109. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27E/2023 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Toki Programazioa atalaren "Zoladura-lanak sarerik gabe" inbertsio-lerroko 2023-2025 plangintza aldiko zerrenda hauek: aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda, erreserban dauden inbertsioen zerrenda, eta onartu ezin diren inbertsioen zerrenda.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz onetsi zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea –Toki Inbertsioen Plana arautzen duena eta 2022ko apirilaren 1ean indarrean hasi zena–, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura Foru Komunitate osoan hedatzen dela bermatzea.

Foru lege horren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako atal hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.

Toki Programazioa atalaren plangintza hiru urtekoa izanen da 2023-2025 aldirako, 2026-2028 aldirako eta hurrengoetarako, bidezkoa izanez gero.

II. tituluaren II. kapitulua Toki Programazioari buruzkoa da, eta 13. artikuluan ezartzen denaren arabera, programak honako inbertsio-lerro dauzka:

a) Hornidura-sarea, saneamendu-sarea eta euri uren sarea.

b) Zoladura saredunak.

c) Sarerik gabeko zoladurak.

d) Zeharbideen urbanizazio-lanak.

e) Udal eta kontzejuetako zuzkidurak.

16. artikuluan, Toki Programazioa atalari dagozkion inbertsioak behin behinean sartzeko prozedura zehazten da, eta, horrekin bat etorriz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 6an emandako 21E/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko maiatzaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) onetsi ziren Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa, inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko irizpideak eta Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskaeretarako ereduzko agiriak, hori guztia 2023-2025 plangintza aldirako. Ebazpen horretan 2 hilabeteko epea ezarri zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina, toki erakunde interesdunek Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalean sartu nahi zituzten inbertsioen eskaerak aurkez zitzaten.

Arestian aipatu den 16. artikuluan ezartzen denez, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, inbertsioak hautatu eta lehenetsiko dira, martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 19. artikuluan eta III. eranskinean adierazitako irizpideei jarraikiz, eta Toki Administrazioaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak ebazpen bat emanen du Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioa atalaren barruan sartzen diren inbertsioak onesteko. Ebazpen horrek honako hauek bildu beharko ditu:

a) Aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako lehentasunezko inbertsioen zerrenda.

b) Erreserban dauden inbertsioen zerrenda.

c) 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda.

Ebazpen hori (edo beraren ordez inbertsio-lerro bakoitzeko ematen diren banakako ebazpenak) Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta horrek jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Bestetik, 8/2022 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, Planak 30.000.000 euroko zuzkidura dauka 2022ko ekitaldirako; ondoko ekitaldietarako, honela kalkulatuko da urte bakoitzeko zuzkidura: aurreko ekitaldiko aurrekontuan Kapital Transferentzien Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean daukan urterik urteko Kontsumoko Prezioaren Indizean (KPI) ezarritako zenbatekoa adinakoa, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenaren bidez Toki Programazioaren inbertsio-lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa onetsi zen. Banaketa hori egitean kontuan hartu zen 2023-2025 aldirako zuzkidura 30.000.000 eurokoa zela; horregatik, bidezkoa da orain zuzkidura hori eguneratzea, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urterik urteko Kontsumoko Prezioaren Indizea (KPI) zenbatean handitu den, horren arabera, sarerik gabeko zoladuren inbertsio-lerroari dagokionez.

Espedientean Toki Azpiegituren Zerbitzuak 2023ko otsailaren 27an egindako txostena sartu da; bertan adierazten da 218 toki erakundek 359 eskaera aurkeztu dituztela, eta den-denak epealdiaren barnean aurkeztu direla, hots, 2022o abuztuaren 1a baino lehen. Eskaerei esleitutako puntuazioak ematean, inbertsioa egiteko beharrari erreparatu zaio lehenik, eta aldagai horren arabera inbertsioak honela sailkatu dira: presakoak, epe laburrean beharrezkoak, komenigarriak edo ez-lehentasunezkoak. Bigarrenik, toki erakundean Toki Inbertsioen Planetik jaso duen ekarpen bolumenari begiratu zaio. Lehentasunezkoak ez diren inbertsioen eskaerak eta esleitu zaien gehieneko ekarpen ekonomikoaren muga gainditu dutenak ezin onartuzko eskaerak izanen dira. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da hautatutako eta lehenetsitako inbertsioen proposamena.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak proposatu du zenbatekoaren %3 bitarte erreserbatzea premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta beste kopuru bat erreserbatzea, foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren %10 bitarteko gehikuntzei erantzun ahal izateko.

