106. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

144E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Osasun kontseilariak emana, Osasun kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 44/2016 Foru Agindua aldatzen duena; haren bidez ezarri zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretuaren 2.3.c) artikuluaren arabera, Osasun Departamentuko kontseilariari dagokio Atala baino maila apalagoko unitate organikoak sortu, aldatu eta kentzea, beharrezkoa bada egituraren eginkizunak hobeki garatzeko, betiere Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzak eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta antolaketaren eta funtzio publikoaren arloetako departamentu eskudunek txostena egin ondoren.

Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 10eko 44/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa ezarri zen.

Ondoren, martxoaren 16ko 310E/2017 Foru Aginduaren bidez eta irailaren 22ko 600E/2017 Foru Aginduaren bidez, biak ere Osasun kontseilariak emanak, Osasun kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 44/2016 Foru Agindua aldatu zen; haren bidez ezarri zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egungo esparru estrategikoak, koronabirusaren pandemiaren fase akutua gainditu ondoren, erronka berriak ditu aurrean, 2022-2025 Osasun Publikoko Planean islatzen direnak. Plan hau bat dator, Osasun Ministerioan eta Nafarroan, ondoko erronka hauei erantzuteko prestatzen ari diren plan eta estrategiekin:

–2022 Osasun Publikoko Estrategia, Osasun Publikoko Zerbitzu Komunen Zorroa eguneratuko duena.

–Estatuko Osasun Sistemaren Osasun Publikoa Zaintzeko Estrategia.

–GIBaren bidezko infekzioa eta sexu-transmisiozko infekzioak prebenitu eta kontrolatzeko plana 2021-2030.

–Elikadura katearen kontrol ofizialerako plan nazionala.

–Osasun eta Ingurumen Plan Estrategikoa 2022-2026 eta 4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzkoa.

–Laneko Osasun eta Segurtasunaren Espainiako Estrategia 2022-2027, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren esparruan.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzak eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretuaren 2.3.c) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Osasun kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 44/2016 Foru Agindua aldatzea; haren bidez ezarri zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa.

Bat.–1. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratu da:

"1. artikulua. Epidemiologiaren eta Osasun Prebentzioaren Zerbitzuko unitateak.

Epidemiologiaren eta Osasun Prebentzioaren Zerbitzuan unitate hauek ezartzen dira:

a) Detekzio Goiztiarraren Erizaintzaren Unitatea, Detekzio Goiztiarraren Atalari atxikia.

b) Detekzio Goiztiarraren Administrazio Unitatea, Detekzio Goiztiarraren Atalari atxikia".

Bi.–2. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

"2. artikulua. Lan Osasunaren Zerbitzuaren unitateak.

Lan Osasunaren Zerbitzuan unitate hauek ezartzen dira:

a) Prestakuntza, Informazio eta Ikerketa Unitatea, Lan Osasunaren Zerbitzuari atxikia.

b) Lanaren Ondoriozko Kalteak Aztertzeko Laguntza Unitatea, Laneko Osasuna Zaintzeko Atalari atxikia.

c) Aldi baterako Ezintasunen Unitatea, Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalari atxikia.

d) Laneko Istripuen Prebentziorako Unitatea, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalari atxikita.

e) Industria Sektorearen eta Zerbitzuen Unitatea, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalari atxikia.

f) Lehen Sektorearen eta Eraikuntzaren Unitatea, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalari atxikia."

Hiru.–g) letra erantsi zaio 3 artikuluari. Hona testu berria:

"g) Ikuskapen Jarduketen Programazio Unitatea, Ingurumen Osasunaren Atalari atxikia."

Lau.–4.bis artikulua aldatzen da eta honela idatzita geratzen da:

"4.bis artikulua. Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzuaren unitateak.

Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzuan, unitate hauek ezartzen dira:

a) Osasun Eskola Unitatea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari atxikia.

b) Bizitza Estiloen Unitatea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari atxikia.

c) Tokiko Osasun Komunitarioaren Behatokiaren Unitatea, Osasun Komunitarioaren Behatokiaren Atalari atxikia."

Bost.–5. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"5. artikulua. Detekzio Goiztiarraren Erizaintzaren Unitatearen eginkizunak.

