109. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

17E/2023 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Toki Programazioaren ataleko "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroen barruan 2023-2025 plangintza aldiari dagozkion zerrenda hauek: aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda, erreserban dauden inbertsioen zerrenda eta onartu ezin diren inbertsioen zerrenda.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eman zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena (2022ko apirilaren 1ean indarra hartu zuen), toki erakundeekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da bermatzea nahitaezkoak diren udal zerbitzuak Foru Komunitate osoan ematen direla.

Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako atal hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.

Toki Programazioaren ataleko plangintza hiru urtekoa izanen da 2023-2025 aldirako, 2026-2028 aldirako eta hurrengoetarako, hala badagokio.

II. tituluaren II. kapitulua Toki Programazioari buruzkoa da, eta 13. artikuluan ezartzen denaren arabera, programak honako inbertsio lerro hauek izanen ditu:

a) Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak.

b) Zoladura-lanak sareekin.

c) Sarerik gabeko zoladura-lanak.

d) Zeharbideen urbanizazio-lanak.

e) Udal eta kontzejuetako zuzkidurak.

16. artikuluan, Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak behin-behinean sartzeko prozedura zehazten da, eta, horrekin bat etorriz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 6an emandako 21E/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko maiatzaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) onetsi ziren Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa, inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko irizpideak eta Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskaeretarako ereduzko agiriak, hori guztia 2023-2025 plangintza aldirako. Ebazpen horretan 2 hilabeteko epea ezarri zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, toki erakunde interesdunek Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalean sartu nahi zituzten inbertsioen eskaerak aurkez zitzaten.

Arestian aipatu den 16. artikuluan ezartzen denez, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, inbertsioak hautatu eta lehenetsiko dira, martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 19. artikuluan eta III. eranskinean adierazitako irizpideei jarraikiz, eta Toki Administrazioaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak ebazpen bat emanen du Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalaren barruan sartzen diren inbertsioak onesteko. Ebazpen horrek honako hauek bildu beharko ditu:

a) Aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda bat.

b) Erreserban dauden inbertsioen zerrenda bat.

c) 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda bat.

Manu horretan xedatutakoarekin bat, ebazpen horren ordez ebazpen independenteak ematen ahalko dira inbertsio lerro bakoitzerako, salbu eta "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroen kasuan, horietarako bai baterako ebazpena onetsi beharko baita.

Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta horrek jakinarazpen ondorioak izanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Bestetik, 8/2022 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, Planak 30.000.000 euroko zuzkidura dauka 2022ko ekitaldirako; ondoko ekitaldietarako, honela kalkulatuko da urte bakoitzeko zuzkidura: aurreko ekitaldiko aurrekontuan Kapital Transferentzien Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean daukan urterik urterako Kontsumoko Prezioaren Indizean (KPI) ezarritako zenbatekoa adinakoa, hala ezarrita baitago Nafarroko Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenean, Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa onetsi zen. Banaketa hori egitean kontuan hartu zen 2023-2025 aldirako zuzkidura 30.000.000 eurokoa zela; horregatik, bidezkoa da orain zuzkidura hori eguneratzea, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urterik urterako Kontsumoko Prezioaren Indizea (KPI) zenbatean handitu den, horren arabera, udal eta kontzejuetako zuzkiduren inbertsio lerroari dagokionez.

Espedientean jasota dago Toki Azpiegituren Zerbitzuak 2023ko apirilaren 4an emandako txostena, non aditzera ematen baita "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" motako inbertsioetarako 359 eskaera aurkeztu direla, 146 toki erakunderen eskutik, eta "Zoladura-lanak sareekin" motako inbertsioetarako, berriz, 224 eskaera, 141 toki erakunderen eskutik. Eskaera horiek guztiak epe barruan aurkeztu dira, hots, 2022ko abuztuaren 1a baino lehen.

Eskaerei esleitutako puntuazioak ematean, inbertsioa egiteko beharrari erreparatu zaio lehenik, eta aldagai horren arabera inbertsioak honela sailkatu dira: presakoak, epe laburrean beharrezkoak, komenigarriak edo ez-lehentasunezkoak. Bigarrenik, toki erakundeak Toki Inbertsioen Planetatik jaso duen ekarpen bolumenari begiratu zaio. Inbertsioen behar-maila zehaztean, "Zoladura-lanak sareekin" motako inbertsioen eskaerei ezarri zaien maila da batera gauzatu beharreko sare-eskaerari esleitu zaion berbera. Eskaerak ezin onartuzkoak direla joko da ez-lehentasunezkotzat sailkatu badira, esleitu zaien gehieneko ekarpen ekonomikoaren muga gainditu badute edo zoladura-lanetarako eskaera izanik ez badaude lotuta sareetarako eskaera finantzagarri bati. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da hautatutako eta lehenetsitako inbertsioen proposamena.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak proposatu du zenbatekoaren %3 bitarte erreserbatzea premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta beste kopuru bat erreserbatzea, foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren %10 bitarteko gehikuntzei erantzun ahal izateko.