Kontuan harturik hautapen eta lehenespenen hurrenkera eta erabilgarri dagoen aurrekontua, Toki Azpiegituren Zerbitzuak honako zerrenda hauek onets daitezela proposatzen du "Sarerik gabeko zoladurak" inbertsio-lerrorako: behin behinean sartutako inbertsioen zerrenda (67 inbertsio, 59 toki erakunderenak), erreserban dauden inbertsioen zerrenda (186 inbertsio, 141 toki erakunderenak), eta ezin onartu diren inbertsioen zerrenda (106 eskaera).

Proposamena bat dator 8/2022 Foru Legearen II. eranskinaren 1.C) apartatuan bildutako baldintzekin. Eranskin horretan arautzen dira zenbateko lagungarria kalkulatzeko oinarria eta gehieneko ekarpenaren mugak toki erakunde bakoitzeko. 14.1.C) artikuluan arautzen diren jarduketak lagungarriak dira. Eranskin honetan xedatzen denaren arabera, gehieneko diru-ekarpena ezin da izan 160.000 eurotik gorakoa toki erakunde bakoitzeko.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren txostenak daude, 2023ko otsailaren 28koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.

Horrenbestez, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan eskudantziak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eguneratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenaren xedapen zatiaren lehenbiziko apartatuan ezartzen diren zenbatekoak, "Sarerik gabeko zoladurak" lerrorako ezarritakoak, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urterik urteko Kontsumoko Prezioaren Indizearen (KPI) igoeraren arabera. Hona xehetasunak:

2023

2024

2025

2023-2025

%

Sarerik gabeko zoladurak

1.586.880,00

1.586.880,00

1.586.880,00

4.760.640,00

% 12

2. Zenbateko hauek erreserbatzea, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera presazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko eta foru lege horren 17. artikuluan ezartzen diren ekarpen gehikuntzei erantzun ahal izateko: 551.175,54 euro, Toki Programazioko "Sarerik gabeko zoladurak" inbertsio-lerroari esleitutako zenbatekotik.

3. Onestea Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren ataleko "Sarerik gabeko zoladurak" lerroan behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda. Inbertsio horiek aurrekontuan baliagarri dagoen diru-kopuruaren kargura eginen dira, eta lehen ekarpena 4.209.464,46 eurokoa izan da (BEZ gabe, BEZarekin 6.893.952,27 euro), 1. eranskinean zehazten den bezala.

4. Onestea "Sarerik gabeko zoladurak" lerroan erreserban dauden inbertsioen zerrenda. Inbertsio horietarako 10.267.520,94 euroko ekarpena egin da guztira (BEZ gabe, BEZarekin 16.145.070,09 euro), 2. eranskinean zehazten den bezala.

5. Onestea 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda, 3. eranskinean zehazten dena.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela haren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpena argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.

7. Lau hilabeteko epealdi luzaezina ezartzea, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, 1. eranskinean azaltzen diren inbertsioen titular diren toki erakundeek behar den dokumentazioa aurkez dezaten, inbertsioak behin betiko sartzeko. Dokumentazio hori Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 17.1 artikuluan adierazitakoa da.

Iruñean, 2023ko apirilaren 29an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Ana Rodríguez Hidalgo (aldi baterako ordezkatzen ari da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduarekin bat etorriz).

ERANSKINAK

1. eranskina.–Aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako lehentasunezko inbertsioen zerrenda.

2. eranskina.–"Sarerik gabeko zoladurak" lerroan erreserban dauden inbertsioen zerrenda.

3. eranskina.–8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda.

Deskargatzeko dauden eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2306970