106. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

277/2023 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Horren bidez, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira, 2023-2029 aldian abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun-programak egiteagatik, eta 2023ko laguntzen deialdia onartzen da. DDBN identifikazioa: 690691.

Nafarroan urtarrilaren 27ko 17/1997 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak. Elkarte horiek ezinbesteko lana egiten dute abereen osasuna mantentzeko eta, ondorioz, jarduera horretatik lortzen diren produktuen osasungarritasuna bermatzeko.

Osasun kalitatea, arintasun komertziala eta abeltzaintzako ustiategien errentagarritasuna hobetzeko, osasun maila handia behar da, eta hori lortzeko ezinbestekoa da sektorearen lankidetza, bai gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko, bai defentsa egiturak mantendu eta sortzeko gaixotasunak agertzeko eta zabaltzeko arriskuari aurre egiteko.

Behien infekziozko errinotrakeitisa (aurrerantzean, «IBR») I motako behien herpesbirusak (HVB-1) eragindako gaixotasun infektokutsakorra da, eta abereei arnasketa eta ugalketa seinaleak eragiten dizkie. Seinale horiek batzuetan ez dira agerikoak (subklinikoak), eta galera ekonomikoak eragin ditzakete antzutasun arazoengatik, bai eta animalien, semenaren, obuluen eta enbrioien salerosketaren mugengatik ere. 554/2019 Errege Dekretua, irailaren 27koa, IBR prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko jarduketen oinarriak ezartzen dituena eta gaixotasun horren aurka borrokatzeko programa nazional borondatezko bat ezartzen duena, Nafarroan aplikatzen ari da. 200 ustiategik baino gehiagok parte hartzen dute, eta horietatik 80k lortu dute osasun kalifikazio gorena (IBR4).

Gaixotasuna desagerrarazteko, borondatezko programari atxikitako establezimenduen kopurua handitu behar da, baina programak abeltzaintzako ustiategiei ekartzen dizkien gastu ekonomikoek mugatu egiten dute borondatezko programa horretara atxikitzen diren abeltzainen kopurua. Gainera, aipatutako Errege Dekretuaren aplikazioa Nafarroan arautzen duen urtarrilaren 14ko 1/2022 Foru Aginduaren bidez, adierazten da larre partekatuak erabiltzen dituzten establezimenduek IBR4 kalifikazio sanitarioa izan behar dutela edo, bestela, abereek gaixotasunaren kontrako txertoa jarrita eduki behar dutela.

Beraz, IBR programara atxikitzea borondatezkoa bada ere, ustiategietan gaixotasun hori kontrolatzeko neurririk ez hartzea kalteak eragiten ari da animaliak herri-lurretan sartzeko mugak direla eta. Arestian azaldutakoagatik, IBRa kontrolatzeko neurriek dirulaguntzak jaso behar dituzte abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteentzako laguntza ekonomikoaren barruan.

Funtsezkoa da elkarte horien jarduera diruz laguntzea, lanean segi dezaten bermatzeko. Foru dekretu horren 6. artikuluak ahalmena ematen dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte aitortuei laguntzak emateko bere aurrekontu-ahalmenen arabera.

Kontuan hartuta bai Europar Batasuneko aurrekontuak bai Europar Batasuneko araudiak babestutako laguntza erregimenak ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek iraupen bera izan ohi dutela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzak Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.

Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, 2023-2029 aldian abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik, eta 2023ko laguntzen deialdia onartzea.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak ikusita.

Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, 2023-2029 aldian abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta erakundearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamalaugarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

4. Deialdi bat onestea 2023. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei dirulaguntzak emateko, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik.

Hilabeteko epea dago 2023an laguntza eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 175.000 euroko gastua baimentzen da, 2023ko gastu-aurrekontuen "Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena" izeneko 710004 71300 4819 412203 partidaren kargura.

6. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

9. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO ABELTZAINTZAREN OSASUN DEFENTSARAKO ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023-2029 ALDIAN ABEREEN GAITZAK PREBENITZEKO, KONTROLATZEKO ETA DESAGERRARAZTEKO OSASUN PROGRAMAK EGITEAGATIK

Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1. Abeltzaintzaren osasun defentsarako Nafarroako elkarteei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede ebazpen honek, behi-aziendaren, ardi eta ahuntz aziendaren, zaldi-aziendaren eta untxien gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko lanak egiteagatik, 2023-2029 aldirako abeltzaintzako ustiategien osasun estatusa hobetzeko asmoz.

