109. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

288E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023-2024ko deialdia onesten duena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei. DDBN identifikazioa: 693676.

Hala xedatzen baitu urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituenak, institutuaren eskumenen artean dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Eskumen horiek garatzeko, NABIren eginkizunak izanen dira, besteak beste, emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, 25. artikuluan, eskatzen du botere publikoen politikek eta jarduketek susta dezatela emakumeen parte-hartze aktiboa eremu publikoetan, bai maila indibidualean bai kolektiboan, horretarako barnean hartuta emakumeen elkarteak eta talde feministak.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" da aipatutako foru legea garatzeko plangintza publikoko tresna nagusia.

IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteak, emakumeen aniztasunetik, eta entitateekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politiketan.

Beraz, politika publikoek emakumeak ahalduntzen lagundu behar dute, haien elkarte eta entitateetan eta haietatik abiatuta, ikuspegi feminista eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartuta, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, emakumeen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu gizarte ekintzako proiektuetarako emakumeen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloan, 2023-2024an genero ikuspegia duten proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean eta horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzera zuzen ditzaten.

Emakumeen elkarteek eta haien federazioek potentzial handia dute emakumeen asoziazionismoan, haien eskubideen, interesen eta ekarpenen aldarrikapenak ikuspegi berrietatik bideratzen baitituzte. Giza kapital horrek, neurri handi batean, gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzen du, aldaketa-eragilea baita.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean 2023-2024an emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak erreserbatu eta baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2023

154.039,97

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2024

100.000

Salbuespen gisa, 25.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA.–Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra bitarte Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin ditzaten, oinarriotan ezarritakoarekin bat eta kredituek ezartzen dituzten mugen barruan.

Dirulaguntza hauen helburua da emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzea, elkartegintzaren bidez ahalduntze banakakoa eta kolektiboa bultzatzea, eta genero berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarren artean.

2. oinarria.–Onuradunak.

Emakumeen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste elkarte edo entitate batzuk izanen dira dirulaguntzaren onuradun:

–Baldin eta xede eta jarduketa eremu badute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzea,

–Baldin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatean,

–Baldin eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Emakumeen elkartetzat joko dira Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituzten elkarteak, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

3. oinarria.–Betekizunak

Dirulaguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte.

3.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.2. Nafarroako Foru Komunitatean egitea diruz lagundutako jarduerak, deialdi honen xedekoak.

3.3. Estatutuetan xede gisa jasotzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria.–Diruz laguntzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra arte izanen da.

4.2. Proiektu mota hauek lagunduko dira diruz:

A. A motako jardueren proiektua: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak dituzten proiektuak.

B. B motako topaketa-proiektua: Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen arteko lurralde-topaketarako proiektuak, helburua izanik esperientzien trukaketa, belaunaldien arteko itunak eta elkarte-mugimenduaren koordinazioa bultzatzea, sareko partaidetza-prozesuen bidez, Nafarroako elkarteen sarea lurraldeetatik indartzeko. Topaketa horietan, Nafarroan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak egin beharko dira.

4.3. Proiektu diruz lagungarriak eta lagundu ezin direnak.

4.3.1. Proiektu diruz lagungarriak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako 2022-2027 Plan Estrategikoaren esparruaren barneko proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, betiere ikuspegi feminista eta intersekzionala kontuan hartuta. Proiektuak honako hauek egiteko izanen dira:

–Emakumeen eskubideak aniztasunetik zabaltzeko proiektuak, eta emakumeen mugimenduaren eta pentsamendu feministaren historiaren dibulgazioa egitekoak.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerketa- eta dibulgazio-proiektuak, eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzekoak.

–Ikuspegi feministako partaidetza-prozesuak sustatzeko proiektuak, emakumeen ahalduntze indibidual, kolektibo, sozial eta politikoa erraztuko dutenak, emakumeen presentzia, protagonismoa eta lidergoa sendotuz prozesu eta espazio desberdinetan.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa garatzeko lan egiten duten emakumeen sareak sortzeko programak eta jarduerak.

–Prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak gai hauei buruz: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen aurkako indarkeria eta/edo emakumeak eta neskak ahalduntzea.

–Zaintzaren arloko sentsibilizazio- eta prestakuntza-proiektuak, erantzukidetasun soziala, balio-aldaketa eta hura orokortzea sustatzeko, funtsezkoa baita bizitzaren jasangarritasunerako.

4.3.2. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Honako kasu hauetan ez dira diruz lagunduko proiektuak:

–Aisialdiko jarduerak baino jasotzen ez dutenean.

–Helburu dutenean beste entitate batzuei eskaini beharreko zerbitzuak eta ekintzak finantzatzea.

–Genero-ikuspegia txertatzen ez dutenean diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan.

–Jarduerak egiten direnean ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere haien titulartasuna, baldin eta jarduera horiek ikasgelan egiten badira edo eskola-orduetan, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak egiten direnean.

4.4. Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek jardueren proiektu bat (A motakoa) eta elkarteen arteko topaketaren proiektu bat (B motakoa) aurkezten ahalko dituzte.

Mota bereko proiektu batzuetarako eskaera aurkezten duten entitate edo elkarteak ez dira onartuko; hala ere, organo kudeatzaileak eskatuta proiektu horietako bakar bat aukeratzen badute, onartuko dira.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta aurrekontu xehakatuan jasota badaude eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, gastu kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, txostengileak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea, frogatzen badute genero berdintasunaren arloko 120 orduko prestakuntza dutela).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, egiaztatu beharko da enpresa horrek badituela genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (entitate publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana) duten langileak, eta horiexek direla proiektua gauzatuko dutenak. Enpresak 9. eranskina (Prestakuntza egiaztatzeko adierazpena) betez egiaztatuko da prestakuntza. Diruz lagundutako jardueraren %100 ere azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Alderdi horiek justifikatzeko, 10. eranskina (Enpresaren hautapena egiaztatzea) beteko da.

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik proiektuaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

d) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

f) Topaketetarako B motako proiektuen bidaia-gastuak edo A motako jardueren proiektuenak, baldin eta bidaia hori beharrezkoa bada proposatutako jarduera egiteko. Garraioan egindako gastua soilik onartuko da, eta onuradunari fakturatzen zaion gastua hartuko da kontuan, 1000 euroko muga gainditu gabe.

g) Aholkularitza juridikoaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Zeharkako kostuak egozten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Objektiboki, honako hauekin lotutako zeharkako gastuei egozten ahalko zaie emandako dirulaguntza osoaren edo justifikatutako gastu osoaren %10 artekoa, hura baino txikiagoa bada:

a) Erakundearen lokalaren alokairu-gastuak, argia, ura eta telefonoa, eta administrazio-gastuak, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan egiten den aldiarekin bat badatoz.

b) Proiektuak garatzen dituen elkarteko edo entitateko langileen gastuak (langileen nominak), betiere agiri bidez justifikatzen bada langile horiek diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela eta erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoek edo pribatuek) genero-berdintasunari buruz emandako 120 orduko gutxieneko prestakuntza dutela.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

4.6.1. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Diruz lagundutako jardueraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

h) Inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

Ez dira diruz lagunduko diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2.b) atalean ezarritakoa salbu.

4.6.2. Trebetasunak ikasteko jarduerak, genero-estereotipoek markatutako zereginak trukatzekoak eta antzekoak, dirulaguntza jaso ahal izateko, sentsibilizazio edo prestakuntzako beste jarduera batzuekin osatu beharko dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta proiektu bakoitzaren gehieneko zenbatekoa.

