteko, honako eduki hauekin:

a) Aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda bat.

b) Erreserban dauden inbertsioen zerrenda bat.

c) 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda bat.

Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta horrek jakinarazpen ondorioak izanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ebazpen bakarraren ordez ebazpen bana eman daiteke inbertsio lerro bakoitzeko.

Bestetik, 8/2022 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, Planak 30.000.000 euroko zuzkidura du 2022ko ekitaldirako; ondoko ekitaldietarako, honela kalkulatuko da urte bakoitzeko zuzkidura: aurreko ekitaldiko aurrekontuan Kapital Transferentzien Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean duen urterik urterako Kontsumoko Prezioaren Indizean (KPI) ezarritako zenbatekoaren hainbesteko bat, hala ezarrita baitago Nafarroko Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenean, Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa onetsi zen. Banaketa hori egitean kontuan hartu zen 2023-2025 aldirako zuzkidura 30.000.000 eurokoa zela; horregatik, bidezkoa da orain zuzkidura hori eguneratzea, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urterik urterako Kontsumoko Prezioaren Indizea (KPI) zenbatean handitu den, horren arabera, udal eta kontzejuetako zuzkiduren inbertsio lerroari dagokionez.

8/2022 Foru Legearen 18. artikuluaren arabera, zeharbideen urbanizaziorako inbertsioetarako, behin-behinean sartzeko eskaerekin batera igorri behar da, aipatu foru lege horren 16.4 artikuluan eskatutako dokumentazioaz gain, Herri Lanen gaietan eskuduna den zuzendaritza nagusiaren aurrean toki entitateak zeharbidea berritzeko duen asmoa jakinaraziz aurkeztutako eskaeraren kopia, edo bestela, zuzendaritza nagusi horren onespena jaso izana ziurtatzen duen dokumentazioa, aplikagarria den araudia betez.

Espedientean dago Toki Azpiegituren Zerbitzuak emandako txostena, 2023ko otsailaren 23koa, agertzen duena 20 toki entitatek 21 eskaera aurkeztu dituztela, guztiak ere behar den epean aurkeztuta, hots, 2022ko abuztuaren 1a baino lehen. Zeharbideen urbanizazioaren lerroko eskaeratzat hartu dira galtzadaren zabalera osoa berritzeko asmoa dutenak bakarrik, tokiko erakundeen eskumeneko gainerako urbanizazioaz gain. Sartzeko eskaera guztiak onartu dira. Eskaerei esleitutako puntuazioak ematean, inbertsioa egiteko beharrari erreparatu zaio lehenik, eta aldagai horren arabera inbertsioak honela sailkatu dira: premiazkoak, epe laburrean beharrezkoak, komenigarriak edo ez-lehentasunezkoak. Bigarrenik, toki erakundeak Toki Inbertsioen Planetatik jaso dituen ekarpenen bolumenari begiratu zaio. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da hautatutako eta lehenetsitako inbertsioen proposamena.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak proposatu du zenbatekoaren % 3 bitarte erreserbatzea premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta beste kopuru bat erreserbatzea, foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren % 10 bitarteko gehikuntzei erantzun ahal izateko.

Kontuan harturik hautapen eta lehenespen hurrenkera, eta erabilgarri dagoen aurrekontua, Zeharbideen urbanizazioko inbertsioen lerroetarako, Toki Azpiegituren Zerbitzuak proposatu du honako zerrenda hauek onartzea, alegia, behin-behinean sartutako 10 inbertsioen zerrenda bat, 10 toki entitateri dagozkionak, eta erreserbako zerrendako 11 inbertsioen zerrenda bat, 11 toki entitateri dagozkionak.

Proposamena bat dator 8/2022 Foru Legearen II. eranskinaren 1.D) atalean jasotzen diren baldintzekin, hor arautzen baitira zenbateko lagungarria kalkulatzeko oinarria eta gehieneko ekarpenaren mugak toki erakunde bakoitzeko, lagungarritzat jotzen direlarik 14.1.D) artikuluan arautzen diren jarduketak. Eranskin honetan ezarritakoaren arabera, gehieneko diru-ekarpena ez da 600.000 eurotik gorakoa izanen toki entitate bakoitzeko.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren txostenak daude, 2023ko otsailaren 28koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.

Horrenbestez, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Eguneratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenaren xedapen zatiaren lehenbiziko atalean aurreikusitako zenbatekoak, Zeharbideen urbanizazioaren lerrorako ezarritakoak, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urte arteko Kontsumoko Prezioaren Indizearen (KPI) arabera. Zehazki, honela:

2023

2024

2025

2023-2025

%

Zeharbideen urbanizazioa

1.057.920,00

1.057.920,00

1.057.920,00

3.173.760,00

% 8

2. Erreserbatzea 287.514,96 euro, Toki Programazioko Zeharbideen urbanizazioko lerroari esleitutako kopurutik, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko eta foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren ekarpen gehikuntzei erantzun ahal izateko.

3. Tokiko Inbertsioen Planaren Toki Programazioan Zeharbideen urbanizazioari dagokion atalean behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda onartzea, aurrekontu baliagarriaren kargura, guztira 2.886.245,04 euroko ekarpenarekin (4.019.591,74 euroko inbertsioa BEZa kenduta), 1. eranskinaren arabera.

4. Zeharbideen urbanizazioari dagozkion erreserbako zerrendako inbertsioen zerrenda onartzea, guztira 4.453.068,10 euroko ekarpenarekin (9.517.549,70 euroko inbertsioa BEZa kenduta), 2. eranskinaren arabera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela haren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpena argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

6 Bi hilabeteko epe luzaezina ezartzea, Herri Lanen gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin dagokion lankidetza hitzarmena sinatzen denetik kontatzen hasita, 1. eranskinean jaso diren inbertsioen titular diren toki erakundeek aurkez ditzaten, alde batetik, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezartzen den dokumentazioa, eta bestetik, horretarako sinatutako lankidetza hitzarmena.

Iruñean, 2023ko apirilaren 29an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Ana Rodríguez Hidalgo (aldi baterako ordezkatzen ari da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, bat etorriz Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduarekin).

ERANSKINAK

1. eranskina.–Zeharbideen urbanizaziorako behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda.

2. eranskina.–Zeharbideen urbanizaziorako erreserbako zerrendan sartu diren inbertsioen zerrenda.

Deskargatzeko dauden eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2306971