101. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

181E/2023 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita 2023rako gastua, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioetako dirulaguntzentzat; era berean, martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpenaren oinarri arautzaileak aldatzen dira. DDBN identifikazioa: 674107.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, gizarte eragileekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegua lortzea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2023. urterako gastua baimentzea Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzentzat.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpenak aipatutako deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi zituen (2021eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 22koa), eta ondoren aldatu ziren, otsailaren 23ko 476/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 8koa).

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak honako hauek proposatzen ditu: 5 a), 7, 11.3, 14, 15 c) eta 16.1.1 oinarri arautzaileak aldatzea, egindako inbertsioen epea zabaltzeko; dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzea eta dagoen kredituaren banaketa proportzionala aurreikustea; berdinketa hausteko kasuak zehaztea eta zabaltzea; balorazio irizpide berriak aldatzea eta sartzea; azken sorrerako gutxieneko epearen hasierako zenbaketarako erreferentzia aldatzea, eta justifikazioari eustea.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 235.000 euroko gastua baimentzea, 2022rako aurrekontuko 950001 96100 7709 241204 [PEP: E-22/000530-01] "Gizarteratze-enpresetan inbertitzeko laguntzak. Konferentzia sektoriala" izeneko partidaren kargura, 2023ko gastuen aurrekontukoa, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresei dirulaguntzak emateko, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, horietan inbertsioak eginez, DDBN 674107.

2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpena, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak:

2.1. Deialdiaren 5. a) oinarria aldatu eta beste testu ematea:

a) Aurreko urteko azaroaren 1etik urte horretako urriaren 31ra bitarte egindako inbertsioak izatea, eta urte bereko azaroaren 5a baino lehen ordainduak izatea.

2.2. Deialdiaren 7. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

7. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izaten ahal da, 13.500 euro gehienez, gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzeko.

Hortik aurrera oraindik kreditu eskuragarririk baldin badago, soberako kopurua lortutako puntuen proportzioan banatzen ahalko da, gehienez 10.000 euro entitate bakoitzeko, betiere %20ko gutxieneko finantza-kidetza portzentajea eta 14 e) oinarrian baloratutako tartea errespetatuz.

2.3. Deialdiaren 11.3. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

11.3. Berdinketa gertatuz gero, 14. oinarriaren arabera, a) irizpidean puntuaziorik altuena duen entitateak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, c) irizpidean puntu gehien lortzen dituenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, e), b) eta d) irizpideetan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna, hurrenkera horretan. Berdinketak jarraitzen badu, dirulaguntzaren eskaeraren egunen eta orduen hurrenkerak ezarriko du lehentasuna.

2.4. Deialdiaren 14. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

14. Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:

a) Enplegua sortzea: 15 puntu gehienez.

5 puntu emanen dira enpresak, inbertsioa egiten denetik aurrera, gizarte bazterketa egoeran dagoen langile bat kontratatzen duen bakoitzeko, baldin eta kontratazioa deialdiaren epealdian egiten bada.

Inbertsioa egiten den datatzat hartuko da lehendabiziko faktura diruz lagungarriarena.

Kontratazio horiek handitu beharko dute laneratze enpresak aurreko urteko azaroaren 1ean zuen langile kopurua.

Gainera, 5 puntu gehiago hartzen ahalko dira, kontratatutako pertsona 5.000 biztanletik beherako udalerri batean erroldaturik badago, kontratazioaren unean.

b) Enpleguari eustea: 10 puntu.

10 puntu emanen zaizkio enpleguari eusten dion entitateari.

Enpleguari eutsi zaiola ulertuko da entitatearen plantilla gutxitu bada aurreko urteko azaroaren 1ean zuen plantillaren %5 baino gutxiago.

c) Laneratzea: 15 puntu gehienez.

5 puntu emanen dira gizarte bazterketan dagoen eta laneratze enpresan baja eman ondoko 15 egunetan enpresa arrunt batean kontratatzen duten pertsona bakoitzeko. Kontuan hartuko dira epe diruz lagungarrian gertatu diren laneratzeak.

Ez da laneratze kasutzat joko laneratzeko ibilbidea jarraitzeko kontratatzen den langilearen kasua.

d) Jarduera berriak sortzea: 5 puntu.

5 puntu emanen dira inbertsioa jarduera berri bat sortzera bideratuta badago, hau da, negozio ildo berriak sortzera, merkatu berrietan merkaturatzera edo bezero berriak egitera.

e) Laneratze enpresak proiektua kofinantzatzea: 20 puntu gehienez.

–Enpresak inbertsioaren %21 eta %30 bitarteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.

–Enpresak inbertsioaren %31 eta %40 bitarteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.

–Enpresak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.

Irizpide horiek aplikatuta 20 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.

2.5. Deialdiaren 15 c) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, dirulaguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen, eta hala onartzen bada, Nafar Lansare-NEZko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.

Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartu diren lanpostu berriak kontratua egin eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Kontratatutako pertsona batek baja ematen badu, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztu beharko du, hilabete bat igaro baino lehen.

2.6. Deialdiaren 16,1.1) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

1.1. Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

Entitate onuradunak kasuan kasuko urteko azaroaren 5a baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: memoria bat, egindako inbertsioa azalduko duena, barne direla lortutako diru-sarreren eta dirulaguntzarekin lotutako gastu diruz lagungarrien zerrenda. Egindako inbertsioen fakturen kopiak eta haiei dagozkien ordainagiriak erantsiko zaizkio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.

Era berean, 10.1. oinarriko b) letran ezarritako kontzeptu guztien justifikazioa aurkeztu beharko da, balorazioan aintzat hartu baldin badira.

3.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko apirilaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2305545