5.1. Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta entitateentzako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

a) Emakumeen elkarteak: Emanen den dirulaguntza ez da 10.000 eurotik gorakoa izanen. Aurkeztutako proiektuaren aurrekontua ezin da 10.000 eurotik gorakoa izan, eta zenbateko hori gehienez ere eskatzen ahalko da.

b) Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta entitate batzuk: emanen den dirulaguntza ez da 5.000 eurotik gorakoa izanen. Aurkeztutako proiektuaren aurrekontua ezin da 5.000 eurotik gorakoa izan, eta zenbateko hori gehienez ere eskatzen ahalko da.

5.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera:

–Zenbatekoaren %100 emanen zaie 3.500 euro edo gutxiagoko proiektuei, betiere balorazioan 50 puntu gainditzen badituzte.

–3.500 euro baino gehiagoko proiektu onartuei, portzentaje hauen arabera emanen zaie dirulaguntza:

  • 81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %100.
  • 71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %80.
  • 61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %70.
  • 50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %60.

Ez da baloratuko emakumeak onuradun esklusiboak diren jarduketarik edo jarduerarik, baldin proiektuak genero-ikuspegia barne hartzen ez badu.

5.3. Honela banatuko da aurrekontuko kontsignazio osoa:

–203.231,97 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.

–50.808 euro irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

Bi onuradun motetako batean (emakumeen elkarteak/irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateak) erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste onuradun motarako kredituari gehituko zaio.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek edo entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (deialdi honetan eranskin moduan gehitutako ereduak erabili beharko dira):

–3. eranskina.–Eskaera.

–4. eranskina.–Proiektua: Zehaztu proiektua A motako jarduerena edo B motako topaketena den.

–5. eranskina.–Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena: Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen eta/edo aitortzen dituena:

  • Erakundeak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.
  • Entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten duen zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako inhabilitazioa ekartzen duen legezko debekurik ere.
  • Baimena ematen diola Nafarroako Berdintasunerako Institutuari egiaztatzeko elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak egunean dauzkala zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
  • Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–6. eranskina.–Funtsen aurrerakina (bidezkoa bada).

–7. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

–8. eranskina.–Elkarte antolatzaileen zerrenda (B motako topaketa proiektuetarako eskaerak bakarrik).

–9. eranskina.–Prestakuntza egiaztatzeko adierazpena (bidezkoa bada).

–10. eranskina.–Enpresaren hautaketa egiaztatzea: hau beteko da bakarrik diruz lagundu daitekeen gastua 12.000 eurotik gorakoa baldin bada, enpresaren batek aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuren bat emateagatik.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxaren bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren Atarian baitago (www.nafarroa.eus), tramiteetarako atalean. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera hilabeteko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, elkarteari edo entitateari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/205 Legean ezarri bezala jakinaraziko da zuzentzeko errekerimendua.

Proiektuaren 4. eranskinari buruzko dokumentazioa ezin izanen da inola ere zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, 5. oinarrian adierazitako kopuruen arabera, eta proportzionalki murriztuko zaie laguntza diruz lagundutako proiektu guztiei.

Modalitate batean (A edo B) dirulaguntzarik esleitzen ez bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatearen aurrekontuari gehituko zaio.

8.2. Eskaera bakoitzerako, proiektuaren balorazio teknikoa eginen da, eta, hala badagokio, baztertu eginen dira diruz lagundu ezin diren jarduerak eta gastuak.

Balorazio teknikoa egin ondoren, NABIk onartutako aurrekontuaren zenbatekoa ezarriko da.

–Proiektuaren aurrekontua: entitateak 4. eranskinean (Eskaera) aurkeztutako aurrekontua da.

–NABIk onartutako aurrekontua: NABIk onartutako zenbatekoa da, azterketa teknikoa egin ondoren. Zenbateko hori hartuko da kontuan ehunekoak aplikatzeko (deialdiaren oinarrien arabera diruz lagundu ezin diren jarduerak baztertu ondoren).