Detekzio Goiztiarraren Erizaintzaren Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun laguntzaren kalitatea gainbegiratzea, eta egiaztatzea eriaren eskubideak errespetatzen direla eta erien ardura duten langileek laguntza arloko betebeharrak betetzen dituztela, orokorki nahiz espezifikoki, kasuan kasuko programaren arabera.

b) Atalaren programetan parte hartzen duten erien jarraipen klinikoa egitea, oinarrizko osasun laguntzako eta laguntza espezializatuko historia kliniko informatizatua berrikusiz.

c) Beren unitateari atxikitako langile tekniko nahiz administratiboen jarduerak, lanak eta eginkizunak kontrolatu eta koordinatzea, lanpostuak, txandak eta lanaldiak esleituz.

d) Absentismoa, bajak, oporrak, lekualdaketak eta halakoak kontrolatu eta kudeatzea.

e) Ordutegiak betetzen direla, dedikazioa eta errendimendua begiratzea.

f) Langileekiko komunikazio prozesuak erraztu eta bultzatzea, eta lan giroa sustatzea.

g) Unitateko langileak lanerako egokitzea eta haiei aholkuak, laguntza teknikoa eta prestakuntza ematea.

h) Ekipamendu teknikoaren mantentze-lan orokorrez eta prebentziorako mantentze-lanez arduratzea, bai eta unitateen egoera onaz ere.

i) Unitateko material inbentariaezina kontrolatu eta berritzea.

j) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik bere jarduketa eremuan agintzen zaion beste edozein.

Sei.–5.bis artikulua aldatu da; hona testu berria:

"5.bis artikulua. Detekzio Goiztiarraren Administrazio Unitatearen eginkizunak.

Detekzio Goiztiarraren Administrazio Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Unitateari atxikitako langileen jarduerak, lanak eta eginkizunak kontrolatu eta koordinatzea, eta haiei lanpostua, txanda eta lanaldia esleitzea.

b) Absentismoa, bajak, oporrak, lekualdaketak eta halakoak kontrolatu eta kudeatzea.

c) Ordutegiak betetzen direla, dedikazioa eta errendimendua begiratzea.

d) Unitateko langileak lanerako egokitzea eta haiei aholkua, laguntza teknikoa eta prestakuntza ematea.

e) Langileekiko komunikazio prozesuak erraztu eta bultzatzea, eta lan giroa sustatzea.

f) Unitateko material inbentariaezina kontrolatu eta berritzea.

g) Unitateko sistema informatikoetako eta datu baseetako sarrerako segurtasun neurriak betetzen direla zaintzea.

h) Detekzio Goiztiarraren Atalak agintzen ahal dion beste edozein eginkizun".

Zazpi.–8.bis artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

"8.bis artikulua. Laneko Istripuen Prebentziorako Unitatearen eginkizunak.

a) Prebentzio kudeaketari eta laneko arriskuei buruzko aholkularitza teknikoa, kontrola eta zaintza, lantokietan zuzeneko egiaztapena egitea barne.

b) Laneko Osasun Planeko programa eta ekintzen garapenean eta jarraipenean parte hartzea, Laneko Osasun Zerbitzuko gainerako atal eta unitateekin koordinatuta.

c) Lanbide Arriskuen Prebentzioko goi mailako heziketa zikloko ikasleen curriculumeko praktiken tutoretza egitea.

d) Bere jarduketaren eremuan esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin lotuta badago edo haien ondoriozkoa bada."

Zortzi.– 8.ter artikulua gehitu da; honelaxe dio:

"8. ter. Industria Sektorearen eta Zerbitzuen Unitatearen eginkizunak.

Industria Sektorearen eta Zerbitzuen Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aholkularitza tekniko prebentiboa ematea eta laneko arriskuen eta prebentzioaren kudeaketa zaintzea, eta lantokietako segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzea.

b) Laneko istripuak, lanbide eritasunak eta osasunari egindako bestelako kalteak ikertzea eta dagozkien txostenak prestatzea.

c) Eskatzen duten instituzio eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea, bere eskumeneko gaietan; bereziki Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko dagokion Zuzendaritza Nagusiari, Lan Agintaritzari eta Laneko Ikuskatzailetza Probintzialari.

d) Laneko Osasun Planeko programa eta ekintzen garapenean eta jarraipenean parte hartzea.

e) Goi Mailako Heziketa Zikloko eta Unibertsitate Masterretako laneko arriskuen prebentzio arloko ikasleen curriculumeko praktiken tutoretza egitea.

f) Bere jarduketaren eremuan esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin lotuta badago edo haien ondoriozkoa bada."

Bederatzi.– 8.quater artikulua gehitu da; honelaxe dio

"8 quater. Lehen Sektorearen eta Eraikuntzaren Unitatearen eginkizunak.

Lehen Sektorearen eta Eraikuntzaren Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aholkularitza tekniko prebentiboa eskaintzea eta laneko arriskuen eta prebentzioaren kudeaketa zaintzea, eta orobat, lantokietako segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzea.

b) Laneko istripuak, lanbide eritasunak eta osasunari egindako bestelako kalteak ikertzea eta dagozkien txostenak prestatzea.

c) Eskatzen duten instituzio eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko behar diren jarduketak garatzea, bere eskumeneko gaietan; bereziki Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko dagokion Zuzendaritza Nagusiari, Lan Agintaritzari eta Laneko Ikuskatzailetza Probintzialari.

d) Laneko Osasun Planeko programen eta ekintzen garapenean eta jarraipenean parte hartzea.

e) Goi Mailako Heziketa Zikloko eta Unibertsitate Masterretako laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikasleen curriculumeko praktiken tutoretza egitea.

f) Bere jarduketaren eremuan esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin lotuta badago edo haien ondoriozkoa bada."