2. Laguntza honen xedea da abereen gaitzak prebenitu, kontrolatu eta desagerrarazteko osasun jarduketa edo programetako kostuak konpentsatzea, baldin eta jarduketa edo programa horiei buruzko arau nazionalak edo Europar Batasuneko lege, erregelamendu edo administrazio arauak badaude.

3. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26.9 artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.

4. Laguntza araubidea indarrean egonen da argitaratzen den egunetik 2029ko abenduaren 31ra arte.

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betekizunak.

1. Laguntza hauek men eginen diete Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako betekizunei; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntza hauek eskatzeko, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte aktiboek ETEak izan beharko dute, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, eta Abeltzaintzaren Osasun Defentsarako Elkarteen Nafarroako Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak Nafarroako Foru Komunitatean arautzen dituen urtarrilaren 27ko 17/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, Abeltzaintzaren Osasun Defentsarako Elkarteek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen erregistroan onartua eta inskribatuta egotea, urteko deialdiari dagozkion laguntzen eskaera aurkezteko epea bukatu baino lehen.

b) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako abeltzainei ezarritako osasun programa komunean jasotako jarduerak egiteko eskatzea, elkartea osatzen duten abere espeziearen edo espezieen arabera.

c) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan gaixotasunak desagerrarazteko ezarrita dauden programa nazionalen edo etorkizunean ezartzen diren programen esparruan, kasuan kasuko abere-espeziearentzat estatuko araudian beharrezkotzat jotzen diren osasun kontrol eta jarduketa guztiak egitea.

d) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteari dagozkion jarduketak betetzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, abereen gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen dituen abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

e) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteek 1 000 AzLU edo 10.000 untxi ugaltzaile izan beharko dituzte gutxienez. AzLUak kalkulatzeko, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren V. eranskineko baliokidetasun taulari jarraituko zaio, zeinak 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta baldintza komunen ezarpena arautzen dituen eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzen duen.

3. Honako hauek dira laguntzen azkeneko onuradunak: Nafarroako Foru Komunitateak ofizialki onartutako abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte batean sartutako nekazaritzako ustiategi txiki eta ertainak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Abeltzaintzako ustiategiak jardunean egotea eta ETEak izatea, Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea aurreko ekitaldiko abenduaren 31n.

b) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, horrela baitago arautua Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan.

c) Ustiategiak ez egotea betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

4. Laguntzen araubidea ez zaie aplikatuko krisian dauden enpresei, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan definitutakoari jarraikiz, salbu eta abereen gaixotasunak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko kostuak konpentsatzeko emandako laguntzen kasuan, Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluaren 8. eta 9. apartatuei jarraikiz.

5. Ebazpen honetako bigarren oinarriko 3. puntuko c) letran xedatutakoa betetzen ez duten enpresen aldeko ad hoc laguntzei ez zaie laguntza araubide hau aplikatuko.

6. Ezin dituzte laguntza hauek eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten pertsonak edo entitateak.

7. Aurreko puntuan azaldutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriro ere, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete eta berdintasun plan bat prestatu badute, indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Hirugarren oinarria.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

1. 2016/429 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren animalien gaixotasunen zerrendan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/690 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean ezarritako zoonosi zerrendan edo Animalien Osasunaren Nazioarteko Erakundeak albaitaritza sektoreko gastu jakin batzuei buruz egindako Lurreko Animalientzako Osasun Kodearen animalien gaixotasunen, infekzioen eta infestazioen zerrendan agertzen diren animalien gaixotasunekin lotuta egiten diren jarduerak finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, honako kontzeptu hauengatik:

a) animalien gaixotasunen kasuan, probak eta bestelako detekzio neurriak, EEK eta BSE detektatzeko probak barne.

b) txertoak, sendagaiak, animaliak tratatzeko substantziak eta produktu fitosanitarioak eta biozidak erostea, biltegiratzea, ematea eta banatzea.

c) animaliak hiltzea edo ezabatzea eta desegitea eta haiei lotutako produktuak suntsitzea, baita txertoen edo agintari publiko eskudunek agindutako beste neurri batzuen ondorioz hil edo suntsitu zirenak ere.

d) ustiategiaren eta ekipoen garbiketa, desinfekzioa eta desinfestazioa, epidemiologiaren eta patogenoaren edo bektorearen ezaugarrien arabera.