–"Emakidaren ehunekoa (%)": Balorazio teknikoan lortutako puntuen arabera kalkulatuko da, deialdiaren 2. eranskinean eta 5. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz.

8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsi eginen dira.

8.4. Urte anitzeko (2023-2024) deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:

–2023ko emakida: Aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra gauzatzeko.

–2024ko emakida: Aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra gauzatzeko.

8.5. Instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahalko du, eta bidezkotzat jotzen dituen jarduketak egiten ahalko ditu ebazpen proposamena egiteko erabiltzen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.6. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate eta elkarte onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, onuradunek beren eskaeran adierazi duten gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

10.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, 2023rako eta 2024rako deialdiaren datu orokorrak jasoko dira. Datu hauek sartuko dira:

–Eskatzaileen zerrenda.

–Ezetsitako eskaerak, arrazoia zehaztuta.

–Onuradunen zerrenda, aldi bakoitzerako emandako zenbatekoekin.

–Aldi bakoitzerako justifikatu beharreko zenbatekoa. Zenbateko horrek bat etorri behar du NABIk onartutako aurrekontuarekin (8.2 oinarria).

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzen onuradun diren entitate guztiek aipatu foru legearen 12.4 artikuluan zerrendatutako informazioa eman beharko dute, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, entitatearen ordezkariak sinatuta eta laguntzen fitxan eskuragarri dagoen 7. eranskinaren arabera (Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Deialdi honetan emandako zenbatekoak honako epe hauetan ordainduko dira:

a) Justifikazioa 12.2.a) puntuaren arabera aurkeztu eta hilabeteko epean, konturako ordainketa bat eginen da, gehienez ere 2023. urteari dagokion emandako dirulaguntzaren kopurukoa izanen dena.

b) Justifikazioa 12.2.b) puntuaren arabera aurkeztu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean, azken ordainketa bat eginen da, gehienez ere 2024. urteari dagokion emandako dirulaguntzaren kopurukoa izanen dena.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, eta dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen duten entitateentzat, ebazpenean emandako kopuruaren %100 aurrez ordaintzea erabakiko da, 2023. urteari dagokion kontzesioaren mugarekin, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jarduera aldi baterako finantzatzeko baliabide nahikorik ez dutela justifikatzen bada.

Funtsez hornitzeko beharra justifikatzeko, eskatzaileak, dirulaguntza eskaerarekin batera, txosten bat aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena diruz lagundutako jarduera gauzatzea aldi batez finantzatzeko behar adina baliabide ez dituela (deialdi honetako 6. eranskina, –Dirua aurreratzeko eskaera–).

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Justifikazioa: Aurreko 12.1 puntuan ezarritako dirulaguntzaren ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, eta bertan eskuragarri dauden ereduetara egokituta:

a) 2023ko azaroaren 3rako, beranduenez: 13. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena zenbateko gastua egin duen onuradunak, ordura arte, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuari dagokionez. Soil-soilik eta adierazpen horretarako, egindako gastutzat hartzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2024ko otsailaren 29rako, beranduenez: Proiektuaren justifikazio osoa, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztuta, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra egindako gastua barne hartzen duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da hurrengo 12.3-12.6 ataletan ezarritakoa.

12.3. Proiektua justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztuko da, 2024ko otsailaren 29rako, beranduenez:

–11. eranskina.–Justifikazio memoria: laguntzen fitxan horretarako diseinatuta dagoen ereduaren araberako memoria.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta jarduera horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–12. eranskina.–Gastuen eredua (Excel orria): Gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda.

Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa justifikazio-kontu gisa aurkeztuko da. Fakturen eta benetan egindako ordainketaren agirien bidez frogatuko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Frogagiria: frogagiri bat, egiaztatzeko Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako jardueretan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra betetzen dela, egiten den publizitatean eta zabalkundean, erabilitako edozein bitartekotan, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (4/2016 Foru Dekretua partzialki aldatu zuen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen webgunean, eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa (esteka).

