100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 3an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "SM287063 Olkotz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko saneamendua. Biurrun-Olkotz-Tebas tartea" izeneko proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, 2023ko urtarrilaren 30ean egin bilkuran, erabaki zuen onestea "SM287063 Olkotz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko saneamendua. Biurrun-Olkotz-Tebas tartea" deritzon proiektua, eta desjabetzeko espedientea hastea; orobat, hasiera batean onetsi zuen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, bai eta proiektu horrek ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharra eta haren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea ere, onespenari loturik baitaude. Orobat, erabaki zuen proiektua jendaurrean jartzea 15 egun balioduneko epean. Desjabetzearen onuraduna "Iruñerriko Zerbitzuak SA" izanen da.

Jendaurrean egoteko epea amaituta, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, 2023ko martxoaren 27an egindako bilkuran, María Paz Zubiri Olaizek jarritako alegazioak ezetsi zituen, eta behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, onespenak berarekin dakarrelarik onura publikoa eta okupatu beharra deklaratzea. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. "SM287063 Olkotz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko saneamendua. Biurrun-Olkotz-Tebas tartea" deritzon proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzeko premia bi arrazoi hauetan oinarritzen da: batetik, Biurrun, Olkotz, eta Muru Artederreta herrietako putzu septikoen egoera txarra konpontzeko beharra, eta, bestetik, saneamendu-sare publiko bat sortzeko beharra, bide emanen duena Zaragozako errepidearen bi aldeetan dauden enpresetako araztutako hondakin urak husteko. Horrek, hain zuzen, ibaiaren emari urri eta gorabeheratsuaren gainean zuzeneko ukipena du.

Ildo horretan, beharrezkoa da obrak udan hastea, alorretan egin beharreko lur mugimenduak euri gutxien egiten duen sasoian egiteko eta, hala, laborantza-lurzoruak ahalik eta gutxien ukitzeko. Egun horietan eginez gero, gainera, gauzatze tekniko hobea bermatuko da, eta segurtasun handiagoa izanen da lurrak erauzten eta hodiak sakonera handiko zangetan jartzen aritzen diren langileentzat.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, "SM287063 Olkotz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko saneamendua. Biurrun-Olkotz-Tebas tartea" deritzon proiektua gauzatzeko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2306979