Kontuan harturik bai hautapen eta lehenespenean lortutako hurrenkera, bai erabilgarri dagoen aurrekontua, Toki Azpiegituren Zerbitzuak honako zerrenda hauek onets daitezela proposatu du, "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako: behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda –64 inbertsio bilduta, 55 toki erakunderenak–, erreserban dauden inbertsioen zerrenda –97 inbertsio, 84 toki erakunderenak– eta ezin onartu diren eskaeren zerrenda –162 eskaera "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" motarako eta 107 eskaera "Zoladura-lanak sareekin" motarako–.

Proposamena bat dator 8/2022 Foru Legearen II. eranskinaren 1.A) eta 1.B) ataletan bildutako baldintzekin. Eranskin horretan arautzen dira zenbateko lagungarria kalkulatzeko oinarria eta gehieneko ekarpenaren mugak toki erakunde bakoitzeko; eta 14.1.A) eta 14.1.B) artikuluan arautzen diren jarduketak lagungarriak direla jotzen da. Eranskinean ezarritakoarekin bat, toki erakunde bakoitzak "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" lerrorako jaso dezakeen gehieneko ekarpen ekonomikoa ezin da izan dagokion populazio-tartearen arabera eta hornidurako eta saneamenduko zerbitzua ematen duen entitate motaren arabera dagokion zenbatekoa baino handiagoa; "Zoladura-lanak sareekin" lerrorako, toki erakunde bakoitzak jaso dezakeen gehieneko ekarpen ekonomikoa izanen da obra lagungarrirako kalkulatu den zenbatekoa.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren txostenak daude, 2023ko apirilaren 4koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.

Horrenbestez, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Eguneratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 21E/2022 Ebazpenaren xedapen zatiaren lehenbiziko atalean aurreikusitako zenbatekoak, udal eta kontzejuetako zuzkiduretarako ezarritakoak, Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko ekainean zeukan urterik urterako Kontsumoko Prezioaren Indizea (KPI) zenbatean hazi den, horren arabera. Zehazki, honela:

2023

2024

2025

2023-2025

%

Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak

3.967.200,00

3.967.200,00

3.967.200,00

11.901.600,00

%30

Zoladura-lanak sareekin

4.231.680,00

4.231.680,00

4.231.680,00

12.695.040,00

% 32

2. Zenbateko hauek erreserbatzea, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko eta foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren ekarpen gehikuntzei erantzun ahal izateko: 1.727.583,53 euro, "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" inbertsio lerroari esleitutako zenbatekotik, eta 1.231.606,26 euro, "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroari esleitutako zenbatekotik.

3. Onestea Toki Programazioaren ataleko "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda. Guztizko ekarpena 21.637.450,21 eurokoa da (inbertsioa, BEZa kanpo, 30.779.401,59 eurokoa). Zerrenda 1. eranskinean dagoen bezala onesten da, eta 1.1 eta 1.2 eranskinetan eskaera motaren arabera finantzagarria den zenbatekoarekin.

4. Onestea Toki Programazioaren ataleko "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako erreserban dauden inbertsioen zerrenda. Guztizko ekarpena 22.987.558,11 eurokoa da (inbertsioa, BEZa kanpo, 34.197.416,70 eurokoa). Zerrenda 2. eranskinean dagoen bezala onesten da, eta 2.1 eta 2.2 eranskinetan eskaera motaren arabera finantzagarria den zenbatekoarekin.

5. Onestea onartu ezin diren inbertsioen zerrendak, 3.1 eta 3.2 eranskinetan bildutakoak. Inbertsioak ezin onartuzkoak dira 8/2022 Foru Legean ezarritako betekizunak urratzen dituztelako.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela haren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpena argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

7. Lau hilabeteko epe luzaezina ezartzea, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1. eranskinean jaso diren inbertsioen titular diren toki erakundeek behar den dokumentazioa aurkez dezaten, inbertsioak behin betiko sartzeko. Dokumentazio hori Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 17.1 artikuluan adierazitakoa da.

Iruñean, 2023ko apirilaren 10ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

ERANSKINAK

1. eranskina.–Inbertsioen zerrenda, aurrekontu baliabideen arabera, "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako.

2. eranskina.–Erreserban dauden inbertsioen zerrenda "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako.

3. eranskina.–Onartu ezin diren inbertsioen zerrenda, 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Deskargatzeko dauden eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2305749