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektu edo produktuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jardueren eta objektu horien dokumentu, publizitate eta hedabide guztietan jaso beharko dira: liburuxkak, kartelak, mezu elektronikoak, emandako prestakuntza-materialak, etab.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

12.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 5 egun balioduneko epean.

12.5. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2024ko otsailaren 29a baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

12.6. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa txikiagoa bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino, edo gastuaren frogagiri eta ordainketa ziurtagiri bidez justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa txikiagoa bada proiektu onartuaren zenbatekoa baino (NABIk onartutako aurrekontua, 8.2 oinarria), dirulaguntzaren gutxitze proportzionala eginen da (kontzesioaren ehunekoa NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoari aplikatuz), beti ere haren gauzapena nabarmen hurbiltzen bazaio betetze osoari, eta egiaztatzen bada batere dudarik gabe jardun dela hartutako konpromisoak bete nahian, eta proiektuaren helburuen balorazio bera mantenduko da.

13. oinarria.–Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute beste dirulaguntza, laguntza eta sarrera batzuk jasotzea, Estatuko edo Europar Batasuneko beste edozein administrazio, entitate eta erakunde publikok nahiz pribatuk edo nazioarteko erakundeek emanda helburu edo xede bererako, zenbateko horiek, banan-banan edo batera, inola ere proiektu bakoitzaren kostuaren %100 gainditu gabe.

13.2. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute eskuratu Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beste deialdi batzuen zuzeneko dirulaguntzarik xede eta helburu bererako.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, 7. eranskina erabiliz. Deialdiaren 10.3 oinarriaren arabera, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

c) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

d) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

e) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere.

j) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera inklusiboa erabili behar dute, emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako baloreak sustatu behar dituzte.

k) Proiektuko ekintza guztiak irekiak izanen dira eta zabalkunde egokia emanen zaie. Jarduera bat ez da diruz lagunduko baldin eta gauzatu aurretik zabaldu ez bada hainbat komunikazio-kanalen bidez (sare sozialak, kartelak, etab.).

l) Betetzea xedaturik dagoena irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barnean harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du eta, horren bidez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da (zein dirulaguntzari aplikatuko zaion gerakina, hari dagokiona), edo azaldutako gerakinak itzuli behar direla erabakiko da.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere deialdiaren 4 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA.–Ebaluazio irizpideak

Generoaren ikuspegia txertatzea proiektuan

Generoaren ikuspegia txertatzea funtsezko baldintza bat izanen da proiektua baloratu ahal izateko.

Proiektuek irizpide hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1. Berdintasunaren arloko araudiarekin bat etortzea, bereziki Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legearekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako 2022-2027 Plan Estrategikoarekin eta Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko 14/2015 Foru Legearekin.

2. Koherentzia izatea proiektuaren edo jardueraren beharra justifikatzearen, helburuen eta proposatutako jarduketen artean.

3. Generoari dagozkion ekintzak (horietan pertsonek –emakumeek eta/edo gizonek– parte hartzen dute, eta ekintza horiek ezartzeak ondorioak, inpaktuak edo emaitzak –positiboak zein negatiboak– dakartza emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunean).

–Aintzat hartzea emakumeen abiapuntuko egoera, premia espezifikoak eta esku hartu nahi den errealitatea.

–Proiektuak hizkera ez-sexista erabiltzen du.

–Sexuaren arabera bereiztea aurreikusitako jarduera bakoitzaren datuak.

–Genero-estereotipoak eta -rolak minimizatzen laguntzeko ekintzak.

–Genero-arrakalak eta horiei erantzuteko ekintza posibleak identifikatzen ditu.

4. Intersekzionalitatea: Proiektuan aniztasuna eta/edo era askotako diskriminazio egoerak kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak (Diskriminazio anizkoitzak esan nahi du diskriminazioa arrazoi bati baino gehiagori dagokiola. Generoaz gain, beste diskriminazio batzuk ere badaude, hala nola adina, etnia, sexu-orientazioa, erlijioa, dibertsitate funtzionala, etab.)