2. Diruz lagungarriak diren kostuen %100ekoak izanen dira onuradunak jasotako laguntzak eta beste edozein ordainketa, estatuko edo Europar Batasuneko beste neurri batzuen edo kostu diruz lagungarri berberetarako aseguru-polizen edo mutua-funtsen babesean egindako ordainketak barne.

3. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, salbu eta ezin bada berreskuratu dagozkion lege nazionalekin bat.

4. Europar Batasuneko araudian ezarritakoaren arabera, laguntzak ez dira erabiliko onuradunak ordaindu beharreko neurrietarako, salbu eta neurri horien kostua guztiz konpentsatzen bada onuradunek ordaindu beharreko nahitaezko ordainarazpenekin.

Laugarren oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko lekua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.–Laguntzaren eskabideak aurkezteko epea 2024-2029 aldiko urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta hilabeteko epean amaituko, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

2.–Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Subvencion-a-Agrupaciones-de-Defensa-Sanitaria-para-realizar-programas-sanitarios

(aurrerantzean, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3.–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak lehenbizikoz eskatzen badu laguntza edo hura ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia aurkeztu beharko du, behar bezala betea. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F41AF884-329B-4035-B577-8AF83F3A2713/469033/Solicitudabonotransferenciaeuskera1.doc).

4.–Laguntza eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

4.1. Elkartearen estatutuen kopia, laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada. Era berean, hura aurkeztu beharko da aldaketarik egin bada aurreko urteetan aurkeztutako dokumentazioan.

4.2. Eskaera egiten den unean elkartean dauden abeltzaintzako ustiategien zerrenda, ustiategi bakoitzeko titularrak edo ordezkariak eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen ordezkariak sinatua. Bertan, baldintza hauek betetzen dituztela adieraziko dute:

a) Zerga betebeharrik eta Gizarte Segurantzarekikorik ez dutela, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen dituztela.

b) Jardueran ari diren abere-ekoizleen ustiategiak direla, eta ustiategi horiek ETEak direla, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

c) Ustiategia Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta dagoela.

d) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Ez dela krisiak jotako enpresa bat, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan.

Abeltzaintzako ustiategiak bete beharreko baldintzak egiaztatu ondoren, deialdi honetan parte hartzen duten ustiategien zerrendan sartuko da abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko kide gisa. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte baten baino gehiagoren ustiategien zerrendan agertzen bada, azkena aurkezten den abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteari dagokion eskaera bakarrik hartuko da kontuan.

4.3. Laguntza eskaeraren urtean garatu nahi den osasun programa komuna, albaitari arduradunak eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko lehendakariak sinatua. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitariak prestatutako txostena erantsiko da, Abeltzaintza Zerbitzuak onetsitako osasun programa bete dela deskribatzen duena.

4.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

4.5. Baimena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen diona, egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, ekitaldi honetako laguntzen deialdiaren tramitazio prozeduraren barruan; laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

4.6. Aurreko apartatuarekin ados ez badago, pertsonak edo erakundeak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

4.7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

4.8. Txosten ekonomikoa, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko lehendakariak sinatua eta hango albaitari arduradunak ikus-onetsia. Txostenean, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak programa gauzatzeko aurreikusitako gastuen azalpena, justifikazioa eta aurrekontu xehakatua azalduko dira.

4.9. Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Bosgarren oinarria.–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera.

1. Laguntzak urtero emanen dira, elkarte bakoitzak aurkezten duen osasun planarekin bat. Hautatu daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko, eskaeraren urteko martxoaren 31ko jardueren adierazleak erabiliko dira, oinarri honetan zehazten diren adierazleen zerrendaren eta erantsitako taulako zenbatekoen arabera.

2. Operazio horretan aurreikusitako laguntza ondoko adierazleen arabera modulatzen da:

a) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko kide diren ustiategien kopurua. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteari lotutako ustiategien guztizko kopurua zenbatuko da.

b) 2014-2020ko Landa Garapenerako Programako laguntza jakin batzuetarako deialdia urtero egiten duen ebazpenari jarraiki, goi mendiko eremutzat jotako udalerrietan dauden ustiategien kopurua; 2023-2027 NPBPEko eskualdeko esku hartzeak; patata hazi egiaztatuen ekoizleentzako estatu laguntza, nekazaritza jarduera hori berezko mugak dituzten eremuetan mantentzeko; azukre erremolatxaren laborantzarako estatu laguntza, de minimis araubideari atxikita; eta naturagune babestuetako ingurumen mugengatiko konpentsazio laguntza.

c) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko ustiategietako abere kopurua. Honela kontabilizatuko dira, espeziearen osasun planaren arabera:

–Deialdiaren urteko martxoaren 31n 24 hilabetetik gorakoak diren behiak. Ustiategi bakoitzean gehienez 500 behi abelburu kontabilizatzen ahalko da.