Hamar.–14.bis artikulua gehitu da; honelaxe dio:

"14.bis. Ikuskapen Jarduketen Programazio Unitatearen eginkizunak.

Ikuskapen Jarduketen Programazio Unitateak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Urteko laginketa eta ikuskapen planen proposamena eta horien ondoriozko ikuskapen protokoloak idaztea.

b) Ikuskatzaileen jarduera eta laginketa planak antolatu, koordinatu eta haien jarraipena egitea.

c) Ikuskapen programen memoriak eta horiei buruz behar diren bestelako txostenak prestatzea.

d) Zehapen espedienteen proposamenak eta horiekin zerikusia duten txostenak koordinatzea.

e) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion bestelako eginkizunak."

Hamaika.–18. artikulua erantsi da, eta honela geratuko da:

"18. artikulua. Bizitza Estiloen Unitatearen eginkizunak.

Bizitza Estiloen Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bizimoduei buruzko programak, proiektuak eta ekintzak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea, hala nola ariketa fisikoa, elikadura, ongizate emozionala, substantziarekiko eta substantziarik gabeko mendekotasunen prebentzioa, sexualitate osasungarria eta beste.

b) Informazio eta komunikazio publikoa koordinatzea bizitza estiloen gaietan.

c) Ingurune eta politika osasungarriak sustatzen aritzen diren Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea.

d) Gai horiei buruzko informazioa, osasun hezkuntza eta herritarren ahalduntzea sustatzea.

e) Inplikatutako esparruetako profesionalen prestakuntza sustatzea.

f) Bizitza estiloaren arloan lanean ari diren egituren arteko koordinazioa eta tokiko komunitateen sareko lanari laguntza eskaintzea, direla zerbitzuak nahiz udal eta gizarte erakundeak, barne direla osasun arloko gizarte ekintzarako laguntza eta osasuna prebenitzeko eta sustatzeko programetarako dirulaguntzak.

g) Substantziekiko nahiz substantziarik gabeko mendekotasunen prebentzioaren eta osasunaren sustapena integratzea bizitzaren etapetan barna, lehentasuna emanez adingabeei eta ingurunearen prebentzioari, eta talde eta pertsona/familia ahulenetan prebentzio selektiboa eta egokitua egitea.

h) Bere eskumeneko gaietan aldakorrak diren gizarte fenomenoen gaineko behaketa egitea, eta ebidentzia zientifiko berriak eta ekintza jardunbide egokiak transferitzea."

Hamabi.–19. artikulua erantsi da, eta honela geratuko da:

"19. artikulua. Tokiko Gizarte Osasunaren Behatokia Unitatearen eginkizunak.

Tokiko Gizarte Osasunaren Behatokia Unitateak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Eremu horretako eginkizunak sendotu eta handitzea, eta Atalean, Zerbitzuan eta Lan eta Gizarte Segurantzaren Institutuan integratzea.

b) Departamentuen barneko eta departamentu arteko koordinazioa indartzea, antzeko eginkizunak dituzten beste egitura batzuekin.

c) Osasun arloko desberdintasunei eta sortzen ari diren behar berriei buruzko lana areagotzea, indarrean dauden osasun publikoko planen eta osasun planen esparruan.

d) Unitate honen lana Atalaren gainerako proiektuekin integratzen laguntzea, gure erkidegoko osasun egoeraren zaintza tokian-tokian hobeki egiteko.

e) Osasuna Sustatzeko Atalarekiko koordinazioan laguntzea, politika guztietan, osasunaren arloko tokiko ekintza komunitarioaren esparruan.

f) Osasun Ministerioarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin gai horien inguruko koordinazioari eustea.

g) Informazioa, hedapena, komunikazioa eta prestakuntza ematea herritarrei eta osasun eragileei, bai zerbitzuei, bai tokian-tokian osasuna hobetzeko lanean ari diren udal eta gizarte entitateei."

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Erizaintza eta Kudeaketa Unitateko buruaren izendapena berresten da, Detekzio Goiztiarreko Erizaintzaren Unitateko burua izan dadin, izendapena egin zen baldintza beretan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Laguntzako eginkizunak.

Laguntzako eginkizunak izanen ditu Detekzio Goiztiarraren Erizaintzaren Unitatea.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2307265