5. Proiektuaren xedea da egoeraren diagnostikoa egitea, informazioa izateko gizonen eta emakumeen artean dauden baldintza desberdinei buruz eta generoaren harremanen, praktiken eta ohitura sozialen dinamikari buruz.

6. Ahalduntzea, emakumeak ikusaraztea, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta abar sustatzeko ekintzak.

7. Proiektuak barne hartzen ditu berdintasunaren edo genero-indarkeriaren arloko prestakuntza-ekintzak.

Proiektuarekin lotutako irizpideak (70 puntu bitarte).

1. Proiektuaren kalitatea (45 puntu gehienez).

A. Koherentzia.

–Justifikatzea proiektua beharrezkoa dela eta erreferentziako araudiaren printzipioekin bat datorrela, bereziki Berdintasunari buruzko Foru Legearekin.

–Helburu neurgarriak eta lorgarriak.

–Hartzaileak.

–Proposatutako jardueren deskribapena eta aurrekontuaren egokitzapena.

–Proiektuaren bideragarritasuna jardueren arabera.

–Baliabide erabilgarriak (aurrekontua eta kronograma).

–Ebaluazio sistema. Adierazleak.

–Emaitzak lortzeko bideak koherenteak diren ebaluatzea (proposatutako helburuak lortzeko balio dute).

–Espero diren emaitzekin bat esleitutako baliabideak.

–Kontziliazioa eta erantzukidetasuna errazten duten elementuak.

B. Sareko lana eta parte-hartze soziala.

–Beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzea proiektua garatzeko.

–Elkarteen koordinatzaileetan parte hartzea.

–Parte hartzea eta/edo lankidetzan aritzea berdintasunaren, kulturaren, gazteriaren eta abarren arloko zinegotziekin eta teknikariekin.

–Emakume gazteei, migratzaileei zuzendutako jarduketak edo asoziazionismoa sustatzekoak.

–Irisgarritasuna sustatzeko neurriak.

–Elkarteen kudeaketa hobetzeko prestakuntza- eta gaikuntza-jarduerak.

2. Berrikuntza (gehienez 5 puntu).

–Proiektuaren originaltasuna eta sormena.

–Presentzia sare sozialetan

–Proiektuaren definizioan parte hartu duten pertsonen kopurua.

3. Inpaktua eta espero den emaitza (20 puntu, gehienez).

–Gizarte-eragina edo ahalmen biderkatzailea eta transferigarritasuna

–Zabalkunde- eta komunikazio-sistemak

–Talde hartzaileak identifikatzea

–Proiektua gauzatzearekin lotutako arriskuak eta hura arintzeko neurriak.

–Zenbateraino lagunduko duen genero-desberdintasunak minimizatzen.

–Nork jaso dituzten emaitzak (emakumeak, gizonak, adina, etnia, etab.)

–Jardueretan parte hartzearen ehunekoaren aurreikuspena.

Proiektuarekin lotutako irizpideak (30 puntu bitarte).

1. Emakumeen elkarteak (gehienez 15 puntu).

–Gutxienez, bazkideen %80, emakumeak.

–Bazkideen %85etik gora, emakumeak

–Zenbat emakume diren elkarteko kide:

a) 10 baino gutxiago.

b) 10 eta 75 bitarte.

c) 75 baino gehiago.

2. Biztanle kopurua (gehienez 5 puntu).

Elkartea edo entitatea dagoen herriko biztanleak.

3. Esperientzia: gehienez ere 5 puntu.

Zenbat urte daramatzan lanean elkarteak berdintasun proiektuetan

4. Zuzendaritza/presidentetza (gehienez 5 puntu).

Emakume batek betetzen duenean presidentearen kargua, zuzendaritza batzordearena edo organo baliokidearena.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.

Iragarkiaren kodea: F2307579