–Deialdiaren urteko martxoaren 31n umetarako ardi eta ahuntzak. Ustiategi bakoitzean gehienez 1.000 umetarako ardi eta ahuntz kontabilizatzen ahalko dira.

–Deialdiaren urteko martxoaren 31n sei hilabete baino gehiagoko behor abelburuak. Ustiategi bakoitzean gehienez 200 behor abelburu kontabilizatzen ahalko da.

–Deialdiaren urteko martxoaren 31n umetarako untxien kopurua. Ustiategi bakoitzean gehienez 3.000 untxi kontabilizatzen ahalko dira.

d) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko kide diren eta deialdiaren urteko martxoaren 31n IBR4 kalifikazioa duten ustiategien kopurua.

e) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteari lotutako eta IBR txertaketa programak dituzten ustiategietako behien kopurua.

3. Elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, bai eta adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdian zenbateko berriak alda daitezke, adierazlea kostu berrira egokitu dadin.

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

Espeziea eta orientazioa

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen ustiategi kopurua

Goi mendiko udalerrietako ustiategi kopurua

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen animalia kopurua

IBR4 gisa kalifikatutako ustiategi kopurua

IBR txertaketa programak dituzten behien kopurua

Zezenketarako ez den behi azienda

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

4 euro abelburuko

300 euro ustiategiko

4 euro abelburuko

Esnetarako behienak

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

3 euro abelburuko

300 euro ustiategiko

4 euro abelburuko

Zezenketarako behi azienda

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

3 euro abelburuko

300 euro ustiategiko

4 euro abelburuko

Ardiak eta ahuntzak

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

1 euro abelburuko

-

-

Zaldi ustiategiak

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

4 euro abelburuko

-

-

Untxi azienda

25 euro ustiategiko

15 euro ustiategiko

1 euro abelburuko

-

-

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak elkarteen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

–Lehenik: ustiategien %80, gutxienez, II. Nekazaritza Eskualdeko edo Pirinioetako udalerrietakoak diren elkarteak, 1998ko martxoaren 2ko foru aginduak, Nafarroako nekazaritza eskualdeen banaketa aditzera ematen duenak, ezartzen duenaren arabera.

–Bigarrenik: gutxienez 10.000 umetarako untxi dituzten abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak.

–Hirugarrenik: II. Eskualdea edo Pirinioak ez den beste eskualde bateko ustiategiak dituzten elkarteen eskabideak.

3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, onuradunak honako betebehar hauek ere bete beharko ditu:

a) Osasun defentsarako elkarte bakoitzaren barruan sartzea eskatzen duten abeltzaintzako ustiategietako titularrak onartzea, kasuan-kasuan indarra duen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak betetzen badituzte. Eskaerak unean uneko langile kopuruaren arabera erantzunen dira.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak, bai dirulaguntzaren kudeaketa eta kontrolari loturikoak, bai dirulaguntzaren xedeko elkartearen jarduerei loturikoak.

c) Eman eta hartutako dirulaguntzak direla-eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintza oro onartzea.

d) Helburu bereko beste edozein dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

e) Nahitaez aitortu beharreko gaitzen berri edo horiek agertu izanaren susmoen berri ematea Departamentuari, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean (maiatzaren 30eko 17/2022 Foru Legeak aldatu zuen) ezartzen denaren arabera, eta urtero eskualdeko abeltzaintzako ustiategien osasun egoerari buruzko memoria edo txosten bat egitea, nahitaez aitortu beharrekoak ez diren beste gaitz batzuen balizko agerpena ere aipatuz.

Zortzigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Eskaera hartuta, eranskin honetako bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak eta betebeharren justifikazioa.

1.–Ordaintzeko ebazpena emanen da jarduera egin dela egiaztatu ondotik, eta betiere oinarri arauemaile hauetan ezarritakoaren arabera egin bada. Ordainketak eginen dira baldin eta gaitzei buruz lege, erregelamendu edo administrazio xedapenik badago, izan nazionala nahiz Batasunekoa, eta baldin eta gaitzei aurrea hartzeko edo haiek kontrolatzeko edo desagerrarazteko programa publiko batekoak badira, izan Batasunekoa, nazionala edo eskualdekoa.

2.–Emandako dirulaguntza jasotzeko, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte onuradunek ondotik aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute urteko azaroaren 5a baino lehen, eskaera egiten denean aurkeztutako osasun programa erkidea nola bete den egiaztatzeko:

2.1. Osasun programa gauzatzeari buruzko urteko txostena, elkarteko lehendakariak eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitari arduradunek sinatua, egindako jarduketen gainekoa.

2.2. Egindako jarduketen egiaztagiriak:

a) Programa aplikatzeko kontratatutako albaitarien ziurtagiria, non azalduko baita abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko zein ustiategik bete duten oso-osorik osasun programa.

b) Albaitaritzako teknikariek ustiategien bisita zoosanitarioetan egindako biosegurtasun inkesten jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

c) Egindako prestakuntza ikastaroetako aktak eta bertaratutakoen sinadura orriak, programaren aplikazioaren ardura duen albaitari batek eta elkarteko lehendakariak edo idazkariak sinatuak, gutxienez.

d) Osasun programak ustiategi bakoitzean izan dituen emaitzen urteko laburpena, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitari arduradun batek bederen sinatua.

e) Laborategietan eskatutako analisien emaitzen buletinen fotokopiak.

f) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, diruz lagungarriak diren jarduerak garatzeko deialdiaren urteko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako gastuen fakturekin eta gastu horiek ordaindu izanaren egiaztagiriekin batera. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

3.–Laguntzaren ordainketa banku transferentziaren bidezko ordainketa bakarraren bidez eginen da, onuradunak eskaeran adierazitako kontuan.

4.–Abeltzaintza Zerbitzuak behar diren ikuskapenak egiten ahalko ditu egindako inbertsioa ebazpen honetan xedatutakoaren araberakoa ote den egiaztatzeko.

5.–Bigarren apartatuan adierazitako dokumentazioa, laborategietako analisien emaitzak eta egindako ikuskapenak aztertuta, ikusten bada ustiategiren batean osasun programa ez dela oso-osorik bete, laguntza jaso zuten ustiategi horiei dagokien laguntza kenduko zaie ordaintzeko ziurtapenetik.

6.–Dirulaguntza emanen da organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren dirulaguntzaren xedeak bete direla eta laguntzaren onuradunak bete duela gardentasunari buruzko informazioaren betebeharra, eta aurkeztu dituela genero-ikuspegiaren araberako egoeraren diagnostikoa eta entitatea hobetzeko helburuak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan. (2007ko martxoaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 71. zk.).

Hamaikagarren oinarria.–Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Diruz lagungarriak diren osasun defentsarako elkarteek beren jarduerari eutsi beharko diote eta animalien osasuna mantentzen jarraitu beharko dute, eta, ondorioz, abeltzaintza jardueratik lortutako produktuen osasungarritasuna bermatu beharko dute eskaeraren urtean zehar.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Zehazki, estatuko beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinetarako badira.

3. Estatuko beste edozein laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.

4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan aurreikusitako ordainketekin, diruz lagundu daitezkeen kostu berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

5. Laguntza hauek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

Hamahirugarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea.

1. Bigarren oinarrian zerrendatutako baldintzak eta seigarren oinarriaren a) letrako betebeharrak ez betetzeak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.

2. Laguntza %25 murriztuko da seigarren oinarriko b), c), d) eta e) letretako betebeharrak betetzen ez badira.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

4. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Laguntza ekonomikoa jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan ageri dena.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Onuradunak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamabosgarren oinarria.–Jarraipena.

Ebaluazio-organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzaren araubide honen araberako azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hogei egun balioduneko epean edo eskabidean ezar daitekeen epe luzeagoan emanen dio Batzordeari erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

Hamaseigarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:

a) Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntza neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpen primarioaren sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.

2. Aurreko 1.b) apartatuan aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.

3. Laguntza araubidearen testu osoak, bereziki, erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du, izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza hori ukitzen duten III. kapituluko xedapen espezifikoak ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionala. Laguntza araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak azalduko dira.

Iragarkiaren kodea: F2306545